Emakumeak borrokan
Bullying homofobikoa

Ez dute nahi ikaskide gayrik

  • Mutikoari ez zaio futbola gustatzen, dantza bai. Afeminatua da. 12 urte ditu eta oraindik ez daki mutilak gustatzen zaizkion ala ez. Gauza bat badaki: ikaskide mutilek iseka egiten diote, kopetean du etiketa: marikoia. Bullying homofobiko kasu tipikoa.
Onintza Irureta Azkune @oirureta
2009ko azaroaren 22a
Bullying homofobikoa
Bullying homofobikoaDani Blanco
Jesús Estombarekin egon gara. Gehituko (Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkartea) Infasis ataleko koordinatzailea da. Nerabeen jarrerak aniztasun afektibo-sexualaren aurrean izeneko ikerketaz galdetu diogu. Lehen aldia da horrelako ikerketa egin dena Euskal Herrian eta zergatik egin duten galdetu diogu. Gehitun bazuten ustea ikastetxeetan homosexualitatearen gaia ez zebilela bide onetik. Usteak ziren, oinarririk gabeak. Horretara dator 2007-2008ko ikerketa; batetik, Gehitu elkarteak berak jakin nahi zuelako ikastetxeetan zer ari den gertatzen eta bestetik, erakunde publikoen aurrean datu serioak aurkezteko aukera zelako. Emaitzak eskutan Estombak argi du, usteak ez dira erdia ustel: gazteen jarrerak homofoboak dira. Ikerketa 2007-2008 ikasturtean egin zuen Gehituk Donostiako hainbat ikastetxetan. 14 eta 18 urte arteko 155 mutilek eta 168 neskek bete zuten hamabost galderako galdetegia. Ikerketak bi aurrekari baino ez ditu Espainiako Estatuan, Madrilgo Coslada herrikoa eta San Bartolomé de Tirajana Kanariar Irletakoa.

Lau ikasle jipoituak izan dira

Eskuineko orrialdean dago hainbat datu. Lau ikaslek aitortu dute jipoituak izan direla, hamahiru mehatxatu egin dituzte eta gauzak bota dizkiete hamazazpiri. Jarrera homofoboak jokabide bihurtu dituztenen eta ikusi dituztenen datuak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Lekukoena deigarria da, gazteen %73,99ak norbait iraintzen ikusi du, eta %52,32ak, jipoitzen. Estombak ikerketan hurrengo galdera ez egitearen pena du, alegia, “Jarrera homofoboak ikusi dituzu eta zer egin duzu?”, zeren badirudi ikusi eta ez dutela ezer egin, begira geratu direla, eta lekukoek horrelako jarrera izatea sutarako txingarra da. Estombaren ustez, ikasle lekukoek ez dute loturarik egiten marikoi deitzearen eta horren atzean dagoen guztiaren artean. Badakite iraina dela, baina ez du alarmarik pizten.

Neskak ulerkorrago

Ez dituzte berdin erantzun hamabost galderak neskek eta mutilek. Sexu aniztasuna neskek errazago onartzen dutela dirudi. Desberdintasun horien zergatiak galdetu dizkiogu Estombari: “Ikerketak emaitza batzuk eman ditu, hortik aurrerakoak interpretazioak dira, nahi baduzu, nireak. Gizonak asko dauka galtzeko, emakumeak ez, beti egon baita bigarren mailan. Homosexualitatearekin gizonaren eredu klasikoa puskatzen da. Ikerketan ikusten da mutilek jarrera okerrena gayekiko dutela, atzerago geratzen dira bisexualak eta transexualak.

Urrutikoari bai, gertukoari ez hainbeste

“Abestiaren letrarekin geratu dira, baina ez melodiarekin”. Erantzun kontraesankorrak baitaude ikerketan. Alegia, maila teorikoan aurkeztutako egoeretan (Egokia al da mespretxuz tratatzea sexu bereko pertsonak gustukoak dituztenak?) sexu aniztasunarekiko malguagoak dira gazteak eta gertuko egoeretan (Alboko ikaslea gay, lesbiana edo bisexuala dela jakingo bazenu zein erreakzio izango zenuke?) jarrera homofoboagoak dituzte.

Ikerketako emaitza batzuk baino ez ditugu aipatu hemen. Balorazio orokorra zein den galdetu diogu Estombari: “Jarrera homofoboak gainditu al ditugun galdetzen didazu? Ez, segi eskolara. Ikasleek beraiek esan dute ez dela toki segurua ikastetxea gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Emaitzak irakurrita kontzentrazio esparruak dirudite eskolek, eta kontu, 323 ikasle horietatik %12k adierazi dute homosexual direla edo zalantzak dituztela”.

Bullying homofobikoaz ikastaroa

Argia aldizkariak bullying homofobikoa lantzea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Balizko gaien karpetan gorde genuen, argitaratze datarik eta egilerik gabe. Halako batean, UEUko Udako Ikastaroen artean, artikulu honen egileak ikastaro bat topatu zuen: Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? Hiru eguneko ikastaroa Eibarko Markeskoan. Pare-parean. Kazetariak hara joan eta gaia abian jartzea pentsatu zuen.

Hamabost bat laguneko taldea izan zitekeen gehienez; zazpi baino ez ginen elkartu. Harridura adierazi genion Udako Ikastaroen arduradunari. Hark aipatu zigun emakumeen aurkako indarkeriaz aurreikusitako ikastaroak ez zuela aurrera egin bik baino ez zutelako izena eman. Gai arantzatsuegiak nonbait.

Hiru irakasle, irakasle gaia, aisialdiko begiralea, berdintasun teknikaria eta kazetaria ginen taldean. Gidari lanetan Monika Martin eta Eider Goiburu Lahia-Nahia Sexologia Elkarteko kideak. Biek Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sexu heziketako eskolak ematen dituzte. Bullying homofobiko kasuak kudeatu behar izan dituzte ikastetxe batean baino gehiagotan.

Ikastaroko partaideek, haur-gazteekin lanean oso ohituak, barruak hustu zituzten: egunero eskoletan eta aisialdi taldeetan ikusitakoak kontatu zituzten eta Martin eta Goiburu irakasleen laguntzaz irtenbideak aurkitzen saiatu ginen. Bullying homofobikoaz diagnosi zorrotza egiteko intentziorik gabe, hona ikaskideen barrenetik ateratako kezkak eta egunero bizi dituzten zailtasunak.

Beti gertatu dira eta beti gertatuko dira

Ikastetxeetarako, sexu aniztasunari buruzko unitate didaktikoa dago –EAEz ari dira ikastaroko ikaskideak–. Curriculumak dio gai hori landu behar dela, baina egonean dago. Sexu heziketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasten zaie, ikastaroko partaideen iritziz, haurdunaldiak saihestea da helburu nagusia. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ez da ezer lantzen, ez dago programarik.

Eskoletako irakasleak, kolore guztitakoak marraztu dituzte partaideek: bullying homofobikora iritsi aurreko prebentzioa landu beharko lukete, baina askotan bestaldera begiratzen dute, “beti gertatu dira horrelakoak eta beti gertatuko dira”. Bestalde, irakaslearen lan zakua gainezka dago: “Bullying homofobikoa ere guk landu behar al dugu?”. Homosexualitatea gaixotasuntzat dute irakasle gutxi batzuek: “Pasako zaio”. Beste asko, ulerkor bai, baina deseroso sentitzen dira gaiaren aurrean.

DBHn irakasleak kimikoak, matematikoak, historialariak dira, ez dute sexu aniztasunaz inolako formakuntzarik. Partaideek hala borobildu dute ikastetxeetan bizi duten panorama: eskola komunitateak ez daki nondik jo.

Haur Hezkuntzan lan egiten duen irakasle batek ziklo horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Haur Hezkuntzako garaian ari dira haurrak euren gorputza esploratzen eta garai hori geletan baliatzea aldarrikatzen zuen. Kontraesanak ere gogora ekarri zituen: gelan gona janzten du neskak bezala mutilak, azazkalak margotuta dabiltza, besarkadak dauzkate elkarrentzat eta eskutik helduta doaz. Haur Hezkuntzako irakasle aipatu berriak esana: “Ikastetxeko eskailerak jaitsi ahala mutilen eskuak askatzen doaz, besarkadak atzean geratu dira. Badakite non bai eta non ez”.

Zailtasunak, ezinak... barrenak hustu zituztela profesionalek, alegia. Alabaina, ezintasunak agertzeko uneak izan ziren bezala, irtenbideak aurkitzeko ariketa asko egin genuen. Bullying homofobiko kasu errealak aztertu genituen. Honakoa bata: futbolean hasi dira neska-mutilak. Mutil horietako batek beste mutil bati esan dio: “Zuk ezin duzu, luma daukazu”. Beste bat: mutil jaioak neska izan nahi du eta ikastetxean nesken komunak erabili nahi ditu. Neskek ez dute beren komunetan onartu nahi.

Bi adibide horiek papera eta boligrafoa hartuta landu genituen, irtenbideak pentsatzeko astia hartuta. Hurrengo bi ariketetan ez genuen horretarako astirik izan. Bi antzerki egin genituen, norberak rol zehatza zuen jokatzeko eta momentuan inprobisatu behar zen. Tentsio handiko ariketa izan zen horietako bat: ikasgelan irakaslea sartu da eta ikusi du nola ikasle batek besteari mahai gaineko gauzak lurrera bota dizkion. Irakasleak ez daki, baina neska hori jazarri egiten dute lesbiana dela egotzita. Bullying homofobikoaren osagai guztiak daude hor; erasotzailea, ikusleak, biktima, eta irakaslea ahal duena egiten. Rol jokoa bukatutakoan, Martin eta Goiburu irakasleek ariketa goitik behera errepasatu dute. Rol joko eta bestelako adibideetan landutako irtenbideak ez dira errezeta magikoak eta egoera jakin bakoitzari emandako erantzun guztiak ezin dira hemen jaso. Ea ondokoak zerbaitetarako balio duen. Hasteko, irakasleak jabetu behar du zerbait onargarria ez dena gertatzen ari dela, ez du balio “beti gertatzen dira horrelakoak” esan eta kito egiteak. Irakasleak arreta deitu behar dio erasotzaileari, eta ez ahaztu bullying homofobikoan gakoetakoa diren ikusleekin. Ez dago zertan erasotzaile-ikusle-biktima hirukotearekin gertatutakoa batera landu beharrik. Oso normala da biktimak jazartzen dutenen aurrean ahorik ez irekitzea. Eskola komunitatea jakinaren gainean jarri eta erasotzaile, ikusle zein biktimaren gurasoekin hitz egin.

Bullying homofobikoa ez da existitzen

Bi rol jokoak gogorrak izan badira, bi bideo eztarriko zuloan geratu zaizkigu. Alicia Santolayaren bideo erreportajean (Zergatirik gabeko suizidioak) Alba Payas Gironako psikoterapeuta ageri da. Harengana bere buruaz beste egin duten gaztetxoen gurasoak doaz. Gurasoek ez dakite semeek (beti mutilak ageri dira) zergatik hartu duten halako erabaki latza, ume normalak ziren, bere buruaz beste egiteko arrazoi agerikorik ez zuten.

Frantziako Estatuan, 16 eta 39 urte arteko gizonetatik bere buruaz beste egiten saiatzen diren hirutik bat homosexuala edo bisexuala da. Espainiako Estatuan esaten da, nerabeek bere buruaz beste egiten dutela buru-nahasmenduengatik, arrisku jarrerengatik, edo drogak kontsumitzeagatik, homofobia ez dago zerrendan. Bullyingaz hitz egiten denean homofobia ez da aipatu ere egiten eta Alba Payasen ustez lehen kausa da.

Bigarren bideoak Vestido nuevo (Sergi Ferrer) izena du. Ondokoa gaia: inauteriak dira eta ikastetxeak ohartarazi du arratsaldean dalmataz mozorrotuko direla haurrak. Mario mutikoa soinekoa jantzita agertu da goizean. Ikasgelan sartu denean irakaslea aho zabalik geratu da: “Mario, zer egiten duzu?”, ikaskide guztiak begira isil-isilik. Mariok dalmata mozorroa bizkarzorroan darama, gaur goizean ez da mozorrotuta joan eskolara. Eskandalua, ikaskideak iseka, zuzendariarengana eraman dute, aitari hots egin diote. Aitak trajearen jakarekin estali eta etxera eraman du.

Ikastaroko gelan isiltasuna nagusi, ordu batzuk lehenago taldekide batek gai horixe bera jarri zuen mahai gainean: “Mutikoa daukat eta gustura eramango nuke eskolara soinekoarekin, berari gustatzen baitzaizkio eta etxean janzten ditu. Ez naiz ausartzen”. Zein ausartzen da mutikoa eskolara soinekoa jantzita eramaten? Bullying homofobikoa ez baita orientazio sexualaz ari soilik, baita genero rolen mugez ere. Mariok muga gainditu du.
Eider Goiburu
“Ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik”
Oriotarra (Gipuzkoa), Lahia-Nahia Sexologiako Elkarteko kidea da eta sexu hezitzaile ari da Gipuzkoako ikastetxeetan. Psikologoa da eta berdintasun agentea ere bai. 11 eta 20 urte arteko gazteekin egiten du lan eta berak dio bulliyng homofobiko kasu gehien DBHn izaten dela.


Bullying kasu askoren atzean homofobia ezkutatzen omen da.


Bullying kasu askotan homofobia ez da oinarri, baina bullying asko kasu homofobiko bihurtzen dira. Adibidez, mutil bati hasieran gilipollas deitzen zioten eta bukaeran puto gay edo puto maricón. Ez zen afeminatua, ez gaya. Baina irain potoloa da adin horietan gay izatea.

Bullying homofobikoaz hitz egiterakoan beti mutilak aipatzen ditugu.


Biktimak orokorrean mutilak izaten dira. Gizartean nesken genero rola aldatzen ari da, malguagoa da, neskak mutilen eremuetan sartzea askoz onartuago dago: kirola egin, arropa zabalagoa jantzi... Mutilek nesken eremuan sartzea zailago dute. Mutilek futbolean jolastu beharrean dantza egiten badute puntu asko dituzte erasotuak izateko. Nesken rola malgutu da eta beraz eraso gutxiago dago, mutilen rolak oso estatiko jarraitzen du eta hortik pixka bat ateratzen dena zigortua da.

Mutila ez da ezkutuan geratzen.


Batez ere afeminatua erasotzen da, genero roletik ateratzen dena. Homosexualitatearekin dauka zerikusia, baina ez hain zuzen.


Nola bizi du biktimak egoera? Zer dio berak?


Biktimak ez du ezer esaten. Hori da arazoa. Ez du ezer esaten, beldurra dauka zerbait esaten baldin badu erasoa areagotuko dela. Nerabezaroan lagunek garrantzi handia daukate eta derrepente lagunik gabe geratzen dira, edo taldeak baztertuta daukan beste norbaiten lagun baino ez dira. Bakardade hori bizitzea oso gogorra da.

Gainera, heterosexual izateko hezten gaituzte eta nerabezarora iritsi eta hasten bazara pentsatzen igoal ez zarela heteroa... Ikasi duzun egitura hori puskatzen ari zara guztiz, zure barnean bizi duzu hori dena, eta kanpotik ez daukazu laguntzarik. Egunero eskolara joatea sufrimendua da. Batzuk bullyinga sufritzen ari dira eta beste batzuek homosexualitate prozesua isilean eramaten dute. Azken horiek onartuak dira, baina ez dutelako ezer esan. Sentitzen dutena ezin dute adierazi besteen aurrean zeren inork ez lieke ulertuko.


Biktima eta erasotzailearen figuraz gain ikuslearena lantzen duzue.


Inportanteena da. Norbaitek eraso egiten du beste norbait begira dagoelako, ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik. Ikuslea da erasoaren unean indar gehien daukana, ez badira erasoa ikustera joaten edo ez baldin badute onartzen aukera askoz gehiago daude bullying kasuek atzera egiteko.

Zenbateraino jabetzen dira ikusleak egiten dutenaz?


Ez dira kontziente, esaten dute beraiek ez daudela inplikatuta horretan. Bestalde, beldur dira muturra sartzeko eta estigmatizatuak izateko, alegia, erasotua defendatzen badut ni ere erasoatua izango naiz. Neskak erasotuarekin egoten dira, baina erasoaren momentuan bertan inor ez da ausartzen erasotzaileari esatera: “Pasatu egin zara! Nora zoaz?”.


Zerk harritu zaitu gehien ikastetxeetan?


Helduek. Badira helduak uste dutenak hau dena gaindituta dagoela eta esaten diezunean beren seme-alaben gelan bullying homofobikoa gertatzen ari dela, ez da ez dizutela sinesten, baina beren seme-alabak homofoboak direla esaten badiezu sinestea zaila egiten zaie. Esaten dute badituztela ereduak telebistan, familian... Ez dute ulertzen euren seme-alabak homofoboak izatea.
Jarrera horrek harritu egiten nau eta kezkatu ere bai. Helduak ez bagara gai errealitatea ikusteko, dena gaindituta dagoela uste badugu, ezin dugu hori landu. Gurasoez ari naiz, irakasleek gelan ikusten dute.

Sexu aniztasunaren normalizazio bidean zein nota jarriko zenieke ikasleei?
Nerabeek argi dute zer den esan behar dena, politikoki zuzena, baina jokabidez ez dabiltza ondo. Bestalde, gauza bat da nerabezaroa eta bestea gaztaroa. Gaztaroan jarrerak hobetu egiten dira. Nerabezaroan eredu oso itxiak dituzte, segurtasuna sentitu nahi dute. Eredu horietatik ateratzea gogorra da. Gaztaroan bakoitzak hobeto daki nondik jo nahi duen, bere buruarekin hobeto dago; errazago onartzen da norbera eta bestea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Bullyingaren amesgaiztoa

Bullyingaren amesgaiztoa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-20 | Ainhoa Bretos
Ikasleak, laguntzaile onenak

Elkarbizitza abiapuntu eta helburu, Ikasle Laguntzaileak proiektua jarri du martxan Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak. Jolastokian bakarrik egoten den ikasleari, garai txarra pasatzen ari denari edo bestelako arazoren bat duenari laguntzen diotenak dira ikasle laguntzaileak.


Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan duten ikastoletan

Biktima eta lekukoak ahalduntzen dituen KiVa metodo finlandiarra lantzen hasi ziren 53 ikastolen lehenengo ebaluazioa egin dute: eskola-jazarpena %47,3 jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria.


Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan duten ikastoletan

Biktima eta lekukoak ahalduntzen dituen KiVa metodo finlandiarra lantzen hasi ziren 53 ikastolen lehenengo ebaluazioa egin dute: eskola-jazarpena %47,3 jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria.


Jessica Martin Da Silva, diseinatzailea
"Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela"

Jessica Martin irundarrak 24 urte ditu eta garun-paralisia du jaiotzetik. %95eko elbarritasuna dauka, gurpildun aulkian mugitzen dute eta apenas hitz egin dezake. Baina ez zaitzatela aurreiritziek engaina: bere egunerokoa ohean irudikatu baduzu, oker zabiltza. Buruan janzten dioten likornioari esker, idatziz komunikatu ahal izateaz gain, arroparako diseinuak egiten ditu, bigarren liburua ari da idazten eta ilustratzen, erakusketa egin berri dute bere margolan eta diseinuekin, hainbat enpresa... [+]


Eskola jazarpena
Harreman osasuntsuak helburu

Nabarmen egin dute gora bullying kasuen salaketek, neurriak hartzen ari dira ikastetxe gero eta gehiagotan, jazarpenari aurre egiteko planak dituzte administrazioek… Ikasturte honetan (ere) gai beroa izan da hau, eta hezkuntza komunitatea tinko ari da lanean, ikasleak kontzientziatu eta erasoen aurrean eragile aktibo izan daitezen.


2017-05-19 | Arabako Alea
Lau ikasletik batek 'bullying'-a jasan du ikasturte honetan

Udaltzaingoak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan egin duen azterketaren arabera.


Ausarten Kluba, bullyingari aurre egiteko

Jazarpen kasuak azaleratu eta konponbidea aurkitu ahal izateko, ikaslez osaturiko Ausarten Kluba sortu dute Terrassako ikastetxe batean: “Ausarta eta salataria ezberdindu behar dira: salataria da sekretu bat gordetzen ez dakiena, baina sekretu horren erruz norbait sufritzen ari bada, kontatzea da laguntzeko modua”, diote 10 urteko Sanaa eta Antoniok.


Maider Legarreta, kantaria
"Eskolak ez du ezer eskaintzen musika ikasteko"

Kantari, eta Kantua ikasten Maider Legarreta Musikenen. Estresatuta ere badabil aldi honetan, estu hartzen baitituzte irakasleek bertan ari diren ikasle bakanak. Hala ere, tartea egin digu, The Road albuma kaleratua duen Kantu ikasle kantariak.


Eskola jazarpen kasuak bikoiztu egin ziren 2015-2016 ikasturtean

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak 2015-2016 ikasturteko jazarpenari buruzko datuak eman ditu. Azaldu duenez, igoera nabarmena izan zuten. Hitzezko erasoak izan ziren ugarienak eta askok internetekin zerikusia izan zuten. Prentsaurrean zabaldu ditu datuak Uriartek, Maite Alonso sailburuordea eta Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako buruarekin batera.


2017-01-09 | Hamaika Telebista
"Cyberbullying" fenomenoa
MULTIMEDIA - Ertzak

Geroz eta bullying kasu gehiago daude eta arreta berezia jarri nahi izan diogu "cyberbullying" deitzen zaionari. Nola detektatu eta saihestu daiteke? Hiru aditurengana jo dugu gaian sakontzeko: Julen Linazasoro, Ageda Laraudogoitia (Kiva programa) eta Aritz Anasagasti (Emotional Network).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude