Aldaketa klimatikoa, zor ekologikoa eta AHT


2006ko abenduaren 24an
Afrikan bildu dira aurten munduko gobernuak aldaketa klimatikoaren politikak adosteko. Duela ia 25 urte berton, Nairobin (Kenya), Brundtland izeneko batzordeak garapena eta ingurugiroaren izenean politika berriak diseinatzeko enkargua hartu zuen eta «garapen iraunkorraren» bataio ofiziala eman zuten. 2006an fruituak apalagoak izan dira eta 2012tik haratago hartu behar diren konpromisoak airean gelditu dira, data, kopuru eta akordio zehatzik gabe.

Aldaketa klimatikoaren eraginak bistakoak dira. Cambridgeko N. Stern, Blairen aholkulariak egindako txostenaren arabera kalte ekonomikoak II. Mundu Gerrakoekin konpara daitezke, baina herrialde aberastuen gobernariek bestaldera begira jarraitzen dute. Inork ez du hazkunde ekonomikoa kolokan ipini nahi, eta duela hamarkada bat baino lehenagotik predikatzen duten hazkunde ekonomikoa eta galera ekologikoen arteko banaketa ez da inondik ikusten. Aitzitik CO2ko isurketak BPGren gainetik hazi dira, Espainian edo EAEn kasu.

Eta hazkunde horrek Afrika eta beste herrialde pobretuekiko zor ekologikoa handitzen du. Eguratsa guztiona bada, ezin dugu erabili gurea bakarrik balitz bezala. Horrek zor ekologiko erraldoi bat sortzen digu. Karbonoaren isurketengatik eta baita ere biopirateria, hots, herri indigena eta nekazal komunitateen ezagutza genetiko eta medikuntza erremedio tradizionaletatik egiten ari den desjabetze eta pribatizatzeagatik, edota gure jarduera ekonomikoekin euren ekosistemetan uzten ditugun kalte ekologikoengatik eta azkenik hondakin toxiko eta arriskutsuen esportazioagatik. Lau zutabe nagusi hauek sartzen dira gaur egun zor ekologikoaren baitan. Kalkulu arrunt batean, batez besteko prezioak erabiliz, urtero pilatutako 3.000 milioi CO2 tona bider 20 dolar, urteko 60 mila milioi dolar zor diegu herrialde txiroei atmosferaren gehiegizko erabilpenagatik. Kanpo zorra baino askoz gehiago.

Zor hori ez da hain erraz kitatzen, eta ondo deritzogu Eusko Jaurlaritzak Wangari Mathai Kenyako Nobel Sariaren Fundazioari 36.000 zuhaitzen landaketarekin lagundu nahi izatea, baina hori ezin da erabili Gasteizko gobernuaren ardura klimatikoa gutxiagotzeko. Ez da zilegi.Euskal Yren propaganda ofizialean iruzurra egiten den moduan, egunean errepidetatik 1.000 kamioi aterako dituztela diotenean. Jadanik 11.000 dabiltza eta euren kalkuluen arabera obrak bukatu baino lehen 16.000 izango baitira. Non dago isurketen murrizketa? AHTk aldaketa klimatikoa larrituko du eta gure zor ekologikoa ere.


Azkenak
PSC irabazle, independentismoak eta ezkerrak kolpe latza hartu dute

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Materialismo histerikoa
Isilean


Eguneraketa berriak daude