Kontserbazio gune ala negozio?

  • Hartz eme bat hilik agertu zen apirilean Valladoliden, Valwo zoologikotik ihes egin ostean. Ikuskizunetan animaliak erabiltzea debekatu da hainbat zootan, sufritzen dituzten ondorio txarrak ikusita. Eta Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari espedientea ireki dio aurten, Zoologikoen Zuzentaraua ez betetzeagatik. Hori guztia ikusita, Euskal Herriko zooetan legea eta baldintza duinak betetzen al diren eta gatibu egoteak animaliei nola eragiten dien jakin nahi izan dugu.
Lehoia zoologikoan
Lehoia zoologikoanDani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Gure zooen egoeraz hitz egin aurretik, komeni da leku itxian egoteak animaliengan duen eragina ikustea. Ikerketa zientifiko ugariren arabera (Ellis doktorea, 1985; Thomson & Geraci, 1986; Pilleri, 1987; Small eta Debaster, 1995; Troisi, 1997; Mass, 2000; beste askoren artean), gatibualdiak estres fisiko nahiz mentala sortzen die animaliei, euren arteko eta pertsonenganako agresibitatea areagotzen die eta aspertzea, bizitza laburtzea eta kume direnean errazago hiltzea eragiten die. 1992an, gatibualdiaren ondorioz sortutako neurosiak eragin ditzakeen jarrera anomaloei zookosi izena ipini zitzaion: hala nola, luma edo ileetatik tira egitea, janariarekin arazoak izatea, oihuka aritzea, kumeak akabatu edo titia kentzea, erasotzea, paretak gorotzez zikintzea, estimuluei jaramonik egin gabe lurrean botata egotea, sexualki hiperaktibo izatea edota euren burua mintzea –paretaren aurka jotzea, adibidez– dira zookosiaren sintomak.

Sistematikoki errepikatzen duten jarrera antinaturalari berriz, estereotipia deitzen zaio: besteak beste, ibilbide bera errepikatuz gora eta behera ibiltzea, zirkuluan bueltaka aritzea, barroteak edo paretak behin eta berriz miazkatu edo hozkatzea, lepoa etengabe biratzea, kulunkatzea edota behin eta berriz oka egitea.

Beldurrezko eszenak?

Beldurrezko eszenak diruditen arren, oraindik ere uste baino ohikoagoak omen dira hainbat zoologikotan. Zoo Check animaliak babesteko elkarte ingelesak 2000. urtean egindako ikerketaren arabera, Britainia Handiko zoo eta safari park handietako animalien %80ak estereotipia kasuren bat zuen. Infozoos animalientzako baldintza egokien alde lan egiten duen Espainiako Estatuko elkartea da eta bertako koordinatzaile Marta Gumàren esanetan, batzuetan zooko instalazioak egokiak irudituko zaizkigu, handiak eta higienikoak, baina animalia mugitu gabe ikusiko dugu: “Animaliak, egoera basatian, denbora gehiena jana bilatzen ematen du, eta zoologiko askotan egunean hirutan muturren aurrean jartzen diete jana; animalia horrek motibaziorik ez badu, aspertuta emango du eguna”. Javier Elia Arguedasko (Nafarroa) Senda Viva parkeko animalien arduradun eta biologoarentzat, ordea, animaliak ez dira aspertzen, hori “animaliari gizakion ezaugarriak ematea litzateke, aspertzearen kontzeptua ez baita animalien munduan existitzen. Estresatu ere ez dira egiten, agian obrekin-eta bai, edota leku berri batera eramaterakoan, baina behin-behineko kontua da eta ez da ezer gertatzen, bizitzaren parte da, guri gerta dakigukeen bezala”.

Aldiz, Karrantzan (Bizkaia) dagoen Karpin Abenturako arduradun eta biologo Pedro Abadek dio eurek jaso izan dituztela etxean domestikatuta izateagatik jarrera anomaloekin iritsi diren animaliak: “Bi makako emeen kasua nabarmena da. Marokoko Atlasetik hilabete gutxirekin amaren magaletik kendu eta gizakiekin bizitzera behartu dituzte. Beraz, ez dakite ez makakoek bezala jokatzen, ez gizakiek bezala, eta gurera iristen direnean, makako gehiagorekin komunikatzeari egin behar diote aurre, baina ez dute elkar ulertzen. Makako berriarentzat egoera hori psikologikoki oso dramatikoa da, ez du jokatzen naturan hezia izan balitz bezala eta egokitzapena luzea izan ohi da. Gainera, makako zaharrek berria akabatzea ere gerta daiteke. Gure kasuan, emeetako batek lau hilabeteko egokitzapena behar izan du, baina bestearekin sei hilabete daramatzagu eta aldi baterako gainontzekoekin elkartzea ere ez dugu lortu oraindik”.

Gutxieneko baldintzak

Portaera antinaturalak saihesteko, animaliak espazio nahikoa izatea, segurtasuna, elikadura, osasuna eta naturalizazioa –“kaiola” habitat naturalaren ahalik eta antzekoena izatea– kontuan hartzea beharrezkoa dela gogoratu du Gumàk. Halaber, funtsezkoa da programa aberasgarriak garatzea: esaterako, animaliari janaria ezkutatzea, ingurua noizbehinka aldatzea edo jolas eta tresna berriak sartzea, aspertu ez dadin. Eta animalien eta pertsonen arteko kontaktua ere galarazi beharko litzatekeela –eta ez dela egiten– gogoratu du Infozooseko koordinatzaileak, gaixotasunik ez kutsatzeko –zoonosi izenez ezagutzen dena–.
Gurelur talde ekologistako Antonio Munillak argi du: animaliek euren habitatean egon behar dute, naturan, eta natura da kontserbatu behar dena, animaliak bertan mantentzeko; zoologikoen aurka dago guztiz. Beste hainbatek, ordea, instalakuntza horiek defendatzen ditu, funtzio baikorrak dituelako: nagusienak, animaliei buruz jendea kontzientziatu eta heztea, eta desagertzeko arriskuan dauden animaliak berreskuratzea inbestigazioaren bidez eta ugalketa ahalbidetuz. Izan ere, biodibertsitatearen galera gero eta handiagoa da eta galbidean dauden animalien gordeleku eta ugalketa-toki bilakatu dira zoologiko eta akuarioak –65 espezie zoologikoetan baino ez dira bizi–.

Aspalditik datorren eztabaida horren erdian, ikuspegi interesgarria du Infozoosek: zoologikoak dirauten bitartean, gutxienez legea bete dezaten lortzea, animalia biltegi huts zireneko garaien filosofia aldaraztea eta animalientzako baldintza duinak eskatzea, benetako helburua kontserbazioa izan dadin, eta ez negozioa.

Legearen zirrikituak, salaketen ihesbide

Espainiako Estatuan nukleo zoologikoen gaineko eskuduntza erkidegoena denez, 2005ean Infozoosek eskutitza bidali zuen gobernu autonomikoetara, bertako instalakuntzei urtero egin behar zaizkien ikuskapenak betetzen al dituzten eta kontrolak nola egiten dituzten galdetuz: Eusko Jaurlaritzak ez zuen erantzun eta Nafarroako Gobernuak idatzi zien zoologiko bat onartua dagoela (Senda Viva), baina administrazio-isiltasuna deitzen den prozeduragatik; hots, zooak irekitzeko eskaera egin zuenetik sei hilabetera administrazioak ez zuenez ez baiezkorik ez ezezkorik eman, automatikoki onartua geratu zen, inongo ikuskapenik gabe. Horrez gain, Espainiako zortzi zoologikoren ikerketa egin zuen Infozoosek eta egoera “penagarria” zela ondorioztatu. Europako Batzordera jo, salaketa ipini eta Espainiako Gobernuari espedientea ireki zitzaion, Zooen Zuzentaraua ez betetzeagatik.

Zuzentaraua 1999an atera zuen Europako Batzordeak, zooak biodibertsitatearen kontserbazioa mantentzera behartuz, baina Espainiak 2003ra arte ez zuen lege bihurtu. Kontserbazioa, heziketa, segurtasuna, animaliaren ongizatea eta ikerketa zientifikoa dira lege honen oinarri, baina gabeziak dituela ikusten du Infozoosek, ez baitu betebehar zehatzik eskatzen: “Animaliak baldintza egokietan egon behar duela diote, baina zeintzuk dira baldintza horiek? Zenbat metro izan behar ditu kaiolak? Ez dago estandarrik; oso subjektiboa da eta parkea ikuskatuko duen albaitariaren araberakoa izango da erabakia”, dio elkarteko koordinatzaileak. Zirrikitu horiek direla-eta, salaketak aurrera ateratzea zaila da. Baina Gumàren esanetan, okerrena da Espainiako zoologiko gehienak gutxieneko horietara ere ez direla iristen: “Hasteko, askotan galtzeko arriskuan ez dauden animaliak dituzte, zein helbururekin? Ez diogu zentzurik ikusten. Alderdi ludikoa asko lantzen da, jendearen aisiari begira, baina kontserbazio eta heziketa arloak ez dituzte kontuan hartzen eta sarri negozioa baino ez da”. Animalien eta gizakien arteko kontaktuaren debekua ere ez dela betetzen dio eta urtero egin beharko liratekeen ikuskapenak ez direla egiten.

Guk Euskal Herriko bi zoologiko nagusiei galdetu diegu eta ikuskapenak egiten dizkietela ziurtatu digute: Senda Vivaren kasuan, Osasun Sailak euren animalien kontrol handia daramala diote eta Karpin Abenturakoek, administrazioaren bisitak jasotzen dituztela. “Nukleo zoologiko pribatu askok, ordea –gaineratu du Karpineko arduradunak–, ez dute inongo kontrolik eta animaliak ez daude egoera onean: esaterako, animalia domestiko moduan tximuak, tigreak, lehoiak, jaguarrak edo pumak etxean dituztenak”.

Senda Viva, argi-ilunak

120 hektareatan, 80 espezieko 500 animalia dituzte Senda Vivan. Jolas-parkea eta zoologikoa uztartzen ditu eta nahiko berria da, lau urte baino ez baitaramatza irekita. Asmo turistikoengatik, Erriberara jendea erakartzeko jaio zen ekimena eta egun, hamaika animalia zaintzaile eta albaitari bat dituzte. Bertan dauden animaliengatik galdetuta, irizpidea aniztasuna dela dio Javier Elia animalien arduradunak, “hori baita jendea erakartzen duena”. Hala ere, tartean galtzeko arriskuan dauden espezieak ere badituzte: orkatzak, sei hartz arre siriar eta Europako birpopulatze programen baitan, bi itsas-igaraba, ugaldu eta kumeak izan ditzaten. Zooko ugalketak kontrolpean dituztela kontatu digu Eliak, nahi dutenean elkartzen baitituzte espezie bereko arra eta emea, eta batzuetan, inplanteak jartzen dizkiete emeei, obulatu ez dezaten.

Alde onak ikusi dizkiogu Senda Vivari: errekuperazio zentroetatik jasotako animaliak dituzte (dortokak, orkatzak, zikoinak…) eta oro har nahiko instalazio naturalak dirudite, “ideia ez delako izan instalakuntzak egitea, mendi zati bat hartu eta ixtea baizik. Nahiko parke berria denez, filosofia berriarekin eraiki zen –azaldu du Elia biologoak–. Madrilgo parkea, esaterako, asfalto gainean egina dago, eta jada ez ditu animaliak hor mantendu nahi”. Aberasgarritasunari ere garrantzia ematen diote: janaria ezkutatzen dute, tximinoei igerilekua jartzen diete arrainekin, arrantza egin dezaten, espezie desberdinak elkartzen dituzte, hartzei enborra jartzen diete eztiarekin, jolasteko… Eta segurtasuna handia da: kanguruek adibidez 2,40 metroko hesia dute kanpoaldera, saltatu ez dezaten, eta lehoi, tigre, hartz eta otsoen hesiak, animalia arriskutsuak izanik, oso altuak dira, elektrifikatuak goialdean. Gainera, zooa irekia ez dagoenetan, baserriko animaliak inguruko zelaietan askatzen dituzte. “AIZA Zoo eta Akuarioen Elkarte Iberiarraren baitan gaude eta animalien baldintzei buruz dituzten arauak betetzen ditugu”.

Beste hainbat gauza, ordea, ez dira hain positiboak: tigre eta lehoien kaiolak txiki samarrak dira eta aspertuta dirudite, nahiz eta Eliak esan kanpoan jana behar dutelako egiten dutela korri, “bestela botata egotea atsegin dute; munduko animaliarik nagiena da lehoia”. Baina ona al da harrapakinaren atzetik korri egin behar izatearen sena ezabatzea? Urtxintxaren kaiolan ere urtxintxa asko eta leku gutxi zegoela ikusi dugu eta jendaurrean antolatzen dituzten ikuskizunerako dauzkaten hegazti harrapariak lotuta daude. Biologoaren arabera, harrapariek jana lortzeko baino ez dute hegan egiten eta sarean edukitzea baino hobe da lotuta izatea. Halaber, ikuskizunean parte hartzen duten zikoina, ipar-katamotza eta koatia kaiola txikitan dauzkatela ikusteak harritu gaitu. Horregatik galdetuta, euren etxea Madrilen dutela erantzun du Eliak, eta denboraldia iraun bitartean baino ez dituztela Nafarroan. Azkenik, arriskutsuak ez diren beste animalia gehienekin oso erraza da kontaktua eta publikoak normalean ukitu egiten dituela esan digu arduradunak.

Karpin, eredu

Karpin Abenturak hamabi urte daramatza funtzionatzen eta eredutzat dute denek, zoologikotik harago joatea baitu erronka. 200 hektareatan, 55 espezie dituzte, merkataritza ilegaletik –ikusi koadroa– eta errekuperazio zentroetatik jasoak edota jendeak etxean izan ostean abandonatuak. Horiei bizitokia emanez eta publikoki erakutsiz, jendea kontzientziatzea da asmoa, animalia basatiak domestiko izateagatik edo ehiza ilegalagatik sufritzen dutenaz ohartarazteko. Adibidez, errekuperazio zentroetatik ekarritako orkatzen kasua azaltzen diote publikoari: basoan bakarrik ikusi eta jende askok orkatz eta orein kumeak etxera eramaten ditu, abandonatuta daudelakoan, baina orkatz amak kumea deskantsatzen uztea normala da. Jendeak abandonatutako dortoken saturazioa dagoela ere adierazi digu Pedro Abad Karpineko arduradunak eta iguanen, paumen edo mapatxeen kasua antzekoa da. “Euren habitatetik hartu, modu txarrean garraiatu eta herrialde aberatsetara ekarritako milaka animaliarekin akabatzen da”, dio Abadek. “Izugarrizko arazoa da, oso tristea, eta jendeari ikusarazi nahi diogu mota horretako animalia bat etxean izateko benetako beharrik ez duela”.

Ehiza ilegalaren ondorioz errekuperazio zentroan bukatu duten hegazti harrapariak ere badituzte: zauri sendaezinak dituzte, aske bizitzea galarazten dietenak. “Hainbatek ez du gustuko hegoa falta zaion zapelatza ikustea, eta ados nago agian ez dela politena, baina espezie hori bizitzen ari den errealitatearen isla gordina da”. Esplotazio negozioetatik hartutako kumeak –enpresa itxi ostean nora joanik izan ez duten animaliak– ere ikus daitezke Karpinen, ostrukak eta emuak kasu.

Bestalde, programa aberasgarrien alde daude, parkeak dinamikoa izan behar duela eta instalakuntzak egokituz eta birmoldatuz joan behar dutela defendatzen baitute. Eta animaliek jendearekin ahalik eta kontaktu fisiko eta harreman gutxien izan dezaten saiatzen dira, “eurentzako ona ez dela pentsatzen dugulako eta bisitariei ez diegulako irudi okerrik eman nahi, filmetan iguana protagonistaren sorbaldan ikusi arren errealitatean ez delako hala gertatzen”. Horregatik, ikuskizunik ez dute antolatzen Karpinen.
Euskal Herriko instalazio handienek, beraz, filosofia hezitzailearekin egiten dute bat. Baina Marta Gumàren arabera, atzerrian denetik aurki daiteke, eta egoera okerrenetakoa Italian eta Espainian dago. “Gainera, Espainian erkidego bakoitza bere kasa doa eta presioa eginez gero baino ez dira mugitzen; presio eginez lortu genuen Almendralejoko (Extremadura) zooa edo Gaztela Mantxako Koki Granja ixtea, beldurgarria baitzen animaliak nola zituzten ikustea”.

Filosofia aldaketa lortzeko, lehenengo urratsa jendea bera kontzientziatzea dela argi du Gumàk: “Jendea ez da ohartzen, ‘begira zein pozik dagoen gorila kulunkatzen!’, diote, aurpegia kristalean itsatsita, kolpetxoak emanez… Dibertitzeko asmoz doaz zoora, besterik ez, baina horren errua zooek beraiek dute, ez dutelako heziketa lanik egiten”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak bi ekintza berezi egin ditu Hondarribiko alardearen egun honetan. Batetik, urte luzez ukatu zaion eta Alarde Tradizionalak baino erabili ez duen espazio oso sinbolikoa bere egin du; bestetik, gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileek ez dute euskara jakin beharrik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera

Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Errepublika kartzeleroak

Guatemala da. baina izan zitekeen El Salvador edo Honduras. Erdialdeko Amerikako kaleak husten ari dira, segurtasunaren eta herrialdearen garapenaren izenean, eta kartzelak bete. Munduan, proportzioan, preso gehien dituzten herrialdeen artean daude. Baina ziegetan ez daude... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Eguneraketa berriak daude