«LITERATURA ARKEOLOGIA IZATEKO BIDEAN EGON DAITEKE»


2002ko maiatzaren 05an
Berandu plazaratutako idazle ote den bota diogu supituki Jon Alonso iruindarrari:«Hogeita hamazazpi urte nituen lehendabiziko liburua argitaratu nuenean, ez dakit berandu ote den. Niri beste idazle batzuek goizegi argitaratu dutela iruditzen zait. Badago jende oso gazteari liburuak eta liburuak eskatzeko joera. Ez dago gaizki ere, baldin gazte horrek liburua zinez idatzi nahi badu. Baina, bestela, nire adina ez dut txarra zenik uste ere».

Saiakerak eta eleberriak tartekatzen dira Jon Alonsoren literatur ibilbidean. «Idiaren eraman handia» saioa eta «Katebegi galdua» nobela, baita genero hibrido gisara paratua ere, «Camembert helburu» saio nobelatua, kasu. Iazko amaieran, garai berean, «Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk» saioa, eta, «Euskal Karma» eleberriak plazaratu zituen.

Genero bakoitzak liburu bat, baina liburu biak osagarriak.
Elkarren osagarriak direla esaten dut nik ere bai. Azken urte hauetan eduki ditudan kezkak eta egindako gogoetak paratu ditut. Nahiz tratamendu diferentea izan duten, bi liburuek gai komuna-edo agertzen dute.

Saiakera generoak aurreiritziak jaso ohi ditu: genero aspergarria dela, «roiloa» dela-edo.
Alde batetik, egia da, ongi irabazitako fama hori du saiakerak. Izan ere, idazle batzuek nolabait, espezialisten arteko dialogo gisa erabiltzen dute saiakera, edo munduari erakusteko zein jakintsuak diren. Beraz, alde horretatik merezi du fama txar hori. Horregatik, nire gusturako, saiakera izanda ere, ahaleginak egin behar ditugu atsegina izan dadin.

Bi liburuetan, bi eratara, literatura duzu gaia eta abiapuntu. Zein xedetan?
Euskal literaturari buruzko gogoeta bat egitea izan dut helburu. Azkeneko urteotan literaturari buruzko hainbat iritzi zabaldu da gure eremuan, eta orduan, nik, neure apalean, nirea egin dut. Euskal literaturari buruzkoa bada ere, ez da bakarrik euskal literaturari buruzkoa, literaturari berari buruzkoa baizik. Hori azpimarratu nahi dut. Beste batzuek gogoeta hori egin izan dutenean euskal literaturari bakarrik begiratu baitiote. Eta ez da hori bakarrik begiratu behar nire ustez, baizik literatura orokorrean.

Arkeologia al da literatura?
Liburuan dagoen gakoetako bat hori da. Literatura gaur egun arkeologia dela esatea oso gogorra egiten zait, baina horren gogor esan gabe, badugu nahiko datu arkeologia bihurtzen ari ote den susmatzen hasteko, edo laster bihurtuko ez ote den, bederen. Hori da nire gogoeta. Hain zuzen ere, euskal literatura ona edo txarra den eztabaida izan denez, nik hortik abiatu nahi izan dut gogoeta. Horretarako jakin behar dugu zein diren literatura onaren ezaugarriak. Kanon esaten zaion horren barruko liburua izateko, bi ezaugarri aurkitzen ditugu batez ere: batetik, orijinala izatea, eta unibertsala bestetik. Orijinaltasunaz nahiko eztabaidatu da joan deneko urteetan. Eztabaidaren aitzindaria Atxagaren «Obabakoak» obraren inguruan sortutakoa izan zen, plagioari buruzkoa. Harrezkero, ordea, orijinaltasunaren kontzeptu hori nahiko erlatiboa bilakatu da, ez da uste genuen bezain erabatekoa, nolabait esanda, kili-kolo gelditu ote den irudipena daukat.

Bigarren ezaugarria, unibertsaltasunari buruzkoa, kolokan jartzeko moduko balore bat dela diozu?
Unibertsaltasuna esaten denean, ideologiaz aritzen da gehienbat, eta batez ere, alderdi humanoaz aritzen da, baina genetikaren aldetik datozen aldakuntzak direla-eta, poliki-poliki ikusten ari gara, humano izate hori posible dela beste modu batekoa izatea, garai hori uste baino lehenago irits litekeela, alegia.
Horren ondoren, literatura onaren ezaugarri nagusiak orijinaltasuna eta unibertsaltasuna izanik, biak kolokan izanda ere, benetan kolokan dagoena literatura bera da, eta ez soilik euskal literatura, baizik literatura bera.
Literatura betidanik izan dituen funtzio batzuk galtzen ari dela esan genezake, eta galtzen ari da, literaturak lehia handia duelako beste komunikabideekin edo beste eragileekin. Orduan, poliki-poliki, geratzen ari zaion funtzioa lekukotasuna ematearena da, alde horretatik diot, arkeologia izateko bidean egon daitekeela. Alegia, liburu bat idazten ari zara eta harrizko aizkora bat lurperatzen ari ote zaren inpresioa izan dezakezu, edo nik halakoa izaten dut behintzat.

Euskal hitzen formez baino euskal hitzen esanahi zehatzez arduratuta zaude, bestalde.
Bai, horixe da kontua. Literatura arkeologia denaren ondoriora iritsi bagara, ‘eszenatoki’ (modaz dagoen hitz hori erabiliz) hori onartuz gero, hauxe da galdera:«Euskal literatura zein kondiziotan iristen da ‘eszenatoki’ horretara?». Erantzuna da euskal literatura literatur hizkuntza normaldu gabe iristen dela literatura izatera, dagoeneko, arkeologia den ‘eszenatoki’ horretara.
Literatur hizkuntza normalduta ez egotearen horren zantzuak askotxo izan daitezke, baina nik bat aipatzen dut: hiztegi baten falta. Gaur egun dugun gaitzik larriena. Niri hitzen esanahia ezagutzea interesatzen zait, eta ez hainbeste «tz»z, «h»z edo «j»z idatzi behar ote den. Ni hitzen esanahi zehatza jakin beharrean bainago. Horrek eragiten dio irakurketa prozesuari nire ustez. Jendeak ez duela euskaraz irakurtzen kexatzen gara, baina, batzutan, baldin eta ez badakizu benetan hitz batek zer esan nahi duen, oso zaila da irakurtzea.

Hitzen ondoeza bizi dugu.
Hori da. Hiztegi arau emailerik ez dugu, eta oraindik ere funtzionatzen ari gara duela 50 urte eta 100 urteko hiztegiekin, Plazido Mujika eta Azkueren hiztegiarekin, kasu. Nahiz aspaldikoak izan, operatiboak dira, erabiltzen ditugu, hori da gure arazo handienetako bat.

Bestalde, «Euskal Karma» nobelari «Rapsodia» ipini diozu azpian. Zergatik?
Titulutik beretik asmo ironiko bat agertu nahi izan dut. Literaturan beti ibiltzen gara generoen arteko bereizketa egiten eta eztabaidatzen, hau da, liburu bakoitza zein generotakoa den, bere definizioa eman nahian, bere ezaugarriak zein diren bilatu nahian... Badago, joera kritiko eta teoriko bat, biak bereiztu aldera, eta bestalde, badago generoa bereiztea zentzurik ez duela dioen beste joera bat. Nik broma bat egin dut horrekin. Rapsodia -hiztegiak dioenez- beste idatziekin egiten den pastichea da. Liburu honi azpititulu hori egokitu zaio, halako ukitu bat duelakoan.

«Agur Darwin» saiakeraren gaia nobelatua al da, ausaz?
«Agur Darwin»en dauden arazoak edo gogoetak egiten nituelarik, serio itxuran-edo, bere lehorrean, aldi berean horri guztiari bazegoela beste forma bat ematea pentsatu nuen, arrazoitu gabe, elementu narratiboak sortuz eta sartuz, liburu esperpentikoa edo parodia bat sor nezakeela bururatu zitzaidan.

Berean ere kanonaren gaia erabiltzen duzu.
Kanona, narrazioa edo akzioa abiarazteko aitzakia besterik ez da. Kanona behar ote den baino, nik orijinaltasunari buruzko eztabaida neukan buruan. Euskal literaturaren barruan eztabaida horretan parte hartu badugu ere -arestian esan bezala-, anartean, AEBetan ere sortu zen eztabaida hori. Euskaraz ez dut aztarnarik aurkitu eztabaida berari buruz, ordea. Eztabaida hori gaztelaniaz ezagutu dut. Hori aitzakiatzat hartuta abiatu nuen eleberria, baina kanonaren -behar den edo ez- gaian sartu gabe.

«Euskal Karma» irakurri ondoren, euskaldunok euskararekin patologia moduko bat bizi ote dugun nago.
Patologia hitza sobera fuertea da. Euskararen alor guztietan hori bizi dugula esatea gehiegitxo da, baina literaturaren eremuan badago patologia moduko bat, arazo bat. Adibidez, hizkuntza literarioa ez dela erabat normalizatua diogu, eta hori fenomeno honen adierazgarria da. Esate baterako, liburu baten elkarrizketak hartzen ditugunean, hizkuntza sendoek dialogoen akotazioetan aditz jakin batzuk erabiltzen dituzte, modu jakin batean erabiltzen diren aditz lokuzio batzuk, kasu, badute dialogoak akotatzeko sistema oso bat. Hizkuntza jakin horietako irakurleak batere zalantzan jarri gabe irakurtzen ditu elkarrizketa horiek, dialogoak akotatzeko modu horiek, ohituraren poderioz funtzio bat dutelako, nahiz eta irakurleak, beharbada, horretaz ez diren horren kontziente.

Adibidez?
Gaztelaniazko irakurleak musitó, masculló, prorrumpió, inquirió, hitzak ez ditu erabiltzen eguneroko jardun normal batean, sekula ez edo oso gutxitan erabiliko ditu, baina liburu baten dialogo batean normal irakurtzen ditu. Bestalde, adibidez, fruncir el ceño edo encogerse de hombros bezalako lokuzioak barra-barra erabiltzen ditu idazleak inolako arazorik gabe. Euskarara pasatzen zara, eta holakoak erabiltzen badituzu dena problemak dira. Adibidez, otutzen zaizu «ihardetsi» erabiltzea «erantzun» hitzaren partez, eta bat hasiko da bere baitan:«Hau ez dut ezagutzen». Beste bat, berriz:«Hitz hori nola da, ‘ih’z edo’j’z? Zergatik ‘ih’z eta ez ‘j’z? Ihardun hitzetik badator, zergatik ez ‘h’z». Beste batek esango dizu:«Nola arraio idatz dezakegu ‘ihardetsi’ Gipuzkoako Goierrin gertatzen den nobela batean? Goierrin ez da sekula horrela esan». Beste hizkuntza batean ez da hori gertatzen, euskaraz baina, gertatzen da. Patologia den edo ez den, ez dakit, baina hori traba bat da liburua egiteko eta irakurtzeko

«Irakurketa egitean osatzen da literatur ekimena, bestela ez dago lit eraturarik»
Nafarroako administrazioan ari zara itzultzaile lanetan. Idazle gisa, berriz, zure tokia egiten ari zara euskal literaturan. Idazle gisara aritzeak zertan laguntzen dizu?

Bizitzen laguntzen didala esan ohi dut. Ez dut uste idatzi gabe burutik larri ibiliko nintzenik -edo batek daki zer den gaizki egotea- baina horixe laguntzen didala bizitzen, nire burua argitzen, nik neuk ikasten... Itzultzaile gisa lan sistematiko baten barruan ari naiz, eta idaztean, berriz, buruan izaten ditudan kezkak lasaitzen ditut nire baitan.

Eleberria rapsodia gisara idaztean zer bilatu duzu?
Gerrikoa askatuta idatzi nahi nuen alde batetik, eta aldi berean, posible den neurrian, irri egitea, irakurlearen konplizitatearekin, jakina. Ni irakurlea naiz, eta literatur jarduna irakurleak irakurtzen duenean osatzen da. Irakurketa egitean osatzen da literatur ekimena, bestela ez dago literaturarik.

«Pergutada» edota «afrusa» hitzak, kasu, erabili dituzu.
Asisko Urmenetaren liburuxketan agertzen dira -Asisko laguna dut eta lagundu diot liburua egiten- eta lotsagabe tartekatu ditut eleberrian. Belaunaldi berria hitz horiek askatasunez erabil ditzaten gonbidatu nahi dugu, hizkuntza honetan irri egin dezaten, ahal bada metaforak sortuz. Lokuzioak asmatzen eta memento jakin batean erabiltzen badira, arrakastatsuak izan daitezke. Euskarak aurrera egiteko metaforak eta testuinguruak behar ditu, bestela galduz joango da.

Koldo Mitxoleta, Guebokinder Artximandrita edota Bribon Parasola pertsonaien izenak direla-eta, haserretu al zaizu inor?
Ez dut uste inor haserretu denik. Broma inozoak dira, ez da inoren kontra joatea, ez amorruz ez minik egin nahian, Badago ironia puntu bat, eztenkada moduan, eztenkadak onartzen ikasi behar dugu.

Polemika pixka bat behar ote du euskal literaturak?
Polemika behar da, baina ez gaiztoa, herra edo odol gaiztoa sortu dezakeen polemika. Hitz egitea eta eztabaidatzea ona da, tonu polemikoan ere bai, baina garraztasunik gabe, askotan sortzen den garraztasunik gabe


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jon Alonso
'Naparra'-ren desagertzeari buruzko ikerketa-liburua argitaratu du Jon Alonsok

Jon Alonso idazleak Naparra: kasu irekia (Elkar) liburua aurkeztu du ostegun goiz honetan. 1980an Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialaren eskutik desagerrarazitako militanteari buruzko ikerketa sakona eskaintzen du obrak.


2020-01-24 | ARGIA
Saramagoren 'Lisboako setioaren historia' euskaraz berrargitaratu dute

Lehenbiziko aldiz euskaraz argitaratu zenetik 20 urte baino gehiago igaro direnean, José Saramagoren Lisboako setioaren historia nobela berrargitaratu du Elkar argitaletxeak.


2018-02-25 | Jon Alonso
Leterenak

Robert Lowell (1917-1967), poeta estatubatuar bat izan zen. Amerikako Estatu Batuetako Liburuaren Sari Nazionala (National Book Award, 1960, Life Studies obrarengatik) eta Pulitzer Saria, poesian (1947an eta 1974an), irabazi zituen. Bakezalea zelako zaigu ezaguna: kontzientzia... [+]


Jon Alonsok badaki sintetizatzen

Batzuetan elkarrizketaren erantzunak poesia dira. Edo mikroipuina, segun eta nondik begiratzen zaion. Jarri Jon Alonso adibidez: pasa den asteburuan egin diote elkarrizketa bat Hernaniko Kronikan eta eman dituen erantzun batzuk apartak dira.


2012-01-15 | Aritz Galarraga
Hamazazpi urteko hamarkada

Camembert helburu  :: Jon Alonso

Susa, 1998.

344 orrialde.

14,25 euro.


Eguneraketa berriak daude