EHZ

Dezibel adina diru

  • Musika krisian? Nahi luke, inguruan antolatzen ari den jaialdi pila ikusita. Inoiz baino festibal gehiago izango da Euskal Herrian ekainetik aurrera. Badirudi azken urteetan zerbitzua nagusitu zaiola produktuari; kontzertuek mugitzen dituzte sosak, diskoen salmentak gainbehera doaz. Musikaren errotarria ez da gelditu horregatik, natza aldatu baino ez du egin. Noiz arte jarraituko du dantzak? Zein arrisku ditu dinamika honek?
Judas Priest taldea
Judas Priest taldeaE53/ CC-BYSA
Erregearen bila abiatu eta etxe ondoan aurkitu. Last Tour International enpresa bizkaitarrak lotu ditu datozen hilabeteetako jaialdi garrantzitsuenen hari muturrak. Ekainaren 20an Kobetasonik metal jaialdi berriarekin ekingo diote udari. Judas Priest, Kiss, Slayer, Helloween eta Europe taldeek, besteak beste, tximarik luzeenak astinaraziko dituzte Bilboko Kobetamendi parkean. Baina hori bukatuta ez dute Last Tourrekoek deskantsurako denbora askorik izango: jendea gainez gain etorriko da Bilbao BBK Live festibalera, The Police, Lenny Kravitz, R.E.M., The Prodigy edo Madness bezalako taldeek erakarrita. Eta Gasteizko Azkena Rock jaialdia ere gainean izango dute irailean. Giharrak berotuta iritsi dira, maiatzaren bukaeran Getafen (Espainia) Electric Festival jaialdia antolatzen ibilita. Hori, enpresak kudeatzen dituen beste taldeen birak ahaztu gabe: El Columpio Asesino, Fito & Fitipaldis, Andres Calamaro, Extremoduro, Tequila... Urte osoan gelditzeko astirik gabe dabiltza, artisten atzean dagoen eromenean ezerk huts egin ez dezan.

Ibai Villapún Last Tour Internationaleko prentsa burua da; bere agenda Fiat Panda autoa bezalakoa: dena ez da kabitzen. Aurten Euskal Herrian izango diren artistak lortzea “diru kontua” baino ez da izan bere esanetan. Musikariek Europan bira egitea erabakitzen duten momentuan enkantea hasten da. Eskaintza onena egiten duen promotoreak jartzen du bere kartelean letra larriz hain ezaguna den taldearen izena.

Erraza dirudi. Konpetentzia basatia da ordea, batez ere kontuan izanda tankera honetako jaialdiak musikatik harago dagoen fenomenoaren isla direla. Udalei eta erakunde publikoei biziki interesgarria zaie kulturaren bidetik etortzen den turismoa eta azken urteetan ez dira otean egon inbertsioekin. Jaialdien hazkundea kultur azpiegitura handien ugaritzearen atzetik etorri da eta fenomeno berri samarra da gurean. Orain dela pare bat urtetik hona diru-laguntzak handiagoak dira “eta horrek eragin du lehen jaialdiak egiten ez zituzten asko orain mundu honetan sartzea” Villapúnen arabera. Bilboko Udalak esaterako, 1,5 milioi euroko laguntza eman zuen joan den urtean Bilbao BBK Live jaialdiko taldeak ekartzeko. Gehitu horri esponsorrek publizitatearen truke ematen dutena.

Noiz lehertuko da puxika?

Merkatua badago momentuz, baina argi ibili. AEBetan Coachella jaialdi erraldoiak doministiku egin du, ez ditu sarrera guztiak saldu. Eskaintza gehiegi ugaritzen denean ikusiko da zein jaialdi den hegazkina eta zein globo aerostatikoa. Villapúnen iritziz entzuleek esan beharko dute jaialdi gehiegi antolatzen direnentz. “Hemendik pare bat urtera galbahe antzeko bat egongo dela uste dut eta indartsuenak geratuko dira”. Zalantzarik ez, puxika lehertzeko arriskua badago bere ustez, baina beste edozein sektoreren antzekoa da peril hori jaialdiekin. Esan bestela etxebizitzetan inbertitu zuten enpresei, seguruagoa al zen?

Gainera badaude entzule kopurua ziurtatzeko trikimailu batzuk. Bat esklusibitate klausula ordaintzea da. Promotoreek diru gehiago eskainiz lortzen dute talde batek euren herrialdean kontzertu bakarra eskaintzea. Electric jaialdian Last Tour Internationalek horixe egin zuen, Espainiako Estatuan Rage Against The Machine eta Metallicak jotako kontzertuak bakarrak izan zitezen. Zenbat diruz ari garen? Top secret, datu hori ez dute ematen. Edonola ere, maiatzean Espainiako El País egunkarian argitaratutako erreportaje batean zenbaki batzuk argitaratu ziren: The Police-en Bilboko kontzertua, 1,9 milioi euro, udako garestiena da.

EHZ, beteranoena

Diru kopuru txikiagoak izango ditu esku artean Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, baina paparrean domina jar dezake: udako jaialdi beteranoena da. 2008koarekin nerabezaroan sartuko da bete-betean, 13. edizioa izango du. Ez da bide erraza izan eta bazirudien aurten malkarra ezingo zuela igo. Jaialdia “bihurgune”-ra heldu zela adierazi zuten joan den urteko abenduan, festibalak galerak izan zituela. Artistek hitzartutakoa baino gutxiago kobratzea onartu zutelako lortu zuten kontuak berdintzea. Joan den urteko abenduan jaialdia antolatzeaz arduratzen den biltzar nagusia Hazparnen bildu zen etorkizuneko bideari laharra kentzeko. Arrosan zortzi urtez antolatu ostean aurtengoa bosgarrena izango du EHZk Idauze-Mendin. Bosgarrena eta azkena, datorren urtean non ospatuko den zehaztu ez duten arren.

“Agur Zuberoa” esateko tenorea iritsi da eta horretarako musika taldeak ekartzeaz gain bestelako animazioak ere antolatu dituzte. Kartel buruan nazioarteko eszena alternatiboko hiru izen ezagun: Keny Arkana hip-hop abeslari altermundialista, Toots & The Maytals ska-reggae talde jamaikarra –besteak beste talde honen Chatty Chattyren bertsioa da Kortaturen Sarri Sarri kanta ezaguna– eta Clawfinger rap-metal estiloaren aitzindaria. 1990eko hamarkadan Do what I say abestiarekin arrakasta handia lortu zuen talde suediar horrek.

Jaialdi handia izanik ere, bestelako eredua da EHZrena. Buxet handirik gabe, inguruko herritarrekin elkarlanean ariko da, baita Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin ere, jaialdiko elikagaiez hornitzeko. Birziklapena sustatuko dute eta droga kontsumoaren inguruko prebentzioa landuko da jaialdian. Esne Beltza taldeko Xabi Solanok laburbildu zuen hobekien jaialdiaren izaera aurkezpena egin zenean: “Hango giroa oso herrikoia da; beste festibal askotan ez da hori gertatzen”.
Eta jazza, noski
Uztaila eta jazza eskutik joaten dira urtero. Aurten jaialdi berrien distirak ez itsutzeko ahalegin berezia egin dute Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazz jaialdiek, Baionako La Ruée au Jazz, Zarauzko Jazz Mintegia eta Arabako hiriburuan hirugarrenez antolatu duten Jazzaharrean ahaztu gabe.

Azken horrek botako du itxaferoa uztailaren lehenarekin. Euskal Herriko artista ugari bilduko dira Gasteizko Alde Zaharrean, baina ez dira faltako Herrialde Katalanak, Espainia eta Alemaniako musikariak ere. Uztailaren 13ra bitartean hamalau talde ariko dira.

Getxok zaletuaren apetitua esnatzeko menu berezia prestatu du aurten. Uztailaren 8tik 12ra bitartean izango da aurtengo Getxoko Jazzaldia, Bilbao BBK Live bukatu eta bi egunera beraz. Jaki guriena John McLaughlin gitarra jolea da –Chick Coreak zera esan zuen berataz: ”Lehenago inork ez zuen horrela jotako gitarra elektriko bat entzun”–; ezin ahaztu ordea Arturo Sandoval kubatarra, ezta Archie Shepp eta Avishai Cohen estatubatuarrak ere.

Hiru eguneko programa prestatu dute Baionako La Ruée au Jazz jaialdiaren aurtengo ediziorako. Uztailaren 11n Mina Agossi kantaria ariko da, Ahmad Jamal –Miles Davis-en piano jole gogokoenetako bat– 12an eta Erik Truffaz tronpeta jole suitzarra 13an.
Baionatik berriro Gasteizera, uztailaren 13tik 19ra bitartean mito bat, Herbie Hancock eta beste hainbat izen garrantzitsu: Chucho Valdés Quintet eta Bebo Valdés, Cassandra Wilson, Sonny Rollins... Gainera Mendizorrotza kiroldegian elektronika entzuteko aukera izango da jaialdiaren 32. edizioan.

Eta postrerako bi zita klasiko: Donostiako Jazzaldia hilaren 22tik 27ra ospatuko dute. Lou Reed eta Liza Minelli ekarri dituzte aurten kartel buruan. “Betiko” jazzetik edan nahi duenak esku-eskura izango ditu Keith Jarrett, Kenny Barron, Maceo Parker edo Johnny Winter, besteak beste. Zarauzko Mintegian aldiz, Iñaki Salvadorren gidaritzapean, luxuzko hamar irakasle izango dira aurten ere uztailaren 17tik 20ra.

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude