Ezker abertzaleak martxoaren 8an autonomiarako eta behin betiko bakerako erabaki eskubiderako egin zuen jendaurreko proposamenari deiturarik ipintzekotan, posibilista eta pragmatikoa dela esango nuke. Errealitatetik abiatzen dela, errealitate hori berrori aldatzea proposatuz, baina usu demokrazietan erabilgarriak diren baliabide juridiko-politikoen bitartez soilik. “Gehienezko programa” ahantzi gabe –ez baita hori kontua–, “litekeena” eta “lortzen dena” uztartu nahi lituzkeela, guztiz zilegia den “indar metaketa” eskema batean… beste joera politiko guztiekiko berdintasunezko joko-zelai batean. Irakurri nuenean, beste hainbat herrialdeetan maizago entzuten dena geureganatuz Juan Maria Uriarte gotzainak urtarrilean aipatzen zuen “bake posiblea” kontzeptua gogorarazi zidan. Onerako.
Ez du izen ona posibilismoak gure artean; nekez aurkituko da haren aipamenik, arbuiatzeko ez bada. Pragmatismoa, berriz, norbanakoon bertute legez soilik onesten dugu, moldagarritasunaren baliokide bezala; bere adiera filosofiko edota politikoan, ia guztiz ezezaguna zaigula aitortu beharko genuke, W. James edota J. Dewey zein arrotzak zaizkigun ikusi besterik ez dago. Aitzitik, printzipioak eta hitz potoloak oso gogokoak ditugu, auzo ditugun herrialdeetako tradiziorik finkatuenari jarraiki: “borroka”, “eskubidea”, “demokrazia”, “indarra” eta horrelakoek gure hiztegi politikoan duten maiztasuna zenbatzea nahikoa da.
Ez da, ziurrenik, aurrera egin behar/nahi duen –non entzun dut nik horrelako zerbait?– herri txiki batentzat pentsaera-eredurik zuhurrena. Txikiak garelako, lehenik. Horrek esan nahi du ezin dugula, ez orain ez inoiz, nahita ere, handien jokoa baldintzatu haiek, nahi gabe ere, gu baldintzatzen gaituzten neurrian. Zenbat urte behar izan zituen EAJk Eisenhowerren administrazioak 1953ko lehen bederatzi hilabeteetan inolako asaldurarik gabe sartu zion ziri estrategikoa gainditzeko? Mende laurdena. Zenbat urte beharko ditu ezker abertzaleak 1989an Ekialdeko blokearen inplosioak ekarri zion erreferentzia eta testuinguru aldaketa erabat hausnartzeko? Espero dezagun gutxixeago izatea.
Bestetik, eta koiunturazkoa bada ere ez dirudi denbora gutxirako kontua izango denik, demografikoki zahartzen ari den herria gara. Horren ondorioak psikologian nahiz soziologian barrena politikara nola iristen ari diren konturatzea ez luke horren zaila izan behar. Euskal arazoaren historikotasuna argi dutenentzat izan behar luke argiena.