Kanabisa eta gazteak, eztabaida usaina berriro

  • Britainia Handian berriro dabiltza eztabaidatzen marihuanaren estatus legala. Oraingoan, duela hamar urte despenalizazioa eskatzen zutenek berek gaur legeak gogorrago zigortzea eskatzen dutelako. Kanabisak gazteen burmuinetan eragiten dituen kalteak daude tarteko.
kanabisa kontsumitzea legezkotzat jo dezaten eskatzeko martxa Bostonen
Argazki hau joan den irailean AEBetako Bostonen egin zen, kanabisa kontsumitzea legezkotzat jo dezaten eskatzeko martxa batean. Britainia Handian antzeko kanpaina askoren poderioz lortu zen legea alor horretan pixka bat biguntzea, baina orain aurrerazale fama daukan The Independent egunkariak ekin dio alderantzizko bideari, maria kontsumitzea zorrotzago kontrolatzea aldarrikatuz. Aditu askok oso bestelako iritzia dute. Adibidez, batzuek psikiatrei eta poliziei galdetuta drogen sailkapen zerrenda osatu dute, eta deigarria da horretan kanabisa erditik atzera egotea. Bera baino arriskutsuagotzat jo dituzte (nola ez) heroina eta kokaina, baina baita barbiturikoak, metadona, alkohola, tabakoa eta anfetaminak ere. Edonola ere, urteotan erretzea hainbeste zabaltzearekin ugaritu dira horrekin batera psikosi, paranoia eta eskizofreniak ere. Eta gero eta gaztetxo gehiago dabil menpekotasunarekin borrokan.

Londresko The Independent-ek iritzia kanbiatu eta barkamena eskatu die irakurleei duela hamar urte kanabisa despenalizatzearen aldeko kanpaina egin zuelako. Zer gertatu zaio 1997an kanabisa legeztatzea eskatu zuen The Independenti orain artikulu bat “Kanabisa: atzera egiten dugu” eta bestea “Kanabisa: barkamena eskatuz” titulatzeko? Honakoa: “Sekula baino gaztetxo gehiago dago drogarentzako tratamendu beharrean, ‘skunk’ erretzeagatik, duela hamar urte saltzen zena baino 25 aldiz bortitzagoa den kanabisa. 22.000 jendez goiti artatu dituzte iazko urtean, eta horietako gehienak 18 urtez azpikoak ziren”.

Egunkari horrek publikatu duenez gaur gehien kontsumitzen diren mariak urteotan egindako hautatze prozesuen emaitzak dira, eta lehen ez bezala Britainia Handian bertan ekoitziak negutegietan edo etxeetan bonbila ultramoreen argitan, horregatik omen daukate askoz ere Tetrahidrokanabinol (THC) gehiago. Horrek esplikatuko luke kanabisaren ondorioz gaur egun askoz ugariagoak izatea paranoia eta memoria galtze kasuak, batik bat burmuinak oraindik garatze bidean dauzkaten adoleszenteen artean.

Milioi eta erdi britainiarrek erretzen omen dute kanabis bortitz hau, gero eta gehiago gainera. Eta osasun arazoak ere ugarituz doaz: 22.000 belarzale zaintzapean, horietatik erdia 18 urtez azpikoa; 1997an 1.600 ziren. Bestalde, kanabisaren kontsumoari lotutako arazo psikiko edo portaerazkoak dituztenak 2001ean 581 izan baziren iaz 1.000ra iritsi omen ziren.

Datu horietan oinarrituta, zenbait mediku eta politikari hasi dira eskatzen kanabisari buruzko irizpideak aldatzea. The Independentek Neil McKenaganey irakaslea elkarrizketatu du, Glasgowko unibertsitatean drogen erabileraren behatokia zuzentzen duena. “Gizarteak –erantzun du McKenaganeyk– izugarri gutxietsi ditu kanabisaren arriskuak. Orain aurrean daukagu belaunaldi bat kanabisaren kontsumoak hondatu duena”.

Egunkariak galdezkatu dituen beste aditu batzuek ere berretsi diote urteotako aldaketa zertan datzan: gero eta erretzaile gehiago, gero eta gazteagotan erretzen hasiak, eta pipatzen dutena duela hamar urtekoa baino askoz bortitzagoa. Urteotan kanabisarekin lotutako arazo psikiatrikoak ugaritu egin direla eta, horren zergatien bila dabil hainbat zientzialari.

Batzuek uste dute kanabisak psikosiak eragin ditzakeela burmuinean dopamina produkzioa handituz. Izan ere, eskizofrenian ikusten diren haluzinazioak egon daitezke dopamina gehiegi edukitzeari lotuta. Hala ere, kasu batzuetan psikosia eta kanabisa elkarrekin doazela ikusita ere, ez dago frogatuta bata bestearen ondorioak direnik. Aitzitik, uste da kanabisak eragin kaltegarriagoa izango lukeela aurretik psikosirako joera daukan pertsonaren baitan.

Eztabaida honek badu ondorio praktikoa ere. 2004an, horretarako Londresko Parlamentuak sortutako batzorde baten gomendioz, Gobernuak kanabisa B arrisku mailatik C mailara apaldu zuen. Horren ondorioz, belar pixka bat edukitzea ez da delitua. Orain The Independentek abiatu duen kanpaina berriaren helburua kontraerreforma litzateke: kanabisa berriro B mailara eramatea.

Drogen mailaketa arriskutsua

Kanabisaren eta osasun mentalaren arteko harremanez aspalditik dago disputa. Eztabaidan New Scientist famatua ere sartu da, esanez 1960ko hamarkadan hasi zela aipatzen nola Jamaikako rastafarien artean psikotiko asko zegoen. 1987an Suediako mediku talde batek ikerketa burutu zuen soldadu gazteen artean, bukaeran esateko kanabisa erre zutenek bestek baino sei aldiz arrisku gehiago zutela eskizofrenian erortzeko. Horren ondoren ezin konta ahala eztabaida izan dira zientzialarien artean.

Arazoa hobeto finkatzeko hari berri bat Londresko King’s College-ko ikerlariek atera zuten: hauek 2003an erakutsi zuten eskizofreniarako joera genetikoa ere eduki behar dela kontuan. Batzuen eta besteen ikerketak gurutzatuz gero, jakintsu batzuek uste dute aurretik eskizofreniarako joera daukaten pertsonek oso gazterik kanabisa erretzen badute, hauen arriskua hamar bider handitzen dela.

Eztabaida zabalik dago, eta The Independent egunkariak proposatu duenaren kontra ozen mintzatu dira beste zientzialari batzuk. Hauen artean David Nutt psikofarmakologoa, The Lancet zientzi aldizkarian argitaratu duena.

Bristol eta Oxfordeko unibertsitateetako ikerlari talde baten buru izan da Nutt eta denen artean egin duten ikerketari titulu hau ipini diote: “Kalterako erabili daitezkeen drogen arriskuak ebaluatzeko eskala razional bat nola garatu”. Ikerketan hogei substantziaren arriskuak aztertu dituzte, eta hori ahalik eta zorrotzen neurtzeko hiru irizpide erabili. Batetik, droga hori erabiltzen duen gizakiaren organismoan egin dezakeen kaltea. Bestetik, sortu dezakeen menpekotasuna. Eta hirugarrenik, gizarteari dakarzkion arazoak.

Ondoren, bi aditu talde aukeratu dituzte, adikzioetan ari diren psikiatrak batetik eta polizia zientifikoko ordezkariak bestetik, hogei droga horietako bakoitzari 1etik 3a arteko arrisku maila egotzi diezaioten, esan ditugun hiru irizpideen arabera. Hortik atera den zerrenda ez dator bat legez bakoitzari aitortzen zaion arriskuarekin. Hona nola geratzen diren drogak aditu horiek emandako arrisku gaitasunaren arabera:

1. Heroina.
2. Kokaina
3. Barbiturikoak
4. Metadona
5. Alkohola
6. Ketamina
7. Benzodiazepinak
8. Anfetaminak
9. Tabakoa
10. Bupremorfina
11. Kanabisa
12. Disolbagarriak
13. Metiltioanfetamina
14. LSDa
15. Metilpenidato edo Ritalinea
16. Esteroide anabolizanteak
17. GHB (bortxatzaileena)
18. Estasia
19. “Poppers”ak
20. Kata

Ikerketak bezala zerrendak eztabaida luzetarako emango du, bistan denez. Kanabisari dagokionez, zerrendaren erdialdean ageri da adituen iritzian osasunaren gain eragina duelako (nahiz eta inor ez hil marihuana sobredosiz), menpekotasun maila bat baduelako eta gizartean ere eragina bai, dela trafiko ilegala, trapitxeoa, osasungintzako kosteak eta tabakoa erretzeari lotutakoak.

Adituok, bestalde, argi utzi dute urteotan maria bortitzagoa zabaldu dela, baina inondik ere ez hogeita bost aldiz gogorragoa, hori esajerazioa dela. Kanabisa eta eskizofreniaren arteko loturari dagokionez berriz, uste dute gaixotasunen %7an marihuanak azalarazten duela, baina gaixotasuna sortu baino gehiago larriagotu egiten duela, kanabisa erretzean haluzinazioak handiagotu egiten direlako.

Britainia Handian kanabisaz ari dira eztabaidan. Gure artean, are lan gehiago daukagu kokainarekin.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marihuanaren legeztatzea
2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2021-06-04 | Axier Lopez
Drogen aurkako gerra betean, marihuana "legeztatu" dute Mexikon

Martxoaren 10ean, kalamuaren kontsumoa legeztatzeko lege ekimena onartu zuen Mexikoko Kongresuko Behe Ganberak, eta ondoren Senatuak. Hala, Uruguai eta Kanadaren atzetik, aisialdirako erabili ahal izango dute kalamua Mexikon, baina legalizazioa bermatu gabe. Narkotrafikoak... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Kalamuari eragin medizinalak aitortu dizkio Nazio Batuen Erakundeak

Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.


2020-10-30 | Jone Markuleta
Eutanasia legeztatzeari baietz esan diote Zeelanda Berrian, eta ezetz marihuanari

Urriaren 17ko hauteskundeetan Zeelanda Berrian eutanasia eta marihuanaren kontsumoa legeztatzeari buruz erabaki zuten herritarrek. Eutanasiari dagokionez, hautesleen % 62,5ek legeztatzearen alde bozkatu du, eta % 33,8k aurka. Kalamua legearen barruan kontsumitzeaz, aldiz,... [+]


Eguneraketa berriak daude