Erlezain txikerra Monsanto erraldoiaren kontra

  • Monsanto den Goliat ahalguztidunari David txiki bat matxinatu zaio Alemanian, Karl Heinz Bablok erlezaina. Ez da munduan bakarra hazi transgenikoetan oinarritutako estrategia monopolistari oldartzen zaiona. Elikagaien prozesu osoaren kontrola da eztabaidagai.
Navarra Agrarian Monsantok ipinitako publizitatea
Navarra Agrarian Monsantok ipinitako publizitatea, Roundup haziak iragarrizNavarra Agraria

Karl Heinz Bablok erlezain hobbysta da, ez da erleetatik bizi. BMW auto fabrikan ari da lanean, Suabia eskualdean, eta asti librea duen aldioro Kaisheim herrixkara doa bizikletaz, hiriko burrunbatik ihesi. Han daukan erlategian hartzen du patxada. Edo hartzen zuen, esan beharko. Gauetik goizera albistegietako izar bihurtu baitute epaitegiek. Der Spiegel aldizkari kontserbadoreak ere leku egin dio haren eta Monsanto multinazionalaren arteko auziari.

Monsanto da bioteknologian munduko nagusietakoa. Genetikoki eraldatutako landareetan (OGM ingelesezko sigletan) monopolioa dauka esate baterako. Milioika hektarea daude munduan Monsantoren arto, soia, arroz eta beste laborez horniturik. Estatu Batuetan, Argentinan, Brasilen eta bestetan arras bereganatu du nekazaritzarako hazien merkatua. Aldiz, Europako leku askotan oraindik arazoak ditu muturra sartzeko, transgenikoen arriskuez hemen jendea kezkati delako.

Zezen handi hori toreatzea egokitu zaio Bablok erledun txikiari. Haren eultzetatik hurbil dago Bavariako estatuaren nekazaritzako ikerketa zentroa, eta bertan Monsantoren MON 810 arto transgenikoa erein dutenean, Babloken erleek haren polenez kutsatu dituzte kofoinetako eztiak.

Bablokek berak eraman zituen eztien laginak analizatzera laborategi batera, arto transgenikoaren beldur zelako. Eztietan ez da polen askorik izaten, eta Bablokenetan pittin horren %7 baizik ez zen maiz transgenikoena. Hala ere, Augsburg-eko auzitegiarentzako aski izan zen Babloki debekatzeko ez bakarrik ezti hura saltzea, baita inori oparitzea ere. Lehenetakoa izango zen munduan eztia zaborretara botatzen.

Orain erledunak 10.000 euroko kalteordainak eskatzen dizkio Bavariako ikerketa zentroari, baina Alemaniako nekazaritzak askoz gehiago dauka jokoan Babloken eztiaren gardentasuna baino. 

Babloki erlezainen elkarteak eskaini dion abokatuak auzitan aldarrikatzen du eztia Europar Batasunaren elikadura legearen baitakoa dela ebatzi beharra. Bavariako ikerketa zentroko abokatuek alderantzizkoa nahi lukete, eztia janarien legetik kanpo geratzea. Monsantok asko leukake galtzeko erlezaina irabazle aterako balitz. Arto transgenikoaren irudia okerragotzeaz gain salmentetan buruhausteak ekarriko lizkioke. Horregatik daude tartean bere abokatuak ere, munduan 2.500 legegizon kontrataturik dauzkan Freshfields Bruckhaus Deringer bufetekoak.

 Alemanian 4.000 hektarea sorotan baino ez dago Monsantoren arto transgenikoa, eta horiek ere kontrolaturik eta beti oso eztabaidatuak. Konparatu munduan arto eraldatuz ereinak dauden 30 milioi hektareekin. Korporazioaren etekinak ere tamaina berekoak dira: 2.000 milioi dolar iaz, 2012rako bi halakotu nahi dituztenak.

Kaisheimgo erlezainak bere ofiziokoez gain OGMen kontrako militanteak dauzka sustatzaile. Alemanian talde asko dira labore transgenikoak egun argitan erauzteko kanpainak burutzen dituztenak. Izerdi gutxiagoz eta diru askoz gehiagoz, Monsantok lobby lana egiten du Europa osoan. Espainian orain artean emaitza onak lortu ditu, baina Alemanian ez hainbeste.

Kutsatuak patentea zor

Bavariako ixtorioaren ifrentzua egunero bizi dute Amerikako Estatu Batuetan, hazi transgenikoen multinazionalaren jaioterrian. Hango laborariek ehun David txiki ez lituzkete aski izango Monsantoren atzaparretatik libratzeko.

Linn Cohen-Cole kazetariak Monsantok AEBetako nekazarien gain darabilen zanpaketaz informazio franko eskaintzen du Global Research gunean. Han legeak 1980an korporazioei haziak patentatzea baimendu zienetik, nekazaritza osoa ari da kontrolatzen Monsanto. “Izututa bizi dira AEBetako nekazariak”, idatzi berri du Cohen-Colek.

Duela gutxi arte baserritarrek inguruko merkatariei erosten zizkieten ereiteko haziak. AEB osoan, munduko beste leku ugaritan bezala, Monsantok bereganatu ditu hazi ekoizle txiki eta ertain asko. Hazien monopolio bihurtuta eta labore transgenikoen patenteen jabe, Monsantok nahi du laborari orok ordaindu diezaion uztaren portzentaia. Horretarako, azkenaldian geratzen diren azken hazi saltzaile autonomoei erasoz egiten die presio multinazionalak baserritarrei. Hona bi adibide, ehunkaren artetik.

Illinoisen urtarrilean polizia patruilek bixitatu zituzten 400 nekazari inguru, esanez laster auzitara deituko zituela Monsantok haren haziak patentea pagatu gabe ereiteagatik. Hixon izeneko komertziante bati erosten dizkiote haziak. Sistema zehazki honela dabil: nekazari bakoitzak uztaren zati bat eramaten dio bertako merkatariari, eta honek tresneria berezia erabiliz labore horiek garbitu eta tratatu ondoren hazitarako prest itzultzen dizkie, zerbitzuagatik hainbesteko bat kobratuz. Multinazionalak salaketa ipini du bere patentea daramaten haziak darabiltzatelako komertzianteak eta baserritarrek.

Beste kasu bat, Missourin iaz jazoa, Green Bio guneak haizatu du. Pilot Grove herrian nekazari batzuek askatu nahi izan dute Monsantok lotuta zeuzkan uztarritik. Argentinan kasik monolabore bihurtu den Roundup Ready soia ereiten zuten urtero, eta nazkatuta zeuden emaitzekin: patentea garesti, uztak gero eta kaxkarragoak, gero eta izurri ugariagoak soroetan... Korporazioko arduraduna ohartu zen nekazari batzuek ez zietela gehiago hazirik erosten eta pertsegizioa antolatu zuten, detektibe eta guzti. Ondoren, auzitara eraman dituzte ardi beltzak. Monsantorekin sinatu kontratuak dio hazi batek uzta bakarrerako balio duela, hurrengorako hazi berria erosi behar diozula, eta zure uztako hazirik ezin duzula erein, patentaturik dagoelako. Baina zer erein behar zuten, milia askotan bila ibilita ere Monsanto ez beste hazi saltzailerik topatu ezin denean?

2007an AEBetan multinazionalak espioitza sistema horren bidez 186 milioi dolar eskuratu omen zituen, patentea zaindu ez izanaren kalteordainetan. Aipatzen dira isunak ezin pagatu izanagatik nekazaritza utzi dutenen kasuak.

Baina oraindik Monsantok badu beste diru iturri bat gehiago, esperimentatzen ari dena. Europan biologikoan edo betiko haziekin jarraitzen duten nekazariek protesta egiten badute auzokoen transgenikoak uztak kutsatu eta kalteak eragiten dizkielako, epaitegietan argudioa azpikoz gain jartzea lortu nahi du multinazionalak: auzokoaren kutsaduragatik izanik ere zuk zure hazietan Monsantoren patentea baldin badaukazu, ordaindu beharra daukazu.

Ez esan Bablok erlezainak ez duela nekazarien sari berezia merezi...

Argazki oina: Navarra Agrarian Monsantok ipinitako publizitatea, Roundup haziak iragarriz. 2008an Nafarroan 5.150 hektareatan erein ziren transgenikoak, 2006an ereindakoak ia bikoiztuz. Nafarroako soroetan den arto guztiaren herena da transgenikoa, Espainiako bataz bestekoa baino (%22) askoz handiagoa. Joan den urrian Nafarroako Unibertsitate Publikoan Biolur elkarteak antolatutako jardunaldietan aurkeztu ziren datuok. Usadiozko haziekin edo biologikoan ari diren baserritarrek salatu dute transgenikoekin elkarbizitzea ezinezkoa dela, baina oro har hemen traba gutxi jarri zaie bai transgenikoei eta bai Europan arautuagoak dauden pestizidei.

 

Informazio gehiago:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transgenikoak
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude