Jan, edan eta lo


2006ko uztailaren 09an

Napoleonen harritailuan txiza egiteko, lehen-lehena Napoleonen harritailua beharrezkoa dela. Egunero ikasten dira gauzak, eta egunero ahazten, zorionez, baiki. Bestela ezin bizi. Zer ikasi behar den eta zer ahaztu, horixe izaten da koska. Ez dakit gogoan daukazuen, baina urte edo urte t'erdi ez dela, halako aztarna zaharrak agertu ziren Iruñeko (Iruñea-Pamplona, ez Iruña-Veleia) Gaztelu Plazako lurraren azpian, parkinga egiten ari zirenean. Musulmanen hilobiak omen zeuden tarteko, eta beste hainbat bitxikeria, nonbait -sekula ez dugu jakin, ezta jakingo ere; auskalo euskarazko idazkuneren bat ere ote zitekeen-. Bertako alkate andreak erabaki erabatekoa hartu zuen; dena suntsitu zuen, parkingaren ohoretan, ondare hori berreskuratu eta aztertzeko eskatzen zuen hiritar andanari kasurik egin gabe.

Zer nahi duzue, lagunok, nahiago iraganak zamatuta bizi, etorkizunak itota baino. Baina hau ere esaldi tranposoa da, horren jakinaren gainean idatzi dut, egia esan; kontua baita zer gogoratu, eta zer ez; eta zergatik, eta zertarako. Bai ba, boterean dauden ideologiek sakralizatzen dutela iragana. Ideologia hori bera etorkizunera proiektatzeko, ideologia horrek etorkizunera jauzi egin dezan. Horra beste gakoetako bat. Horregatik, gauzak zer diren, iraganarekiko aske izatea desio dezaket, edo iraganari atxikia bizitzea, inguruabarren arabera, gauzak guztiz kontrajarriak diren arren, itxuraz bederen, eta bi kasuetan ni naizen berbera izanda; tokian tokiko botereko ideologiek zer irentsarazi nahi didaten. Gure oroimenarekikoak ere, dena bezala, dialektikoak direla, alegia. Baina hau denok dakigun kontua da, noski.

Horregatik agian, iraganeko kontu hauek, batzuetan, aski irrigarriak iruditzen zaizkit. Agertu zen Lazarraga eta hara! literaturaz, soziologiaz eta hizkuntzalaritzaz ustez genekiena hankazgoratu zen. Orain, berriz ere Araban -Araba, zazpigarren alaba, euskalduntasunean epel-, agertu dira idazkune famatuak, eta arkeologiaz, antropologiaz, eta historiaz ustez genekiena aldrebestu da. Are gizarte zibilaren antolamenduaz ustez genekiena ere: "Jan edan lo" hori Paleoelkarte Gastronomiko baten goiburua baizik ezin daiteke izan. Edo filosofiaz: bizi-proiektu baten adierazpen programatikoa al da aipatu leloa? Baietz topatuko duten hurrengo idazkunea "Ñaka-ñaka" izan -edo ez, noski, hori ezin liteke-. Ez da harritzekoa zenbait jende susmoraino asaldatuta egotea.

Nondik begiratzen den, ordea, dena da irrigarria. Hitzaren bidez egia bilatzeko nahia asmo hutsala da, ezinezkoa nahi izatea da, irrigarria hortaz. Hitzaren bidez egia maskaratzeko, makilatzeko nahia bezain hutsal eta ezinezkoa, hizkuntza eta ofizioaren trikimailuak oso ongi menderatuta ere. Finean, dena da absurdua, hartara iritsi nahi izanez gero. Horregatik, absurdutik ihes egiteko alegia, gabiltza beti leungarrien bila, nola baita pentsatzea, egia bilatzea ezinezkoa izan eta, egia benetan bilatzeko borondatea dela kontuan hartu behar dena. Edo egia maskaratzekoa. Esatekorik edukitzea, beste hitzez. Erlatiboki erraza da hitzen atzean ezkutatzea, komeni denean bakarrik burua atera eta kukurik egiteko, edo eztena erakusteko. Alegia, Napoleonek arrazoi zuela, eta baita ere arrazoi Napoleonen harritailuan txiza egiten zuenak ere. Apur ditzagun iraganeko kateak, txizalariak nahi zuen eran, eta begira diezaiegun elkarren begiei bertatik bertara, diskurtsoka aritu gabe, Napoleonek gomendatzen zuen gisa. Baina alferrik da; gorputz-jarioak libratzeak edo hurbiltasun fisikoak ez du bermatzen zer esatekorik edukitzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude