ARGIA.eus

2022ko abenduaren 09a
Iñigo Urkullu

"Patxi Lopez bere irudiari begira ari den lehendakaria da"

  • PSE-EEk Arabako Foru Aldundian ez duela zentsura moziorik aurkeztuko esan aurretik elkarrizketatu genuen EAJko EBBko presidentea. Iraganeko nahiz eguneroko gaiak izan ditugu mintzagai. PSE, Batasuna nahiz PPrekiko jarrera politikoa eskaini digu Iñigo Urkulluk (Alonsotegi, 1961). Udazkena itxaron barik, politikari udan ekitea hobesten du berak.
Iñigo Urkullu
"Eusko Jaurlaritzak ez ditu bi eskumen ukituko: Espetxe Politika eta Gizarte Segurantza".Dani Blanco
Mikel Asurmendi @masurmendi
2009ko uztailaren 26a
Patxi Lopez lehendakariak Moncloara eta Nafarroara egindako bidaiak –Zapaterori eta Miguel Sanzi egindako bisiten karietara– nahiz ETBko eguraldiaren mapa berriaren inguruan esan dizkigunak paratu ditugu abiapuntuan. Hauexek, labur-zurrean, Iñigo Urkulluren berbak:

“Patxi Lopez bere irudiari begira ari den lehendakaria da, edukirik gabekoa. Aurreko lehendakariak egindako lanari esker zuzentzen ari da Jaurlaritza. Lopezek nahiz Zapaterok irudien bitartez argudiatu nahi dute justifikatu ezin dutena. Hau da, PPren babesari esker daudela Jaurlaritzan zein Lehendakaritzan. Horrek beren ahulezia baino ez du irudikatzen. Lopez eta Zapatero, aldaketa politikoa irudikatzeko, edukirik gabeko politika lantzen ari dira. Nafarroan ere errealitatea ezkutatu nahi dute. Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak lankidetzarako organo bakuna sinatu zuten PSNko presidentea Javier Otano izan zenean. Orduko akordioa oraingoa baino sendoagoa zen, baina Alderdi Sozialistaren barne tirabirak eta eskandaluak tarteko zapuztu zen. Oraingo akordioa gauza berria balitz bezala irudikatu dute. Errealitatea faltsutu nahi dute. Berbarako, ETBko eguraldiaren mapan ere irudiarekin jokatu dute. Irudiak irudi, umekeria da egin dutena”.

Duela hiru urte hau esan zenuen orriotan: “Kezkagarria litzateke PSE joko elektoraletan ibiltzea”. Gertatu denaren iragarpena al zen?


Bai. Orduko nire kezka, PSOEk Espainiako Kongresurako hauteskundeak irabaztean hartu zuen mozkorraldia ikusita, PSEk ere EAEko hauteskundeak irabaziko zituen ustetan, finkatu zezakeen estrategiak kezkatu ninduen. Baina estrategia hau ez da euskal gizartearen onura bilatzeko, bere nahikeriak finkatzeko baizik. Edo okerrago: Estatuaren estrategia finkatzeko izan daiteke. PSE epe oso motzera jokatzen ari da. 1998an [Lizarra-Garaziko akordioaren garaia] gauzatzen hasi zen estrategia da, oso arriskutsua.


Xabier Arzalluzek esana: “EAJ Euskal Estatua eratzeko jaio zen. EAJko Batzar Nazionalari galdera hau egingo nioke: independentistak zarete, bai ala ez?” Zer dio EAJko EEBko buruak?


Abertzaleak garen heinean independentistak gara, jakina. Ni alderdiko pertsonekin ez naiz hika-miketan sartuko. Bakoitzak geure historia daukagu. Ni Aberri Batzarrak hautatua naiz eta nire erantzukizuna EBB gidatzea da. Abertzale eta EAJko kide naizen heinean garbi daukat zer naizen eta zer izan nahi dudan, eta badakit jakin gure azkeneko helburua zein den. Iazko urrian Sabino Arana Fundazioak antolatutako mintegian hau esan nuen EBBko presidente gisa: “Politika egunero finkatzen dugun ahalean Euskal Estatuaren ideia gehiago landu behar dugu”. Non dago duda?

EAJko txostenek independentziaren bidea seinalatzen ei dute...


Azken txostena Aberri Batzarrak aho batez onartutakoa da, 2007ko abenduan. Erabakitzeko eskubideari buruzko planteamendua idatzita dago bertan. Estatuari akordiorako eskaintza egiten zaio zehatz-mehatz, euskal alderdien arteko akordioan oinarriturik, euskal gizarteak gauzatu dezan. Batzuek batzarretan parte hartu gabe eta txostenak irakurri gabe hitz egiten dute.


Non geratu da Ibarretxe Plana, hots, Estatutu Berrirako plana?


Ez da Ibarretxe Plana. Estatutu Berria –tirabira artean izan bazen ere– Eusko Legebiltzarrak onartutako testua da, testu juridikoa. Hor dago. EAJk abiapuntu gisa dauka. Beste abiapuntua Galdaketaren Legea da, Legebiltzarrean onartua. Espainiako epaitegiek indargabetuta zutena, baina Europako Giza Eskubideen Batzordean aztergai dagoena. Europako Auzitegiak ez du bere ebazpena eman oraindik ere. Guk ez ditugu gure txostenak baztertu, ez diegu ere Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu dituen erabakiei muzin egin. EAJk Estatutu Berriaren garapena aldarrikatzen jarraitzen du. Kontua da zein aukera dugun horiek indarrean jartzeko. Badugu aukerarik, bai ala ez? Nola?


Arnaldo Otegik esana: “EAJk Ibarretxe kendu zuen eta Lizarra-Garaziko zikloa itxi”.


Batzuek beren etxe barruko ahuleziak estali nahi izaten dituzte besteei ahuleziak leporatuz. Arnaldo Otegiri askotan gertatzen zaio hori. Alegia, besteen ustezko egoera irudikatu nahirik, egia ez den errealitatea eraikitzen saiatzen da Otegi. Ibarretxe aurretik kendu egin dugula? Ibarretxe lehendakari aho batez onartu genuen EAJn. Iazko Alderdi Egunean alderdi kide guztiei eta gizarteari helarazitako mezuan adierazi zitzaion hori. Areago, egitasmoa Ibarretxek berak aurrera eraman izan zuen. Hauteskundeen ostean Ibarretxek eta biok lurraldeetako presidenteekin batera bildu ginen... Batzuk gu zatitu nahian ari dira, besterik ez.

“EAJk indar erregionalista bilakatzeko apustu egingo du” esan du ere Otegik. Bai ote?


Ez daukat batere konplexurik. Beste asko berriz, konplexuz beterik daude. Esaterako, ezker abertzalea deritzonak PSErekin harremanak izan ditu eta baditu. Ondorioz, inor baino independentistagoa omen den ezker abertzalea erregionalista bilakatu al da? Otegiren adierazpenak konplexuz beterik daude. Nolanahi, nonahi eta komeni zaion araberako hitz hutsak dira. Ezker abertzalea deritzon horrek, adibidez, 1980ko hamarkadan gobierno vascongado terminoa erabili ohi zuen hitzetik hortzera. Orain, berriz, EAJ Jaurlaritzatik kanpo geratu denean, dirudienez, ez dugu behar bezalako indarra Jaurlaritzan egoteko, besteak beste Ibarretxe baztertu dugulako. Kontxo! Ibarretxe lehendakaria Legebiltzarrak hautatua izan zenean berauek parlamento vascongadillo omen zen hartan zeuden. Konplexuz beteriko planteamenduak besterik ez dira.

Loiolako elkarrizketen ostean alderdien arteko harremanek are okerrera egin dute, antza.


Bai. Halere, prozesua bukatu zenean, bai Batasuneko bai PSEko kideekin hitz egiten jarraitu genuen. Eurek eskatu ziguten bitartekaritza lana egiten jarri genezan. Gero Batasuneko ordezkariak espetxeratuak izan ondoren, 2008ko otsailean PSErekin bildu ginen. Loiolako akordioaren oinarrian arakatzen jarraitzeko prest ginela esan genien. “Ez daukagu EAJrekin politikaz ezertaz hitz egiteko, Batasuna bertan ez badago” erantzun ziguten. Estrategia hori hitzez hitz bete dute. Okerrago oraindik: ez dago alderdien arteko estrategiarik, ez gizarteari begira antolatutako estrategiarik. Dagoena EAJ jipoitzeko estrategia da. Batasunaren aldetik berdin. Batasunak badaki Loiolako prozesua etetea nork erabaki zuen. Orain Estatuak ezarritako espetxe politika gure ardura dela irudikatu nahi dute. Batasuneko sektoreen aldetik jarrera gaiztoak jasan behar ditugu egunero, eta gainera, badirudi guri dagokigula arazoaren aurrean aitzindaritza hartzea. Bada ez.

Abertzaletasuna krisian hizpide hartuta “Gaurko ahulezia nola bihurtu biharko indar” idatzi dugu Argian. Bat zatoz horrekin?


Ez. Gizartea nolakoa den eta norantz doan aztertu behar dugu egunero. Globalizazioaren testuinguruan bizi gara uneon, ez zaio beraz, euskal gizarteari bakarrik begiratu behar, inguruko gizarteei ere begiratu behar diegu gurea eraikitzeko. Halaber, estatuek, erregioek eta erkidego txikiek zein rol jokatzen duten aztertu behar dugu. Globalizazioaren prozesua bizitzen ari garen honetan, txikitasunak bere onura du, onura, balio eta indarra. Itxaropen handia dut abertzaletasunaren sasoian eta izaeran. Kontua baina abertzaletasuna eguneroko jardun eraginkorra bihurtzea da, gizartearekiko lanean dago erronka. Askotan politikariok abertzaletasunaz hitz egiten dugu XIX. mendeko abertzaletasunaz ariko bagina bezala, ez gara egungo gizartearen izaeraz jabetzen. Abertzaletasuna bizitzeko modu ezberdinak daude, nik gizartean bi multzo bereziko nituzke: 50 urtetik gorakoena eta 50 urtetik beherakoena. Nik ez diot abertzaletasunaren ustezko krisiari beldurrik, baina berau eguneroko lanean gauzatzeko estrategiaren falta ikusten dut. Abertzaletasuna gizartean sustatzeko eguneroko lana egin behar da, horra zeregin zailena.


“Sinestu, adostu eta ausartu behar du abertzaletasunak”. Zer deritzozu lemari?


Ondo. Ez da ezer berririk, nik sinestu, adostu eta ausartu nahi dut nire hurbilekoekin.


Haatik, udazkenean EAJtik ezkerrera hainbat indar politikok osatuko duten polo subiranistan ez zarete egongo.


Zein dira hainbat indar horiek?

Joan den martxoan Greba Orokorrera deitu zutenak...


Bada, nik dakidanez, Aralar ez da polo subiranista horretan egongo.

Polo edo ezkerreko blokean...


Ez, ez batean ez bestean. Ekimen hori lehen aipatutako konplexuen barnean sartzen dut. Ezker abertzalea deritzon jendearen belarrietara erakargarriak diren hitzak dira horiek: polo, bloke, indar metaketa... Lizarra-Garaziko garaian ere horiek eta antzekoak erabili zituzten, baita Xibertan ere duela 30 urte. Proiektu politikoa omen duen sektore horrek goizetik gauera abertzalea dela esaten pasatzen du denbora, beste ezer eskaini gabe. Proiektu politiko batek pertsonen eta gizartearen eredua zein den adierazi behar du, eguneroko jardunean proiektu zehatza landuz. Hitz edota lelo horiek proiektu eza ezkutatzen dute.

Udazkenean aldaketak iragarri dira ezkerreko abertzaletasunetik.


Planteamendu horiek, errepikatzearen poderioz, baliogabetu dira. Mundu horretatik errepikatzen diren leloek ez dute balio jada. Zergatik ez dute esaten “planteamendu” delako horretan ETAk esku-sartzerik izango duen? Bai ala ez? Ez dute esaten. Alegia, udazkena baino lehenago uda da. Esan dezatela orain, udan. Egungo jarduera politikoak arduratzen nau uneon.

Eguneroko proiektu politikoak landu beharra aipatu duzu. Zertan datza EAJ Eusko Legebiltzarrean lantzen ari den oposizioa?


Gure lana ez da pertsona bakar baten kontua, lan talde indartsuak eta baliotsuak ditugu Legebiltzarrean. Estrategia baten araberako gida finkatu dugu, erakundeetan aitzindaritza rola jokatzeko estrategia. EAJk gizartean egin behar duen errotze lana baztertu gabe betiere, ez dugu bakarrik erakundeetan lan egingo. EAEko gizarte eragileekin nahiz norbanakoekin, esparruz esparru, hasi gara lanean. Legebiltzarrean hasi orduko arduraz jokatu genuen eta Patxi Lopez lehendakariari etorkizunari begirako 10 ardatz estrategikoen plana aurkeztu genion.


Esan nahi baita...


Hauteskundeen biharamunean PSEri erakundearen egonkortasunerako proposamena egin genion. Euren erantzuna “ez” izan zen. Bestalde, 10 ardatzeko proposamenean, gizarte eta herri bat eraikitzeko eskaintza dago. Alabaina, oraindik ez dugu erantzunik jaso. Horrek PSEren ahulezia agerian utzi du.


Berriki, beste eskaintza bat egin diozue Jaurlaritzari. PSEk errezeloz hartu duena, antza.


Bai. Eskaintzak hainbat oinarri dauka. Bat: ahalik eta ariketa arin eta sendoena egitea krisitik ateratzeko. Bi: etikoki politikaren langa gorago jartzea. Hiru: burujabetasunaren bidean autogobernuan sakontzeko ariketa lantzea. Oinarri hauetan 10 ardatz estrategikoen eskaintza finkatuta dago. Hezkuntzaren, hizkuntzaren eta komunikabideen garapena, besteak beste, aztertzeko hamar atal dira, eguneroko politikan aritzeko atalak. Estatutuaren, euskal erakundeen defentsa eta autogobernuan sakontzea ere aipatzen da. Eskaintza serioa ote den galdetu digute orain. PSEren jarrera bere ahuleziaren adierazgarria da.


Analista batzuek berriz “EAJ eta PSE akordio batera iritsiko dira legealdian” esan dute.


Ez dakit zertan funtsatzen duten hori. Ni ez naiz ariketa horretan ari, nire kezka EAJren proiektua bideratzea da. Holako leloen aurrean hauxe esan behar dut: EAJk badaki zein den gizarteak eman dion babesa. Beraz, ez dut nahi PSEk eta PPk egin duten hitzarmena egonkorra bihurtu dadin, urtetan geratzeko hitzarmena izan dadin. PPrekin egindako hitzarmena noiz arteko eta zertarakoa den PSEk jakingo du, nik ez dakit.

PSEk ez du PPrekin duen akordioa baztertzen, baina Legebiltzarreko beste indar politikoekin hitzartzea ere posible dela dio.


Hori horrela, besterik gabe, ezin du inondik inora izan. Alderdi batek sendoa izan behar du eta bere ideiaz ondo jabetuta egon: zer pertsona mota eta gizarte mota nahi ditugu? Zer herri mota nahi dugu? Ideia horiek konpartitzen al ditugu? Bai, ez? PSEk eta PPk duten akordioa, gurekin, EArekin, Aralarrekin zein gainontzeko alderdiek konpartitu dezaketela pentsatzea, besterik gabe, kimerak dira. Eta kimerak ez dira batere lagungarriak politikariek gizartearen konfiantza irabaz dezagun.

Jaurlaritzari egindako eskaintza Arabako Batzar Nagusietan EAJren aurkako mozio zentsura geldiarazteko egin duzuela esan dute batzuek, PSEk zuhurtziaz hartu du nonbait.


Nik dakidana hedabideen bidez dakit, PPko Antonio Basagoiti jaunak publikoki esandakoa: mozio zentsura beraien artean hitzartuta dutela, eta ez dutela publikoki ezer esango horretaz. Nik hauxe esan behar dut, bereziki Arabako gizarteari: guk soilik dakigu nola hartu genuen Arabako Gobernuaren agintea, PP bertan zortzi urtez egon eta gero. PSEk jakin behar luke zein arrisku hartzen duen PPri babesa ematen badio.


Kontziente al zarete, PSEk ekar ditzakeela Espainiako gobernuek eman ez dituzten transferentziak?


Kontziente gara gure eskumen hauek estatu estrategia modura erabili ditzaketela. PSOEren zatia izanda, kontziente gara PSEk Espainiako Alderdi Sozialistaren babesa izango duela. Gu transferentziak ekarri baino, ea eskumen horiek nola gauzatzen dituzten zuhur begiratuko dugu. Neronek Patxi Lopezi, enplegurako politikan dituen planteamenduei buruz, hau da, politika eraginkorrak deritzoneko eskumena gauzatzeko duen asmoaz galdetu nion. Esan zidan ez zeukala garbi zenbatean oinarritzen den eskumen hori: 180 eta 400 milioi euro artean izango dela. “Gu adi egongo gara” erantzun nion. Aurreko Jaurlaritzak politika hori sustatzeko 400 milioi euro ekarri zuela esan nion. Baita ere esan nion, Gernikako Estatutuaren 36 eskumenen zain gaudela, adi eta zuhur. Areago, ez dela bakarrik 30 urte eta gero eskumenak betetze soila. Eskumenen eguneratzea eta gaurkotzea behar-beharrezko dela. Halaber adierazi nion, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu Berria gure helburua dela.

Gizarte Segurantzako eskumena gauzatzen ausartuko al litzateke PSE Jaurlaritzan izanda?


Inondik inora ere. Lehendakariak esan zidanez, gauzatzeko dauden eskumenak kontuan hartuko dituzte, baina aurreko Legebiltzarrak hartutako erabakietatik bi ez dituztela ukituko: Espetxe Politika eta Gizarte Segurantza.
Kanal honetan artxibatua: Iñigo Urkullu

Iñigo Urkullu kanaletik interesatuko zaizu...
2022-02-16 | ARGIA
Ertzain talde batek bi migratzaileri Bilbon egindako erasoa ari dira ikertzen

Bilboko 10 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu du, iazko udan gauzatutako atxiloketa baten grabaketan Poliziak egindako eraso bat antzeman ostean; zortzi ertzainek daukate atxiloketarekin lotura. Grabaketa baten antzeman daiteke ertzainek nola kolpatzen dituzten bi... [+]


2021-09-16 | ARGIA
Iñigo Urkullu:
“Ez dakit asmatu dugun esplikatzen zergatik hartu ditugun hartutako neurriak”

Politika Orokorrari buruzko Eusko Legebiltzarreko oso bilkuran, EAEko lehendakariak autokritika egin du pandemiaren kudeaketaz, eta “egoera berria eta ezezaguna” izan dela jarri du akatsak egiteko arrazoien atzean.


2021-05-07 | ARGIA
EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu itxiera perimetrala eta etxeratze-agindua baimendu

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimenik eman alarma egoera kendu ostean itxiera perimetralak, etxeratze-agindua eta bileretan lau laguneko muga ezartzeko, publiko egin berri duen epai batean. Eusko Jaurlaritzak neurri horiek dekretu bidez ezarri nahi zituen, baina auzitegiak... [+]


2021-04-12 | ARGIA
Euskaltelen salmentan "hazteko aukera bat" ikusten du Urkulluk

Enpresak sustraiak Euskal Herrian mantentzeko bermeak daudela ziurtatu du EAEko Lehendakariak. Operazioak piztu duen kezkari garrantzia kendu dio.



Irakurrienak
ASTEKARIA
2009ko uztailaren 26a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude