ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 05a

XXI.eko gosearen mekanismoak eta onuradunak

  • Burbuilaka funtzionatzen du kapitalismoak. Puntu-com burbuila zapartatu zenean, etxegintzarena puztu zen. Hura hertu delarik, lehengaiena hazten ari. Elikagaien hilabeteotako krisia honekin dago lotuta, baina baita urteotan nekazaritzan multinazionalek hartu duten nagusitasunarekin ere.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2008ko maiatzaren 18a
Marta S.Gufstasson argazkilariaren hormairudia. Elikadura burujabetzaren aldarria
Elikagaiak planeta osoan garestitu dira denbora laburrean, denetan eta izugarri. Janari eske matxinadak lehertu dira Haitin bezala Yemenen, prezioen gorakadagatik karrikak sutu dira Mexikon eta Egipton. Bat-batean, komunikabide nagusietan hasi dira aipatzen duela gutxi arte ekologisten edo altermundialisten gaia zena: mende berriko arazo nagusienetakoa izango dela herritarrek elikadura segurtatzea.
 
Oinarrizko elikagaiak karioago egotearen errudun jo dituzte klimaren aldaketa, petrolioaren prezio altuak, dolarraren ahuldadea, bioerregaien ugaltzea, eta baita India eta Txinan herritarrek gero eta okela gehiago kontsumitzea ere. Egiazko aldaketak denak. Baina zenbait idazlek azpimarratu dute honako hau: azken hamarkadotan ekonomiaren gainerako alorretan bezala nekazaritzan ere nagusitu den araugabetze edo desregulazioa. Idazleotakoa da Gretchen Gordon, Food First (Garrantzitsuena Janaria) elikaduraren eta garapenaren aldeko mugimenduko kidea, World War 4 Report gunean “Elikadura krisiaren atzean dagoena” artikulua idatzi duena.
 
“Esandako faktore horiek guztiak –idatzi du Gordonek– beren garrantzia izan dute gaurko krisian, baina horiek aipatuz batzuek ihes egiten utzi nahi diote ipuin honetako benetako errudunari. Araugabetzeari alegia”. Gordonek munduko gosetearen okerragotzea alderatu du AEBetan hipoteka ustelekin sortu den krisiarekin. Biak direlakoan ekonomiaren atal nagusietan arauak ezabatu eta merkatuko indarrei, korporazio handiei, eskuak libre utzi izanaren ondorio.
 
Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak garapenerako kredituak ematekotan planeta osoko gobernuak behartu zituzten nekazaritza babesteko zeuzkaten politikak suntsitzera. Oinarrizko janarien prezio babestuak pikutara joan ziren 1980-90eko urteetatik aurrera. Edozein herrialdetan edozein nekazarik konpetitu behar zuen urrutitik multinazionalek ekarritako produktuekin. Europa eta Ipar Amerikako nekazaritza industrialak ekoitzitako produktu merkeek hondoratu zituzten geroztik milioika baserritar txiki mundu osoan.
 
Nekazaritzaren liberalizazio edo araugabetzearen beste ondorio larri bat izan da uzta erreserbak suntsitzea. Mende luzez uzta erreserbek erregulatu dute munduko elikadura, prezioen gorakadak bezala beherakadak leunduz. Nekazari txikiak arruinatuta hirietako txabolategietara bidalirik, munduko elikadura korporazio gutxi batzuen kontrolpean geratu zen, eta jendeak larrialdietarako erreserbarik gabe.
 
Duela bi urtetik honantz, elikagaien mundu mailako egoera berriak topo egin du hipoteken krisiarekin. Zeren eta mundu osoko finantzak krisian murgildu direnean, inbertsiogile askok lehengaietan aurkitu dute beren sosak kokatzeko gune aproposa. Guztia borobiltzeko, petrolioa urritzen hastean bioerregaiek are gehiago handitu dituzte prezioak. “Bioerregaiek –idatzi du Gretchen Gordonek– larriagotu egin dituzte espekulazioa eta prezio garestiak, baina boom hau ez zen gertatuko baldin eta merkatua araugabeturik egon ez balitz”.
 
Goseak dirua ematen du

Oraingo goseti-matxinadek eta mundu osoan milioika nekazarik beren produkzioak abandonatu izanak frogatzen dute, aditu askoren esanetan, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak azken hiru hamarkadotan bortxaz ezarritako formulak huts egin duela. Aldiz, formula horri esker aberastu diren korporazio erraldoiak sekula baino irabazi handiagoak ari dira lortzen.
 
The Independent egunkari ingelesean Geoffrey Lean erredaktoreak honako lerroburua ipini dio maiatzeko kronika bati: “Multinazionalek milaka milioitako etekinak lortu dituzte munduan janari krisia handitzen den une berean”. Hona kopuru batzuk: Monsantok aurtengo lehen hiruhilekoan iazko irabaziak bikoiztu egin ditu, Cargill-ek %86 handitu, Archer Daniels Midland-ek %42. Ongarrietan munduko handienetakoa den Mosaic-ek iazko irabaziak halako 12 lortu ditu. 
 
Aldi berean, Janari eta Nekazaritzaren Erakundeak (FAO ingelesezko sigletan) abisatu du 37 herrialde daudela elikagai behar gorrian, eta janik ezak liskarrak eragiten dituela mundu osoan.
 
Planetako nekazaritzaren eta janarien jabe egin diren multinazionalen zerrenda Alfredo Jalife-Rahme-k eman du Mexikoko La Jornada egunkari ezkertiarrean, “Seis transnacionales controlan granos y cereales” izeneko analisian. Izan ere, 1980ko hamarkadatik aurrera gobernuak janari erreserbak suntsitzen hasi zirenetik, esku batekin nekazaritza eta bestearekin farmazia kontrolatzen dituzten korporazioak egin dira nagusi. Hor daude Monsanto, Cargill, Dupont eta Novartis ezagunak. Geroago, hedge fund famatuak eta bestelako funtsak ere lehengaietan murgildu dira, eta hiru hamarkadaren ondoren planetako elikagaien kateak ez du ordura arte zenaren antzik.
 
Cargill, Continental CGC, Archer Daniels Midland (ADM), Louis Dreyfus, André eta Bunge and Born, sei multinazional horiek osatutako cartela omen da planetako elikagaien jabe, hasi laboreetatik (gari, arto, olo, sorgo, garagar, zekale...) eta esnekietaraino, barne hartuz okela, olio eta koipe, fruitu, azukre eta espeziak. Sei korporazio nagusioi beste 40 erraldoi gehitu behar zaizkio. Horietan buruzagi direnen zerrendetatik aterata, biren izenak eman ditu Jalife-Rahmek. Bata filantropo itxurak egiten dituen George Soros, gaur egun Argentinako Pamparen jabe dena, hango lurren erdiak sojatara bihurtuta. Bigarrena Al-Gore, Clintonekin AEBetako presidenteorde izan ondoren klima aldaketaren arriskuen profeta dabilena, eta idazle honen hitzetan Generation Investment Management korporazioaren sozio eta bioetanola egiten duen beste baten bazkide dena.
 
Gretchen Gordonek dioenez, konpainia erraldoi horiek komertzioan ari dira, edozein banku ariko litzatekeen modu bertsuan, baina haien erabakiek munduko barazki, labore eta haragien prezioetan dute eragin zuzena. Beren hautu bakoitzak dauka eragina elikadura sistema osoan.
 
Mila adituk esana dago, bestalde, hipoteken eta etxegintzaren burbuila lehertu denetik, munduko kapitalek lehengaietara jo dutela, burbuila berria sortuz. Kontua da hipoteken burbuilak eztanda egindakoan jendeak etxea galduko duela, eta aldiz elikadurarena lehertuko denean jendeak gosea pasako duela.
 
Gordonen ustez elikaduraren garestitzea hasi baino ez da egin. “Burbuilok ia beti lehertu egiten dira. Kontua da elikaduran orain ikusten ari garena burbuilaren beroaldia dela. Gauzak okertzen hasiko direnean, lehengaien prezioak bikoizteraino garestituko dira, hilabete gutxi barru”. Eta ondoren, zenbat urte beharko dira munduko nekazaritza birrantolatzeko?
Informazio gehiago
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Transgenikoak

Transgenikoak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude