«Traumaren literatura dei daiteke nirea»

  • Castejon (Nafarroa), 1963. Etxaurin bizi da eta Barañain-en egiten du lan. Irakaslea da. Duela hamabost urte afizio asko zeuzkan: kirola, zinema... Irakurtzea eta idaztea ere bai. Aita izan eta denbora urritu zitzaion, lau seme-alaben guraso izaki. Orduan hasi zen serio idazten, baita idazle bilakatu ere. Horra paradoxa! Ordenagailu eramangarria alboan duela, idazle frankotiratzaile gisa aritzen da: non izan han idatzi. Antzararen bidea (Alberdania) nobelan bildu ditu bere azken tiroak. Tiro hots durunditsuak entzun ditugu engoitik.
Jokin Muñoz
Jokin Muñoz idazleaJosu Santesteban

Bizia lo kontakizun-bildumak euskal gatazkaren hitsa itsatsi zigun: narratzailearen begirada grisa. Egileak Euskadi Saria jaso zuen ordainean, baita Castejongo Udalaren errekonozimendua ere: “Detaileak harritu ninduen. Euskararen mugatik, gure ghettotik, ateratze horrek poztu ninduen”, diosku Jokin Muñozek.

Antzararen bidea eleberria mugarri izan daiteke literato honen ibilbidean, Bizia lo baino koloretsuagoa izaki. Bere hitzetan, euskal literaturaren egileek euskal gatazkaren zergatia kontatu zuten bere hastapenean (Saizarbitoriaren 100 metro, kasu); gaia oinarri eta abiapuntu izan zuten. Egun, aldiz, literatura mota hau gatazkak sortu duen soziologia azaltzeko xedez egiten da: “Hogei urte barru berriz, bizi dugun egoera soziopolitikoa esperpentikoa irudituko zaio jendeari. Honen ondoriozko literatura idatziko da”.

Jokin Muñozi mundu bat amaitzen ari zaio, mundu ikuskera bat agortzen ari delako: “Euskalduntasuna, euskaldunaren kontzeptu politikoa aldatzen ari da eta euskal kultur munduak zaharberritzea behar du”. Kontzientea da horrek guztiak bere literatura lanetan eraginen duela. Alta, bere aburuz, gaiak ez dira agortzen, berauek tratatzeko moduak eta begiradak baizik.

Bere literaturaren bidean sartu gara. Gatazka konpontze bidean, ezker abertzalearen autokritika moduko bat itxaroten duela diosku, mundu horren baitan zerbait aldatzea.

Goazen Antzararen bidean.


Antzararen bidea izeneko metafora gure iraganeko herrietan ezagutu genuen. Oilo edo antzara bati burua moztu ohi zioten eta, bururik gabe, tipi-tapa, bidea nola egiten zuen guztion ikusmira zen. Indar handiko metafora iruditu zitzaidan.

Baita krudela ere.


Bai. Metafora bururik gabe dabiltzan pertsonena da. Behin burua moztuta, gogoa iraganean duten pertsonek orainean kokatzeko sekulako zailtasunak dituzte, naufragoak dira, noraezean dabiltza. Nobelako pertsonaiak holakoak dira, bururik gabekoak.

Bururik gabe, baina beste batzuek gidatzen dute euren burua, antza.


Hori bada irakurlearen ondorioa, ni pozik. Nobela ulertu duen seinale.

Neronek gidari horien erretraturen bat antzeman dut istorioan.


Istorio honek errealitaterekin daukan kointzidentzia oro kasualitate hutsa da.

Zu idazle errealistatzat hartzea zuzena al da?


Sortu dudan istorioa nire imajinazioaren fruitua da, imajinazioa memoriaren zerbitzura ulertuta. Imajinazioa, bizi, kontatu eta inguratzen nauen munduan zentratu dut. Gertakizunetatik elikatzea eta horrekin istorio bat sortzea errealista izatea bada, idazle errealista izan naiteke. Halere, nobela hitza eta errealismo hitza ez dakit oso uztargarriak diren.

Euskal gatazka literaturaren bidez agertzen nabarmendu zara zure azken bi lanetan.


Nik ez dut ulertzen euskal literatura, Euskal Herrian sortzen dena, ez euskarazkoa soilik, arazo horrekin topo egin gabe. Nik ezin dut fikzioa sortu bestela. Nire helburua pertsonen izaerak eta sentimenduak islatzea da, eta bizi dugun arazoak potentzialtasun izugarria ematen dit. Nire literatura gatazkaren inguruan giza kondizioa aditzera emateko da, aukera saihestezina zait nonbait.

Literatura honek ba al du izenik?


Traumaren literatura deitu daiteke.

Antzarak eta antxetak ageri dira bi istoriok osatutako nobelan, lehorra eta itsasoa.


Hamabost urte dira Nafarroan bizi naizela eta nabaritzen dut itsasoaren nostalgia. Gaztetan Urumearen ondoan bizi nintzen, eta kaioak eta antxetak ekarri nahi nituen nobelara. Antzara berriz, euskal literaturan erabilia izan da askotan. Atxagaren Bi anai nobela zirraragarrian bi anaiak antzara bilakatzen dira. Oso irudi plastikoa iruditzen zait. Oiloa izan zitekeena antzara bilakatu zen, antzarak euskal literaturan duen presentziarengatik.

Erribera eta Donostiako paisaiak kontrastagarriak izaki.


Paisaia ez da doanekoa. Donostiako kolorea krepuskularra da, manifestazioetako eta paseoetako koloreak, une mugituak eta lasaiak. Ukitu dekadentea ageri da, argiaren nostalgia, argia utopia bezala hartuta. Hastapenean azaltzen diren gazteak argiaren atzetik dabiltza, Erriberan, itsasoa amets. Trilluelosko [nobelan azaltzen den herria] galsoro izarigabeak ageri dira.

Nobela koloretsua da Antzararen bidea.


Gaia ezagututa, ezin nuen bestera idatzi. Oso kontu tragiko dramatikoak ageri dira. Ezin nuen Bizia lo-ren kolore grisez idatzi, pornografia emozionalean erortzeko arriskua sentitu nuen. Politikoki egoera ezkorra eta grisa bizi dugun arren, gerta daitekeen gatazkaren amaiera txarrenetarikoa izanda ere, argi eta bizipoz pixka bat eskaini behar nizkion nire buruari. Honen guztiaren atzean Joaquin Sorolla margolariaren koadroa dago, argia eta bizi-nahia islatzen dituena.

Ametsak eta utopiak agertu zaizkigu bidean.


1936an batzuek utopia zuten ikurtzat, baina utopia di-da moztu zuten besteek. Gazteak utopiarako grina behar du beti, bestela mundu jasanezinean biziko ginateke. Mundua aldatu nahia eta inkonformismoa beharrezkotzat jotzen dut, gazteen joera errebeldea errebindikatu eta islatu dut nobelan. Baina nire iritziz, iritzi politikoa, gazteen grina hori, gaizki bideratua izan da gurean. Gazteei burua berotu zaie, gazteentzako horren garrantzizkoak ez diren kontuekin.

“Hilerrira aldera jo behar duzue, esan zion gizonak erdaraz” dio narratzaileak. Erribera erdalduna aditzera emanez edo...


Klabe errealistetan mugitu naiz. Agertokia Euskal Herria da. Alde bat, euskalduna deitu dezakeguna, Donostia. Eta badakit bertan gaztelaniaz egiten dela, batez ere gaztelaniaz. Lisa eta Gigi pertsonaiek euskaraz egitea normala iruditu zitzaidan halere. Erriberara jaitsi eta bertakoak erdaraz ari direla esatea ere egokia iruditu zitzaigun. Ez da bat-batean erabakitzen den gauza. Editorearekin batera erabaki genuen, liburuaren azken ukituak ematean.

Nola moldatu zara nobela eraikitzeko?


Liburu arina idatzi nahi nuen, nahiz eta “arina” hitz irristakorra den. Harrapatzen duen liburua, alegia. Irakurlearengan pentsatzen idatzi nuen, intriga puntu bat eman nahi nion nobelari eta aldi berean planteamendu morala ere eman, irakurleari zer pentsa emateko. Bukatu eta ezaxolati uzten zaituen liburua ez zait gustatzen, arrasto bat utzi nahi nion irakurleari.

Hasieran buruan zenuen asmoa al da nobela?


Nobelak bere faseak izan zituen. Oso modu kaotikoan hasi nintzen istorioa kontatzen. Gramatika eta joskera, demagun, kontuan hartu gabe. Hura duela bospasei urte egin nuen. Bizia lo tartekatu zen eta saraoan utzi nuen. Erredakzio kaotiko hori egindakoan, benetako idazle lanetan hasi nintzen. Lan gehiena pertsonaiak ondo taxutzeak eman dit, istorioa ondo antolatzeak.

Pertsonaiak muturrekoak dira. Lisa, hasteko...


Irakurlea hunkitu edo aztoratu nahi baduzu pertsonaiak ezin dira planoak izan. Muturrekoak dira bai, ertz askotakoak eta Lisa halakoa da. Ez da guztiz asmatutako pertsonaia. Nire adinekoa da. Pertsonaiaren belaunaldia galdua da: 40 urtetik 50era bitartekoa. 80ko hamarkada oso gogorra eta zaila izan zen, droga gogorra tarteko. Pertsonaiak –eta adin hori dugunok– hamarkada horren ondorioak dira. Noraezean ibili zen kolektiboa da. Lisa halakoa da eta bere semea Igor da [ETAko militantea].

Gigi, berriz?


Gigi ironiaren eta sarkasmoaren isla da. Gigiren ahotsa Atlantidara biajia liburuan erabili nuen. Gigi ez balego nobelaren karga dramatikoa jasangaitza litzateke.

Demetrio orain.


Bere garaiko gizona. 1936an gertatutako izugarrikerien atzean ez zeuden politika kontuak soilik. Gorrotoa kontu pertsonala zen, bazegoen etsaiari min egin nahia. Nafarroan 3.000 hildako izan ziren baina denak ez ziren kolore politiko soilengatik hilak izan, kontu pertsonalak izan ziren, aiher eta maitasun kontuak, gizakion gauza primarioak tarteko.

Jesus, azkenik.


Nobelaren abiapuntuetako bat izan zen. Hau da, Gerra Zibila bizi zutenek, egun 80-90 urte dutenek, bizitza osoan izan duten ibilbidea agertzea. “Zer dago hauen atzean?” esaten nion nire buruari. Pertsonaia asmatu eta gorpuztu nuen, baina irakurleari ziria sartu nahian, engainatu nahian. Pertsonaiak irudi bat ematen du, baina istorioak uste ez duzun pertsona batengana eramango zaitu. 1936ko gerran, askok bizirik irauteagatik nahi ez zuten bandoan egin zuten gerra.
Literatura, begiko lurraldea
Castejonen jaio bazen ere, Donostiak eragin gehiago du bere nortasunean. Batxilergoa bertan egin zuen. Nerabezaroko bizipenen kresal usaina gorde du. Bere aitaren aita donostiarra zen eta honen ama Artaxonakoa. Ama berriz, Castejongoa, aitona bertako medikua izaki. Sei neba-arreba dira. Aitonaren arrimuan Castejonen munduratu zituen lehen hiruak amak. Laugarrena eta bosgarrena Gasteizen eta azkena Donostian. Udaldietan Erriberara joaten ziren.

Nafarroan bizitzeak euskal izaera, euskalduntasuna eta euskal arazoa beste era batez ulertzen lagundu dio. Ez du sinesten Euskal Herria politikoan, kulturalean baizik. Transbertsalitate politikoaren aldekoa da. Euskal eta espainol nazionalismoaren arteko mugak urratzeko modu bakarra begitantzen zaio. NaBai-ren bidez lantzen ari den transbertsalitatearen eskemak piztu dio itxaropen pizarra.

Euskal Hirian baino Euskararen Munduan ikusten du bere burua. Literatura da interesatzen zaion lurraldea, eta zehatzago esanda hizkuntza. Zaila zaio bere burua ideologikoki definitzea. Vasco eta espainola bitasun eta izaeren artean, euskaldunak ebazten du auzia. Euskalduna da bestelako izenondorik gabe.
“Euskaraz idazten dut euskarak balio didalako”
NOBELAREN GAIA: "Antzararen bidearen gaia ez dut aukeratu kirioak euskal gatazkarekin dantzan ditudalako. Gatazka leitmotiv-a izan da fikziorako ematen dituen aukerengatik, kezkatzen nauenarengatik baino".

"EZKER ABERTZALEKO IDAZLEAK": "Bitxia da, euskal gatazkaz idazten dutenean –saiakeraz ari naiz– ‘ezker abertzaleko idazleek’ gaztelaniaz idazten dute, eta orbita horretan ez daudenek euskaraz. Esaterako: batetik, Xabier Zabaltzaren Gu, nafarrok eta Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera. Bestetik Floren Aoiz-en El jarrón roto eta Jose Mari Esparzaren Cien razones por las que dejé de ser español. Niri normala irudituko litzaidake horrela izatea, baldin eta abertzaletasuna bere egiten duten horiek abertzaletasunari buruzko ikasgairik emango ez balute. Nik ulertzen dut gaztelaniaz idaztea, gaztelania ere Euskal Herrikoa baita. Hori bai, idazle horiek Euskal Herriak duen espainiar izaeraren kontra espainiar hizkuntzan aho betez aritzea kontraesana iruditzen zait".

BAZKA-N IDATZITAKOEN HARIAN: "‘Ezker abertzaleko jendeak’ ironiarekin duen arazoa islatu du Lander Garrok. Ez dute jolas ironikoa ulertzen, edo ez dute ulertu nahi. Jolasa onartu eta klabe berean idatzi beharrean irakurketa oso-oso politikoa egiten dute. Ironiaren jolasa ulertzeko zailtasun ikaragarria ikusten dut. Ironia literatoaren funtsezko arma da, ironia edo umorea kasuon".

LE TRAIN EXPRÉS DURKHEIM-CASTEJON: Le train exprés Durkheim-Castejon: "Ados nago Koldo Izagirrerekin. Koldori ez zaio ulertu. Xabier Silveira kontraesanean ari da gaztelaniaz idazteko motiboak aipatzean. Idazle batek esaten badu mundua gaztelaniaz bizi duelako gaztelaniaz kontatu behar duela, hori legea balitz, euskarazko fikzioaren erreferentea Gipuzkoako Goierri edo Beterri litzateke. Legea ez da hori. Euskal literaturaren aspaldiko auzia da hori, auzi literarioa, aspaldi gaindituta dago. 2008an eztabaida horretara bueltatzea atzera egitea iruditzen zait, euskal literaturaren kaltetan. Mariasun Landaren kasuan berdin. Esan dezatela beste zerbait baina ez gaztelaniaz bizi dutelako erabili dutela hizkuntza hori. Zenbatek ez du erdaraz bizi eta euskaraz sortu? Hori nire kasua eta askoren kasua da. Nik euskaraz idazten dut euskarak balio didalako".

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude