Facebook bai, baina kondoiarekin mesedez

  • Gustuko sarean arriskurik ez? Ez da ba egia. Facebookek eta tankerako sare sozialek badituzte beren arriskuak, handiak, txikiak eta ertainak, hedabideek behin eta berriz gogora ekartzen diguten moduan. Baina erabili behar ditugu, bai noski, zerbaiterako daude eta. Horregatik eman nahi dizkizugu gomendio batzuk: sarean ibil zaitezen zure eremu intimoenean bezain seguru.
Zuri ez gertatzeko Georgina Hobday izeneko neska ingelesari gertatu zitzaiona: hamasei urte bete behar zituelako festa antolatu zuen etxean. Tira, jauregian, Brightoneko etxe viktoriar ikusgarriko printzesa baita. Printze urdinaren bila zebilen edo ez, ezin jakin. Bai ordea urtebetetze festa Facebook bidez iragarri zuela. Eta orain datoz ipuineko gaiztoak: 300 “lagunek” baino gehiagok setiatu zuten Hobday gaixoaren etxea. Ez zuten zaldirik behar izan Troia garaitzeko. “Lorategia hondatu didate; belarra zena, lokatza da; jendea zebilen etxe atariko urmaela zeharkatzen eta mutil bat entzun nuen esaten ispilua burukada batez apurtu nahi zuela. Batzuk balkoian gora igotzen ari ziren eta leihoetatik etxean sartu nahian” azaldu zion Hobdayren amak The Independent egunkariari. Inbasore festazaleek alde egin aurretik beraien zigilua jarri zioten etxeari: lurrean lokatza, altzarietan zigarro markak, nonahi botila hutsak.
 
Nork pentsatuko zuen urtebetetzea Facebooken iragartzeak horrelako deskalabrua sortuko zuela? Inork ez, eta gainera ez da probablea horrelakoak gertatzea. Baina zer pentsatua ematen du. Sare sozialetan jartzen duzun informazio pertsonala jende askok ikus baitezake, eta beharbada horrek izan ditzakeen ondorioak ez zaizkizu interesatzen. Baina horregatik ez duzu Facebook utzi nahi, ezta? Bada, neurri handi batean zure esku dago zure informazioa kontrolatzea. Facebookek aukera asko ematen dizkizu, pribatutasuna mantendu ahal izateko, lagunartean ibili arren. Hona hemen zenbait aholku:
 
Nondik atera duzu nire e-posta helbidea?

Oinarrizko lehen aholkua da hau: Facebookeko profilean zurekin harremanetan jartzeko bideak eskaintzen badituzu –telefono mugikorraren zenbakia, e-posta helbidea...–, komenigarria da horiek nori erakutsi nahi dizkiozun eta nori ez zehaztea. Horretarako aski duzu horietako bakoitzaren pribatutasun maila pertsonalizatzea, ezarpenetan “Profila” atalera joz. Facebookek informazio hori nork ikus dezakeen galdetuko dizu, eta “Lagun batzuk” aukerarekin, kontaktu batzuen esku jar dezakezu informazioa, beste batzuentzako ezkutatuz.
 
Bezeroekin txisterik ez!

Lana eta lagunak ez dira beti ondo lotzen, eta beharbada Facebook zure lan tresnen artean duzu. Interesatuko zaizu gomendio hau: zure horman idazten dituzten mezuen ikusgarritasuna molda dezakezu, eta horrela saihestu bezero garrantzitsu batek irakurtzea inspirazio momentu batean koadrilako batek idatzi dizun txiste politikoki ez-zuzena. Aurreko puntuan aipatutako leku berera joanda, “Hormako sarrerak” izenburuarekin egingo duzu topo: pertsonalizatzeko aukerari esker, zein kontaktuk zer irakur dezakeen ezarri ahalko duzu.
 
Lagun guztiak dira diferente

Eta horregatik, ez da oso logikoa denak zaku berean sartzea. Hurbilenekoekin beharbada ez duzu problemarik argazki batzuk partekatzeko, demagun joan den larunbateko parrandan ateratakoak; baina nahiago duzu lankideek ez ikustea, asko tristatu baitziren depresioagatik baja hartu zenuenean. Lagun-taldeak osatuz, nork zer ikus dezakeen kontrola dezakezu. Bai, denok gara nagiak eta nahiago dugu kontaktu guztiak edukitzea “Lagun guztiak” etiketapean, ibili beharrean bakoitza bere tiraderan gordetzen. Baina ahalegin txikiak onura handiak ekarriko dizkizu.
 
Aurkitu zaitut!

Demagun ez dudala nire bizilaguna agoantatzen, baina berak ez dakiela; berak uste duela adiskide handiak garela. Eta Facebook erabiltzen hasi berri denez, nire bila hasi dela sare sozialak eskaintzen duen bilaketa motorea erabiliz. Aurkitu nau. Lagun izateko gonbita luzatu dit. Eta hurrengo goizean eskaileran aurkituko dudanez, badakidanez galdetu egingo didala, ezingo diot ezetz esan. Hobe nuen “Pribatutasun ezarpenak” jartzen duen tokian sakatu izan banu: “Bilatu” atalari esker, nik onartu ditudan lagunek bakarrik bila nazatela lor dezaket. Baina bizilagunarekin beranduegi da, zer egingo zaio...
 
Alde egin Google-en atzaparretatik

Zure izena Google-en sartuta, zure Facebookeko profila azaldu zait: badakit nor diren zure lagunak, zertan ibiltzen zaren, zure argazkia ikusi dut... A, ez zaizu gustatzen hori... Orduan hobe duzu zure profila hain erraz ikusteko aukera kentzea munduari: pribatutasun ezarpenetan, badago “Bilaketa zerrenda publikoa” dioen atal bat. Horren azpian laukitxo bat dago: hori aukeratuta egonez gero, Interneteko bilatzaileek zu aurkitzen laguntzen diote jendeari. Beraz, badakizu, ez aukeratu lauki hori.
 
Argazki horiek...

Zuk igo ez arren, nahikoa da lagunen baten argazkian zu etiketatuta egotea zure kontaktu guztiek ikus dezaten nola pasa zenuen sagardotegi denboraldian Hernanitik egin zenuen osteratxoan. Eta ez duzu nahi zure amak hori ikusterik ezta? Hartu oharra: Pribatutasuna > Profila > Etiketatutako zure argazkiak. “Pertsonalizatu” aukerari esker zuk bakarrik ikusiko dituzu irudi lotsemangarri horiek.
 
Ezkutatu zure dibortzioa

Bada aukera bat Facebooken, kuxkuxeroenek bereziki gustuko dutena: zure bikote-harremanaren egoera adierazten duena. Dibortziatu berri, eta bikotea bilatu nahi duzula? Beharbada nahiko duzu ingurukoek jakitea. Baina hala ez bada, jakin ezazu erraza dela desaktibatzea. Pribatutasun aukeren artean, jo ezazu “Berrien zerrenda eta horma” aukerara, eta kendu “Harreman egoera aldatu” aukera. Zure bihotzaren arazoak, zureak bakarrik direlako.
 
Tira, aholkuak baino ez dira. Dena dela, hemen aipatutako guztiak martxan jarrita ere, normaltasun osoz ibili ahalko zara Facebooken. Badira segurtasunaren langa gorago jartzen dutenak: joan den astean Espainiako bi erakundek (Intecok eta AEPDk) gidaliburu bat argitaratu zuten sare sozialak hizpide, eta lehen gomendioa honakoa zen: Interneten sekula ez erabili zure izena. Daturik txikienarekin ere, batzuek sekulako triskantzak egin ditzaketela ikusita emandako aholkua da. Gogoratu Hobdaytarrena...

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Facebook
2024-03-10 | Diana Franco
Teknologia
Kontzientzia kolektiboa

Ez dut argi kontzientzia kolektiboa zelan ulertu ohi den; zutabe honetan honela ulertzen dut: momentu bat non gizarteko pertsona gehienak errealitate baten gainean ulermen partekatu bat dugun. Adibidez, denok ulertzen dugu zeinen garrantzitsua den etxebizitza bat izateko aukera... [+]


2023-05-25 | Axier Lopez
1.200 miloi euroko zigorra ezarri diote Facebooki herritarren pribatutasuna urratzeagatik

Europar Batasunean inoiz enpresa bati ezarri dion isunik handiena jarri dio Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den enpresari, Meta-ri, herritarren datuen babeserako arauak urratzeagatik. Edonola ere, 1.200 milioiko zigor hori 2022an Metak izandako irabazien %5 inguru... [+]


Facebook eta Instagram: Haurren sexu trafikorako merkatu

Bi urtez gaia ikertu ondoren, The Guardianek erreportaje bat argitaratu du, haurrak salerosten dituzten gaizkileek Facebook eta Instagram plataformak erabiltzen dituztela salatzeko. Sexu trafikotik bizirik atera diren adingabeei laguntzen dien Courney’s Houseko Tina Frundt... [+]


Gorroto-diskurtsoak aurkitu dituzte Facebook eta Googleren adimen artifizialeko tresnak entrenatzeko datu-multzoan

Googleren eta Facebooken adimen artifizialeko tresnak entrenatzeko erabilitako datu-multzoa aztertu du The Washington Postek, Allen Institute for AI-rekin elkarlanean. Internetetik hartutako milioika edukiren artean gorroto-diskurtsoak bultzatzen dituzten webguneetakoak ere... [+]


Facebook erabiltzeari uzteko agindu dio Alemaniako Gobernuari datuen babeserako erakundeak

Alemaniako Gobernu Federalari Facebookeko bere orria erabiltzeari uzteko agindu dio Ulrich Kelberrek, Alemaniako Datuak Babesteko eta Informazio Askatasunerako Komisario Federalak (BfDI). Lau asteko epea izango dute agindua bete edo apelazioa aurkezteko.


Eguneraketa berriak daude