ARGIA.eus

2020ko irailaren 30a

Argentina: bioerregaien laborategia irakiten

  • Argentinan Cristina Fernandez presidenteak eta nekazaritzako greba antolatu zuten erakundeak treguan daude eta negoziatzen ari dira asteotan. Gatazka Argentinako arazoa da, baina baita ere bioerregaiei lotutako nekazaritza industrialak XXI. mendean sortuko dituen beste askoren aurrerakin.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2008ko apirilaren 27a
Argentinako soja-soro bat
Argentinako soja-soro batShigow
Argentina blokaturik egon da hamasei egunez, martxoan. Cristina Fernandezen gobernu berriak nekazaritzan zerga berriak ezarr dizkielako haserre, laborariek bideak itxi dituzte bostehun puntu baino gehiagotan. Janariak ahitu dira hirietan. Beharrik oinarrizkoenak asetzeko estuasunak izan dira. Grebaren aldeko eta kontrako manifestazioak antolatu dituzte. Bi asteko blokeoaren ondotik, hilabeteko barealdia hitzartu dute Fernandezek eta nekazarien liderrek, eta egunotan negoziaketan aritu behar dute.

Delako Paro agropecuario honek Argentinako mila kontraesan azaleratu ditu, eta Europatik ez da erraz ulertzen zehazki zer den jazotzen ari dena. Badago Buenos Aires hiriburu europartuaren eta gainerako argentinarren arteko arteko etena. Hiriaren eta baserriaren arteko tirabira zaharra ere azaldu da. Protestan gehien bultzatu dutenak indar eskuindarrak izan dira, lurjabe handiak, eta horiei aurre egitera beren buruak ezkerrekotzat dituztenak atera dira.

Konplexua dena are gehiago nahasteko, laborantza industrialeko enpresari aberatsen alboan borrokatu dira baserritar txiki ugari ere. Aldiz, hauek salatzen zuten greba lehertzera bidalitako asko aparato justizialistan enplegatutako jendeak zirela. Analista batzuek azpimarratu dute Cristina Fernandez de Kirchnerren trebeziarik eza, berez gizartean berdintasuna handitzeko pentsatuta zeuden neurriak inori galdetu gabe eta harrokeriaz martxan jarri nahi izateagatik.

Horiek eta askoz osagai gehiago dauzka asteotan Argentinan egosten den eltzekariak, bertatik kontatzen zailak eta urrundik ulertzen zailagoak. Baina gainera, Argentinakoa ageri zaigu XXI. mende hasiera honetako gai nagusien laborategi moduan. Nekazaritza industrialak fite korritu du bide luzea herrialde honetan, eta emaitzak bere osotasunean hasi da erakusten, batzuen urrezko irabaziak bezala askoren miseriarik beltzenak.

Nekazaritzak Argentinan egin duen aldaketa Juan Jose Funes-ek esplikatu du Socialismo o Barbarie aldizkarian, “Cambios productivos y concentración agraria. Las consecuencias de la sojización”. Alegia, azken hamabost urteotan eraiki den “oro-soja” laborantza sistema ezagutu beharra dagoela ezer ulertzekotan.

Argentina beti izan da nekazaritzan munduko potentzia nagusietakoa. Laboreetan, aziendatan, esnetan. 1950-60ko hamarkadetan ahulaldian ibili bazen ere, 1970etik aurrera mekanizazioari esker loratu zen berriro. Aldiz, 1980. urterako oso nabarmena zen lurraren agortzea leku askotan, eta hari uzta kentzeak urtetik urtera ongarri kimiko gehiago eskatzen zuen.

1990etik aurrera, aho biko iraultza gertatuko da hemengo soroetan. Alde batetik, “zuzenean ereitea”, lurra goldatu gabe, horrela zorua gutxiago higatu dadin. Bestetik, bioteknologiak sortutako hazi transgenikoak.

Harrigarria da genetikoki eraldatutako laboreek hamar urtean nola estali duten herrialde hau. 1996an erein ziren lehenengoak, sojak hain zuzen, eta hamar urteren buruan labore guztien %70 dira transgenikoak. Ez dira Funes eta aldizkari ezkertiar bat hori dioten bakarrak, Instituto Nacional de Tecnología Agropecuaria erakunde publikoak berretsi du txosten ofizialean.

Dena erosi du Monsantok

Batzuek diote Argentinako soroen %50 dela eta besteek %60, sojaz ereindakoa. Izugarrizko zifra, edozein gisaz. Eromen honen sustraiak datzate petrolioaren krisian eta “behi eroen” gaitzaren ondorioetan. Batak bioerregaiak jarri ditu modan, eta besteak animalien hondakinak egosita egindako pentsuen debekua. Sojazaleek bietan enbido jo eta irabazi.

2007an 1,5 milioi tona soja-olio ekoiztu zituen Argentinak. Koipe honetan munduko indar nagusietakoa da, Brasil eta AEBekin batera. Olioa sortzeko 49 fabrika handi dauzka, 10 gehiago ari da eraikitzen eta beste 18 eraikitzeko proiektuak daude, tartean Repsol multinazionalarena. Santa Fe probintzia da honetan lider.

Soja aleei olioa kendu ondoren, gainera, abereen janaritarako erabiltzen diren pelletak geratzen dira. Ia 20 milioi tona soja-opil saldu dira Txinara, Europara eta Indiara. Bi aho asetzen ditu, beraz, sojak: petrolioa hainbeste garestitu denean bioerregaiak errentagarri bihurtu dira, eta gero eta haragi gehiago jaten duen gizadiak aziendak gizendu beharra dauka.

Soja-olde izugarri honek azkar eragin ditu desorekak Argentinako baserri munduan. Garia eta beste laboreak gero eta gutxiago ereiten dira, horien prezioak handituz. Abeltzaintza krisian sartu da. Esnegintzak hondoa jodu du, baratzegintzak ere bai. Haragia, esnea, barazkiak, fruituak, laboreak... denetik gutxiago eta denak garestiago. Ulertzekoa da orain argentinarren artean elikadura burujabetza asko aipatzen den asmoa izatea.

Monolaboreak ekarri du nekazaritza prozesua barrutik lehertzea. Lehen zeuden latifundioak handitu egin dira. Ordainetan, baserri txiki asko saldu: 26 hektarea inguruko 600.000 etxalde eduki omen zituen noizbait Argentinak, eta gaur 130.000 besterik ez. Horietako askok, gainera, pool de siembra direlakoei alokatzen dizkiete alorrak. Sistema honetan funtzionatzen dutenak hiriburuko eta atzerriko kapitalak dira, urteroko operazioak egiten dituztenak: alokatutako soroetan soja erein, landu, bildu eta atzerrirako saldu. Operazioen buru, teknikariak kanpotik ekarriak.

Lurgintza arras mekanizatu honek eskulan gutxi behar du, eta horretan Argentinan ari diren 1.300.000 peoietatik milioi bat “beltzean” ari dira beharrean, herrialdeko jornalik murritzenak kobratuz. Peoi hauek eta soja industriaren sareak harrapatuta bizi diren etxalde txikietako nekazariek protagonismo berezia izan dute joan den martxoko liskarretan. Ezkerreko idazle askok nabarmendu dute jendeok multinazionalen gatibu bizi direla itolarrian.

Rehenes de Monsanto idatzi da behin eta berriro Argentinako gune ezkertiarretan. Oraindik corralitoa –herrialdeko banku guztietako diru guztiak blokaturik egotea ekarri zuen finantz krisia– ahaztu ezin duten argentinar ugari ohartzen hasi dira zein den urteotako miraria erne duen ongarria. Monsanto multinazionalaren Roundup pozoiak soja ez beste bizi guztia erretzen du eta pozoia jasateko asmatutako soja transgenikoa da uzta eman dezakeen bakarra. Hortik abiatuta, lurrak kontzentratu dira, alorren errentak garestitu, gainerako laboreak gutxitu, nekazariak hirietara bidali, bertan geratu direnen osasuna arriskuan jarri etengabeko fumigazioengatik, eta ia oihan guztiak galduta Argentinak mendeetan nozituko duen hondamendi ekologikoa ekarri.

Gobernuak zergak igo dituelarik, Pampatik Chacorainoko eremuak sutu dira. Irtenbidea? Zaila. Nekazariak bakarrik ez, Monsantok Argentina osoa baitauka bahituta.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Transgenikoak  |  Elikadura burujabetza  |  Argentina

Transgenikoak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 27a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude