Aspaldi hasi zen Koldo Lopez tolosarra sagardoa ekoizten, Arabako Ozaeta herrian duen lursailean. Ama zena herri horretakoa zuen eta bere abizena ipini zion izen gisa sagardoari: Borobia. Duela sei urte inguru hasi ziren merkatuan saltzen. 10.000 bat botila sagardo egiten dituzte urtean.
Nolatan hasi zinen sagardo ekologikoa egiten?
Bokazioz egiten dut sagardo ekologikoa. Aldez aurretik askotan probatu nuen sagardo ekologikoa. Horrez gain, lurrarentzat ona delakoan hasi ginen. Izan ere, lurra errespetatzen da prozesu ekologikoaren bitartez eginez gero.
Zer nolako zaporea du sagardo ekologikoak?
Sagardo naturalarekin alderatuz gero diferentziarik ez duzu nabarituko zaporeari dagokionez. Baina azoketan batzuek esaten digute sagardo naturala hainbatetan ez duela ondo onartzen sabelak. Sagardo ekologikoa sagardo sanoa da, osasungarria, eta horixe da duen gehigarria. Beste kontu bat da gustukoa izatea edo ez izatea.
Zein sagar barietate erabiltzen duzue sagardoa egiteko?
Gipuzkoako Foru Aldundiak duen mintegitik ekarritako barietate batzuk erabiltzen ditugu. Horiei, hemen Barrundian geratzen diren sagar barietateak nahasten dizkiegu. Hemengo baserritar bakan batzuek gorde dituzte urteetan bertako barietateak euren lursailetan. Horien ahaleginari esker oraindik gure artean ditugu zenbait sagar barietate. Hala ere, barietate horien karakterizazio lanak egin gabe daude oraindik.
Nolako sagar barietateak dira?
Hemen ondo iraun duten barietateak azidoak dira. Normalean, horrelako herri txikietan ondo kontserbatzen direnak azidoak izan ohi dira. Batetik klimagatik eta bestetik sagardoa martxoan edukitzeko sagar berantiarrak izan behar direlako. Moko eta Gezaminaren antzekoak dira aurkitu direnak, sagardotarako oso premiazkoak. Gure inguruan oso arriskutsuak dira izotzaldi berantiarrak, maiatz aldean egiten dituenak. Hemengo barietateek iraungo zutela bagenekien, baina Gipuzkoatik ekarritakoekin ez genuen oso argi.
Nola kontrolatzen da sagardo ekologikoa?
Sagarra jotzen hasitakoan Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileari abisatzen zaio, sagarraren lagin bat aztertzera eraman dezan. Nire sagastiko sagar horietako batzuk analizatu egiten dituzte laborategian, pozoi arrastoren bat duten jakiteko. Gero, behin muztioa egindakoan, bigarren aldiz etortzen da ikuskatzailea eta muztio lagin bat eramaten du, laborategian azter dezaten. Orain arte ez dut sekula arazorik izan.
Teknikarien baimena jasotakoan sagardoa botilaratzen hasten zarete?
Dena ondo badago etiketa egiteko baimena ematen dizute. Zenbat salduko duzun galdetzen dizute eta orduan datorren urtean saldu ez duzuna ere kontrolatu egiten dute, galdetu egiten dute. Produktu ekologikoena dagoen zigilurik kontrolatuena da, elikagaigintzaren alorrean. Guri interesatzen zaigu hori horrela izatea, iruzurrik ez zaigu interesatzen. Sekulako kaltea litzateke iruzurra.
Zer ez dago baimenduta ekologikoa egiteko?
Legeak baimentzen ditu hainbat produktu sagar gaitzei aurre egiteko, baina sintesi produktuak edo petroliotik eratorritakoak esate baterako ezin dira erabili. Baimenduta daudenen artean, esate baterako, landareetan jatorria duten hainbat olio erabil daitezke. Onddoen kontra kobrea erabil daiteke, baina urtean zehar kantitate txikitan. Egurrezko zein altzairuzko upeletan hartzitu daiteke sagar muztioa.
Ze asmo duzue etorkizunari begira?
Sagardoarekin dirua irabazteko asmorik ez dugu, etekin ekonomikoak oso urriak dira. Produktu ekologikoen merkatuan edaria ez da gehien saltzen dena. Sagardo normala baino pixka bat garestiagoa da, oso kontrol zorrotza pasatzen baitu ekologikoak, eta hori jendeak ez daki. Etorkizunera begira, beste modu batera antolatu nahiko genuke prozesua. Inguruko ekoizleok kooperatiba moduko batean elkartzen saiatu behar gara. Bide horretan ikusten dut gure sagarrondoen etorkizuna.