Eguzki izpien egarriz

  • Ateratzen den lore horretatik sortuko da gero fruitua, sagarra esate baterako. Sagar horrekin egingo da hilabete batzuk beranduago sagardoa. Elaborazio-prozesua bezain garrantzitsua da lehengaiak izan duen osatze-garaia.

2004ko uztailaren 04an

Fruitu-arbolaren loraldian faktore askok izan dezakete eragina. Faktore horiek loratzeko garaia hondatu egin dezakete. Lurra eta klima oso garrantzitsuak dira. Tenperatura da loraldi-prozesuan eragin handia izan dezakeen faktoreetako bat. Tenperatura altuegia edo baxuegia izateak fruitu arbolak goizago loratzen hastea ekartzen du. Negua hotza izan baldin bada eta tenperaturak loraldian altuak izan badira, loraldi-prozesua laburra izango da. Beroaldiren batek jo baldin badu lurra edota eurite handiren bat bota badu, horrek ere zerikusia izango du loreak sortzen ari diren garai horretan.

Klima kontuez gain, badira beste elementu batzuk kontuan hartu beharrekoak: zuhaitzaren sendotasuna eta adina, inausketak ze garaitan egin diren, etab.

Sagardoaren elaborazioaren adinako garrantzia du sagar-loreak eta sagarrak zuhaitzean izan duen bilakaerak ere. Gai horren inguruan bi lan aitatuko ditugu. Jose Uria tolosarrak eginiko Sagardoa izeneko argitalpen bikoitza eta Jesus Vozmedianoren Fruticultura liburua. Lan bietan sagarraren garapenari tarte handia eskaintzen diote.

Loraldiaren garrantzia

Loraldi garaia frutazainarentzat garairik delikatuena da. Garai horretan erabakiko baita denboraldiko fruituen uzta nolakoa izangoa den. Loreak jaiotzen badira, ernaltzen badute eta giro epel eta eguzkitsuetan erortzen badira, uzta oneko urtea izango dela aurreratu daiteke. Bestela, loraldiak egun hotzekin, eta batez ere, euri eta lainoekin bat egiten badu, seguru asko uzta laburragoa izango da.

Sagarrondoak berak 0 azpiko 30 eta 35 gradu bitarteko tenperaturak jasan baditzake ere, loreek -irekita daudenean- 0 azpiko 2 gradu besterik ez dute jasaten, eta ordu gutxitan. Ostera, oso bitxia da: neguan, sagarrondoaren lorea oraindik ernamuin denean, hotz asko behar du.

Loreen nerabetasuna

Loraldia ez da bat-batean gertatzen; pausoka joaten da. Fruta-arbola bakoitzak bere prozesua du. Etapa horiek sailkatuta daude. Fleckingerren arabera, sagarrondo baten loraldian bederatzi etapa bereiz daitezke:

- Neguko lore-begia. Atseden hartzen dago. Lore-begia erabat itxita dago. Barruko organoak babesten dituzte ezkata horiek. Lore bakoitza bere sepaloekin itxita, babestuta egoten da.

- Lore-begia handituta. Lore-begia borobiltzen eta kolore pixka bat agertzen hasten da.

- Lore-begiak begi-bistan eta kaliza agerian geratzen hasi da. Lore-begia handitu eta luzatu egiten da, eta kalizaren sepaloek duten kolorea bistaratzen hasten da.

- Korola ikusten da. Lore-hostoak agertzen hasten dira.

- Lorezilak. Lore-begia pixka bat zabaldu egin da eta lorezilak agerian geratzen hasi dira.

- Lorea irekita dago. Lore-hostoak erabat irekita daude. Loraldi bete-betean dago.

- Lore-hostoak erortzen hasten dira eta lorezilak kiribildu egiten dira, jada ernalketa gertatu baita.

- Fruitua gauzatuta. Obarioa handitu egiten da, eta osatutako fruitua erakusten hasten da, kalizaren koilare idorra beheko aldera botatzen duelarik.

- Fruitu txikia. Behin kalizatik askatuta fruitu biguna azkar hazten da.

San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko sagar

Zenbat lore, hainbat sagar. Loreak irteten hasten diren garaian jada jakin daiteke zuhaitz horrek sagar asko edo gutxi emango duen. Garrantzitsua da arbolak lore asko izatea, loreetatik sortuko baitira gero fruituak, eta frutazainarentzat garrantzitsua da. Hori lortu dezake frutazainak neguko inausketarekin, hau da, egurra murriztuz eta lore-begiak mantenduz.

Sagarrondoak neguan hotza behar du; ez dio beldurrik hotzari. Negu epelek eta leunek ez diote batere onik egiten, gero loraldian irregulartasunak sor baitaitezke.

Izerdia sustraietan barna igotzen hasiko da eta hilabete bat emango du horretan. Gero, hostoak ateratzen hasiko dira; izerdi berri bat joango da hostoetatik sustraietara.

Ekain inguruan hurrengo urteko enbrioi edo ernamuin berriak jaioko dira. Ernamuin horiek adarren muturretan edota puntetan sortzen dira, eta ia negurarte ezin izango dugu jakin lore-begiak jaioko diren edo adar berri bat aterako den.

Adar txikien loreak indartsuagoak izan ohi dira eta azkarrago irteten da lorea, adar luzeagoetakoak baino hogeita hamar egun lehenago. Adar zaharragoetakoak ere azkarrago ateratzen dira adar berrietakoak baino.

Loreak zuhaitzean nola sakabanatuta dauden jakiteko bi gauzari erreparatu behar zaio: zuhaitzaren landarediari eta adarrek eguzkiari begira duten kokapenari. Haizeengandik babestuago eta eguteran dauden adarrek gehienetan lore gehiago izaten dute. Lore-begi batek begi bakar bat ematen du batzutan, baina normalean bi, hiru, lau eta gehiago lore ateratzen dira.

Lorearen lore-begia edo pipila motza eta mardula da. Ezkataz beteta dago; lau, bost edo sei izan ohi ditu. Hor babesten da lorea neguko hotzetatik. Klima epeltzen hasten denean, babesten duten azalak askatu eta barruko kaliza kanpora ateratzen da.

Sagar-lorearen erraietan

Sagarrondoaren lorearen zatiak hauexek dira:

- kanpoen dagoena kaliza da; sepalo batzuk ditu lorea babesteko.
- korola dator gero. Hor daude lore-hostoak; hosto eraldatuak eta oso delikatuak dira, eta ernalketa-organoak babesten dituzte.
- lorearen barruan lorezilak daude. Filamendu luze batez eta pistilo edo lore-orratz batez osatuta daude. Filamenduak eta pistiloak lorearen organo-sexualak dira.

Lorezilak filamendu luze batzuez osatuta daudela esan dugu: filamendu horiek goiko partean antera izeneko zabalgune batean amaitzen dira; antera horrek hauts hori fin bat izan ohi du. Pistiloa edo lore-orratza lorearen organo emea da, eta hiru zatiz osatuta dago:

- behean dagoena -zabala- obarioa da; obulu izeneko korpuskuluak edo arrautzatxoak ditu.
- erdian dagoena, forma luzexka duena, estiloa da.
- goiko partean dagoen handidura edo konkorra estigma da, pistilo edo lore-orratzerako sarrera alegia.

Kalizeko lore-begi berdea irekitzen hasten denean lorea pikorta gorri bat besterik ez da. Lore-hostoak bilduta eta erantsita daude, eta pilota txiki bat osatzen dute. Garai horretan sagarrondoak kolore gorrixka du. Baina hortik hiru bat egunera, eta tenperaturak hotziltzen jarraitzen badu, petaloak ireki egiten dira eta agerian uzten dute haien kolore zuria.

Lorea kalizaren azken txortenetik arbolari lotuta dago. Hortik elikatzen du lorea, eta lorea fruitu bihurtzen denean txorten hori sagarraren pedunkulua izango da. Hortik pasako dira sagarra heltzeko eta gero erortzeko behar dituen elikagai guztiak.

Ernaltzeko garaia

Loratseuztapena edo polinizazioa behar-beharrezkoa da lorearen ernalketa gertatzeko. Gerta daiteke, lore berean organo arrak eta emeak garai ezberdinetan heltzea. Hala eta guztiz ere, arraroa izaten da ernalketa bera bakarrik lore bakarrean gauzatzea. Gainera, adituen ustez, ez da komeni. Sagarrondoaren loreak bata bestearekin polinizatu behar dute.

Loreek, erabat garatzera doazen unean, bere anterak irekitzen dituzte, eta polena ateratzen da, gai lirdingatsu eta pikortsuz osatua. Antera bakar batek bost mila polen-ale izan ditzake. Lore bat ernaltzeko, ordea, polen-ale bakar bat nahikoa da.

Haizeak edota intsektuek eramaten dute polena lorexaki edo estigmara; hor itsatsita geratzen da. Orduan, polenaren korpuskulu bakoitza, bi mintzez osatua dagoena, hautsi egiten da, eta estigmaren sarreratik sartzen da. Estiloan barna obarioraino iristen da. Han, obuluan fovila izeneko humore bat botatzen du, eta obuluaren likidoaarekin nahasten da; hor gertatzen da ernalketa.

Ernalketa, klima epeletan

Ernalketa garaiak ere eskatzen ditu tenperatura zehatz batzuk. Klima epela -20 gradu inguru- da egokiena. Hotz egiten badu edota egun euritsuetan gertatzen bada, polena ez da ernamuinduko, eta ondorioz, ernalketa ez da burutuko. Sagarraren barruan bost hazi baino gehiago baldin badaude, sagar hori handi egingo da, ondo haziko da eta zuhaitzari ondo lotuta egongo da.

Lorez-lore hor dabil, burrun-burrun erlea

Loraldiaren faserik garrantzitsuenetakoa da polinizazioa. Polinizazioa egiten duten intsektuen artean erleak dira bitartekari nagusiak. Fruta-arbola guztien polinizazioa eragiten dute. Espezie bereko loreetan ibiltzen dira normalean eta espazio murritzetan mugitzen dira. Loreek beren petaloak irekitzen dituztenean intsektu guztiak inguratzen dira, bere gozotasun, usain eta lore-hostoen kolore biziek erakarrita. Oso urrunetik ohartzen dira horretaz. Lorez-lore ibiltzen dira polenean dagoen nektar gozoa ateratzen. Horregatik, erlauntzak fruta-arbolen inguruan edukitzea komeni da. Hiru bat kilometroko erradio batean ibiltzen dira erleak. Pare bat erlauntzekin hektarea bateko sagarrondoak polinizatu daitezke.

Erlea nektarra xurgatzeko lorearen gainean ipintzen denean bere gorputzeko ileak polen-ale batzuez blaitzen dira; gero, nahigabe, beste loreen estigmetan utziko dituzte polen-aleak, eta horrela gertatzen da polinizazioa.

Tenperatura egokia izatea oso garrantzitsua da erleentzat; itzaletan 9 gradu baino gutxiago badaude, ez dira erlauntzatik irteten. 12 gradutik gora da tenperatura egokiena.

Inaki Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Fruitu Garapenerako Zuzendariaren ustez, "erleak zuhaitz batetik bestera ibiltzen dira loretan, baina espezie baten polena bildu duenean ez du beste zuhaitzera eramaten. Orduan, polinizatzeko lehenengo oinarrizko araua da gutxienez astebete koinziditu behar dutela sagar-barietate ezberdinek loratzeko garaian".


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 04a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude