Jarrera baikorra botika baino hobe

  • Sintomak deskribatu eta errezeta jasotzera mugatzen da askotan medikuarenganako bisita. Baina maiz, azaleko arazoa baino ez da hori: ikerketa ugariren arabera, gure izateko era, aldartea, emozioak eta, azken finean, bizitzarenganako dugun jarrera dira hainbat gaixotasunen arrazoi ezkutua. Teoria hauen esanetan, medikuek gure nortasuna eta psikea gehiago aztertu beharko lukete, ezaugarri fisiko eta organikoetara mugatu beharrean.
Gaixo bat ospitalean
Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gaixotasunen sortze eta garapenean emozioek duten garrantzia onartzen du oro har medikuntza zientifikoak, baina zailtasun metodologikoengatik nahiko baztertua du azterketa alor horretan. Dena den, teorian sartu aurretik, gertuko esperientzia bat bilatu nahi izan dugu, eta minbiziarekin bizitakoa kontatzeko eskatu diogu Junkal Amoresi, minbiziaren kasuan aldartea faktore erabakigarria dela baitiote espezialistek. Duela zazpi urte, 22 urte zituela, beste arrazoi batzuengatik medikuarengana joan zenean, Junkal Amores irundarrari (Gipuzkoa) bi koskor ikusi zizkioten eztarrian. Hamabost egunetan probarik proba ibili ostean, Hopkinsen linfoma zuela esan zioten. “Egia esan –diosku–, lasaitua hartu nuen; 15 egun neramatzan lorik egin gabe eta gaitzari izena jarri nionean egoerari buelta ematen hasi nintzen”. Hasieratik hartutako jarrera baikor horrek biziki lagundu ziola argi du irundarrak: “Ezinbestekoa da dena ondo joateko, zure buruan hasten zarelako sendatzen. ‘Zergatik niri?’ galdera buruan bueltaka zuten gaixoak ikusten nituen, baina horrek ez zaitu inora eramaten eta psikologikoki indarrik ez baduzu, hain tratamendu gogorrari aurre egitea eta fisikoki dituen ondorio guztiak jasatea ezinezkoa da”. Kimioterapiako zortzi saio jaso zituen eta erradioterapiarekin esofagoa erre zioten. Horregatik, naturistaren aholkuak jarraituz, erradioterapia hartzeari utzi zion, dieta makrobiotikoarekin eta belar osagarriekin jarraitu zuen eta sendatu egin zen. Medikuek errieta egin ziotela kontatu digu, erradioterapia uztea tratamendua pikutara botatzea zela eta linfoma birsortzeko aukera asko zituela esanez, baina zazpi urte pasa dira ordutik, eta ez zaio halakorik gertatu.

“Nik ez dut sinesten medikuek bakarrik sendatu nindutenik –dio Amoresek–, norberak ere egin behar duela pentsatzen dut, konbentzituta nago gure burua, guk geuk aurre egiteko jartzen dugun indarra ezinbestekoa dela gaixotasuna gainditzeko”. Bere esanetan, janariarekin eta buruarekin lan egiteak pila bat lagunduko luke minbizia gainditzen, “baina horrek ez du dirurik ematen eta farmaziek minbiziarekin 6.000 euro irabazten dituzte gaixo bakoitzeko”. Kimioterapia tratamendu oso gogorra dela dio, eta ez dela soluzioa, kontrako efektua eragiten duela: “Pixkanaka hondatu egiten zaitu eta beste alternatiba asko egon daitezkeela uste dut. Azken finean, ez nator bat tratamendu tradizionalaren filosofiarekin: ‘Guk egingo dugu dena, zu hor ezarri eta txuteak jaso’.

Gaixoak jarrera aktiboa izatea beharrezkoa da, hortik atera nahi duen lehenengoa zu zeu zarelako eta jarrera aldaketa hori bilatzen ez duen metodoa ez da ona”.

Baina sendatze prozesuan soilik ez, gaixotasunak sortzeko garaian ere egoera emozionalak eragina izan dezakeela esaten dute hainbat ikerketek. Irundarrak ez du uste gauzak besterik gabe gertatzen direnik: “Zure anai-arreben genetika berdina izanik, agian zu bakarrik gaixotu zaitezke, janariak, bizimoduak, bizipenek… eragiten dizutelako. Ez dut uste momentu txar bat daukazulako minbizia sortuko zaizunik, baina bai zure genetikan edo barruan dagoen zerbait une jakin batean azaleratzen dela, zure buruak horra eraman zaitzakeelako. Gaitza lo egon daiteke, eta emozionalki okerrago zaudenean harrapatzen zaitu, defentsak baxuago dituzunean. Pertsona bere osotasunean hartu behar da kontuan, animoz ondo ez bazaude gorputzak somatizatu egiten duelako.

Nire amak adibidez kartzinoma bat izan berri du, noiz eta hain juxtu une oso txarra igarotzen ari denean, arazo ugarirekin. Zer kasualitatea!”.

Iñaki Badiola Donostiako Onkologikoko psikologoak bularreko minbizia duten emakumeekin egiten du lan eta bere ustez, denak eragina badu ere, faktore emozionalak barne, azken erantzuna biologikoa da. “Sinetsi dezaket eragin psikosomatikoa dagoela zenbait gaixotasunen atzean eta nire egoerak ultzera bat sortzea edota defentsetan eragitea; era berean, shock emozional batek minbizi bat azkartu dezakeela ez nuke baztertuko, baina aurretik oinarri biologiko eta genetikoa dagoela pentsatzen dut”. Hala ere, joaten zaizkion emakume askok zergatia segituan bizitzako egoerekin lotzen dutela aitortu digu, une txar bat igarotzearekin: “‘Niri gaixotasuna atsekabeek ekarri didate’, esan zidan lehengoan emakume batek, seme-alabekin zituen arazoak medio, eta hainbatek hala uste du, euren esperientziatik duten pertzepzioa da, baina orokortzea zailagoa da, nola frogatu hori? Datu numeriko nola bihurtu?”. Jarrera positiboa duten gaixoak hobeto edo azkarrago sendatzen direnik ezin dela ziurtatu ere gaineratu du Badiolak.

Beste iritzi bat daukate ordea ALCER (Giltzurrunetako Gaixotasunei Aurre Egiteko Elkartea) Gipuzkoako Kolde Navarlaz psikologoak eta Maider Amenabar gizarte langileak. Euren esperientziari kasu eginez, giltzurrunetako gaitzarekiko jarrera edo egokitzapen ona duen gaixoak gertaera negatibo gutxiago izan ohi ditu onartu nahi ez duen pazienteak baino. “Nire ustez –azaldu digu Kolde Navarlazek–, pertsonalitatea ez da guztiz erabakigarria, baina asko eragiten du: transplantea ondo ateratzeko, adibidez, ebakuntza ona egiteaz gain aukera gehiago ditu dialisira ongi egokitu den pazienteak. Dialisira jarrera desegokiarekin sartuz gero, transplantera urduriago doa eta orokorrean transplantearen ondorengo prozesuan arazo gehiago izaten ditu.

Horregatik, guk garrantzi handia ematen diogu arlo horri. Noski, arlo klinikoa funtsezkoa da, baina pertsonalitate, egokitzapen eta onarpenaren aldetik, paziente positiboenek edo orekatuenek hobeto daramate prozesua eta ondorio kliniko negatibo gutxiago izan ohi dituzte etapa guztietan zehar, hori gure esperientziak argi eta garbi erakutsi digu”.

Izaerak gaitzaren sorreran eraginik izan dezakeela aitortzea, dena den, gehitxo iruditzen zaio Navarlazi: “Ezin da esan pertsonalitate jakin bat izateagatik giltzurruneko gaixotasuna izateko aukera handiagoak dituzunik; kausak asko dira, hereditarioa izan daiteke, beste gaixotasun batzuetatik eratorria, jaiotzetiko malformazioengatik, infekzioengatik… Edonori suerta dakioke”.

Denek argi dutena laguntza psikologikoaren beharra da, norberaren nortasuna aldatu ezin badaiteke ere, pazientearen jarrera baikorra lortzeak gaixotasunaren garapenari on egin diezaiokeela uste baitute. ALCERen, aspektu psikosozialak lantzen dituzte eta Onkologikoan ere denei psikologoa, psikiatra eta laguntza soziala eskaintzen zaiela esan digu Badiolak. Junkal Amoresek ez zuen halako zorterik izan: medikuek ez zioten inoiz psikologorik eskaini eta laguntza psikologikoari ez ziotela batere garrantzirik ematen dio. “Alderdi pertsonala nahiko baztertua dutela uste dut, nire kasuan behintzat. Zure bizitzako momentu txarrenetakoa pasatzen ari zara, baina ez dizute laguntzen”.

Ikerketek diotena

Minbizia eta giltzurrunetako gaitza ez dira jarrera baikorraren onurak eskertzen dituzten gaixotasun bakarrak. Ikerketa ugariren arabera, nortasun orekatu eta optimista dutenek oro har gaixotasun gutxiago jasaten dituzte. Azken finean, emozioak organismoaren kitzikatzaileak direla defendatzen dute azterketok, emozioak berezkoak –geneetan daudenak– eta ikasiak izan daitezkeela gogoratuz. Noski, emozioak ez dira gure osasuna determinatzen duten faktore bakarrak, ohitura txarrek, ingurumenak edota germenek ere kaltetzen gaituzte, besteak beste, baina eragile garrantzitsua dira. Discovery DSalud osasunari buruzko aldizkariaren arabera, “ukatze egoera emozionalak” –hira, sumina edota depresiora jotzen duten pertsonak– arteriak gogortu eta edozein motatako gaixotasunetarako joera handitzen du; “onarpen egoera emozionalak” berriz –optimismoa, alaitasuna, lasaitasuna edota poztasuna bezalako ezaugarriak dituztenak–, arteria buxadura gutxitu eta gure immunitate-sistema indartzen du. Esaterako, pertsona hiper-erreaktibo, agresibo, areriotsu edota konpultsiboak arazo kardiakoak, arteria koronarioetako desorekak, bularraldiko angina edota miokardioko infartua jasateko aukera gehiago ditu; etsaitasunezko jarrerak kardiopatia iskemikorako arriskua asko handitzen du; antsietateak asma eta ultzera areagotzen ditu; eta jende lasaiagoa dirudienak, baina barruan asko gordetzen duenak, digestio arazoak izan ditzake (ultzera gastrikoak, kolon narritakorra…). Estresaren inguruan ere azterketa franko egin da eta denek erakusten dute pertsona estresatuaren immunitatea jaitsi egiten dela eta infekzio, minbizi, asma, urdaileko ultzera eta abarren sorrera errazten duela. Antzinaroan, egiptoarrek jada bazekiten estresa kaltegarria zela osasunarentzat, eta minbizidun saguekin egindako esperimentuetan, adibidez, estresak tumorea handitu egiten duela frogatua dago.

Gizakiekin ere egin da gai honen gaineko esperimenturik, psikoneuroimmunologiari lotuta batik bat (ikus ezkerreko orriko koadroa). Pennsylvaniako (AEB) Pittsburgh Unibertsitateak Health Psychology aldizkarian argitaratutako azterketarako, medikuek 84 parte-hartzaileri B hepatitisaren infekzioa sortzen duen eragilearen kopuru txikia injektatu zieten. Aurretik, inkesta egin zieten, euren nortasuna definitu aldera. Emaitzak argiak izan ziren: nortasun “ezkorra” zutenek okerrago egin zioten aurre hepatitisaren eragileari. Nortasun ezkor hori definitzeko ezaugarrien artean urduritasuna, tristura, tentsioa, zorigaitza, melankolia, egonezina, angustia, antsietatea eta ondoeza hartu zituzten kontuan. Halaber, J. Barefoot eta R. Williams doktoreek eginiko beste ikerketa batean, pertsona suminkorren –“batez ere bizitzaren ikuspegi ezkorra dutenen”– odolak ohikoa baino linfozito eta zelula antikantzerigeno gutxiago zituela ikusi zuten. David Spiegel medikuak berriz, bularreko minbizia zuten bi emakume talde aztertu zituen. Bietan tratamendua berdina izan zen arren, A taldea terapia egiteko bildu zen astero eta B taldea ez. Hamar urte beranduago, heriotza kopurua bikoitza zen B taldeko emakumeen artean.

Finean, gure emozio, pentsamendu eta jarrerak organismoan eragiten dutela dioten aurkikuntza eta azterketak gero eta onartuagoak daude medikuntzan. Horregatik, gaitzei aurre egiteko lehenik borroka guk geuk egin behar dugula eta geure gorputzari, buruari eta sentimenduei entzutea beharrezkoa dela diote teoria gero eta gehiagok. Aldi berean, hasiera batean harrigarria dirudi medikuaren kontsultetan alde psikologikoari sintoma fisikoei bezainbesteko garrantzirik ez ematea; osasungintzan pertsonaren alderdi psikologikoa eta fisikoa bereizia egotea, gizakia bere osotasunean aztertu beharrean.

Osakidetzan kasuak barra-barra

Hain zuzen, psikologo bezala pixka bat gehiago prestatuta egotea eskertuko luke Gonzalo Gomez Iturriaga Sopelako (Bizkaia) osasun zentroko lehen mailako arretako medikuak, “baina esperientziaren psikologiarekin konformatu behar dugu”. Eta bere esperientziaren arabera, nortasuna eta egoera emozionala oso garrantzitsuak dira, gaur egun arazo pertsonalekin lotutako kasu asko jasotzen dituelako. “Patologia psikiatriko oso-oso altua dugu oraintxe bertan lehen mailako arretan –dio–, antsietate desorekak, desoreka depresiboak, desoreka hiperaktiboak…”. Batez ere gaixotasun psikosomatikoak nabarmendu ditu Gomez Iturriagak; hots, koadro kliniko somatikorik ez duten pazienteak, oinarri organikorik gabeko gaitzekin: “Zorabioak adibidez organismoko faktore askorengatik izan ditzakezu, baina banan-banan esploratu eta agian ez diozu pazienteari batere aurkitzen.

Azkenean, bere nortasun eta bizitzan pixka bat arakatu eta arazo pila bat aurkitzen dituzu atzean, eta konturatzen zara zorabioa antsietateak sortu diola. Halakoetan ez duzu zorabioa (azalekoa) landu behar, atzeko guztia (oinarria) baizik”. Ia eguneroko kontua dela ziurtatu digu medikuak, eta patologia funtzionalak direla, ez organikoak, organoa oso ongi dagoelako, baina funtzionamendua ez, eta sintomek sufritzen dute. “Batzuetan erotu egiten zara, artikulazioetan mina duela-eta probak egiten dizkiozu etengabe, artikulazioetako mina eragiten diona urduritasuna dela konturatzen zaren arte; konplexua da”.

Horregatik guztiagatik, gaixoa ondo ezagutzea ezinbestekoa da, nortasunak pertsona horren sintomak azaldu ditzake eta lan asko aurreztu daiteke. Lehen mailako arretan, urteen poderioz lortu ohi den elkar ezagutze hori familia-medikuek duten abantaila handia dela uste du Gomez Iturriagak, dagoeneko konfesore lana ere egiten dutelako. Baina Ipar Euskal Herriko osasun sisteman zuzenean norberak bere medikua aukeratzen baldin badu, ez da berdin gertatzen Hegoaldean: bertako osasun sistema publikoak lekuz alda ditzake medikuak, “bitarteko langile asko erabiltzen denez, bitarteko horiek oposaketetan plaza ateratzean norabait mugitzen dituztelako”, azaldu du. Bera ere laster beste zentro batera eramango dutela esan digu medikuak eta bere pazienteak haserre daudela; “alukeria da, gaixo bakoitzarekin berriz ere zerotik hasi behar zarelako”. Horri kontsultaren iraupen urria gehitu behar zaio, 10 minutura ere ez baita iristen eta ondorioz, gaixoaren nortasunean, emozioetan edo psikean arakatzeko denborarik ere ez da izaten: “Sarri, sintomak ikusi eta pilula ematea da ohikoena, eta askotan ez da egokia, baina denborarik ez dagoenez eta gaixoa ezagutzen ez duzunez, ez duzu beste aukerarik”.

Junkal Amores irundarrak argi dauka: medikuntza orokorrean, alderdi psikologiko eta emozionala ez da kontuan hartzen: “Gauza bat da ikerketetan eragin hori frogatzea, eta bestea Gizarte Segurantzara eramatea. Kontsultan 40 urte daramatzaten medikuak daude, birziklatzen ez direnak eta euren egunerokotasunaren errutinan, mekanika atzeratua darabiltenak”. Azken finean, sendatuko zaituen profesionalaren esku dago sintometatik haratago joatea. Osasun publikoak medikuei eskaintzen dien prestakuntzaren baitan, norberak aukeratzen du gogokoen duen ikastaroa, baina gai honen ingurukoak gutxi direla aitortu digu Sopelako sendagileak. Halaber, osasun sistemak arlo fisikoa eta mentala banatuta dituenez, osasun zentroetan ez dago ia psikologorik eta osasun mentaleko zentroetan psikiatrak bai baina oso psikologo gutxi daude. “Hala ere –dio Gomez Iturriagak– ezin dugu dena psikiatrarengana edo psikologoarengana bideratu, eurek ere gainezka egingo luketelako eta gainera, psikiatrak larria ez dela ikusten duenean, gaixoa guregana bideratzen du berriz”. Faktore psikologikoak medikuntzan duen garrantzia jakina dela azpimarratu du Iñaki Badiolak eta osasun sisteman laguntza mota hori integratzen ez bada zailtasun ekonomiko eta instituzionalengatik izango dela. “Hainbeste gauza entzuten direnean –gaineratu du–, ziur gai honek guztiak eraginik baduela.

Baina zailena hori frogatzea da; nola eraman dimentsio emozional eta afektiboa zenbakietara?”. Hor dago gakoa.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Gorputz hotsak
“Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata”

Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]


“Bero jasangaitza” eta “arreta urria” salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


2025-08-29 | Euskal Irratiak
Maitena Chohobigarat
“Beharbada menopausia gehiago aipatu beharko genuke, aterabideak badirelako”

Baionako ospitalean unitate berritzaile bat ideki da: kardio-ginekologia unitatea, menopausian diren emazteei zuzendua. Gai hau, askotan tabu edo bazterrean utzia, osasun arazoak eragin ditzake bizitzako etapa horretan.


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Prep botika farmazietan eskuragarri jartzeko asmoa iragarri du Espainiako Osasun Ministerioak

GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.


2025-07-23 | Onintza Enbeita
Aloña Erauskin. Biziraulea
“Sortzetiko gaixotasunak ditugunok ez daukagu erabakitzeko aukerarik gauza askotan”

Bihotzak eztanda egin arte biziko da Aloña Erauskin (Berrobi, 1999), beste guztiok bezala. Besteon aldean, ordea, presente dauka aukera hori.


Jaurlaritzako Osasun Sailak lantaldea berregituratu du, “arreta modernizatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko”

Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude