Janari merkearen industria handia zarpailduta dago

  • Janariak merke ekoizteko, txerriak milaka buruko ukuilu itxietan hazten dituzte eta almendrak berriz eskualde osoak betetzen dituzten monolaboreetan. Produkzio eredu hori jasanezina denez, gutxien espero diren ondorioak dakartzate: bakterio menderakaitzak bezala erleen galera.
Almendrondoa
Kaliforniako Central Valley-ko almendrondo sailaAlmendrondo saila
Michael Pollan idazle eta kazetariaren azken liburuak izenburuan dio: In Defense of Food: An Eater’s Manifesto (Janariaren alde: Jatunaren manifestua). Kaliforniako Berkeley unibertsitatean kazetaritza irakasten duen honek aurretik idatziak ditu, beste liburu gehiagoren artean, Omnivore’s Dilemma eta The Botanny of Desire, eta etxeko baratzean ikasi eta sentitu dituenak biltzen dituen beste bat ere bai. Gizakiaren eta naturaren arteko harremana sakonago ulertzeko, janariaren ezagutzan barneratzen da Pollan bere idatzietan.

Joan den abenduan Pollanek “Our Decrepit Food Factories” (Gure janari faktoria zarpailak) artikulua plazaratu zuen The New York Times egunkarian, eta geroztik webgune gehiagotan islatu da. Bertan, bi adibideren xehetasunetatik abiatuta, Pollanek biluztu nahi izan ditu sustainability edo “jasangarritasuna” hitzaren banalizazioak ezkutatzen dituen errealitate gordinak. Edonork, baita konpainiarik kutsakorrenak ere, berdin ingurumena hondatuko duen proiekturik traketsenak, bere burua “jasangarri” bataiatzen du gaur, jendearen nahasmendua handiagotuz.

“Konfuziok esana da –izkiriatu du Pollanek– munduan gaizki dauden gauzak konpondu nahi baldin baditugu, estreina hitzak aldatu behar ditugula”. Horrela, sustainable eta unsustainable hitzak ezin dira erabili hautu estetikoen arabera, edo ingurumenarekiko errespetuzko asmoen itxurak egiteko. “Jasanezinak esan nahi du halako jokabide edo prozesu ezin dela etengabe egiten segitu, bere jatorrizko baldintzak suntsitzen dituelako”.

Nekazaritzara etorrita, dagoeneko kontua ez da soilik iturriak agortzen direla edo pestizidek gero eta ahalmen txikiagoa daukatela xomorroen kontra, edo lurrak emankortasuna galdu duela. Orain auzitan dagoena da ea nekazaritza sistema bere osotasunean, sistema den heinean, ote den jasanezina. “Sistema jasanezina bada, hausturak eta matxurak gutxien espero diren leku eta garaietan gertatuko zaizkio”. Hori dagoeneko gertatzen ari dela ulertarazteko, egunotako bi arazo aipatu ditu; biak nekazaritza mundukoak, lehen begiratuan elkarrekin zerikusirik ez daukatenak, baina gizadiaren janari sistema porrot egiteko zorian dagoela adierazten dutenak. Lehena, MRSA da.

MRSA siglek ikara eragiten dute ospitaleetan. Antibiotikoek menderatu ezin duten Estafilokoko bakterio honek (Methicillin-Resistant Staphylococcus Aureus, ingelesez) dagoeneko Hiesak baino jende gehiago hiltzen omen ditu AEBetan, 19.000 2005ean. Euskal Herrietan ere tamalez ezaguna da MRSA, hain sarritan ospitaleetan harrapatzen dena. Izan ere, egia bada antibiotikoek bakterioak hiltzen dituztela, bizirik atera diren xomorroak botika horiekiko menderakaitz bihurtu baitira.
1960tik ezagutzen dira MRSA kasuak, gehienbat zahar jendea gaixotu izan dutenak, baina orain gazteak eta bestelako herritar osasun onekoak ere hasi dira gaixotzen, batzuetan ospitaletik pasa gabe gainera. Ikerlari batzuk ziur daude MRSA berriok bestelako babeslekuetan ari direla ugaritzen: aziendak pilan hazten diren ukuilu handietan.

Union of Concerned Scientist (Zientzialari kezkatuen elkartea) delakoaren datuak erabili ditu Pollanek, esateko AEBetan usatzen diren antibiotikoen %70 granja edo haztegietako abereak elikatzen erabiltzen direla. Zerriak, oiloak edo behiak halako kopuru handitan hain leku txikietan ezingo lirateke hazi ez balitzaizkie antibiotikoak emango pentsu edo alharekin. Abeltzaintza intentsiborik ezin da egin bestela.

Bai mundu zerria

Osasungintzako adituak aspalditik ari dira alarma jotzen, antibiotikoak horrela erabiltzeak hondamendia ekarriko duela, granja horietan bakterio oso menderakaitzak sortzen ari direlako. Eta trukean, antibiotikoek gero eta gutxiagotarako balio dutelako. Europan burutu ikerketa batek erakutsi du antibiotikoak usu erabiltzen dituzten zerri haztegien %60tan badirela animaliak MRSAren testetan positibo eman dutenak; aldiz, antibiotikorik erabiltzen ez dutenetan %5 baino ez dira. Antzeko ikerketa gehiago bada, baina ez da neurririk hartzen. Ez eta hartuko ere. “Ikerlariek azterketa sakonagoa egingo balute ez ote lukete aurkituko haragi merkea produzitzeak ezkutatzen dituen kosteetako bat dela gazte jendea antibiotikoek sendatu ezin duten infekzio epidemiaren arriskupean jartzea?”.

Michael Pollanek kontatu duen bigarren gertakizun sintomatikoa erleei dagokie. Erlategiek azken urteotan jasaten duten galera, ingelesez Colony Collapse Disorder, Mendebalde osoan gertatzen ari da, Euskal Herrian ere bai, eta adituak horren jatorriaz eztabaidan ari dira, aurreko Net Hurbil batean esplikatu zenez: Nosema onddoa ote den, birusen bat, pestizidek daramatzaten hormonak... Baina Pollanek dioenez entomologo askok uste dute holako hondamendiak iritsi beharra zeukala. Erleari urteotan ezarri zaion bizimoduak hainbeste estresatu ditu eta immunitate sistema hainbeste ahuldu, ezen eta edozein infekzio berriren mende baitaude. Granjetako abereak bezalatsu.

Kalifornia da erleentzako faktoria erraldoi horietakoa. Munduan biltzen diren arbendol guztien %80 Kaliforniako Central Valley-n ekoizten dira. Sekulako monolaborea dago han. Otsail oro, milioika almendrondo loratzen dira han eta itsaso zuri-gorri hura ernaltzeko AEBetako erleen erdiak bertara eramaten dituzte. Milioi bat erlauntza baino gehiago, hiru astetan lore huts eta gainerako 49tan erlearentzako basamortu idorra den ortu erraldoia ernaltzeko. Kofoin asko mendialdeko elurretatik zuzenean iritsiko dira Itsas Bare ertzeko udaberrira, eta lozorrotik esnatuta abian jar daitezen erlezainek urrundik ekarritako polenez eta beste osagai proteinikoz bazkatuko dituzte.

Erleok hil ala bizikoak dira Kaliforniako nekazari almendragileentzako. Hiru astetan edukitzeagatik 150 dolarretaraino pagatzen dute erlauntzeko. Baina azken urteotan erlea izugarri urritu da AEBetan, eta Gobernuak baimenak eman ditu Australiatik milioika inportatzeko. Azkenerako, Kaliforniako amanda-lore sasoi hau erlearentzako bordela bihurtu da: otsailero bertara datoz kofoinekin batera estatu osoko parasito eta xomorroak, hemen nahastu, pestizidaz igurtzi eta berriro sakabanatu AEBetan barrena.

Erleek polinizatzeko makina moduan funtzionatzea nahi litzateke. “Gehiegi eskatzen diegu gure erleei –dio Michael Pollanek–, eta gure urdeei ere bai. Horra nekazaritza industrialaren ikurra: produkzioa maximizatu eta ahalik eta janaririk merkeena ekoizteko, sistema naturalak eta organismoak mugaraino zukutzen ditugu, makinak bezain eraginkor izatea eskatuz. Erleek edo zerriek gogorarazten digutenean makinak ez direla, sistemak ‘soluzioak’ aurkitzen ditu, izan antibiotikoak edo atzerriko erleak. Baina aurtengo soluzioak bihurtuko dira datorren urteko arazo. Bestela esanda, ez dira jasangarriak. (...) Galdera ez da ea sistema ahul hau hautsiko ote den, baizik eta non eta nola gertatuko den, eta ea gu prest harrapatuko gaituen.”

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude