Jon Alonso: «Errealitatea iruzur etengabea da»


2006ko uztailaren 23an
Aingeru Epaltzari irakurri genion behin «genero kanonikoen arteko mugak hausteko grina» izan duzula beti. Eleberri-kronika, saiakera-artikulu bilduma, nobela-rapsodia, antologia apetatsua, gazteentzako lokuzio liburua… Jon Alonsok literaturarekin nahi duena egiten al du?
Segurutik, kontrakoa izango da: literaturak nahi duena egiten du nirekin, edo, errealistagoa izanda edo apalago esanda, nik nahi dudana ez, ahal dudana egiten dut, gehienok bezala.

Hain zuzen, oraingo honetan Patrikarako ipuinak osatu dituzu. Ipuina ez da Jon Alonsori asko ezagutzen diogun generoa.
Ez, ez dut askorik argitaratu. Bakarren bat bai, sariketaren bat irabazi ere bai... Baina beti interesatu zait generoa, irakurlea naizen aldetik, eta idazlea naizen aldetik ere bai. Baina errespetu handia diot ipuinari. Oso genero zaila da. Eta hau esaten dut jakinik beti azpimarratu izan dudala generoen araberako sailkapena aski arbitrarioa dela. Baina inoiz zentzurik badu sailkapen horrek, poesiaren eta ipuinaren kasuetan da.

Jon Alonsok gauez, musika entzuten eta purua erretzen idazten omen du. Ipuin hauek noiz idatziak dira? Nondik datoz? Eta norentzat dira?
Urteak dira ipuinak idazten ditudala. Halako desafio modukoa daukat nire buruarekin, ea zerbait duin egiteko gauza naizen. Norentzat... irakurri nahi dituenarentzat. Tira, beste alde batetik hainbat urtetan ibili naiz tokiz toki ipuingintza ikastaroak ematen, eta beti pentsatu izan dut entzule ibili den jendeak nolabaiteko eskubidea zeukala teoriaren eta praktikaren arteko aldea ikusteko.

Txema Larreak esan zuen behin «Nafarroan zeudela pentsatzen zuten idazleak». Garbi dago Jon Alonsok behintzat asko pentsatzen duela. Eta badituela liburu gehienetan errepikatzen dituen obsesioak: euskalgintzari, komunikabideei, euskaltzaindiari, politikari... eginiko kritikak. Horiek guztiek zer moduz tratatu zaituzte zu?
Hainbestean. Ez naiz kexatzen hasiko. Bakarren batentzat, gaizki disimulatutako disgustuaz eraman beharreko morroia izateko beste meritu egingo ahal nuen!

Bi ipuin hauetan, badago errealitatearekiko ikuspegi zinikoa. Esan daiteke, bietan, pertsonaiek iruzurra jasaten dutela, nolabait... Hori ere ez al da zure obsesioetako bat?
Ziniko gehiegi iruditzen zait. Ironiko, igoal. Abiapuntuko inozotasun batetik begiratuta, errealitatea iruzur etengabea da.

Gauzak hainbeste aldatu al dira? Sindikalistak hainbeste aldatu al dira?
Gizartea eta lan mundua aldatu da, asko eta agudo. Sindikatuak eta sindikalistak ere bai. Sindikalismo-mota bat, batez ere. Langile soil naizen aldetik daukadan esperientziatik ateratako ondorioa da.

Non fida, han gal da lehen ipuinaren izenburua. Ez da esaldi hori zure lanetan agertzen den lehen aldia. Camembert helburun ere aipatzen duzu. Gaurko onura, biharko galera, horixe da ipuinotan adierazi nahi zenuena?
Nik uste dut esaldi horrek interpretazio desberdin batzuk eduki ditzakeela. Kasu honetan, zer nolako kontsumitzaile pribilejiatu eta aldi berean eskasak garen, eta horrek zer nolako neurosiak sortzen ahal dituen, eta sortzen dituen. Gehiegiak kalte eginda bizi gara, iparra galtzeraino.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jon Alonso
'Naparra'-ren desagertzeari buruzko ikerketa-liburua argitaratu du Jon Alonsok

Jon Alonso idazleak Naparra: kasu irekia (Elkar) liburua aurkeztu du ostegun goiz honetan. 1980an Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialaren eskutik desagerrarazitako militanteari buruzko ikerketa sakona eskaintzen du obrak.


2020-01-24 | ARGIA
Saramagoren 'Lisboako setioaren historia' euskaraz berrargitaratu dute

Lehenbiziko aldiz euskaraz argitaratu zenetik 20 urte baino gehiago igaro direnean, José Saramagoren Lisboako setioaren historia nobela berrargitaratu du Elkar argitaletxeak.


2018-02-25 | Jon Alonso
Leterenak

Robert Lowell (1917-1967), poeta estatubatuar bat izan zen. Amerikako Estatu Batuetako Liburuaren Sari Nazionala (National Book Award, 1960, Life Studies obrarengatik) eta Pulitzer Saria, poesian (1947an eta 1974an), irabazi zituen. Bakezalea zelako zaigu ezaguna: kontzientzia... [+]


Jon Alonsok badaki sintetizatzen

Batzuetan elkarrizketaren erantzunak poesia dira. Edo mikroipuina, segun eta nondik begiratzen zaion. Jarri Jon Alonso adibidez: pasa den asteburuan egin diote elkarrizketa bat Hernaniko Kronikan eta eman dituen erantzun batzuk apartak dira.


2012-01-15 | Aritz Galarraga
Hamazazpi urteko hamarkada

Camembert helburu  :: Jon Alonso

Susa, 1998.

344 orrialde.

14,25 euro.


Eguneraketa berriak daude