Pasaiako badiaren biziberritzea

Badiaren azkeneko aukera

  • Laster hasiko dira Pasaiako badia biziberritzeko lanak. Auzo elkarteetako ordezkarien ustez obra horiek ez dute ipar-garbirik ekarriko. Posible ikusten dute portuak baldintzatuko ez duen Pasaia berri bat, eta horretarako hitza eskatu diete agintariei. Horixe eman diegu guk.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2008ko abenduaren 14a
Pasaiako portua
Dani Blanco
Hipoteka beltza dute pasaitarrek bizkarrean. Iraganean portutik bizi ziren, baina orain, portuak badia osoko bizitza baldintzatzen du. Bertako herriek (Pasaia, Lezo, Errenteria...) Euskal Herriko adierazle ekonomiko kaxkarrenetakoak dituzte eta frankismoko urbanizazio basatiaren ondorioak jasan dituzte azken hamarkadotan. Pasaitarrak ohituta daude biziberritze promesekin, etorri bezala joan izan diren horiek.

Badirudi oraingoan benetakoa dela: Pasaiako berregituraketa martxan da irakurri dute herritarrek egunkari nagusietan hizki larriz. Erakunde publikoak urtarrilean hasi nahi dute La Herrerako pabiloi grisak botatzen, nabeak eta etxebizitzak egiteko. Benetako biziberritze baten aurrean gaude ala portuak baldintzaturiko operazioa da? Auzo elkarteak ez daude ados proiektuarekin, aurreko urbanizazioen oker berberak izango dituelako, eta eskatzen dute biziberritzea parte hartze prozesu baten ondorio izatea. Izan ere, badiaren urbanizazio sozialago bat posible da beren ustez. Azkeneko aukera izan daiteke honakoa.

Herritarrak antolatzeko ordua

Pasaia eraikin eta errepidez jositako inurri-zuloa da. Hormigoizko estruktura arraroek eta burdinazko erraldoiek agurtzen dute bisitaria; gaueko argiek dir-dir egiten dute itsaso etxekotuan.

Baina leku honek historia luzea du, pisu handikoa Gipuzkoako industriarentzat. Portu natural paregabea edukitzeagatik –sakonera eta kabida handikoa– ontziolagune garrantzitsua izan zen duela mende batzuk. 1805ean sortu zen udalerri bezala, San Pedro eta Donibane elkartu zirenean. Ondoren, XIX. mendetik, industrializazioak irentsi zuen: auzo edo barruti berriak sortu ziren –Antxo eta Trintxerpe– bakailau arrantzaren urrezko aroa etorri zen eta 80ko hamarkadatik denok ezagutzen dugun krisi sakonera makurtu zen industria eta arrantza sektorea.

Bost hizlariak mahai zuriaren bueltan daude eserita. Aldamenean, afixak eta kartelak apaletan pilatzen dira. Grabagailu digitalak ez ditu kikildu: “Batzen gaituena da arazo konkretuak dituen badia baten inguruan bizitzeak. Formalki udalerria gara, baina barrerak besterik ez ditugu”. Teresa Ezkurrak, Donibaneko Bonantza auzo elkarteko kideak, denen ahotik hitz egin du. Pasaiako lau barrutietako auzo elkarte eta herritarrek koordinadora sortu dute. Gisa horretan, modu bateratuan erantzun nahi diete Pasaiako erronka berriei eta biziberritze planen atzerapenei. Ez da lehenengo aldia elkartzen direna, baina ekimenak indarra hartu du oraingoan. 2005ean Pasaia Bada Garaia aldizkaria kaleratu zuten eta ordudanik lelo horrekin egin izan dituzte aldarrikapenak. Espresuki sortutako dekalogoak laburbiltzen ditu koordinadoraren izaera eta helburuak; hauek dira ideia nagusienak: Pasaiaren biziberritzeak ez du zertan beste proiektuekin derrigorrez loturik egon; Pasaiak ezin duela portuaren eta Gipuzkoaren zerbitzura dagoen herria soilik izan; Pasaiak “ekonomia berriaren” erreferentzia bihurtuko duen biziberritze integrala lortu behar du; eta funtsean, pasaitarrak izan behar dira beren etorkizunaren jabe. Manifestua hamarnaka gizarte elkartek sinatu dute, mugimenduak duen babesaren adierazgarri. Imanol Irizar donibandarraren iritziz ekimena prozesu natural baten ondorioa da: “Konturatu ginen toki oso konplexuan geundela eskumen aldetik. Indarrak biltzea da geratzen zaiguna, ez dugu beste erremediorik”.

Pasaiako badia mende askotan probintziaren onurarako esplotatua izan da, baina bertako biztanleek ordainetan esker txarreko bizi-kalitate parametroak besterik ez dute jaso: Ingurumenean kutsadura nabarmena –Ibedrolaren zentral termikoa Espainiako Estatuko 31. kutsatzaileena da–, Gipuzkoako langabezia tasarik handienetakoa, biztanle dentsitate izugarria, barrutien arteko konexio kaxkarra, errenta baxuak... “Esaten dute portua Gipuzkoako lehenengo enpresa dela, bada, Pasaia da azkeneko herria”, dio Josetxo Dominguezek, Trintxerpe XXI plataformako ordezkariak.

La Herrera: biziberritzearen motorra

Dominguezentzat Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) La Herreran egin nahi dituen obrek ez dute zentzurik: “Batzorde batetako arkitektoak honela esan zuen: ‘La Herrerak badiako ekonomia biziberritzeko motorra izan behar du’, baldintza hori ez bada betetzen ez da biziberritzerik egongo”. PPAk auzo horretarako onartutako plana hau da: pabiloiak botatzean 12.000 m2-ko espazioa geratuko litzateke libre. Erdia plataforma logistiko berrirako izango da, hau da, biltegietarako. Beste erdian etxebizitzak, lokal komertzialak eta abar. “Guk esaten duguna da nahikoa dela hainbeste plataforma logistikorekin, hori ez da biziberritzea. Diputazioak badu inguru horretarako kultur aurreproiektua eginda, jar dezala martxan. Baina ez, etxebizitzak, hori edozeinek egiten du!”, dio Dominguezek.

Garbi dago etxebizitzak finantzabide gozoa direla Jaizkibelen kanpo portua egin nahi duten erakundeentzat. Sanpedrotarra auzo elkarteko Jose Ignacio Elortegiren iritziz “etxebizitzen arazoarekin kontu ibili beharra dago, ematen du etxebizitzen kontra gaudela baina ez da horrela. Esaten duguna da ezin dela errepikatu orain dagoen masifikazioa”. Alternatibak badituzte, itsas museoa adibidez: “Itsas museoa ikurra izango litzateke guretzat. Olano diputatu nagusiak Gipuzkoan beste Guggenheim bat posible dela esatean Tabakaleran bakarrik pentsatzen du. Zergatik ez itsas museoa Pasaiarentzat?”.

Badirudi esku beltz batek saboteatzen dituela Pasaiarentzako etorkizunerako planak. Europar Batasuneko Urban diru laguntzak ezin izan zituzten nahi bezala inbertitu –finantzazio eta eskumen arazoengatik–, Zinealdea proiektuak ere Oiartzunen amaitu du –“pasaitar batentzat Oiartzunera joatea Disneylandera joatea bezala izango da”, dio Elortegik–, Miramongo parke teknologikoaren hedapena Hondarribiarako ari dira pentsatzen... “Badakizu zein den esku beltza? –Teresa Ezkurrak– Esaten dute Pasaiak interes estrategikoa duela, horixe da gure gurutzea”.

Eskumenak harrapatua

Zorabiatzeko moduko eskumen sare konplikatuak gobernatzen ditu Pasaia eta bere portua. Barrutiak, udalak, Gipuzkoako Aldundia, Espainiako Estatuko administrazioa, Eusko Jaurlaritzako hainbat sail... Guztiek dute parte eta bakoitzak bere intereseko asmoak defendatzen ditu.

Eskumen arazoak konpondu eta biziberritzea gauzatzeko, erakundeen arteko batzordea sortu zen 1997an. Biziberritzea ez atzera ez aurrera ibili da eta orain Jaizkibia sozietate publikoa da badiako urbanizazio proiektuez arduratzen dena. Harrigarria da sozietate horretan pasaitarrek duten parte-hartze murritza –laurden baten zazpirena–:“Hasieran Pasaia biziberritu behar zen, baina orain Pasaia-Bidasoa ardatza da biziberritu behar dena, eta jakina, Udalaren ordezkaritza erabat urtuta geratu da horrelako eremu zabalean”. Ezkurrak ez du zalantzarik Jaizkibiak zer asmo duen: “Azkenean biziberritzearena makillajea da, zerikusirik ez duten beste interes batzuentzako aurkezpen gutuna”. Bestalde, auzo elkarteetako kideen ustez, sozietate horrek beste erakunde gertukoagoak neutralizatu ditu: Urban fondoak kudeatzeko Badia Berri elkartea, Oarsoaldea garapen agentzia...

Duela gutxi Batzar Nagusietako EBko ordezkariek iragarri zuten Aldundiak 14 milioi euro inbertituko dituela Pasaiako hainbat proiektutan. “Edozein herritan inbertsio normala dena hemen ohiz kanpokoa da” dio Iñigo Arana antxotarrak. Berak dio Antxoko bizilagunak zoratzen daudela N-I-en bulebarizazioarekin: “Jakina, 50 urtetan ez baita ezer egin. Baina azkenean agintariek nahasten dute biziberritzea kaleen txukunketa arruntarekin”.

Ez al da herritarren artean desengainua nagusitu hainbeste promesa, sozietate eta proiektu egin gabeekin? Auzo elkarteen koordinadorak manifestazioa egin zuen joan den ekainean, eta ekimen bateratua izan zen arren, uste baino jende gutxiago joan zen bertara. Ez ezagutzaren ondorio da hori, koordinadoraren bozeramaileen ustez.

Posible al da portuaren zama kentzea?

Askorentzat, portua Pasaiako bosgarren barrutia da. 1926an Gipuzkoako Aldundiak Espainiako Estatuaren esku utzi zuen portua eta obra batzorde batek hartu zuen bere ardura. Egungo Pasaiako Portu Agintaritza batzorde haren ondorengoa da –Gonzalez Txabarri diputatu nagusi ohia du buru eta Sustapen Ministerioarena izanik ere, organo autonomoa da–. Pasaiako portuak 5 milioi tonako merkataritza trafikoa izan zuen 2007an, aurreko urtean baino %7,1 gutxiago. Ikusi beharko da 2008 eta 2009ko emaitzak zeintzuk izango diren, batez ere industriak eta automozioak gainean duten krisiarekin. Izan ere, portuko merkantzietan txatarra (osoaren %36) eta autoak (600.000 unitate) dira gehien mugitzen diren produktuak.

Portuko arduradunek behin baina gehiagotan esan dute edukiera ahalmenak goia jo duela eta Jaizkibelgo kanpo portua egitea beharrezkoa dela. Aitzitik, zenbait informeren arabera portua bera ez da behar bezala aprobetxatzen eta infraerabilia legoke: “Oso erraza da –dio Jose Ignacio Elortegik–, ontzia etortzen da, kamioia betetzen du eta txatarra eramaten du hemendik, ez dago zertan moilan eduki beharrik”. Azken batean beste lekuetan “normalak” diren gauzak eskatzen dituzte auzotarrek: txatarra gainetik kendu diezaietela, edota interkonexioa hobetu. “Ez da normala Antxora joateko denbora gehiago behar izatea Tolosara joateko baino. Gauza arruntak nahi ditugu, badiako ontzi-motora Lurraldebusen sartzea, esaterako”.

Pasaia ez dadila izan trukerako txanpona edo batzuen artean banatzeko pastela; entzun diezaietela herritarrei, horixe nahi dute. Imanol Irizarrek honela dio: “Badago konstante bat azkeneko urteetan, eta da politikarien harropuzkeria. 30 urtetan ez dute ezer mugitu, eta orain, gauzak egin behar dira beraiek dioten bezala, herritarrek ez dute hitz egiterik”. Irizarrek azaldu duenez, duela gutxi Plymoutheko (Ingalaterra) unibertsitateko ordezkariek bisitatu zuten badia: “Guk uste genuen esango zutela hau zulo bat besterik ez dela, baina ez, zera esan zuten: ‘Hau aukeraz beteriko lekua da’”. Hipoteka handi bat kentzeko azkeneko abagunea izan daiteke honakoa, eta herritarrek horretaz hitz egin nahi dute.
Jaizkibelgo kanpo portua
2005eko urrian Eusko Legebiltzarrak dei egin zien inplikaturik zeuden aldeei, badiaren biziberritzea hasteko “kanpo portuaren menpe jarri gabe”. Badirudi erresoluzio hori ezerezean geratu dela eta asko dira orain badiarako kanpo portua “ezinbestekoa” dela dioten erakundeak, Gipuzkoa aurrera! lobby ekonomiko-politikotik hasita. Mezu horrekin bat egiten azkenekoa Patxi Lopez lehendakarigaia izan da, biziberritzerako plan berri bat hitz emateaz gain, sozialisten buruak premiazkotzat jo baitu kanpo portua egitea badiaren etorkizunerako.

Jaizkibelgo magaletan kanpo portua egiteko asmoak gorabehera asko izan ditu. Azkeneko proposamena “ekoportua” izan da. Funtsean, azpiegitura horrek oraingoaren merkantzia bolumena hirukoiztuko luke –guztira 17 milioi tona; Bilbokoak 40 milioi tona mugitzen ditu–. Horretarako 140.000 m2-ko kaia eraikitzea proposatzen du proiektuak eta kamioiak Jaizkibelen barrena egingo diren hainbat tuneletatik iritsiko lirateke bertara.

Bi oztopo eta zalantza bat

Kanpo portua egin egingo dela azpimarratu dute behin eta berriz hainbat politikarik. Hain zuzen duela gutxi, Estatuko aurrekontuen negoziaketan, EAJk PSOErekin kanpo portua eraikitzeko finantzaketa hitzartu zuen. Baina horrelako bultzadak egon arren, egitasmoak baditu bi oztopo nagusi –talde ekologisten presioa kontuan izan gabe–.

Alde batetik, Espainiako Sustapen Ministerioak ez du oraindik ingurumen eragina neurtzen duen azterketarik egin, eta hori ez da tramite hutsa. Bestetik, Jaurlaritza osatzen duten Hirukoan jarrera kontrajarriak daude oso: EB kanpo portuaren kontra dago eta EAren esku dagoen Ingurumen saila ere ez dago ados proiektuarekin. Zalantza bat ere badago: izango al luke portu horrek oraingo merkantziaren hirukoitza erakartzeko ahalmenik?
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Pasaiako portua

Pasaiako portua kanaletik interesatuko zaizu...
2018-08-22 | ARGIA
Pasaiako portuko sutearen afera fiskaltzaren esku, Badian Bizi plataformak salaketa aurkeztu ondoren

Abuztuaren 2an Pasaiako portuan izandako sutea salatu du Badian Bizi plataformak fiskaltzan. Afera ikertzeko eskatu dute bizilagunek eta horrekin batera, kaltetutako ehun herritar ingururen sinadurak aurkeztu dituzte auzitegian.


2018-08-09 | Nahia Ibarzabal
Pasaiako portuko jardueraren kalteak salatzeko Badian Bizi plataforma sortu dute herritarrek

Ostegun goizean egin dute prentsa-agerraldia. Pasaiako portuko karga-deskarga lanek, herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duten kaltea salatzeko.


Pasaiako portuko sutea datutan

Ostegunean Pasaiako portuan, Lezoko aldean piztutako suteak, aire kalitatean zuzenean eragin zuen, bereziki Pasaian, Lezon, Oreretan eta baita Donostian ere. 11:00 aldera, Pasaiako portuan biltzen den txatarra zama batek su hartu zuenean hasi ziren arazoak. Erakundeetatik lasaitasuna transmititu bazuten ere, leihoak ixteko gomendioa ere zabaldu zuten.


Herritarren haserrea eta kezka piztu ditu Pasaiako portuko suteak

Lau ordu behar izan zituzten sua itzaltzeko. Gauean ere suhiltzaileak txatarra hozten jarraitu zuten.


Pasaiako portuko ustelkeria kasua: urtebete ondoriorik gabe

Macarena Olona estatuko abokatuak eta portuko aholkulariak iazko apirilean salatu zuen fiskaltzaren aurrean Pasaiako portuko lonjaren eraikuntzan balizko ustelkeria kasua. Espainiako Estatu mailan indarrean daude ere beste hamar portutako ustelkeria kasuen ikerketak.


2017-02-16 | Julian Jiménez
Gutun irekia portuetako zamaketariei, "pribilegiatu" horiei

Zamaketariek greba egingo zutela iragarri zuten egunean blogean idatzitako artikuluaren itzulpena da hau. Otsailaren 15ean Espainiako Gobernuak atzeratu egin du erreforma eta langileek greba bertan behera utzi dute. Askoren ustez, langileen garaipena izan da, baina Gobernuak denbora irabazi nahi du.


Pasaiako portuan izan da Guardia Zibila, gainkostuetan ustelkeria izan den ikertzen

Sei delitu zantzu aurkitu ditu Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak. Portu Agintaritzako zuzendariaren arabera, “gainkostua justifikatua dago”.


Zortzi milioi euroko gastua egin ez den azpiegituran

Praktikan kasik bertan behera geratu da Pasaiako portua handitzeko proiektua, baina zortzi milioi euro gastatu dituzte jada, ikerketa eta elkarte publikoei emandako dirua medio.


Pasaiako kanpo portuaren kontrako txostena aurkeztu du Pirinio Atlantikoetako Departamenduak

Jaizkibelgo super portuaren egitasmoari 600 alegazio jarri dizkiote Lapurdiko udal, enpresa eta talde ekologistek. Horiek guztiak aztertu ondoren, super portuaren kontrako txostena aurkeztu du Pirinio Atlantikoetako Marie Thérèrese Arrieta komisarioak. El País egunkariak eman du irizpenaren berri.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude