"Dokumentalak ez du inoren irudia garbituko"

  • Errenteria, 1952. Hamabi urterekin aldatu zen Donostiara. Iruñea –kazetari izatea xede–, Belgika –erbestea–, El Puerto de Santa María eta Segovia... –Euskadi eta askatasuna xede– ezagutu zituen ondoren. La fuga de Segovia filmak zinemaren mundura eta –abenturara– bideratu zuen. Zinema ekoizle da. Veinte años y un día liburuan zinemagintzako bizipenak kontatu ditu modu bitxian. El año de todos los demonios da bere azken lana. 1976an desagertutako Eduardo Moreno Bergaretxeren –Pertur; ETAko kidea– kasua ikuspegi berri batetik aztertu du dokumentalean.
Angel Amigo
Angel Amigo, 'El año de todos los demonios' dokumentalaren egileaDani Blanco
ETAko buruzagi Eduardo Moreno Bergaretxeren, Perturren, desagerpena gaizki “barneratutako” kasua izan liteke. Halaxe begitandu zaigu Pertur ETA 71-76 liburuaren eta El año de todos los demonios dokumental berriaren egile Angel Amigorekin solastatu ondoren. Bere hitzetan, liburua garai hartan hainbat jenderengan interiorizatu zen egoeraren emaitza izan zen. ETAko kideek desagerrarazi zuketen ustea, alegia. Iaz, ordea, Perturren 30. urteurrenaren karietara Pertur kasuak norabide berria hartu zuen: “Pertur italiar neofaxistek desagerrarazi zuten tesia indartu du dokumentalak”, adierazi digu Angel Amigok.

Beraz, Pertur ETA 71-76 liburuaren tesia aldatu dela esan daiteke.


Tesia ez da aldatu, gertakarira hurbiltzeko modua baizik. Liburuan orduko ingurua jaso nuen eta barne klabean idatzi. Gure mundua geure inguru hurbilean bukatzen zen, hurbileko “etsaien” edo “aliatuen” ingurura iristen zen nolabait. Nire kasuan, Perturrekin gertatu zena aztertzean, inguruaren ondorioak eragin zuen. Bizi genuen egoeraren barneratze edo interiorizatze berezia izan zen.

Noiz hasi zen sortzen hipotesi berria?


Aldaketa edo jauzia iaz hasi zen. Pertur desagertu zeneko 30. urtearen zioz, ETAko 500 polimili ohik egin genion omenaldian. Mota, jite eta joera guztietako polimili ohiak bildu ginen. “Pertur ETA 71-76 liburua berrirakurri dut, ez dago gaizki” esan zidan batek. Biharamunean liburua berrirakurri nuen. La Gazeta del Norteko fotokopia bat irakurtzean aldartea aldatu zitzaidan. Orrian Angel Berazadiren hilketa zetorren. “Si los terroristas quieren guerra la tendrán” zioen Fragak. “16 deportados en la isla de Yeu”. “Huidos de la cárcel de Segovia son detenidos”. “Sin noticias de los policías desaparecidos en Hendaya” zioten beste titularrek.
“Arraioa, polizia buru bazara, nola heldu honi?” esan nuen nirekiko. Guk Pertur nola ikusten genuen gogoratu nuen une batez: Pertur –ñabardurarik gabe esanda– ETAko ona zen, borroka armatua uztea proposatzen zuena. Besteak gaiztoak ziren. ETAn (pm) zeuden joerak oso desberdinak ziren, bi ildo zeuden. Horiek horrela: “Nork egin ziezaiokeen mina?” pentsatu genuen. Poliziak aldiz nola ikusten zuen? La Gazetan irakurri berri dudanaz gogoetatu ondoren, talde parapolizialek egin zezaketena barneratu dut nolabait.

Beste ondorioren batera iritsi zinen...


Bai. Garai hartan kasuari buruzko pertzepzio ugari eta desberdinak zirela, eta dokumentalean agertu dudanez, ni neu pertzepzio joko perbertso baten biktima izan nintzen. Egoera horretan gauzak ez dira “diren bezala” “ematen duten bezala” baizik.

Pertur erakundeko kideek desagerrarazi zutela barneratu zenuen beraz.


Bai. Baina ez modu logikoaren ondorioz. Bere tesien aurka zeuden Bereziek desagerpena poztasun izugarriarekin jaso zuten, baita ospatu ere. Tabernetan beraiekin topo egitean “eta zu hurrengoa” zioten. Guk “beraiek izan direla esaten dute...” pentsatu genuen, baita Perturren desagertzea hurbileko arerio politikoengan horrela barneratu zela ere.

(...)
Areago, orduko ETA militarreko buruzagien jarrera oso garrantzizkoa izan zen hura horrela ulertzeko. ETAko (pm) VII. Biltzarreko kideei ere esan zieten, esplizituki. Dokumentalean Lourdes Auzmendiren lekukotasunean jasoa da parte hori. Argala eta Txomin VII. Biltzarrean zeuden, Lourdesi elkartasuna adierazi zioten, gertatua gaitzetsiz. Perturren desagerpenaren atzean Bereziak zeuden uste osoa aditzera eman zioten.

Zer irudi zuen Perturrek erakundean?


Batzuentzat traidorea zen eta besteentzat borroka armatua utzi behar zela planteatzen zuen kide ausarta. Estatuaren esferatik ez zen horrela ikusia, ordea. Dokumentalean orduko ETA politiko-militarraren egoera berreraiki dugu eta alde hori agertu. Urte hartako gertakarien zentzua modu askotara ulertu zitekeen orduan eta ulertu daiteke gaur egun.

Orain atera duzuen hipotesia ez dela berez atera diote hedabide batzuek. Italiar neofaxistek bahitu zutela orain agertzeak harridura sorrarazi du.


Noski. Normala da. Baliteke. Baina, esaterako, Pertur desagertu baino lehen “arrestatua” izan zen. Bereziek arrestatua. ETAren historian holakorik ez zen sekula izan. Arresto bat? Hori datu objektiboa zen eta da. Gogoratu behar dugu Pertur familiarekin kontaktuan zegoela eta bere “barne ezinegona eta kezka” helarazi zizkiola etengabe. Familiak hondoratua hauteman zuen bere eskutitzetan, Perturrek ez zuen poliziaren beldurra adierazi, Bereziekiko beldurra baizik: “Estos bestias han creado un estado policial” idatzi zuen. Ni ez naiz harritzen orduan pentsatu eta idatzi nuenaz, ez nire ingurukoak ez familia ere. Eta gaur egun, haietako bat baino gehiago harritu(ko) da, orain dokumentala ikusita batek baino gehiagok pentsatuko du: “Hara, ez ginen gu izan!”. Ez ahantzi edonola ere, ETAk (pm) polizia akusatu zuela desagerpenaz, erakundeko sektore batzuek ez zutela Bereziek desagerrarazi zioten. Familiak egin zuen akusazioa formalki.

Familiarekin egon al zara?


Gurasoekin izan naiz. Egoera berbizitzea oso gogorra da familiarentzat. Amak adore eman dit hala ere, politikoki gauzak argitzeko batez ere.

Dokumentalean poliziak edo eskuin muturrak desagerrarazi zuela irmo mantentzen duzu, beraz.


Bai. Oraingo tesia sendoa da, ordukoa baino sendoagoa behintzat. Noski, hilotza agertzen ez den bitartean ez dago ezer frogatzerik. Baina, ikerketaren ondorioz testuinguru honetan bildu ditugun datuak eta Italiako zantzuak sendoak dira. Zoritxarrez Italian ez dago ezer amaituta, kasua ez dago itxita. Azken froga ez egoteak ez du kentzen hala ere, bertsio hau sinesgarria ez denik. Dokumentalak oraingo ikuspegiaren lekukotasun funtsatua kontatzen du.

Ikuspegia funtsatzen duen zantzuren bat aurreratu dezakezu?


Italiar poliziek Pier Luigi Concutelli neofaxista Ingram metraileta –Marieta bezala ezagutua– batekin harrapatu zuten, epaile italiar bat akabatzeko erabili zutena. Sumarioan ageri denez arma fabrikatua den lantegira (AEBetara) joan ziren eta metraileta hura eta beste bi Madrilgo Informazio Brigada Zentralak erosiak ziren, Conesa komisarioak sinatuta dago. Neofaxista horiek garai hartan Ipar Euskal Herrian egin ziren hainbat atentatuen egiletasuna onartu zuten 1984an. 1976an izan zen ETAko kide baten bahiketa bere gain hartu zuten. Sumarioa aztertuta, zaila dirudi hamar urte ondoren hori guztia asmatzea.

Sumarioan “solte zeuden datu batzuk azaleratu dira, baina ez dugu gauza handirik espero justiziarengandik” esan duzu.


Bai. Kasuaz galdetuta “guk ez dakigu ezer, paperak galdu dira” erantzun digute. Ikerketa posiblearen aurrean eszeptizismoa erabatekoa da. Badago ikertzeko bide bat baina abokatuek zaila ikusten dute. Espainiako poliziak ez du inoiz kasua ikertu. Italiako justiziak kasua ikertzea eskatu dionean, poliziak ez du aintzat hartu. Kasua blokeatuta dago, gu kasura hurbildu besterik ez gara egin.

Dokumentalean parte hartu duzuenok nola eraman duzue lana?


Lana emozio-egoeran egina da. Dokumentalean alde politikoa eta emoziozkoa jasotzen dira. Alde emozionalak hurbileko pertsonak gainditu ditu: heriotza edota tortura imajinatzeak pertsonengan eragin du. Lan zaila da, zirraragarria, gogorra... Batzuek ez zuten garai hura berbizi nahi, jendeak ahaztu nahi du. Gainera uste bat hausten baduzu... Nik ere izugarri sentitu dut egoera berbizitzea, baina nire lana da.

Eugenio Etxebeste Antxonen lekukotasuna jaso duzu. Nola izan da harremana?


Hitzordu bat eskatu nion, bi hilabetera erantzun zidan. Kasuaren bere bertsioa azaldu du. Baten batek, agian, Antxon ezertaz errugabetzeko asmoa dudala pentsa dezake. Baina, nor naiz ni horretarako?

Ezagutzen zenuten elkar?


Ez.

Alde politikoari begira ondorioak atera daitezke dokumentaletik?


Baliteke. Agian, baten batek Perturren desagerpena zela kausa borroka armatua errefusatu zuen, Bereziak desagertzearen errudunak izan zirelakoan. Eta orain Berezien edota milien jardueraz beste ikuspegi izan dezake orain? Edo alderantziz. Izan ere, Perturren kasua bi aldeek erabilia izan da, geroago Yoyes-en hilketa erabili zen bezala. Pertur kasua erreferente bat izan zen, baina geroko jarduera armatuek, nire iritziz, ez dute justifikatzen edo baldintzatzen Perturren desagertzea modu batera edo bestera izatea. Hau da, Bereziak izan ez arren, sektore bat Perturren desagertzearekin gustura eta harro geratu zen.

Perturren desagerpenak politikoki beste zerbait galarazi al zuen?


Bai, eztabaida politikoa eragotzi zuen. Hau da, “gaiztoak eta onak” irudi baldarra eszenaratu zuen. Izan zitekeen eztabaida argigarria galdu zen, borroka armatuaren gaia erraietatik garatu zen. Ideologikoki, beharbada, norbaiti kezkak sorrarazi zizkion. Hau da, zer egin dugu? Ezker abertzalean Pertur ez da biktimen artean sartu, sektore zabal batek kasua barneratu zuen, baita beste astakeria asko ere. Hala ere, zaila da emozionala eta ideologikoa bereiztea.

Dokumentala egin duzuen artean eragin al du ustearen aldaketak? .


Ez. Niretzat eta nirekin aritu direnentzat ez du inolako garrantzirik Bereziek edo poliziak desagerrarazi izana. Pertur kasua modu batera edo bestera izan, Bereziek edota miliek harrezkero egin dutenak ez du euren basakeria garbitzen.

Dokumentalaren berri prentsan atera eta maniobrak aipatu dituzte batzuek, historiaren errebisioa egin nahi izatea.


Ez dakit zer maniobra motak ikusi dituzten... Perturren kasua argitu gabe dago eta inplikatuago gaudenok interes gehiago dugu berau argitzeko. Norbaitek pentsatzen badu inor errugabetze nahian aritu garela zeharo nahastuta dago. Ez nik edo beste inork ez dugu inoiz inor kondenatu gertatu zenaz. Baten batek dokumentala baliatu nahiko duela? Berdin zait. Dokumentalak ez du inoren irudia garbituko horregatik.
Perturren iazko omenaldian 500 polimili ohi bildu ginen. Jendearekin hitz egiteak motibatu ninduen politikoki eta profesionalki, nire lanbidea da. Ni naiz 500en artean zinegile bakarra. Hara azaldu ez banintz, “maniobra direlako horiek” ez ziren izango. Ez dago beste arrazoirik. Han egoteak eta zinegile izateak ekarri dute El año de todos los demonios dokumentala.

ASTEKARIA
2007ko irailaren 16a
Azoka
Azkenak
Hurrengo ikasturterako irakasle gehigarriak jasoko ditu Seaskak

Bordeleko Errektorearekin hitzartu du "behin-behineko" akordioa Seaskak. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko negoziaketak abiatuko dituzte hurrengo astean. Azterketak euskaraz egiteko aukera... [+]


2025-05-27 | ARGIA
Azpikontratatutako langile bat hil da Amurrion teilatutik behera erorita

Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.


2025-05-27 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsa
Uribarri Jauregiko akanpadan iraganeko borrokak eta egungo nazioartekoak uztartu zituzten

Maiatzaren 16tik 18ra EH Bizirik sareak deituta kanpaldia egin berri dute Uribarri Jauregin. Hainbat ekintza, hitzaldi eta tailer egin zituzten bertan. Besteak beste, Lemoizko zentral nuklearraren, Pasaiako superportuaren eta Olaztiko erraustegiaren aurkako borroketan ibilitako... [+]


Hilberria
Richard Irazusta politikaria hil da, 66 urterekin

Lizarra-Garaziko akordioan hartu zuen parte, Abertzaleen Batasunaren ordezkari gisa. Alderdi horretako bozeramaile izan zen. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen 1988an, 1993an, 1995ean eta 1997an. Azken hamar urteotan Hendaiako auzapezorde izan da.


Haur irakurzaleek ere beren topaketa eguna izango dute

Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]


2025-05-27 | Jon Torner Zabala
Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian

2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu berria plazaratuta azaldu die elkarteak esker ona,... [+]


Analisia
Aroztegiko epaiketa: sorgin ehiza modernoa

Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez ba, bost eguneko epaiketa zuzenean... [+]


2025-05-27 | Mikel Aramendi
Distopia orwelldarra beste 99 urterako Txagos uhartedi urrunean

Erresuma Batuko ika-mika parlamentarioaren mamia zen Keir Starmerren gobernuak, azkenean, sinatu duela Maurizioko Errepublikarekin Txagos uhartediaren subiranotasuna hari aitortzen dion tratua. Hori bai, bertan AEBek (Erresuma Batuaren presentzia hutsaren hurrengoa baita) duten... [+]


ELAk Guardian taldearen kontrako kereila aurkeztu du, Autoglas-Glavistaren itxieragatik

ELA sindikatuak salaketa penala aurkeztu du Amurrioko Instrukzio Epaitegian Guardian Europako lehendakariordearen eta gai juridikoetako arduradunaren aurka, Autoglas-Glavista enpresan izandako gertakariengatik.


Getxoko Udalak EH Bildu zigortu du Palestinari elkartasuna adierazteko mural bat egiteagatik

Getxoko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udalak isun ekonomikoa ezarri dio, 2024ko azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Egunean, Villamonteko eskaileretan Palestinaren bandera marrazteagatik. Udal-zerbitzuek horma-irudia egin eta hiru egunera... [+]


2025-05-27 | Gedar
Ekainaren 30ean hasiko da Pasaiako Escalerillaseko bizilagunen aurkako epaiketa

Bederatzi familia etxegabetzeko prozedura judizialak abiatu ditu Pasaiako Portuak, eta bost familiaren aurkako epaiketari ekingo diote ekainaren 30ean, Donostian. Kaleratzeak geldi ditzatela eta bizilagun guztiei bizitoki alternatiba bat berma diezaietela exijitu du Euskal... [+]


2025-05-27 | ARGIA
50 urteko behargin bat hil da Andosillan, zama gainera erorita

Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.


2025-05-27 | Sustatu
Wikikasi, ikas-egoerak landu ikastetxean Wikipediarekin lanean

Ikas-egoera, Wikipediaren arabera, hezkuntzari lotutako ingurune batean egiten den baliabide eta jarduera didaktiko antolatuen bidez egiten den ekimen pedagogikoa da. Eta hain zuzen ere, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE), euskarazko Wikipediaren sustatzaileak,... [+]


Eguneraketa berriak daude