Historiaurreko grabatu “paregabeak” aurkitu dituzte Lekeitioko Armintza koban

  • Bizkaiko Aldundiaren esanetan duela 14.000 urteko grabatu multzoak "kalitate tekniko argia" du eta berezia da irudiak "oso argi" ikusten direlako.


2016ko urriaren 13an - 14:15
Panel nagusian bisonte eta zaldi bana nabarmentzen dira (argazkia: BFA)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lekeitiko Armintza koban dozenaka irudi aurkitu ditu ADES espeleologia taldeak eta Kortezubiko Agiri arkeologia elkarteak, Bizkaiko Aldundiaren laguntzaz. Ostegun goizean egindako prentsaurrekoan Aldundiak aurkikuntzaren xehetasunak eman ditu Unai Rementeria diputatu nagusiaren eta Cesar González arkeologia katedradunaren eskutik.

Animaliak dira gehien ikus daitezkeen grabatuak, tartean dimentsio handiko bisonte eta zaldi bana, ahuntzen familiako 5 animalia eta baita Kantaurialdeko labarretako irudietan arraroagoak diren felinoak ere. Irudi gehienak panel nagusi batean azaldu dira, seguruenik egungo gizakiek deskubritu gabe genuen barrunbe batean, eta ondorioz ez dute baztertu irudiak egin zituzten jendeen inguruko datu gehiago aurkitzea ondorengo indusketetan.

Azaldu dutenez, Madelein aldiko ikur abstraktuak ere badaude labarretan, Okzitaniako Pirinio inguruan aurkitu direnen oso antzekoak, eta ondorioztatu dute garai hartako komunitateen artean harremana egon zitekeela.

Lehenengo ikerketen arabera duela 14.000 urtekoak dira grabatuak, Santimamiñeko pinturen eta berrikitan aurkitu diren Atxurrako grabatuen garai beretsukoak. Kobako sarreratik 50 metro eskasera daude horietako gehienak.

Lehenago ere Lekeition aurkitu izan dira labarretako irudiak Lumentzako koban, kasu hartan ordea margolanak ziren eta jadanik ikerturik zegoen toki batean azaldu ziren.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...