Patxi Baztarrika: «Euskarazko hedabideen epailea ez da Jaurlaritza, epaileak herritarrak dira»

Euskararen inguruan «akordio soziopolitiko berria, zabala eta urte askotakoa» behar dela azpimarratu duzu. Su-etenean gaude, Kontseiluak Euskarabidea izeneko ekimena jarri du abian... Azken urteotako garairik aproposena al da euskararen inguruan indarrak biltzeko?
Bake bidea berez da positiboa edozer gauzetarako. Ez dakit zenbateraino lagunduko lukeen giro politiko berriak euskararen aurrerabiderako kontsentsu soziopolitiko zabalagoaren alde, edo alderantziz. Hau da, euskararen aurrerabiderako beharrezko den kontsentsu indartze hori egiteak -euskal gizarteko joera desberdinetako jendea bilduko duen kontsentsua-, ez ote liokeen normalizazio politikoari lagunduko. Arrazoi bategatik diot: euskararen kontuan aurrera egiteak esan nahi du herri honetako hizkuntzen arteko elkarbizitzan aurrera egingo dugula, eta azken batean normalizazio politikoa horixe da, integrazio gehiago, normalizazio gehiago.

Joera dago euskararen kontuetan aurrera egitearen erronka marko juridiko-politiko balizko batzuren esku uztekoa. Oso kontziente izan behar dugu, euskararen normalizazioa, askotan uste dugun baino gutxiago dagoela marko juridiko-politikoen esku, askotan uste dugun edo demostratzen dugun baino askozaz ere gehiago dagoela gizartearen beraren jarrera aktiboen esku.

Kontsentsu horrek zein oinarri beharko lituzke?
Argi eta garbi planteatu behar dugun helburua da hizkuntzen berdintasun soziala lortzea, herritarrek benetako hizkuntza aukera edukiko duten egoerara iristea. Horretarako nahitaezkoa da gizarte elebiduna. Gizarte horretan, noski, nik nahiago izango dut nagusiki euskara izatea gehien erabiltzen den hizkuntza. Hori hala den ala ez den, aukera berdintasunera iristen garenean, herritarrek erabakiko dute. Jomuga hori da, helburua ez da euskaraz baino biziko ez den gizartea, hori iragana da.

Zein pauso horretarako? Lehenengoa, marko legal egoki eta eraginkorrean oinarritutako hizkuntza politika publikoak edukitzea. Bigarrena, diru baliabideak izatea. Hirugarrena, herritarren atxikimendu erabatekoa lortzea. Zerbait baldin bada benetan erabakitzailea azken faktore hori da. Euskara gizarte zati baten kontua bakarrik ez dadin izan, nahitaezkoa da adostasunak lortzea.

Azken faktore horri lotuta, erdal mundua euskarara erakarri behar dugu, ez daitezela bizi euskal munduari bizkar emanda. Bestalde, behar dugu politika malgua, pragmatikoa, pazientzia handiz egindakoa -euskaldunak heren bat baino ez garelako-. Politika malguak txanponaren bi aldeak esan nahi du, hau da, ezinezkoa da elebiduna izango den gizarterako saltoa ematea deserosotasunik gabe.

Tontxu Camposek hizkuntz ereduen proposamen berria aurkeztuko du 2007an. Zuk aipatzen duzun akordio soziopolitikoak ikasleak euskaldunduko dituen eredurik onena ezartzeko erraztasunak emango al lituzke?
Jakina. Baina prozesu hori zuzentzea Hezkuntza Sailari dagokio. Hezkuntzaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren artean izango ditugu mekanismoak iritzi trukaketa egiteko.

Hizkuntza ereduak bitartekoak dira, alegia, ereduak ez ditugu totem bihurtu behar.

Dena dela, ereduak aldatzen joan badira eta hizkuntz egoera ere aldatzen joan baldin bada -eta asko aldatu da-, bistan da hizkuntz eredu horiek eguneratzea eskatzen dutela. Baina entzuten diren zenbait gauza entzunda hau esango nuke: hizkuntza ereduen aldaketatik ez da besterik gabe panazea etorriko, ezta gutxiagorik ere. Baina batzuetan iruditzen zait...

Mirariaren zain gaudela?
Mirariaren zain gaudela. Orain dela hogei-hogeita bost urte Hezkuntzarekin gertatu zitzaigun antzeko zerbait: Hezkuntza izango da Euskal Herrian euskararen normalizazioa konponduko duena eta erantzukizun guztiak eskolaren bizkar jarri genituen. Hori ez da horrela, eta gaur inpresioa daukat zenbait diskurtso entzunda, zenbaitek uste duela hizkuntz ereduen aldaketa bat eginda, eskola guztiz euskaldunduko dugula. Ez. Ereduak eguneratu behar dira, dudarik gabe, baina kontuz mirarien zain egotearekin.

Euskalduntzean eman behar diren pausoak eman behar dira hezkuntza komunitatearen ahalik eta adostasunik zabalenarekin. Ereduen egokitzapen eta eguneratzea ez litzateke on izango egitea hezkuntza komunitate zabal horretan adostasun handia eduki gabe.

Transbertsalitatea, askotan mahai gainean jarritako gaia da. Esate baterako, hedabideen inguruko hausnarketa lantzeko HAKOBA jarri duzue abian. Zein garrantzia du gai horrek?
Ezinbestekoa da. Gobernuan, departamentu bakoitzak bereganatu behar du hizkuntza politikari buruzko ikuspegi propioa, eta gero, herri erakundeen artean lankidetza derrigorrez indartu behar da. HAKOBA hor dago eta lidergoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak du, baina hor daude Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hezkuntza Saila, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiak, hiru hiriburuetako udalak eta EUDEL.

HAKOBAri indarra eman nahi diogu. HAKOBAren eskuartean dauden aztergaien artean kontu asko daude. Hedabideen gaian, arlo sozioekonomikoan, administrazioetan erabilera bultzatzeko... HAKOBA sartzea nahi dugu.

Guk transbertsalitate horretan benetan sinesten dugu. Etorkizuneko erronka nagusia erabilera da eta horri modu eraginkorrean aurre egingo badiogu bi baldintza dira nahitaez bete beharrekoak: kontsentsu sozial, politiko, kultural zabal hori indartzea eta gizarteko agente guztien eta bakoitzaren konpromisoa areagotzea. Hori dena modu transbertsalean uztartzea eta bideratzea ezinbestekoa da.

Lan mundua euskalduntzeko, diru laguntzen bidez ahalegin berezia egiten ari zarete. Enpresak diru horren beharrik ez sentitzea gerta liteke. Hau da, euskalduntzeko beharrik ez sentitzea.
Legealdi honetako lehentasunetako bat da arlo sozioekonomikoa. Zergatik? Erronka erabilerarena delako. Karikaturizatuz esango nuke, oso ondo dagoela eta behar beharrezkoa dugula fisika nuklearrari buruzko tesi doktorala euskaraz izatea, baina ez dut inongo zalantzarik kontu hori bideratua dagoela eta erabileraren erronka askoz handiagoa dugula esparru ez formaletan. Berealdiko garrantzia du hor lan munduak. Euskararen erabilera lan munduan hutsaren hurrengoa da.

Arlo horretan badago lan bat oso inportantea egin beharrekoa: sentsibilizazioa. Lan munduko arduradunak jabetu behar dira gizarte hau gero eta elebidunagoa dela, elebiduna izatera iritsiko dela. Jakin behar dute enpresek emango duten zerbitzua erakargarriagoa, salgarriagoa, merkaturako lehiakorragoa, kalitate handiagokoa izango dela, zerbitzu hori euskaraz ere emango baldin badute. Epe erdira oso inbertsio ona dela jabetuarazi behar diegu.

Horretarako diru laguntza inportanteak daude, %60 gehitu dira iaztik aurtengora. Hor ere nahitaezko baldintza da, diruak diru, bertako agente naturalak, enpresariak eta sindikatuak benetan inplikatzea prozesu honetan. Lanean ari gara eta udazkenean notizia onak izango dira. Aurrerabide sendoago bat emateko bidean izango garela uste dut.

«Erabilera da hizkuntza politikako arduradunen kezka nagusia egun», zuk esana da. Eta zeuk esana da ez dela erraza hain esparru intimoan eragitea. Erraza ez baina asko egin daiteke ezta?
Euskararen ezagutza eta erabilera ez doaz gora neurri berean, baina askotan hori esatearekin angustiaz betetako diskurtsoa egiten da. Eta kontuz. Guk jakin behar duguna da arazoa identifikatzen eta hori zergatik gertatzen den. Zergatik gertatzen da? Atxikimenduaren faktorea da inportantea, dudarik gabe. Herri erakundeen egitekoa da etengabe sentsibilizazio lanean jardutea. Helburua da euskara modu sinbolikoan asumitzen duen gizartearen gehiengo zabalak, euskara hori, modu errealean asumitzea. Nagusiki modu sinbolikoan asumitzen den hizkuntza, agian, kontserba daiteke, baina nekez berma daiteke hizkuntza bizia izatea. Helburua ez da euskara salbatzea, erabiltzea baizik. Demostratu behar dugu euskarak merezi duela, eta hori ez da dirutan bakarrik neurtzen.

Hala ere, arazo bakarra ez da atxikimendua. Badira arazo estrukturalak, urte askotarako lanak: euskara erabiltzeko batetik, behar besteko dentsitatea behar da, eta bestetik, hizkuntza gaitasun komunikatibo egokia behar da. Bi gauza horiek baldin badakizkigu eta daukagun elebidun tipologiarekin alderatzen baldin baditugu, zer gertatzen da? Batetik, gaitasunari dagokionez, gazte euskaldun gehienak euskaldun berriak dira eta gainera, familian ez daukate aukerarik euskaraz aritzeko. Bestetik, dentsitateari dagokionez, elebidun guztien bi heren 10.000 biztanletik gorako hirietan bizi da, euskaraz bizitzeko zailtasun gehien dauden tokietan.

Hedabideen alorra lantzeko hausnarketa hasia duzue. Zein da helburua?
Helburuak izan behar du euskal herritarrari hedabideen eremuan euskaraz bizitzeko aukera ematea. Kontua da euskarazko hedabideak berealdiko esfortzua egiten ari direla urtetan eta hori esan egin behar da. Diru laguntzak oso inportanteak dira. Orain dela hamabost urte, lehen deialdian, zortzi proiektuk jaso zituzten diru laguntzak, gaur 110en bat dira. Denbora horretan, euskarazko hedabideen kontsumitzaile potentziala ikaragarri igo da, 200.000 gehiago gutxienez. Kontua da, euskarazko hedabideen eskaintza igo den neurri berean, diru laguntzak igo diren neurri berean edo antzekoan, igo izan balitz kontsumitzaileen kopurua, gaur berealdiko saltoa emanda egongo ginatekeela. Zer da aztertu behar duguna? Ez diru laguntza inportante horiek zein irizpideren arabera banatu behar ditugun. Horretaz ere hitz egin daiteke, nola ez, baina gure buruari iruzur egiten arituko ginateke, erronka 4.750.000 euro banatzeko irizpideak jartzera mugatuko bagenu. Niretzako mauka litzateke hedabideen etorkizuna 500.000 euroren gorabeheran balego. Zeruak eta lurrak mugituko nituzke euro horiek lortzeko, baina dugun arazo nagusia ez da hori. Arazo nagusia zera da: nola demontre lortuko dugu produktu gehiago izanda, kontsumitzaile gehiago izatea. Zintzotasunez eta ausardia puntu batez ere, esan dugu: «Has dezagun gogoeta». Baina gogoeta orain arte aipatutakoaz.

Eskaintza-eskari desoreka horri buruz gogoeta egin behar da, beraz.
Orain dela hogei urte produktuak kalean jartzea izan zitekeen arazo nagusia. Ibilbide bat egin dute. Gehiago behar dira? Seguraski bai. Diru laguntza gehiago? Ez dut ezetzik esango. Baina arazo nagusia ez dut uste hori denik. Hedabideen epailea ez da Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, epaileak herritarrak dira. Barneratu dugun irizpide bat hau da: euskarazko hedabide bati bizkar ematen dion euskaldun alfabetatuak ez dio bizkar ematen euskarari, baizik eta hedabide horri. Asmatu behar dugu euskal hiztun horiek produktu horiei bizkarrik ez ematen. Hedabideak klabe horretan jartzea funtsezkoa da eta irtetea betiko eztabaidatik, diru laguntzak gora eta behera.

HAKOBA bilduko da irailean. Sektoreak nola hartuko du parte hausnarketan?
Irailean definituko du HAKOBAk aurrerapausok nola eman, hau da, gogoeta honetan zein galderari erantzutea nahiko genukeen definitu nahi dugu, benetako gogoeta gaiak zehaztasun guztiz definitu. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan nahiko aurreratuta daukagu kontu hau, baina nahiko genuke HAKOBA izatea hori definituko duena. Horregatik ez noa gauza gehiago aurreratzera. Gero, sektoreak parte hartu behar du nahitaez, agente nagusiak beraiek dira eta hor egon behar dute.

Produktuak eta diru laguntzak lotu dituzu. Produktuen promozioa eta diru laguntzak lotzea ez litzateke logikoa?
Ez dut baztertzen, ezta gutxiagorik ere. Erronka da hedabideak, merkatu potentziala handitzen doan neurrian, gai izan daitezela produktuaren erakargarritasunagatik merkatuan leku propioa irabazteko, eta beraz, diru laguntza publikoen gero eta behar gutxiago izan dezatela. Eta badakit horretarako urteak behar direla eta badakit errentagarritasun irizpide soilekin eta merkatuko lege hutsekin euskarazko hedabideek ezin diotela aurre egin egoerari.

Prentsa elebidunean euskarazko gehigarriak diruz lagunduko dituzue. Euskararen normalizazioak ez al du esan nahi euskara ohiko orrietan egotea? Tokiko telebista digitalen kasuan euskararen presentzia bermatuko duzue euskara ezagutzaren portzentajeak kontuan hartuta. Prentsari ezin zaio hori eskatu?
Batetik, hori egiteko modurik ez dago prentsa idatzi pribatuarekin. Tokiko telebistekin egin duguna oso sinplea izan da: erdara hutsezko telebistari ateak itxi eta tokiko telebista guztietan izango du presentzia euskarak. Hori egin dugu gobernua delako titularren kontzesioak emateko eskumena daukana. Hori egiteko eskumenik ez dago prentsa idatzian.

Bestetik, ez al da normalizazioa ohiko orrietan euskara azaltzea? Orain dela 12 urte erantzungo nion baiezkoarekin: ohiko orrietan euskara egon dadila. Baina esperientziak zerbait erakutsi digu: nagusiki elebiduna ez den gizartean, gaztelania nagusi duen prentsan, gaztelaniaren nagusitasuna erabatekoa izaten da eta ez zaio leku egokirik egiten euskarari. Pisu nabarmenik ez duten informazioetarako erabili ohi da euskara edo egunkariaren ildo editorialaren arabera, garrantzia handirik ematea komeni ez den pisu handiko informazioa kaleratzeko erabiltzen da. Alegia, euskara beste helburu batzuetarako tresna bihurtzen da. Gehigarriarena ere ez da absolutizatu behar, denbora eman eta aztertu egin beharko dugu ea bide egokia den.

Zer esango zenioke?
Duela gutxi prentsan hau esan duen Pako Aristiri: "Arriskutsua da benetan euskararentzat gaur bizi dugun garai hau, lan pertsonalari ekimen sozialek lekua hartu diote".
Mitxelenaren esaldi batekin erantzungo diot: «Hobe genuke euskarak maitasun gutxixeago eta begiramen gehixeago jasoko balu gugandik». Uste dut bai Pako Aristi eta bai Koldo Mitxelena norberaren euskararekiko konpromisoaren aldarrikapena egiten ari direla esaldi horretan, nahiz eta hori ez dagoen ekimen sozialari kontrajarria.

Haurrak D ereduan matrikulatuta izan dituen guraso ez euskaldunari, ikusi baitu umeak euskara maila egokirik ez duela eta ez duela euskara erabiltzen.
Lehenengo, eskerrik asko D eredura bidaltzeko erabakia hartu duelako. Bigarrenik, jarraitu dezatela haurrak motibatzen eta eman diezazkietela aukerak (produktuak, hedabideak, aisialdiko jardunak...) euskara erabili dezaten.

Zer esango zenioke Gernikako Estatutua onartu eta 27 urte geroago Legebiltzarrean eta Ajuria Enean gaztelaniaz hitz egiten dizun ertzainari?
Berari, euskaraz zuzentzen zaiona errespetuz tratatzeko eta gu guztioi, egoera hori aldatzeko denbora behar dugula, baina aldatzera iritsi behar dugula berehala.

Herri oso euskaldunean Osakidetzan pediatra erdalduna duen gurasoari?
Eskatzeko euskalduna, berak hala nahi badu, zeren gerta liteke aukeran jarri eta bestea nahi izatea. Esango nioke Osakidetzan ez daudela geldirik, ari direla pixkanaka pausoak ematen. 8.300 profesional euskarako klaseak jasotzen ari direla.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude