"Haurrak medikalizatuegi daude"

  • Bésame mucho, guraso berrien artean gehientsuen saltzen den eskuliburuaren egileak pediatren zuzentasunaz eta pediatrengan eskertzen den umore finaz erantzun ditu gure galderak, Uda Ikastaroek Donostiara ekarri duten honetan. Duérmete niño metodoaren kontrako teorialariak dio, bere liburuetan gurasoei zer egin agindu beharrean, haurren portaera azaltzen saiatzen dela: “Hortik aurrera guraso bakoitzak erabaki dezala, baina gutxienez informazio zuzenarekin hartu dezala erabakia, ez haurra manipulatzaile bat dela pentsatuta”.

Dani Blanco.
Dani Blanco.

Egun osoan besotan dauden umeak, gurasoekin lo egiten dutenak, bularra hartzen dutenak… Gerora autonomoagoak direla esaten da…

Ez zaizkit interesatzen teoria horiek guztiak, haurrei egiten dieguna justifikatzeko heldutan nolakoak izango diren esaten dutenak. Nik besarkadak ematen dizkiot, ikusten dudalako besarkatuta dudan momentuan haurra pozik dagoela. 30 urte barru pozik jarraituko duen? Gauza asko gertatzen dira 30 urtean. Horrek denak eragingo du, baina ezin da sinismen magiko bat eduki. Baina une honetan nire haurra ez dago berdin negarrez ari denean kontsolatzen badut edo negarrez uzten badut.

Baina hasieratik isildu arte negar egiten utzi dituztenek autonomoagoen itxura dute.

Haurrak ez dira tontoak. Negar egiteak ez duela ezertarako balio ikusten dutenean, negar egiteari uzten diote. Demokraziarekin askoz greba gehiago egon dira Frankismoarekin baino. Horrek esan nahi du langileak gusturago zeudela Francorekin? Ezetz esango nuke…

Bitxia da, Gobernuari eta etxea gobernatzeari nola ez diogun parekotasunik ikusi ere egiten. Askotan esaten da haurrari arau bat jarri bazaio, derrigor bete behar dela, bestela haurrak berearekin ateratzen ikasten duela. Epaile batek sententzia ematen duenean, eskubidea dago Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko. Gorenak aurreko epaileak emandako epaiaren kontrakoa hartzen badu, inork ez du esango “epailea autoritatea galtzen ari da”… Demokraziaren oinarria botere banaketa da, eta familietan berdin, gurasoek ez dute denean diskurtso bakarra defendatu beharrik. Bietako batek hanka sartzean besteak zuzendu dezala.

Zergatik dago gaizki ikusia ume kozkorrei bularra ematea edota gurasoen ohe berean lo egitea?

Inbidia da. Urtebeteko haurrari bularra ematen badiozu, beharbada lagunen bat haserretu egingo zaizu: “Bada nik biberoia eman nion eta oso ondo hazi da!”. Bizitzako beste kontuekin jendea ez da horrela jartzen, inork ez dio harakin bati esango “bada ni okina naiz eta nirea ere oso ofizio ona da!”. Bakoitzak bere bizitza du, eta ez da ezer gertatzen. Orduan, zergatik egiten du topo benetako gaitzespenarekin bularra ematen duenak, haurrarekin lo egiten duenak, edo haurra besotan eramaten duenak? Norberaren bizitzan oso gauza garrantzitsua delako, horrek adierazten duelako nola hazten dituzun zure haurrak eta zure gurasoek nola hazi zintuzten zu, eta jende askori barru-barruan gustatuko litzaiokeelako hori dena egitea. Benetan hori egiteko inbidiarik ez duena ez da haserretuko.

Esneari buruzko diskurtsoak dio bakoitza libre dela erabakitzeko. Hori hala da praktikan?

Okerrago ikusia dago bi urteko umeari bularra ematea biberoia ematea baino. Kontrako presioa ere sentitzen hasia da, emakume batzuk kexatzen dira biberoia emateagatik gaizki begiratzen dituztela, ama txarrak direla sentiarazten dituztela. Edukaziorik gabeko jende asko dago, batean eta bestean. Errespetua duen pertsonak batak eta besteak errespetatzen ditu. Pediatra bezala, ama batek esaten badit biberoia emango diola, azalduko diot nola prestatu biberoia, eta beste batek esaten badit bularra eman nahi diola, azalduko diot nola bularra eman. Gertatzen dena da ehunka emakumeri entzun diedala “nik bularra eman nahi nion baina ezin izan dut” eta sekula ez diodala inori entzun “nik biberoia eman nahi nion baina ezin izan dut”. Eta horrek esaten dit, gaur egun, bularra eman nahi dutenek laguntza handiagoa behar dutela. Biberoia eman nahi duenak beti lortzen du ematea.

Zergatik?

Inork ez duelako zalantzan jartzen posible denik. Haur bati biberoia ematen hasi eta uko egiten badio, inork ez du esaten “bularra eman beharko zaio”. Baina haur batek bularrari uko egiten badio, “agian biberoia eman beharko zaio…”. Mundu osoak du argi biberoia eman daitekeela. Baina bularrarekin denok pentsatzen dugu kasu batzuetan huts egiten duela. Eta bularrak, fisikoki, huts egin dezake 1.000 kasutik batean. Baina praktikan kasuen erditan huts egiten ari da. Eta biberoiak ere 1.000 kasutik batean huts egin dezake (haurrak alergia diolako esne horri, adibidez).

Lagun batzuek urtebeteko haurrari esnerik ez ematea erabaki dute. Jogurta eta gazta ematen diote.

Jogurt eta gaztarekin nahikoa eta sobera esne hartzen du haur horrek. Pertsona heldu batek ez du esnerik hartu beharrik. Hori bakoitzaren erabakia da. Esnea ez da txarra, baina ez da ezinbestekoa. Ez dago animaliarik beste animalia klase baten esnea hartzen duenik, eta ez dago animaliarik esnea hartzen jarraitzen duenik behin bere amaren titia utziz geroztik. Orain, norbaitek konbikzioz ez badu inolako esnekirik eman nahi, ezta jogurt eta gaztarik ere, bularra eman diezaiola gutxienez bi urtera arte. Gizakiak gutxienez bizpahiru urtez hartu beharko luke bularra, hala aholkatzen dute Osasunaren Munduko Erakundeak, Unicef-ek eta gainerakoek ere. Bi urte baino gehiagoz bularra hartu duen haurrak hortik aurrera ez badu batere esnerik hartzen, ez da ezer gertatuko.

Lagun hauek pediatrarekin eztabaida handia izan zuten. Badirudi haurrak Osakidetzarenak direla, eta gurasoak gezurretan ibili behar duela.

Espainiako Estatuko haurrak medikalizatuegi daude. Pediatra elikaduraren aspektu batzuetan sartzea zentzuzkoa da, bere lanaren zati delako. Baina askotan pediatrek esaten dituzten gauzek ez dute zerikusirik bere lanarekin. Eta sarri gurasoak dira pediatrari edozertaz aholkua eskatzen tematzen direnak! Ea zopari porrua sartu behar zaion, edo berenjena zuritu egin behar den… Badirudi haurrak egiten duen edozer pediatrari dagokion kontua dela! Eta bizitzako beste adinetan ez da hau gertatzen. Gai horietan pediatraren erantzunak ez du gehiago edo gutxiago balio amonarenak edo ileapaintzailearenak baino. Tituluak ez dio gaitasunik ematen, ez duelako haurrak nola hazi ikasi. Horrelako gauzak, onena, amonari galdetzea. Batetik, galdetzen badiozu oso pozik jartzen delako, eta bestetik, gutxienez bizi den haur bat hazi duelako, eta hori ez dakizu pediatrak lortu duen edo ez.

Amonek beldur pixka bat ematen didate bada, dena konpontzen dutelako “hau beti horrela izan da” batekin. Baina noiztik da gure “beti” hori?

Amonaren adina da gakoa. “Beti” dioten amona horietako batzuk, interrogatoriora behartzen dituzunean, aitortzen dute eurek ez zutela esaten duten hori egin. Beti egin dena da haurrak besoan eramatea eta haurrekin lo egitea. Haurrak besoan eramaten zituzten, ez zutelako beste modurik. XIX. mende erdialdera arte ez zen kotxetxorik asmatu. Eta haurrekin lo egiten zuten, zazpi haur zeuden etxean bi gela zeudelako. XX. mendearen erdialdera, pedagogo, psikologo eta mediku batzuen ekimenez, esaten hasi ziren haurrak ez besoan hartzeko bestela gaizki heziko zirela, loarekin berdin, eta abar eta abar. Eta noski, gurasoek ez zuten kasurik egiten. 1930-1940 hamarkadetako liburuak amengatik madarikatzen jarduten dira: “Ama ezjakinak”, “arduragabeak”, “profesionalaren hitza betetzen ez dutenak”… Amona batzuek bete zuten medikuen esana eta gaurko amei gauza bera egiteko esaten diete. Baina beste amona batzuek, zaharragoek, medikuen esana bete ez zutenek, hainbeste errieta jaso zuten, hainbestetan entzun zuten gaizki egiten ari zirela eta ama txarrak zirela, ez dutela nahi euren alabek akats bera egin dezaten. Nik ikusi ditut amona hauetako asko zer kargatik libratzen diren esaten dietenean eurak direla asmatu zutenak, eta medikua zela oker zegoena. Aurpegia aldatzen zaie, eta txorakeria horiek esateari uzten diote.

Lana eta etxeko bizitza nola bateratu daitezke?

Uste dut onartzen hasi beharko genukeela bizitza bakarra dugula. Ezin da aldi berean ingeniari kimiko eta arkitekto izan. Edo bata edo bestea zara. Zergatik sinetsarazten digute lana eta etxeko bizitza dena aldi berean egin daitekeela? Historian oreka izan da dena aldiberean egitea, baina ez dena maila berean. Garai batean, emakumea lanera zihoan, haurra bizkarrean zintzilika zeramala. Baina noski, inork ez zuen espero umerik gabekoak adina lan egingo zuenik. Enpresariak bazekien emakume horrek etenaldi gehiago egingo zituela, gutxiago errendituko zuela…

Baina enpresariari, zuk zure lanorduak sartzen badituzu, eta berdin errenditzen baduzu, bost axola zaio zure haurra ondo edo gaixo dagoen. Horregatik, amen eskubideak ez dira enpresarioengandik etorri, Gobernuak behartu behar ditu enpresariak, Gobernuari dagokiolako herria babestea.

Zoritxarrez, Espainiako Gobernua amen eskubideak handitu beharrean murrizten ari da aspaldiko denboretan. Lanaren Nazioarteko Erakundearen 1951ko konbenioa Espainiako Gobernuak sinatu zuen eta honek esaten zuen amak 12 asteko baimena zuela haurra jaio ostean. Espainian garai hartan ere 16 aste zituzten amek, beraz, primeran betetzen zen konbenioak zioena. Baina 2001ekoa Espainiako Gobernuak oraindik ez du sinatu, zerbaitengatik izango da. Konbenio horretan esaten da 14 asteko baimena izan behar dela, eta itxuraz oraindik betetzen da hori, baina eranskin batean esaten da, posible den herrietan 18 aste izan behar liratekeela. Munduko 10. potentzia industrialak ezin badu hori bete, nork bete behar du?

Gure gizarteak ez dio lehentasunik ematen seme-alaben heziketari. Gizarteari ez zaio garrantzitsua iruditzen, etorkizuna horren baitan dagoenean! Garbi dugu etorkizuna azpiegituren baitan dagoela eta AHT eraikitzen da, eta urtegiak, eta abar… Eta biharko hiritarrak haztea ez da garrantzitsua? Baina horri ez zaio lehentasun ekonomiko eta sozialik ematen.

Dani Blanco.

Zein da orduan irtenbidea?

Europako beste herrialdeek dutena: urtebete inguruko baja, eta herrialde askotan horrez gain beste pare bat urte izaten dute aukeran, soldataren parte bat kobratuz.

Baina emakumeak ez al du bere lan mundua galtzen hainbeste urtean haurrak zaintzeko etxean geratuta?

Ezetz erantzuten badizut, denok geratzen gara lasai. Baina erantzuten badizut baietz, haurrak zaintzen dituen emakumeak bere laneko bizitza galtzen duela, orduan, haurrak utzita lanera doan emakumeak zer galtzen du? Kontsekuenteak izan behar dugu. Ezin dugu esan laneko bizitzan ezinbestekoa dela presente egotea, bestela galdu egiten duzula antzinatasuna, galdu egiten dituzula gora egiteko aukerak, galdu egiten duzula dena, eta aldiz haurrarekin egon edo ez berdin duela. Bada alor bat galdu egiten bada, beste alorra ere galdu egiten da. Bakoitzak erabaki behar du zeri eman lehentasuna.

Nik uste dut beste arazo bat dela, liburuak idazten dituen jendeak oso lan onak dituela. Teoriak dio lana dela jendea pertsona bezala garatzen duena. Baina nork idazten ditu teoria horiek? Kazetariek, abokatuek, unibertsitateko irakasleek… Lan interesgarriak dituztenek. Jendearen gehiengoak ez du horrelako jardunetan lan egiten. Bene-benetan hain garrantzitsua da zortzi orduz atuna latan sartzera joatea? Edo eskilarak garbitzera?

Ona litzateke moduak bilatzea, haurrak zaintzea ez dadin arazo hain handia izan ondoren emakumeak bere karrera egiten jarraitu dezan. Baina horrek ez du esan nahi umeak zaindu behar ez ditugunik.

Aitaren funtzioa zein da? Aita modernoek erdibana hartu nahi dute zaintzaren ardura, aldiz, liburu aurrerakoienek berriro ere amarengan jartzen dute protagonismoa…

Gizonek nahiko zail izan dugu azkenaldian gure funtzioa bilatzen. Gauza asko leporatu zaizkigu: matxistak ginen, ez genuen haurren zaintzan parte hartzen… Batzutan nahi dugu izan dezala hezia izan den horretaz kanpoko funtzio bat, beste aita batzuek beste funtzio bat bilatu dute euren kasa, beste batzuk galdu xamar dabiltza, beste etxe batzuetan bai ama eta bai aita dabiltza lekuz kanpo funtzioen kontuarekin, ama batzuek tematuta daude aitak denbora asko pasa dezan haurrarekin eta funtsean inbidia diote aitari eurek hainbeste denbora ez dutelako pasatzen haurrarekin… Askotan ez duzu bereizten zuk nahi duzunaren eta gizarteak zuk desio izatea nahi duenaren artean… Ez nuke nahi berez egun badauden arauez gain oraindik beste arau gehiagoz hitz egitea.

Garrantzitsuena da gurasoek eskubidea izan dezatela euren umeak nahi bezala hazteko.

Amak du zaintzaren ardura handiena lehen hiru urteetan, biologikoki horrela delako. Ama da erditu dena, bularra ematen diona, eta haurrek (hori gertakizun psikologiko bat da norberari gustatu edo ez), lotura afektibo berezi bat dutelako pertsona bakar batekin. Pertsona hori izan daiteke ama edo izan daiteke aita, baina bakarra izan daiteke. Gurasoek, zuhurrak direnek, sekula ez dute galdetzen “nor maite duzu gehiago, aitatxo edo amatxo?”. Baina haurrek bere gurasoen beharra dute urte luzez. Amak utzi dezake lehen hiru urteetan lana haurra zaintzeko, eta gero aitak beste hiru urtez utzi, ondorengo urteetan zaintzeko. Eta horrela bi gurasoek izango lituzteke hiru urte “galdu” euren karreran, eta haurrek arreta handiko sei urte irabaziko lituzkete, horrela oso pozik egonik.

Mi niño no me come liburuan azaltzen duzu zenbat arazo pertsonal nahasten diren jateko orduan, eta zer kalte eragiten duten. Bestalde, gurean sukaldaritza eta mahai-girorako dagoen kulturarekin, ez al da elikadura hutsera murrizten haurren otordua? Beti pure bera, bakarka ematen zaio jaten, erritmo bizian kutxarakada bat bestearen atzetik... Ezin daiteke beste era batera egin?

Noski baietz, ulertzekoa ez dena da zergatik egiten den horrela! Sei hilabetetik aurrera bularraz gain beste jaki batzuk ematen hastearen helburu nagusia zera da: helduen elikadurara ohitzen joan daitezela. Zeren urtebete arteko haurrak, berez, ez du bularra besterik behar bizitzeko. Helburua etxeko janari normala jatera iristea denez, logikoena etxeko janari normala ematea da. Etxe bakoitzean jaki mota batzuk jaten dira, beraz, logikoa ez dena da Espainiako estatuko haur denek gauza bera jatea!

Nik gurasoei gauza bakarra esaten diet: pentsatu ezazue zer nahi duzuen zuen haurrak jan dezan hiru edo bost urte dituenean. Bost urte dituenean zure haurrak “zazpi zereal eztiarekin” jatea nahi duzu? Sagar erdi, platano erdi, udare erdi eta gailetekin egindako purea jatea nahi duzu? Bada emaiozu. Baina bost urterekin arroza jatea nahi baduzu, edo dilistak, edo makarroiak... Bada emaiozu hori. Zertarako ohituko duzu jaki mota batzuetara, gainera gustu horietara ohitzeko ahalegin berezia egin behar duzunean, behin gustatzea lortu duzunean beste ahalegin bat egin beharko baduzu jaki mota horiek kendu eta etxeko jakietara ohitzeko? Hasieratik etxekoa eman eta kito!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


Eskolako guraso elkarteetan gizonezkoak hamarretik bi baino ez direla utzi dute agerian Katalunian

Gurean ere agerikoa den errealitatea islatzen dute Kataluniako datuek: guraso elkarteetan, eskolako bilera eta zereginetan, gurasoei zuzendutako tailerretan… emakumeak dira gehiengoa. “Haurrak heztearen funtzioa amek hartzen dute eta sentsazioa dute gainezka... [+]


Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


Eguneraketa berriak daude