Ihesi: Goi paleolitoko aztarnen bila

Jon Gonzalo
2006ko urriaren 29a
Astigarraga eta Oiartzun lotzen dituen GI-2132 errepide bazterrean Perurena jatetxea dago. Txomin Perurena txirrindulari famatuaren jaiolekua da baserri hau, eta bertan hartu behar dugu Listorreta-Barrengoloia atsedenlekura eramango gaituen errepidea. Orain gutxi konpondu du errepidea Errenteriako Udalak -Listorretako atsedenlekua Errenteriako udalerriari dagokio-. Asfalto eta seinale berriak jarri dituzte, eta Listorretan bertan aparkaleku handi bat atondu dute. Listorretara iritsi aurretik, beste goi-mailako jatetxe bat aurkituko dugu bidean. Mugaritz du izena eta Luis Mari Aduriz sukaldariak zuzentzen du. Izen handiko jatetxea da, eta mundu guztiko jendea etortzen da bertara. Ez gara errealitatea puzten ari. Iaz, aldizkari japoniar batek munduko jatetxe onenen zerrenda egin zuen, eta Mugaritz 10 lehenengoen artean sailkatu zuen. Aizpitarteko haitzuloen inguruko txangoa bazkari on batekin amaitu nahi duenak, aukera paregabeak ditu inguruan.

Mokofinak nahasten hasi aurretik, ordea, jarrai dezagun gure ibilbidearekin. Mugaritz ondotik pasatzen den errepidetik aurrera egin behar dugu, eta autoa Listorreta-Barrengoloiako aparkalekuan utzi. Asfaltozko errepidea bertan amaitzen da eta ez dago galbiderik. Aparkalekuaren ondoan informazio bulego bat dago. Aiako Harria Parke Naturalaren inguruko informazioa jaso dezakegu bertan.


5,2 kilometroko ibilbidea

Informazio bulegotik abiatuta bi aukera ditugu. Bata, Susperregi jatetxera doan autoentzako bidea hartzea. Bestea, informazio bulegoaren parean dagoen mendi bidexka hartzea (PR-GI 86). Naturaz gozatu nahi duenarentzat bigarren aukera hau da egokiena. Egia da aldapa pikoa igo behar dela, baina inguruko zuhaitzak ikusteak merezi du (haritzak eta urkiak). Aldapa piko honetatik gora Susperregi jatetxera iritsiko gara. Hasierako hau da ibilbidearen zatirik gogorrena, eta arnas estuka dagoenarentzat oso aproposa da jatetxe ondoko iturria. Ura edan eta gero, Malbazarrera doan bidea hartuko dugu.

Puntu honetatik aurrera autoentzako ibilbidea moztuta dago, eta Aiako Harria Parke Naturalak eskaintzen digun paisaia are ederragoa da. Bidearen eskuinaldean, esaterako, Igoin mendia ikus daiteke. Azkenaldian, zoritxarrez, erraustegiaren kokapena dela medio famatu egin dira Igoin mendia eta Igoin Azpiko lurrak, eta bisitari asko etorri da inguru hau ezagutzera. Nolanahi ere, Aizpitarteko kobazuloen inguruko ibilbide honek bere horretan mantentzen du xarma.


Baso mistoa

Aldapa gora beste 500 metro ibili eta gero, Idoia izeneko bidegurutzera iritsiko gara. Bidegurutze horretan Landabarsoko errekara doan bidea hartu behar dugu. Paisaia erabat aldatuko da. Aldapa behera egingo ditugu hurrengo kilometroak, eta Aizpitarteko haitzuloen inguruan dagoen basoan bete-betean barneratuko gara. Baso mistoa da Aizpitartekoa, eta bertan haritzak, pagoak, urkiak edo errekazulo babesetan bizi diren landareak ikus daitezke. Baso zabal eta lasaia izaki, fauna aberatsa du oso. Zuhaitz artean, okil txikiaren eta garrapoaren mugimendu bizkorrak ikus ditzakegu; adarrarte ezkutuenetan, basakatua, basurdea eta orkatza; eta zeruan, arrano txikia eta zapelatz liztorjalea. Harkaitz artean habiak egiten dituzten txoriak ere ez dira falta, besteak beste, saiarreak, saizuriak, belatz handiak eta erroiak.

Aizpitarteko basoarean azpiko aldean Landarbaso erreka dago, eta haitzuloetara eramango gaituen bideak erreka ondotik jarraitzen du. Errekako uraren gardentasunak eta ur jauzi txikiek are atseginagoa egiten dute ibilbidea. Landarbaso ibaiaren ondotik aurrera goazela belardi dotore batekin topo egingo dugu. Astigarrez inguratutako belardia da, eta merezi du bertan atseden hartzea. Izan ere, Landarbaso ibaia zeharkatzen duen zubira iritsi ondoren, 100 metroko aldapa piko bat igo behar da Aizpitarteko haitzuloetara iristeko.


Aizpitarteko haitzuloak

Sekulako paisaia ikus daiteke haitzuloen kanpoko aldetik. Igoin mendia parez-pare dago, eta Aizpitarteko basoa azpiko aldean. Haitzuloak itsasoaren mailatik 330 metrora daude, eta Landarbaso errekaren inguruko harana begiztatzeko leku paregabea dira. Ikuskizuna, ordea, are ederragoa da barrura begira jarriz gero. Arkeologoek orain dela 30.000 urteko giza aztarnak aurkitu dituzte bertan, Goi paleolitokoak hain zuzen ere. Besteak beste, aizkorak eta lantzak aurkitu dituzte, eta hainbat animaliaren hezurrak ere bai: hiena, haitzuloetako hartza, tigrea eta elur-oreina. Hainbat urtez itxita egon ondoren, gaur egun haitzuloetako sarrera irekita dago, eta oso interesgarria da barrura sartzea. Pentsatuko duzuen bezala, iluntasuna nagusi da bertan, eta horregatik beharrezkoa da linterna bat eramatea.

Aizpitarteko haitzuloek duten xarmaz gozatu ondoren, berriro ere Landarbaso errekara eramango gaituen bidera itzuli behar dugu. 100 metroko aldapa pikoa jaitsi, zubia pasa eta eskuinaldera abiatuko gara aldapa behera. Jaitsiera arriskutsu xamarra da, harri asko daude eta lokatza ere bai. Horregatik, ibilbidearen azken metro hauek lasai eta tentu handiz egitea komeni da. Jaitsiera amaitzean, baserri bide batera iritsiko gara. Bide honetan ohikoa da traktorean doan inguruko baserritarren batekin edo ardiak batetik bestera daramatzan artzainen batekin topatzea. Baserri bidean gora Landarbaso-Barrengoloiako atsedenlekura iritsiko gara, eta bertatik-bertara ikusiko dugu gure ibilbidearen abiapuntua: Aiako Harria Parke Naturaleko Informazio Bulegoa.

Informazio bulegoa
Aiako Harria Parke Naturalean barrena ibili nahi duenari informazioa eta bisita gidatuak ere eskaintzen dizkio informazio bulegoak. Monitore baten laguntzaz ibilaldia egiteak 2 euro balio du. Informazio gehiago nahi duenak www.gidaide.com edo 696.146.733 telefonoan eskura dezake.

5 herriren Harria
Endarako harizitiak, Oianlekuko pagadiak, Bianditz eta Akolako monumento megalitikoak, Arditurriko erromatarren meatzeakà Aiako Harria Parke Naturala bisitatu nahi duenak badu zer ikusia. Gipuzkoako ekialdeko muturrean dago eta 6.913 hektarea ditu. Bost udalerritako lurrak hartzen ditu: Hernani, Donostia, Errenteria, Oiartzun eta Irun. Hegoaldean, Nafarroarekin egiten du muga, eta ekialdean, Lapurdirekin. Parke Naturaleko punturik garaiena Aiako Harria da (834 m) eta apalena Bidasoa ibaiaren azpialdea (6 m). Orain dela 10 urte eman zitzaion Parke Naturalaren izendapena Aiako Harriari. Izendapen honen helburuak honako hauek dira: bertako ekosistemak babestea, gizarte eta ekonomia jarduerak sustatzea, jarduera tradizionalaren hobetzea eta berreskuratzea, naturaren ezagutza zabaltzea, eta oinarrizko prozesu ekologikoen azterketa bultzatzea.

Parke Naturalera eramango gaituzten sarbideei dagokionez, bertara iristen diren hainbat errepide daude. Besteak beste, Ingelesaren gaztelutik Irundik Oiartzunera doan errepidea, Oiartzun eta Lesaka lotzen dituen Aritxulegiko bidea, Oiartzundik Artikutzarainoko errepidea edo Errenteriatik Listorretako atsedenlekura doana.

«Errauskailurik ez»
Landarbasoko bailara oso ezaguna egin da azken urte honetan. Ekainean, Donostiako Udalak erraustegia bertan eraikiko zuela jakinarazi zuen, eta albiste horrek hautsa harrotu zuen bizilagunen artean. Landarbaso Bizirik elkartea osatu zuten, eta geroztik errauskailuaren aurkako makina bat protesta ekitaldi antolatu dituzte. Protesta giro hori bertatik-bertara arnastu daiteke Aizpitarteko haitzuloen inguruko ibilbidean. Listorreta-Barrengoloiako atsedenlekura gerturatzen garen heinean, errauskailuaren aurkako hainbat pankarta ikusiko ditugu errepide bazterrean, eta baita Aizpitarteko haitzuloen inguruan ere. Landarbaso eta Aiako Harria Parke Naturalari kalte handia egingo lioke errauskailua eraikitzeak, eta bizilagunen helburua bisitariak kalte hortaz jabetzea da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Paleolitoa

Paleolitoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude