Modernitateari keinuka

  • Kasik mendebete gure letra moldeek hilarrietako inskripzioetatik salto egin eta alfabeto bihurtzen hasi zirenetik. Bide luzea egin dute geroztik. Maitatu eta idealizatu egin ditugu, gaitzetsi eta atzerakoitzat jo, berriz deskubritu eta osatu. Gure nortasunaren erakusletzat hartzen ditugu oraindik orain.
Euskal tipografia
Euskal tipografia
Gorputz sendo eta bukaera irregularrekoa, makila huts diren letra-mota aseptiko eta funtzionalekin ikustekorik ez du batere euskal tipografiak. Nabarmena eta harroa da, oso agerikoa, oharkabean pasatzen ez dena. Forma klasikoenetan azaltzen delarik, ikusi orduko ezagutzen eta identifikatzen dugu, ezaugarriak zehatz-mehatz definitzen asmatuko ez badugu ere. Astuna, betegarria egiten da maiz, bereziki hitz urriko izenburuez gaindi baliatzen denean. Bihurra eta ulergaitza, zenbaitetan.

Euskarriaren arabera kutsatzen dituen ezaugarriak bere nortasun handi horren adierazle dira: artisau eta tradizional ageri zaigu egurrean edota elikagaien etiketetan; dotoreago, harrian, etxeen atarietan; modernitatetik urrun xamar, zahar kutsuan eta kasik atzerakoi, prentsan, liburuetan.

Hunkigarria zaigu, era berean. Hemengo izaiteari eta geografiari guztiz atxikia, ez dugu, demagun, janari izoztuen enpresa multinazional baten izen finlandiarra itxuratzeko imajinatzen. Ez genuke, halaber, holding atzerritar baten aurkezpen orrietan edo logotipoan erraz ametituko, haren fundatzaileei euskal jatorririk ebatzi gabe.

Horrelakoxea da, beraz, geure tipografia hori: askotxok esanda, erabilera estu xamarrekoa. Gure bazterrotan nonahi aurkitzen da, haatik. Esaterako, bide-seinaleetan, herrietan ongi etorria ematen diguten paneletan, karrika izenak azaltzen dituzten plaketan, negozio eta dendetako toldoetan, kamioien aurrealdean, gune turistikoetako oroigarrietan, oinetakoen azpiak garbitzeko ipintzen diren lanpasetan, etxe izendunen atarietan, afitxetan, apaingarrietan... Eta, jakina, artisautza lanetan, tradizioari lotutako elementuetan edo itxura hori eman nahi duten produktuetan, bertako elikagaietan. Baita nazionalismoari edo euskaltzaletasunari loturiko hainbat alderdi, elkarte eta erakundetan nahiz administrazioan. Adibidez, Seaskaren, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren logotipoetan.

Historia apur bat

Iturburura jotzen hasita, Roman estiloa edo erromanikoa dugu gure idazketa-molde honen abiapuntua. Erdi Aroa, beraz.
Erromatarren inbasioak harrian landu beharreko ikur eta forma berriak ekarri zituen. Ez, ordea, karaktere horien lortzeko lanabes aproposak. Bertako artisauek, metalgintza teknikak ikasi gabeak artean, hizki latinoak zizelatzeko modu berezia asmatu behar izan zuten, haien gubien ahalmenari egokiago zitzaien sistema: erromatarren antzean sakon tailatu beharrean, harria karraskatu egiten zuten letraren inguruan. Hau da, baxuerliebean aritu beharrean, kanpora nabarmentzen zuten irudia.

Bestalde, oso familia gutxiren esku zegoen jardunaz ari gara hizketan; transmisio bisual eta etxekoi baten fruitu den lanbideaz; oinordetzan hartzen den tradizioaz. Ez da, beraz, harritzekoa, herri jakin bateko antzinako fatxada guztiek ezaugarri berberak erakustea edota, kasuren batean gertatu den gisan, herri bereko inskripzio guztiek akats ortografiko berbera erakustea.

Haranetan garatu, mantendu eta bereizitako molde horiek Louis Colas abadeak egindako lan itzelari esker heldu dira, neurri handi batean behintzat, gaurko egunera. Colasek, 1888tik hasita, erromesaren makila hartu eta bazterrik bazter arakatu zuen Euskal Herriko geografia osoa. Urteak eman zituen elizetan, baserrietan, hilerrietan aurkituko zituen inskripzioak biltzen eta sailkatzen, gaur galduta edo desagertuta dauden adibide asko katalogatuta utziz.

Lan osatu bat baino gehiago, euskal tipografiaren entziklopedia dugu euskal estetikaren defendatzaile sutsu honek batu eta bere diruz argitara eman zuena. Patrikak hustuta eta publikoak erakutsitako arreta eskasagatik etsita, mundutik erabat aparte eman omen zituen bere azken egunak.

Oraindik orain, iturri zaharretatik edan nahi duen tipografoak, bertsio modernoagoa sortu nahi duen diseinatzaileak edota gaiaren muinera heldu nahi duen adituak Grafía, ornamentación y simbología vascas a través de mil antiguas estelas discoideas Colasek utzitako lan bakan horretara jotzen du ezinbestean.

Euskal tipografiak argia ikusi zuenekoa

Euskal Pizkundea deituriko garaiak haizatu zuen euskal tipografia eta Txiki Zabalo grafista handiaren belaunaldiak finkatu, haren erabilera. Joan den mendeko hastapenean, bereziki 20 eta 30eko hamarraldietan nagusitutako giro hartan guztiak behar zuen bere kolore eta bandera, guztiak marka eta bereizgarria.

Euskara bera ere garbitasun bikoitz baten ikur bihurtu zuen purismo sabindarrak. Hizkuntzak mantxarik gabea behar zuen izan nola Jainkoarekiko, hala Aberriarekiko. Eta hari lotutako guztia behar zen erderatik desberdindu, alfabetotik eta letra moldeetatik hasita.

Karteletan, liburu azaletan –Txomin Agirreren Garoa kasu– euskal tipografiaz eginiko adibideez gainera, Grafía y ornamentación popular vasca anaia Pablorekin batera ondutako lan bikaina utzi zigun Txiki Zabalok, Martin Txilibitu edota Xabiertxo bezalako lanen ilustratzaile ezagunak.

“Kezka bera zuten Zabalo anaia biek –azaltzen du Joxean Muñoz Otaeguik, Txikiren gaineko webgunean–, gauza berari begiratzen zioten, hizkietan Txikik eta apaingarrietan Pablok: erabilgarria izango zitzaien tradizio posible bati”. “1947an argitaratutako liburu honek –jarraitzen du– badu testamentu baten kutsua. Erbestean egina da lana: Ingalaterran zen Txiki; Venezuelan, Pablo. Itsasontziz bidaltzen zizkioten lanak elkarri. Ingalaterran marraztu, Venezuelan idatzi eta osatu, Argentinan argitaratu, Euskal Herrira ezkutuan ekarri, liburu bakoitza abentura heroiko bat zen garaiaren ikur da euskal ikurren bilduma eder hori. Zabalo anaien kemenari esker, dokumentu sistematizatu bat jaso genuen, muestrario oso bat, 70etan garatuko zen ‘berezitasunaren estetikaren’ susperraldian lanabes garrantzitsua eskainiko zuena. Horrela egin zuen Erdi Aroko tipografien aldaera lokalak idazkera nazional bihurtzearen prozesua”.

Garai digitalerako pausoa

70 eta 80ko hamarraldietako masifikazioak kasik topera eraman ostean, karga ideologikoetatik libre antzean eta euskal hizkuntzarekiko loturak aski etenda heldu da XXI. mendera. Bereziki inportantea, zentzu horretan, Thierry Arsaut-ek euskal tipografia eredu digitalera eta guztion ordenagailuetara ekartzeko egindako ahalegina.

Tipografista honek, Ramuntxo Partarrieu margolaria lagun zuela, hainbat urtez ikertu eta diseinatutako familia zabal bat ipini zuen salgai 2001 urtean. Hamalau letra-motaz osaturiko bilduma, hain justu, Euskara izenburupean aurkeztua.

Hego Euskal Herrian nagusitu ziren letra lodikoteetatik hasi eta Lapurdiri propioago izan zaion molde fin eta estilizaturaino, oraino ezagutu den bilan txalogarriena dugu Arsautena, nahiz eta artean diskete formatoa gainditu gabea duen.

Iturri esanguratsuak nahiz hilarri edota kutxak behin eta berriz estudiatzeaz gainera, esker txarreko lan handiak hartu behar izan zituen bilduma hau software batean plazaratzeko. “Hizki-mota hauen ezaugarri identifikagarrienak eta halaber antzinakoenak teknologia informatikoan ematea izan da lanik gaitzena –aipatzen zuen lana aurkeztu zuelarik–. Letraren simetria perfektua, eskuz eginda kasik ezinezkoa den hori, tekla bat sakatu hutsez lortzen da ordenagailuetan, baina horrek ikutu hotza ematen dio karaktereari. Hoztasun hori bera gainditzea edota berez duen lodiera aldakorra taxutzea izan dira nire buruhausterik handienak. Puntako teknologia erabiliz garai bateko grabatuak itxuratzea izan da beti helburua”.

Mendetako historia luzea baina bereziki azken berrogeita hamar urteotako molde erabilienen bertsio osatuak aurkitzen dira Euskara bildumaren baitan, azalpen historikoz eta erabiltzeko gomendioz hornituta. Esate baterako, Classic deiturikoa, geografia osoan zabalduen aurkitzen den tipografiaren moldea. Esate baterako, Moderna deiturikoa, letra larri eta txiki guztiak biltzen dituen aldaera bakarra, azentu guztiak izaki, beste hizkuntzetan erabiltzeko moduan diseinatutakoa. Edota Ferrus delakoa, 1930 urtean sortua, Frankoren diktaduraren debekua jaso ostean, zenbait euskaldun eta errepublikarrek Ipar Euskal Herrian ezkutatu zutena, inprentan erabiltzeko diseinatutako letra bakarra.

Euskal tipografi familia honen datu anekdotikoena 2001eko martxoan Bilbon antolatutako nazioarteko enkanteak eskaintzen digu. Hinrich Sachs alemaniar jatorriko artistaren ekimenez eta Consonni etxearen bitartez, hamalau letra-mota hauen softwarea eta ustiapen informatikoaren eskubideak ipini ziren salgai, 70.000 euroko gutxieneko preziotik abiatuta. Euforiak bost minutu eskasetan apaldu ziren, eroslerik ezean bertan behera gelditu baitzen enkantea.

Sortzaile eta diseinatzaileen ekarpena

Klasikoez gainera, forma horietan inspiratutako tipografia berri bat baino gehiago plazaratu da azken hamarraldi honetan. Estiloa modernizatzeko premia argudiatuz, molde klasikoek dituzten hutsuneak osatzeko nahiz “benetako” tipografia normalizatu bat sortzeko beharrak aipatuz, zorroztasun eta biribiltasunak zuzentzera edota lodiera diferentziak berdintzera jo dute diseinatzaile gehienek. Ezaugarri identifikagarrienak neurri batean kamustera, azken finean.

“Birsortze” horren adibide ditugu, esaterako, Bilbao, Kai, Basque New eta New Euskadi deituriko alfabetoak.

Lehena, besteak beste Bilboko Udalaren ekimenez ondua, Alberto Corazonek diseinatu zuen 2000 urtean. Bertako komertzioari identitate propio baten ezaugarriak erakusten lagun dezakeelakoan, edonork eskuratzeko moduan eta doan ipinita dago Interneten. Oro har, Albertus deituriko letra-motaren kopia izatea leporatzen zaio.

Bigarrena, Kai deiturikoa, Santos Bregaña eta Mikel Enparantza donostiar diseinatzaileek sortu zuten 1997an. Letra mota honek aparteko protagonismoa izan zuen goraxeago aipaturiko enkantean, sortzaileen harridurarako, Euskara familia osatzen duen hamabosgarren tipografia gisan aurkeztu baitzuten hasiera batean. Ez zen, hala ere, enkantera heldu, eta erabiltze eskubideak ordaindu egin behar dira.

Basque New delakoa Eusko Jaurlaritzaren logotiporako sortu zuen Enrique Lucas-ek Visual agentziaren izenean. Eta New Euskadi, berriz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako turismoa sustatzeko 2006ko kanpaina baten eskutik heldu zen kaleetara. Ernesto Arnáez diseinatzaileak landutakoa da.

Bide seinaleen arautzeak, hainbat tokitan ikusten den gehiegikeriak, modak eta diseinatzaileen berrikuntza egarriak, bada, atzera bidean ipini du euskal tipografia Hego Euskal Herrian. Ez, ordea, Ipar Euskal Herrian, non etxegintzarako euskal estetika ereduarekin batera, ugaltze kasik naturala izan duen eta, aldaketa nabarmenik gabe baina ukitu txikiak onartuz, bide elegante bezain logikoa egin duen. Non, salbuespenak salbuespen, lehen kolpean identifikagarriak egiten zaizkigun ezaugarriak galdu gabe, itxura eguneratua erakusten duen.

Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


Eguneraketa berriak daude