Oraindik ez dugu hiltzen ikasi


2006ko azaroaren 05an
Heriotzari buruz erabiltzen diren esaldi topikoak paperera ekartzen hasiz gero, erreportaje honek dituen adina orrialde bete genitzake, eta zertxobait gehiago beharbada. Heriotzaz hitz egiten dugu, baina hitz hutsalak dira gehienetan, adituen ustez. Gainera, egoerak hartara behartzen gaituenean baino ez ditugu jaurtitzen aurrefabrikatuko esaldiok; bestela, nahiago dugu gaia uxatu, erabat gai unibertsala izanagatik ere. «Heriotzaz hitz egiteak hura erakartzen duela ere uste du askok eta!», diosku Alfonso Garcia SEITeko (Espainiako eta Nazioarteko Tanatologia Elkarteko) presidenteak. Kanariarra da, eta tanatologia.org web gunea kudeatzen du. «Tanatologia XX. mende hasieran jaio zen jakintza adarra da, eta izenak dioenez heriotza aztertzen du, ikuspuntu askotatik gainera: antropologikoa, soziologikoa, psikologikoa...». Ia mende bat igaro da asmatu zenetik, baina hitzak ez du zabalkunde handiegirik lortu arlo zehatz batzuetatik kanpo. Heriotzarenganako dugun jarrera uzkurraren seinale, seguruenik.

«Mendebaldeko gizarte hedonista honetan ez dugu heriotzaren aurrean behar bezala jokatzen», dio Patxi Izagirre psikologoak, «mina eta sufrimendua ez daude normalizatuta, eta ukatu eta saihestu egiten ditugu. Horretan datza heriotzaren inguruan eraiki dugun tabua. Duela hamarkada batzuk askoz normaltasun handiagoz bizi genuen hori: aitona ikusten genuen baserrian hiltzen, eta ez ginen harritzen». Orain ez omen da hala. Besteak beste, heriotza lekuz aldatu dugu: etxetik erietxera. Eta dagoeneko hiltzea ez zaigu normala iruditzen. «85 urteko bat hiltzen da eta arraroa da guretzat», dio Izagirrek; «geure hilkortasuna mozorrotzen ari gara».

Heriotzak hesi horiek eta handiagoak ere gainditzen ditu azkenik, nahi eta nahi ez denok jasaten dugun gertakaria izanik. Orduan, gure hurbileko norbait hiltzean, errealitatearekiko talka izaten da askotan, eta orduan izaten dute lana Izagirrek eta enparauek. Rakel Mateo psikopedagogoaren esanetan, «heriotza onartezina da guretzat. 'Nola liteke nire ama hil izana?' galdetzen dugu, ama alaba baino lehenago hiltzea guztiz naturala izan arren. 'Zergatik' galdera askotan etortzen zaie ahora norbait galdu dutenei».


Dolua gaitz bihurtu dugu

Dolua prozesu naturala da, baina ingurune bakoitzean indarrean dagoen kulturaren araberako ezaugarriak ditu. Mendebaldeko gizartean, dolua gaitz emozionaltzat jotzen dugu Alfonso Garciaren iritziz. «Eta ez da hala berez, geuk asmatu dugu hori. Jakina, terapia beharra sortzen da hor».

Patxi Izagirrek halako terapiak eskaintzen ditu. «Jaso dugun heziketaren ondorioz, lehenbailehen saihestu nahi izaten dugu negarra, eta hildakoaz oroitzea. Horrek arrisku bat dakar: zauria behar bezala ez ixtea». Terapian, gakoetako bat mina adierazteko bideak eskaintzea da. Ondo egin ezean, dolua gaitz patologiko bihurtu daiteke denboraz, depresioa, antsietatea eta abar eraginez. «Dolu prozesuaren helburua, azken batean, ez da hildakoaz ahaztea, sufritu gabe gogoratu ahal izatea baino». Horretarako sei hilabete eta bi urte bitarteko epea behar izaten da, prozesu natural batean. «Batzuk, ordea, senidea hil eta bi urtera etortzen zaizkit -azaldu du Izagirrek- dolu prozesua burutzeke dutela. Pilulak hartzen dituzte, baina beraiek hildakoaz behin eta berriro hitz egiteko gogoa daukate. Kontua da aldamenekoak aspertzeko beldurra ere badutela». Izan ere, eta Alfonso Garciak azpimarratzen duenez, gure gaurko kulturan oinazea ez azaleratzea eskatzen zaio doluan dagoenari.


Norberaren heriotza

Hurkoarenganako doluan, elementu garrantzitsua da norberaren heriotzaren proiekzioa. Horregatik dio Izagirrek dolua heriotzaren ostean edo heriotza baino lehenago eman daitekeela, gaitz terminal bat daukatenengan hain zuzen. Batean zein bestean, dolu prozesuak bost fase izan ohi ditu: inpaktua, ukapena, mina eta haserrea, negoziazioa eta onarpena. Azken biak dira garrantzitsuenak beharbada, batez ere norberak landu behar dituelako: ez dira berezko erreakzioak. Batetik, negoziazioak zerikusi handia izango du bizitzan zehar izandako prestakuntzarekin, eta gaur egun prestakuntza eskasa izaten da hori. Onarpena berriz, ez dute denek lortzen, gaitz terminal batek jotakoen artean batik bat. Izan ere, medikuntzaren aurrerapenak hilezkor bihurtu gaituen sentsazioa ere badugu batzuetan, gure mintzakide zenbaitek oharrarazten dutenez. Askok ezin dute gaixotasun hilgarria dutenik onartu, gazte samarrak direnek batez ere. Zahartu ahala, itxuraz, gero eta «harreman» lasaiagoa izaten da heriotzarekin, baina hori ere ez da arau orokorra.


Alderdi etikoak

Eduardo Clavé sendagilea gaixo terminal askorekin harremanean egoten da eguneroko lanean, Donostiako erietxean. Clavé erietxeko Etika Batzordeko kidea da, eta Ardura Aringarrietarako Euskal Elkartekoa ere bai. «Etika batzordeak orain dela hamabost urte-edo hasi ziren sortzen gure inguruko ospitaletan, eta batzuk oraindik sorrera aldian daude. Gurean, sei edo zazpi kasu aztertzen ditugu urtero, beti ere erietxeko profesionalen batek eskatuta. Eta aholkularitza baino ez dugu egiten». Aztertu beharreko kasuetan, askok bizitzaren amaierarekin dute zerikusia.

«Gatazka suertatzen da, esaterako -azaldu du Clavék-, ez badago oso garbi gaixoa bizitzaren amaieran dagoen ala ez. Hala izaten da gaixotasun kronikoa duten batzuen kasuan. Nola jakin oraingo larriagotzea azkenekoa izango den ala ez? Zalantza horren aurrean medikuak ez du garbi izaten tratamendua mugatu behar duen edo tratamendu erasokorra erabiltzen segitu behar duen». Izan ere, gaixotasun terminaletan, joera izaten da hasieran gehienbat tratamendu terapeutikoak -askotan, oso erasokorrak- erabiltzea eta denborarekin, horiek murriztuz joatea, euren ordez zaintza aringarriak areagotuz.


Sedazio sakona eta eutanasia

Zaintza aringarrien artean badago eztabaidaren bat edo beste sorrarazi duen bat: sedazio sakona. «Min fisiko edota psikiko jasanezina daukaten gaixo terminalekin erabiltzen da, bizitzaren azkenetan beti ere. Funtsean, loa eragitea da, botika batzuen bitartez. Tratamendu hau erabiltzeko ezinbestekoa da ohiko tratamenduek eraginik ez izatea gaixo horrengan. Gainera, gaixoak jakin egin behar du beste biderik ez dagoela bere sufrimendua kentzeko». Batzuek ez dute sedazio sakona gustuko, eutanasia geldoa baizik ez dela uste baitute. Clavék guztiz baztertzen du uste hori, erabat gauza desberdinak direla argudiatuz. Besteak beste, legeak onartu egiten du sedazio sakona.

Eutanasia, aldiz, legez kontrakoa da herrialde gehienetan. Koldo Etxabe Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteko kidea da. Lotsarik gabe dio ospitaletan eutanasia egiten dela, aitortzen ez bada ere. Etxaberen elkartea mundu mailan ari da lanean, eutanasia -heriotza ona esan nahi du- legezkoa izan dadin. Heriotza duina ziurtatzeko modu bakarra baita hori, Etxaberen ustez, zenbait kasutan. Eztabaida pil-pilean dago, eta Ramon Sampedro galiziarraren istorioa agertzen duen Mar adentro filmak gatz gehiago bota dio gainera. Eutanasia hitzak arbuioa eragiten du jende askorengan, baina Sampedroren jarrera irmoak atxikimendu ugari lortu du aldi berean. Dena den, bai botere publikoak bai erlijioa eutanasiaren aurka daude, «nork bere bizitzarekin zer egin askatasunez erabakitzearen aurka dauden heinean».

Eduardo Clavérekin segitu dugu bizitzaren azkentzeak dakartzan gatazka etikoez berbetan: «Beste arazoetako bat erabakiaren subjektuari dagokio, gaixoak ezin duenean bere borondatea adierazi». Azken urteotan, legediak Hego Euskal Herriko hiritar guztion esku ipini du halako egoerak saihesteko tresna: Aurretiazko Borondateen Agiria. Horren bidez, edonork adieraz dezake zer nolako zaintzak nahi dituen gaixotasunak bere borondatea adieraztea galarazten dionean. EAEn, behinik behin, 2.000 lagunek baino ez dute agiria egin hiru urtean. «Batetik, heriotza tabua delako -adierazi du Etxabek- eta bestetik, jendeak ez dakielako oso ondo nola egin, nora jo...». Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren web guneetan argibide ugari aurkituko ditu pixka bat bilatzen duenak, esan dezagun bidenabar.
Eduardo Clavék uste du ulertzekoa dela oraingoz jende gutxik egin izana bizi-testamentua ere deritzona. «Prozesu hau hasi berria da eta ez da guztiz zabaldu oraindik. Baina denborarekin gero eta arrakasta handiagoa izango du». Momentuz ez da hala, eta gatazka egoten da behin baino gehiagotan ospitaletan. Normalean, gaixoak ezin duenean bere nahia adierazi, berekin bizi denari dagokio erantzukizuna. «Arazo handienak gaixoak inongo seniderik ez duenean sortzen dira, edo senide bakarra urtetan ikusi ez duen iloba bat denean, kasu baterako. Senide horrek gugan uzten du ardura guztia. Eta orduan interes orokorraren irizpidea erabiltzen da. Alegia, zein da une horretan eta arazo horrekiko gizartean zabalduen dagoen iritzia? Horren arabera erabakitzen dugu zer egin, gaixoak horixe nahiko lukeen jakiterik ez badugu ere». Irizpide orokorra, beti ere, sufrimendua gutxitzea da, eta hori da ia beti senideek eskatzen dutena, modu horretan bizitza laburtuta ere. Baina Clavék nahiago du «hilzoria laburtzea» esatea, bizitza gehiago ez luzatzea baino.


Nola edo hala biziari eutsi

Batzuetan, hala ere, senideek eskatu egiten dute sendagileak medikuntzaren bitarteko guztiak erabil ditzan, gaixoaren bizitza ahalik eta gehien luzatze aldera. «Gaur egun gai gara benetan ikaragarria den hilzori bat izugarri luzatzeko -dio Clavék-, eta hori da 'tematze terapeutiko' esaten zaiona: medikuak, bizitza salbatzearren, tratamenduari eustea nola edo hala, egoera negargarri bat alferrik iraunaraziz». Koldo Etxabek uste du gure kultura judu-kristauak eragiten digula jarrera hori. «Nahiz eta askok dagoeneko erlijioan ez sinetsi, edo errituetara ez joan, oraindik txikitatik erakusten zaigu geure bizitza ez dagoela gure esku, Jainkoa dela bizitza eman eta kentzen diguna». Azken finean, ezezaguna zaigun errealitate bati aurre egiteko modu desberdinak ditugu gizakiok.

Hiltzearen kostua

Hilkutxa: 600-1.200 euro.
Ehorztetxeari: 500 euro inguru.
Ehorzte-tasak: Udalaren arabera.
Beilatokia: 200 bat euro.
Eskela (aukeratuena): 300 euro.
Errausketa labea: 250-300 euro.
Errautsak gordetzeko kutxa: 100 euro.
Hileta elizan: 60 euro inguru.

Heriotza bilatzen duten turistak
Suitza gauza askorengatik da ezaguna: neutraltasunagatik, gaztagatik, banketxeen zuhurtziagatik, ordulariengatik... Batzuentzat, gainera, infernu bihurtutako bizitzari amaiera emateko leku egokia da. Urtero, dozenaka atzerritar joaten dira herrialde horretara itzulerarik gabeko turismo berezia egiteko: heriotzaren turismoa, komunikabide batzuek bataiatu dutenez.

Eutanasia munduko herrialde bitan baino ez dago legeztatua: Belgikan eta Herbeheretan. Suitzan beste edonon bezain delitu da, baina hango legediak zirrikitu bat uzten die mundu hau utzi nahi duten gaixo askori. Izan ere, zenbait kasutan ez da zigortzen beste norbaiti bere buruaz beste egiten laguntzea. Hain zuzen ere, hala egiten duenak frogatu egin behar du bere ekintzak ez diola etekin bat eman. Bide horretatik abiatuta, nork bere burua hiltzen laguntzen duten zenbait elkarte sortu da bertan. Horietan, Dignitas nabarmendu da azken urteotan, bertakoei ez ezik atzerritarrei ere hiltzen laguntzeagatik hain justu.

Belgikan eta Herbeheretan, legeek ez dute eragozten atzerritar bati eutanasia egitea. Hala ere, oso zaila da eskubide horretaz gozatzea, ia ezinezkoa baita horretarako behar diren baldintzak betetzea. Horregatik, Suitza bihurtu da heriotza duinaren bila doazen askoren helmuga. Hori bai, duintasuna ez da eutanasia batekin bezainbatekoa, norberak hartu behar baititu Dignitasekoek eskura ipiniko dizkioten barbiturikoak. Heriotza modu azkarrean iritsiko da, eta sufrimendurik gabe, ustez behintzat.

Oztopoak daude bidean, jakina. Bizitzari halako amaiera emateko erabaki sendoa hartu duen batentzat, oso litekeena da Suitzarainoko bidaia egitea ezinezkoa suertatzea, bere osasunak uzten ez diolako. Horri, gainera, diru-kontuak gehitu behar zaizkio, txangoa ez baita doakoa. Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteak dioenez, gauza jakina da zenbait herrialdetan legez kanpoko eutanasiak egiten direla, «baina horiek garesti samarrak dira».

Hil egin nahi dut, arren
Orobat heriotzaren beldur gara, baina batzuek gogo onez emango lukete azken urrats hori, bizirik jasaten duten sufrikario itzelarekin amaitzearren. Ramon Sampedroren adibidea ezagun askoa dugu, baina ez da bakarra. Orain pare bat aste, Inmaculada Etxeberria nafarrak eutanasia egin ziezaiotela eskatu zuen komunikabideen aurrean, minik jasan gabe hil ahal izateko.

Etxeberriak 51 urte ditu eta 30 egin ditu ohean, endekapenezko gaixotasun baten erruz. Granadako (Espainia) erietxe batean dago aspaldidanik eta uneon, eskuetako atzamarrak, behatzak eta aurpegiko giharrak baino ezin ditu mugitu, azken horiek ere nekez. Aldarrikatu zuenez, 29 urte dituenetik dauka hiltzeko gogoa. Azken hamarkadan haize-emale mekaniko bati lotuta egon da -bere borondatearen aurka, gehitu dezagun-, bestela ezin izango bailuke arnasik hartu. Hura itzaltzeaz batera itzaliko litzateke, halaber, Etxeberriaren bizitza, baina hiltzeko modu ankerregia da hori bere esanetan. Nafarrak eutanasia aktiboa eskatu du -hilko duen zerbait eman diezaioten- pasiboaren ordez, hots, bizirik iraunarazten duen zaintza etetearen ordez.

Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteko Koldo Etxaberen ustez, «aspalditik egiten da eutanasia aktiboaren eta pasiboaren arteko bereizketa hori. Norbaiti bere buruaz beste egiten laguntzea izango litzateke beste aldaera bat, baina guretzat kontu teknikoak besterik ez dira horiek. Dena da gauza bera: pertsona batek nahiago du bere bizitza duintasunez bukatu, eta ez da gai horretarako egin behar duena egiteko. Baina hodi bat kentzea edo injekzio bat ematea berdina da. Hori bai, eutanasia pasiboa, zorionez, ez dago debekatuta leku askotan». Ikusi dugu, hala ere, Inmaculada Etxeberriak uko egiten diola hiltzeko modu horri, minik gabekoa nahi baitu. Gaiak gasolina gehiago bota dio, zalantzarik gabe, dagoeneko garretan dagoen auziari.

Nola hitz egin heriotzaz umeei?
Adituak bat datoz: umeei egia esan behar zaie heriotzaz galdetzen dutenean. Helduok, askotan, ez dakigu oso ziur zein den «egia» hori, eta norberaren sinesmenen arabera ere aldatu egingo da heriotzaz daukagun pertzepzioa, baina tira… Kontua da ez dela heriotza makillatu behar umeen aurrean, ez ditugu «babestu» behar hura ezagutzetik. Gaur egun, ordea, hori da gure gizartean zabalduen dagoen jarrera, gurekin hitz egin dutenek salatu dutenez. Heriotza estaltzeko eraiki dugun tabuaren beste alderdi bat da, azken batean, umeei hura ezkutatu -edo behintzat leundu- nahi izatea.

«Heriotzaren inguruan lanean gabiltzanoi gustatuko litzaiguke hezkuntza-sistemarekin harremanean egotea, gaiaz solasteko», dio Rakel Mateok. Psikopedagogo nafarraren ustez, irakasleek gero eta behar handiagoa dute heriotzaren berri ematen ikasteko. Iaz, heriotzari eta doluari buruzko ikastaroa eskaini zuten Pedagogia-Egokitze Ikastaroen baitan, eta oso harrera ona izan zuten: 120 lagunek eman zuten izena. Mateorentzat, harrigarria da sexualitateari, hiesari, eta bestelako hainbat gai «zaili» eskolako ateak zabaldu zaizkien honetan, heriotza kanpo geratu izana. «Zeharlerroa izan beharko litzateke ikastetxeetan, denoi iritsiko zaigun heinean».

Heriotzaren berri lehenagotik daukaten arren, umeek sei edo zazpi urterekin ulertzen dute haren itzuli ezintasuna. Patxi Izagirreren ustez oso garrantzitsua da une horretan ematen zaien erantzuna, haien geroko jarreran eragin handia edukiko duelako. «Arriskutsua da horretaz ez pentsatzeko esatea. Egia esan behar zaie, eta zeharka ere heriotzaz hitz egin ahal izateko egoerak bilatu behar dira. Etxeko txoria edo txakurra hiltzen direnean, zer gertatu den azaltzeko erabili behar da hori».

Bizitzaren hondarrerako borondateak
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak gordetzen ditu EAEn egiten diren Aurretiazko Borondateen Agiriak, 2003ko amaieratik legeak aukera hori eskaintzen duenetik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak helarazitako datuen arabera, 2.047 lagunek adierazi dute dagoeneko zer nolako zaintzak nahi dituzten bizitzaren hondarrean, euren osasun egoerak zuzenean adieraztea eragotziko badie. Nafarroan, berriz, 2002tik dago indarrean Aurretiazko Borondateen Agiria, baina Osasunbideak ez digu adierazi nahi izan zenbat lagunek baliatu duten aukera hori, kopuru hutsa ere isilpeko informazioa delakoan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren datuek adierazten dute Aurretiazko Borondateen Erregistroan askoz emakume gehiago dagoela gizon baino. Adinaz bitxikeria bat: bizi-testamentua deritzona egiten dutenen kopurua ez da hazten urteek aurrera egin ahala. Erregistroan gehiago dira 45 eta 65 urte bitartekoak, adin hori gainditu dutenak baino.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude