Bihotzak konkistatu hizkuntzak salbatzeko

  • David Crystal hizkuntzalari galestar ospetsuak hitzaldia eskaini zuen joan den astean Bilbon Unescoren eskutik. Hauxe hitzaldiaren izenburua: “Zer egin hizkuntza gutxituek biziraun dezaten”. Hiru dira gakoak Crystalen ustez: jendeak hizkuntza salbatu nahi izatea, aginte erakundeak (batik bat nazioartekoak) gaiaz arduratzea eta dirua.
'Hizkuntzaren iraultza' liburua
Lehenengo gakoak begien bistakoa dirudiela dio Crystalek, hau da, hizkuntzak biziraun dezan jendeak hizkuntza hori salbatzeko nahia izatea. Bistakoa dirudi, baina ez da hala. Askori ez dio axola, hizkuntza galtzera doa eta “zer egingo diogu ba!, bizitza-legea da...” eta horrelakoak esaten ditu –dio berak–.

Alabaina, galestarrak jendearen jarrera hori errespetatzeko eskatzen du. Adibide bat jarri zuen horretarako. Crystal, Hegoafrikan, britainiar kontseiluko kide baten autoan zihoan. Gidariari herrialde hartako hamaika hizkuntza ofizialetatik zenbat hitz egiten zituen galdetu zion eta hark, “denak”. Patrick gidariarentzat gauza arrunta zen hamaika hizkuntzekin aurrera-atzera ibiltzea. Hori bai, bere haurrek batik bat ingelesa ikastea nahi zuen. Hamaika hizkuntza jakiteko aukera izanda, halako altxorra eskura izanda, ingelesa nahi? “Zu burutik eginda zaude!”, gustura esango ziokeen horrelako zerbait hizkuntzalariak Patrick gidariari, baina ez. Hankak lurrean edukitzea gomendatu zuen hizkuntzalariak, gizarte maila baxuenean bizi denari ezin eskatu hizkuntzaz arduratzeko; lehenengo osasuna, lana, bizi kalitate onargarria, eta gero hizkuntza. Kontua da nola lortu oreka.

Ingurumena babestu. Eta hizkuntzak?

Crystalen bigarren gakoa hori da. Batik bat Europako eta nazioarteko aginte erakundeek izan behar dute ardura hizkuntzen biziraupenaz. 2008a izango da bai ingurumenaren, bai osasunaren eta baita hizkuntzaren nazioarteko urtea ere. Galestarraren ustez, ez da txiripaz gertatu hori, hirurak behar dira bizitzeko. Jendea hasi da hizkuntzen balioaz konturatzen eta guri omen dagokigu nazioarteko erakundeak “gogaitzea” hizkuntzen gaia etengabe mahai gainean jarriz.

Hirugarren gakotzat jo du dirua. Hizkuntzei bizirauten laguntzea garestia dela aitortu zuen, baina kontua omen da zerekin alderatzen duzun. Zifra kalkulua egin zuen orduan: hizkuntza gutxitu bat salbatzeko urtean 200.000 dolar (140.000 euro) behar dira. Mende honetan 3.000 hizkuntza desagertuko dira. Beraz, horiek salbatzeko urteko gastua 600.000.000 dolarrekoa (420.000.000 euro) litzateke.

“Hamar manamenduak”

Crystalek badu Moisesen tankera, bizar zuri luzearekin. Haren itxuran “Hamar manamenduak” jaso ditu eta hitzaldira bildutakoei eskaini. Ez da Sinaí mendira igo ordea, Jainkoaren eskutik aginduak jasotzeko, urtetako esperientziari esker bildu ditu aginduak. Horietako batzuk dira honakoak:

- Erakutsi jendeari zergatik diren hizkuntzak garrantzitsu. Batetik, argudio intelektualak erabili behar dira, eta bestetik, jendearen bihotzera iritsi. “Hizkuntzek kezkatzen al zaituzte?” galdetuta oso ohikoa da hauxe erantzutea: “Hobe hainbeste ez bagenitu, bakarra ere hobe litzateke”. Hizkuntzarik ez bada, mundurik ere ez; eta ez da egia zenbat eta hizkuntza gutxiago orduan eta bake gehiago.

- Erabili hedabideak: telebista, irratia, sarea... Batik bat sarea. Hizkuntza gehiago dago Interneten liburutegi guztiak bat eginda baino. Sareko edozein modu baliatu hizkuntza biziarazteko: e-postak, blogak, txatak, YouTube moduko bideo zerbitzuak... Zergatik aipatu YouTube moduko formulak? Gazteak Internet eta teknologia berrien munduan dabiltzalako eta beraiek direlako etorkizuna.

- Errespetatu zaharren zein gazteen hizkuntza. Gazteen hizkera entzunda (askotan maileguz josia) zaharrak aztoratu egiten dira. Adineko horiek gazteek hizkuntza txarra, pobrea darabiltela diote eta gazteei horrelakoak esatea arrisku latza da. Ez dago hizkuntza pobrerik, maileguak ez dira txartzat hartu behar, aldatu ez diren hizkuntza bakarrak hilda daudenak dira.

- Ez da ezinbestekoa hizkuntza guztietan jario ona izatea. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten duen hiztun asko dago munduan eta ez ditugu denak maila berean menperatzen. Askotan esparru bakoitzerako hizkuntza bat dugu, etxerako, eskolarako, kalerako... Kontua ez da etengabe itzultzen aritzea dakigun mailan hizkuntza hori erabiltzea baizik.

- Ez isolatu hizkuntza. Hizkuntzak bere adar guztietatik gertu egon behar du. Esate baterako, hizkuntza-literatura pareak eskutik helduta joan behar du.

- Propaganda egiteko bitarteko guztiak erabili. Jendeak hizkuntzen balioaz jakitun izan behar du. Nork daki datorren urtean Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela? Propaganda egiteko ekitaldiak, hizkuntzez gozatzeko guneak, sariak... antolatu behar dira. Zein museotara joango gara hizkuntzei buruz jakin nahi badugu? Non dago “Hizkuntzaren Sari Handia”?

- Norberaren hizkuntzaz harago begiratu. Hau da hamar aginduetan betetzen zailena, alegia, zilborrari begiratzeari utzi eta distantzia hartu.

Crystal hizkuntzalariak hitzaldian zehar behin baino gehiagotan esan zuen hizkuntzaz baino hizkuntzetaz hitz egin behar dela, norberarena salbatzen tematu eta besteetaz ahazteak ez duela zentzurik, gurea bezala edo okerrago milaka daudelako munduan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude