Gure platoetan errodatzeko prestatzen

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Krokodiloekin borrokan ari den abentura zalearen istorioa nahiz itsasoan hondoratzen den autoaren pasadizoa Euskal Herriko platoetan filmatzea posible izango da etorkizunean. Izan ere, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zinealdea proiektuaren baitan, lur azpian bost metro barneratzen den eta hainbat zatitan kristalez inguratua egongo den igerilekua egin nahi dute, barruan gertatzen dena kamerek kanpotik jaso ahal izateko. 800 metro koadroko platoan eraikiko dute igerilekua eta ondoan 1.600 metro koadroko beste plato handiagoa ipiniko dute, 16 metro inguruko altuerarekin. Hau hutsik egongo da eta filmatzera hurbiltzen direnen imajinazioak irudikatutako edozein egitura arkitektoniko hartzeko gauza izango da. Hori dio behintzat Kike Santiago Zinealdeako arduradunak.

Egitasmoa ofizialki 2000. urteko otsailean aurkeztu zuten, baina ekimena asko atzeratu da, Administrazioak zailtasun ugari jarri dizkielako, Santiagoren hitzetan. Azkenean, ez da diru publikorik erabiliko eta 72 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dute, baina ez omen da apustu arriskatua, Oiartzungo lurretan kokatuko diren enpresek lurra erosi edo alokatu beharko baitute eta jada inbertsioa amortizatzeko behar adina enpresa dituztela ziurtatu du Santiagok. Abendurako aurreproiektua bukatua egotea eta eraikitzen hastea da asmoa. Hala bada, laster fikziozko saioak edo filmak egiteko behar den guztia Zinealdean bertan egongo da, aipaturiko bi platoen inguruan: argiztapen eta kamera enpresak, zurgindegia, makillaje eta ile-apaindegia, jantzitegia, ekoizpen bulegoak, produkzio ondokoa, dekoratu tailerrak... Guztira, 15 enpresa inguru. Film Commission propioa, prestakuntza zentroa eta zine edo ikus-entzunezko eskola sortzea ere proiektuaren baitan dago.


Beharrezkoa al da?

Hemen egiten diren film kopuru urria kontuan hartuta, merezi al du azpiegituretan inbertitzea? Kike Santiagok argi du gakoa atzerriko merkatua dela: «Europan filmatu nahi dutenei gure paisaia aberatsak, seriotasuna eta platoetan errodatu ahal izateko aukera eskaini behar diegu. Hemengo jende ugari erabili beharko dute horretarako, ikus-entzunezko euskal industria suspertuz eta lana sortuz. Horregatik, garrantzitsua da baita ere Euskal Herriko enpresen arteko lankidetza eta profesionaltasuna, denek batera kalitate oneko produktuak eskaintzeko». Jada Mexikoko bi ekoizpenek eta Frantziako beste batek Oiartzungo platoetan errodatzeko interesa agertu dutela gaineratu du.

Santiago oso baikor agertu da proiektuarekin eta egindako azterketek egitasmoa errentagarria dela frogatzen dutela dio. Ricardo González Eiken Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterraren presidentea, ordea, ez da iritzi berekoa. Bere ustez, sektorearen arazoa ez da azpiegituren gabezia, ekoizteko diru falta baizik. Urtean hemen ekoizten diren hiruzpalau filmentzat dagoeneko nahikoa plato dagoela dio eta kanpoko ekoizpenak erakartzea ere ez omen da konponbidea: «K2000 enpresako gerentea naiz eta hiru plato ditugu bertan, baina ezinezkoa zait Madrilgo enpresa bat hona ekartzea prezioak pila bat merkatuta ere, nahiago dutelako lan taldea eta lekua gertu eduki hegazkina hartu behar izatea baino». Dirua balego eta ekoizpenak ugarituko balira, azpiegiturak hurrengo pausoa izango liratekeela dio, baina egun azpiegituretan inbertitzea etxea teilatutik eraikitzen hastea dela. «Sektoreari balio erantsia edukiek ematen diote eta beraz, lehentasuna sormena lantzeari eman behar diogu».

Hala ere, sektoreko eragile guztiek bat egiten dute gauza batean: ikus-entzunezkoaren garapena ikuspegi industrialetik egin behar da. Eusko Jaurlaritzak Kultur Sailaren baitan zuen zinemagintza, 2004ko urrian Eiken klusterra jaio eta sektorea Industria Sailean sartzea erabaki zuen arte. Klusterrean Euskal Herriko 39 enpresek (1.600 langilek) hartzen dute parte eta sektorea industrializatzea dute helburu. Hots, profesional eta lehiakor bihurtzea, enplegua sortzea eta edukiez gain, kalitatea, enpresen arteko lankidetza, kanpoko merkataritza edo teknologia bezalako kontzeptuak lantzea. Azken finean, Euskal Herrian ikus-entzunezko sektorea orain arte oso sektore atomizatua izan da, sakabanatuta dauden enpresa txikiz osatua eta ETB telebista publikoarekiko menpekotasun handia duena. Espezializazioa, inbertsio pribatua, egokitzapen teknologikoa eta, batez ere, beste merkatuetara zabaltzeko ahalmena dira aurrean dituen erronka nagusiak.


Irudi Park

Zinealdea ez da azpiegiturei garrantzia ematen dien proiektu bakarra. ETBk Iurretako egoitza utzi eta Bilbon berria egiteko asmoa du; bere ekipo teknikoaren digitalizazioa ahalbidetuko duen egoitza, zehazki. Hori aprobetxatuz, ETBren inguruan bulego erraldoia eraikitzea da nahia, sakabanatuta dauden produkzio-etxeak bertan biltzeko. Proiektuak Irudi Park du izena, baina ez dago batere zehaztua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Iñaki Gómezek esan digu ETBren egitasmoa dela eta ETBko zuzendari Bingen Zupiriak berriz, Jaurlaritzari dagokiola eta telebista publikotik at dagoen ekimena dela. Kike Santiagoren ustez, produkzio-etxeak leku berean biltzea ez da konponbidea: «Produkzio-etxeak elkartuko dituzte, baina eta lana? ETBk saioren bat ekoizteko enkargua emango die, ez da lan berria sortuko ordea. Zinealdeak aldiz, kanpoko merkatua erakarri nahi du. Gainera, Irudi Park subentzionatuegia dago eta gobernuz aldatzen dugunean dena pikutara joango da».

Nolanahi ere, telebista publikoak Gipuzkoan kontzentratu ditu ikus-entzunezko ekoizpenak indartzeko azpiegiturak. Oiartzunen -Zinealdearekin zerikusirik ez duen arren-, udaberrian plato txiki bat egin zuten fikziozko produktu berriak sortzeko. Halaber, Donostiako Miramon estudioetan egun dauden bost platoei seigarren bat gehituko diete datorren urteko apirilerako. 1.200 metro koadroko platoa izango da, programa eta fikzio gehiago sortzeko. Gainera, instalazio horiek sektoreko beste enpresei gustura utziko dizkietela ziurtatu du Zupiriak. Bertan, zinemarako propio egindako filmak errodatu ahal izango dira, beraz.


Tabako Fabrika eta irudiaren hiria

Donostia zinemaren munduarekin oso lotua dagoen hiria da, ezbairik gabe. Egunotan ospatzen ari den Zinemaldiaz gain, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Zinea eta Giza Eskubideen Topaketak edo Nosferatu zinema zikloa dira horren lekuko. 2003. urtetik, Donostia Film Commission bulegoak hiria bera plato bilakatzea eta bertan filmatzeko produkzio-etxeak erakartzea du xede. Horretarako, udal baimenekin, edozein izapide administratiborekin nahiz informazio beharrekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dizkiete Gipuzkoako hiriburura iristen diren ikus-entzunezko enpresei. Gertu, Andoainen, zine eta bideo eskola dagoela ere ez dugu ahaztu behar.

Guztiarekin ere, zuzenean azpiegiturekin zerikusia duen Donostiako egitasmo interesgarrienetakoa Tabako Fabrikan dugu. Proiektua abenduan aurkeztuko dute eta oraindik ez dago erabat zehaztua, baina ikus-entzunezkoak 2011. urtean irekiko den Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunean garrantzia berezia izango duela ziurtatu digu Joxean Muñoz egitasmoko zuzendariak. Zinema proiektu berriak erakustea eta atzerriko merkatuekin lan harremana indartzea izango dira egiteko nagusiak, eta Euskadiko Filmoteka ere bertan joango da. Horretaz gain, eraikinak espazio handiak ditu, edozein motatako eszenak grabatzeko aproposak. Egun, leku horiek plato moduan erabiltzeko aukera eskaintzen dute eta etorkizunean funtzio hori mantentzea da nahia. Iaz, esaterako, Mobbing (Pausoka) eta Zinemaldian eskaini berri duten Bosque de sombras (Momfort) filmen hainbat pasarte errodatzeko Tabako Fabrikako espazioez baliatu ziren. Aurten, oraindik estreinatzeke dagoen Eutsi! (Baleuko) pelikulak ere Tabakalera izan du eszenatoki.


Biarritz agertoki

Donostia ez da irudiaren hiri izan nahi duen bakarra. Biarritzen (Lapurdi) ere ospetsua da Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdia eta egunotan, Latinoamerikako Zinemen eta Kulturen Jaialdiaz goza daiteke bertan. Ikus-entzunezko industria sustatzeko eta film egileak erakartzeko asmoarekin, duela urte batzuk Irudiaren Platoa (Plateau d’Image) ekimena abiatu zen eta dagoeneko zenbait ekintza burutu dituzte. Duela hiru urte, adibidez, arte eta esperimentazio zinema proiektatzeko hiru areto dituen Le Royal zinema aretoa estreinatu zuten eta iaz mota guztietako 80.000 dokumentu inguru biltzen dituen eta filmak ikusteko aretoa duen mediateka ireki zuten. Halaber, duela aste pare bat ikus-entzunezko ikasketak egiteko Frantziako Estatuan famatua den BTS prestakuntza zentroa zabaldu zuten Biarritzen. Bi plato dituzte bertan. Horren guztiaren bidez, eta bide batzuk edo besteak erabiliz, baina ikus-entzunezko sektoreak Euskal Herri osoan duen helburu bera lortu nahi dute: benetako industria ernatzea.

Industria datutan

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren arabera, 428 dira Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreari lotuta lan egiten duten enpresak -horien baitan, zinema eta bideoan, irrati nahiz telebistan, publizitatean… dabiltzanak bereizi behar dira- eta denen artean sortutako balio erantsi gordina 86 milioi euro ingurukoa da (EAEko BEGen 0,2). Gainera, ekoizpen kopuruak bilakaera positiboa izan du urtetik urtera. Ibaian eta Euskal Produktoreen Elkartean parte hartzen duten enpresek 1992-2003 urteen artean urteko batez beste bost film luze egin dituzte.
Donostia Film Commissioneko datuak, berriz, honakoak dira: 2005ean, 215 egunetan zehar Donostian 89 lan ekoitzi zituzten. Gehientsuenak (%46) telebistarako ekoizpenak izan ziren; %31,5 film luze eta laburrak izan ziren eta gainontzeko %20,2a aldiz, bideo lanak. Hala nola, Bostok bat, Zeru horiek eta Desviados pelikulak Donostian filmatu zituzten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian

Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]


Euskarazko ekoizpen ugari, Zinemaldian

Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.

Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


Mirentxu Loyarte hil da, euskal zinemagile aitzindaria

Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebista gaztelerazko filmak ematen hasi dela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Claire Atherton. Zine-muntatzailea
“Misterioak sortzen du mugimendua, gabeziak”

Chantal Akerman zinegile eta lankidea hil eta hamar urtera, haren ondarea zabaltzen buru-belarri jarraitzen du Claire Atherton muntatzaileak. Gaurkoan, ordea, Athertoni bere ibilbideaz galdetu nahi izan diot bereziki. Gasteizen, Artium museoko areto batean hartu gaitu,... [+]


ZERO CHOU
“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


‘Between Goodbyes’ dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025eko sari nagusia

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak 2025eko edizioko sariak iragarri ditu. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira palmaresaren irabazle nagusiak.


Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


80ko hamarkadako lau euskal film zaharberritzen ari dira, Zinemaldian emateko

'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


From Ground Zero: genozidioa lehen pertsonatik kontatzen digun filma

2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude