William A. Douglass: «Behin ere ez diot utziko euskal gaiak ikertzeari»


2006ko urtarrilaren 15an

Nik uste aitonari buruz hitz egin beharko zenukeela lehenengo.
Ez duzu hasiera makala. Aitona meatzari zaildua zen. Harriaren froga kimikoak egiten zituen, mearen aberastasuna zehazteko. Urre-bilatzaile ere izan zen, eta 1892 inguruan urrea aurkitu zuen. Atera kontuak, ekonomia hondoa jota zegoen, krisia erabatekoa zen, eta gure aitonak urrea aurkitu! Eta herria eraiki zuten, "Douglass Camp" izenekoa. Baina urrearen kontuak, herri hura, beste hamaika bezala, egun bateko lorea izan zen; alegia, urte batzuk iraun zuen. Gero, beste nora edo nora, urre gehiagoren bila. Eta aurkitu zuten, Tonopah herrian, Nevada erdialdean. Dirutza egin zuen, baina gero erreka jo zuen, ordea -benetan erreka jo, gero!-, sos denak galdu zituen. Gure aita zenak bigarren hezkuntza bukatu baino lehen hil zen, eta kito honen ikasketak. Bill zuen izena aitonak, eta hori behintzat utzi zidan legadoan: haren izena daramat nik. Bill. Tira, zuk aitonari buruz galdetu didazu, gure aitaren aldetiko aitona. Amaren aldetik izan nuena ere aipatzeko modukoa da. Arazo larriak izan zituen. Alkoholiko ote zen nago. Gure amak ez zuen ikasketarik burutu. Ilustratu handirik ez da izan gurean.

Aitak negozio handiak izan zituen: zenbait kasinoren jabe izan zen.
Bai, gerora. Hasieran, makina txanponjale gutxi batzuk zituen, hiru bat edo, Nevadako meatzari kanpamendu zenbaitetan. Gero, ordea, dirutu egin zen. Aipu handiko kasino-jabea izatera heldu zen. Las Vegasen, Lake Tahoe-n, Renon eta bestetan zituen kasinoak. Renokoek kiebra jo zuten halako batean, eta besteak saldu egin zituen. 2002an hil zen, 91 urte zituela. Oso ezaguna zen Nevada osoan.

Zu, aldiz, entzuteko antropologoa. Nork edo zerk jarri zintuen ikastera?
Kontatuko dizut. Niri, eskola baino, mendian ibiltzea gustatzen zitzaidan, ehizan: kastoreak, uretako arratoiak, bisoiak, koioteak... ehizatzen nituen, bakarrik edo beste lagunen batekin. Ehizatzen genituen animalia horiek denek larru baliosa dute, oso preziatua eta guk, harrapatu eta saldu egiten genituen. Eremuan ere ibiltzen nintzen gaztetan, suge harrapaketan. Kasu honetan ere larrua zen kontua. Nik ehizari buruzko liburu praktikoak besterik ez nituen irakurtzen. Hamasei bat urte nituela irakurri nuen lehenengo nobela. Gero, abentura liburuetara zaletu nintzen, Amazonas ibaian egiten ziren esplorazio kontuak irakurtzera, eta abar. Haiek bai liburuak! Baina literatura serioa? Ez horixe!

Baina unibertsitatera heldu zinen, zaletasun txikia gorabehera...
Erraz sartzen zitzaidan eskola, horixe da egia. Baina ez nuen unibertsitaterako gogorik batere. Aita, berriz, egoskortuta zegoen. Unibertsitatera behar nuela ari zitzaidan hura beti. Niri, aldiz, Venezuelara joan behar nuela sartu zitzaidan buruan garai hartan, diamante bila! Abentura liburu haietan irakurritako zerak. Abiatu ere egin nintzen hara, baina Mexikora baino ez nintzen ailegatu. Handik, buelta etxera. Venezuelako bidaia hura egiteko dirua behar nuen, eta lanean hasi nintzen Renoko farmazia batean, gauez. Bitartean, aitak nire izena emana zuen Renoko unibertsitatean, ikasketak ordaintzen zizkidan, dirua ere ematen zidan, unibertsitatera joan nendin. Eta jakina, ni unibertsitatera, batere ikasten ez banuen ere! Farmazian ari nintzela lanean, gau batean, atzerriko ikastaroei buruzko artikulu bat irakurri nuen: New Yorkeko Unibertsitateak antolatzen zituen, Madrilen, Complutensen. Orduantxe piztu zitzaidan argia. Aita, nik ikasteko amorratzen. Esana zidan: "Nahi duzun unibertsitatean pagatuko dizkizut ikasketak, baina egin unibertsitatea!". NikMadrileko programarena irakurri, eta nola Mexiko bertan zegoen, Venezuelako diamanteak ere bai -esate batera diot-, bada, gaztelania ikastea gauza baliagarria izango nuela iruditu zitzaidan.

Eta Madrila, 1959an...
Hemeretzi urte nituela. Aitari esan nionean, ezin sinetsi zuen. Madrila! Baina berak behin baino gehiagotan esana zidan: "Heuk nahi duan unibertsitatean!". Eta hark ezin hitza jan. Eta Madrila, bai, gaztelania askorik ez banekien ere. Complutensen hasi nintzen, espainiar literatura ikasten; huraxe zen aukeratu nuen arloa. Gaztelania eskoletara ere joan nintzen, jakina. Hasieran, gaztelaniaz inorekin hitz egiteko gauza ez nintzenez, irakurri egiten nuen, asko. Dostoievsky, Tolstoi, Steinbeck... irakurri nituen, baita On Kixote ere; hilabetean, ordu asko pasatuta, eta hiztegia ondoan nuela. Horrela, zaletu egin nintzen. Dolar batzuk poltsikoan eta, sasoi hartako Madrilen, aberats bizi ginen amerikar ikasleak. Flamenko ikastaroa ere egin nuen nik orduan. Joaquin Rodrigok ematen zizkigun musika eskolak, adibidez. Kontua da orduantxe egin zitzaidala argia, gogo intelektuala piztu. 1959ko urte hura gabe ni ez nintzen Renoko Euskal Ikasketen Programa irekitzera helduko. Ez al da aldrebesa?

Espainiar literatura ikastera joan, eta antropologia ikasten bukatu zenuen.
Renon ere jasota nengoen antropologia eskolaren bat edo beste, eta gustatu. Madrilen ere bai, beste ikastaroren bat, eta horrelaxe. Kontua da Madrildik Renora itzuli nintzeneko, atzera Iberiara joateko asmotan nintzela. Chicagoko unibertsitatera eskaria bidali eta onartu egin ninduten. Hura herrialde honetako unibertsitate onena zen antropologian. Iberiar Penintsulari buruz irakurtzen hasi nintzen. Caro Baroja, batez ere: Los pueblos de España, Los pueblos del Norte, Los vascos, La vida rural en Vera de Bidasoa... Baita Kataluniari buruzko lanen batzuk ere. Baina Euskal Herria iltzatu zitzaidan. Haraxe joan behar nuela nik sartu zitzaidan kaskoan. Noiz edo noiz, herri hartan egin behar nituela nire ikerketak. Chicagon, gainera, bazen beste irakasle bat, Julian Pitt-Rivers, Caro Barojaren oso laguna. Pitt-Riversek jakin zuenean ikasle gazte bat Euskal Herrira begira zegoela, segituan animatu ninduen.

Etxalarra heldu zinen 1964an. Aulestin zinen 66ko hasieran. 67an, Renoko Euskal Ikasketen Programa abiarazi zenuen...
Ez hortaino azkar -alegia, Amerikatik Euskal Herrira hainbat bidaia eta han egonaldi bat baino gehiago eginda-, baina zuk esan duzun bezala, gutxi gorabehera behintzat. Etxalarra ailegatu ginenean -emaztea, ni bezain gazte; urte bateko haurra, deskuidua; eta hirurok-, ez etxerik genuen, ez ikerketa-gairik nuen nik. Lesakako Maria ostatuan egon ginen lehenengo, Etxalarko Buxungoborda etxea fortunatu zitzaigun arte. Bitartean, Caro Barojaren lagun egiten hasi nintzen, Pitt-Riversen gomendiozko karta ekarri nuen eta. Jira eta bueltaka, Carorekin hizketan eta Etxalarko jendearen hara-honari begira, konturatu nintzen exodoa zela hango gaia. Bertako asko Irun eta Iruñera ari zen. Beste batzuk, Lesakara joaten ziren lanera. Jende mugimendu hark baserriak hustea ekarria zuen ordurako. Eta horixe aztertzea erabaki nuen. Gero, azterketak balio handiagoa izan zezan, Etxalar beste herri txiki batekin konparatu behar nuela iruditu zitzaidan. Eta Aulestira heldu nintzen horrela.

Txantxangorria bezala gabiltza, adarrik adar, denboran aurrera. 1967an hasi zinen Euskal Ikasketen Programan.
Euskal Ikasketen Programan hasi? Programarik ez zegoen eta! Zertan zen ere ez genekien. Ez zertan zen, ez zer behar zuen izan. Eskaintza egin zidaten, onartu nuen, eta eremuan sartzea bezala izan zen hura. Dena, eta ezer ez. Eta, okerrena, neu buru! Nora nindoan batere ez nekiela. Asmatu egin behar zen. Gaitz erdi, ordurako William Jacobsen irakasleak beka eskatua zion National Science Foundation erakundeari, hizkuntzaren gaineko ikerketa egiteko, eta halaxe hasi ginen. Gauza bat izan genuen alde. Ordurako, Robert Laxalt idazlea Donibane-Garazin egona zen, urtebetez, eta Philippe Veyrin-en lagun egin zen bertan. Veyrin hilzorian zegoen, eta biblioteka Renori salduko ziola hitz eman zion Laxalti. 750en bat liburu. 6.000 dolar ordaindu genituen. Eta Renoko euskal liburutegiaren hazia jarri genuen.

Liburutegia ez ezik, Programa bera ere gorpuztu egin zen.
Uste baino gehiago kostata, ordea. Gure helburua ikerketa zen. Bekak eskatzen genituen, egitasmoak -eta geure soldatak-, ordaintzeko. Zaila izan zen, nekea. Bestalde, euskal jairik euskal jai ibili nintzen Nevadako eta Kaliforniako zenbait herritan, Programaren berri ona kontatzen, eta diru eskatzen. Uste genuen euskal amerikarrek lagunduko zigutela. Baita zera ere! Nik ez nuen 27 urte besterik, gaztea, amerikarra, unibertsitatekoa... sinesgarritasunik ez nuen komunitate haren begien aurrean. Erre ere egin nintzen, eta Programa, edo dena delakoa -artean ez zen ezer handirik eta-, uztekotan egon nintzen.

Jon Bilbao izan zenuen aingeru guardako...
Ez da gezurra. Antropologoen biltzar batean ezagutu nuen, ni Renon lanean hasi berri. Ekialdeko kostan ari zen lanean, Maryland-en, hemen, AEBetan. Batek edo bestek Euskal Ikasketen Programa abiarazteko tentatu zuten, han, non edo non Ekialdeko kostako unibertsitateren batean. Jon tentatu zutenak ni neu ere tentatzen saiatu ziren. Renorekin zorretan nengoela esan nien nik. Bateko, eta besteko, Jon eta biok adiskidetu ginen. Renon hitzaldia egin zezan ere gonbit egin nion, eta hark onartu. Etorri zen, eta jende asko joan zen haren hitzaldira, ehun bat lagun. Eta Programari buruz hasi ginen ametsetan. Hark ideia mordoa zuen beti. Gero, atzera bere lanera itzuli zen, Maryland-a. Handik pixka batera, gure buruari joan nintzaion, esanez Euskal Ikasketen Programarik ez zegoela, ni besterik ez zela Programa. Ez nuela idazkaririk, ez laguntzailerik. Behea jota nengoela, alde egiteko gogoak eta, are, asmotan. Hark, zer beharko ote nuen bertan geratzeko. Nik, Jon Bilbao nire ondoan izateak lagunduko zuela.

Konta iezaguzu behin edo behin esan izan didazun hori: "Lehen mailako jendeak, lehen mailako jendea kontratatzen du. Bigarren mailakoak, hirugarrenekoa".
Horretaz gogoratzen zara? Baita neu ere. Ez zait egundo ahaztuko. Jon Bilbao ondoan nahi nuela gure departamenduko zuzendariari esan nion bilera hartan, bukaeran, galdera berak: "Zertan ari zara lanean?". Nik, honetan eta hartan, Programaren kontuak adierazi nizkion, dirua biltzeko estrategiak azaldu nizkion. Berak besterik zuen buruan, ordea: "Ez, ez, zeure lanari buruz ari naiz, ikerketari buruz". Erantzun nion gauez jarduten nuela lanean. Muerte en Murelagaren zirriborroa lantzen ari nintzela, irakasle baten oharrak lantzen, argitaratu aurreko. Berak, orduan: "Bada, egunez ere idatzi, egin lan horretan egunez ere. Bukatu zure lana. Gustuko duzun zer edo zertan lan egiten ez baduzu, orduantxe akabo, orduantxe bai alde egingo diguzula". Gogoan hartu nion. Gero, azkenik esan zidan: "Eta, Jon Bilbao hori? Hortaino ona da?". "Oso ona", nik. Eta, segituan, ginga jarri zion berriketari: "Hobe duzu, haren araberako neurria izango duzu eta. Jonen arabera epaituko zaitut zeu. Lehen mailako jendeak, lehen mailako jendea kontratatzen du. Bigarren mailakoak, hirugarrenekoa". Betiko gelditu zait akorduan. Egia esan, Jon Bilbao gabe ez dakit nola burutuko ote nukeen Renoko Programa. Harrezkero hasi ginen bide egiten.

Bide handia egin duzu. Amerikanuak liburua. Australiara ziren euskaldunen gaineko lana..Euskal Ikasketen Programaren argitalpenak. Euskal Liburutegia... Ikerketa Italian. Hainbat eta hainbat artikulu eta kolaborazio. Kasino-jabea. Laburbiltzen asmatzen ez dudan antropologo eta businessman bizitza, oso-osoa. Sariak, merezimenduak eta ohoreak. Erretiratu zinen eta...
Bai, erretiratu nintzen eta porrot egin dut horretan, ez nintzen eta erabat erretiratu. Ez nuen asmatu.

Zer esan nahi duzu?
Astean behin baino gehiagotan etortzen naizela Programara, etxean ere bulegoa daukadan arren. Orain "Zentroa" da baina. Ikertzen eta idazten segitzen dut. Joseba Zulaika zuzendari zelarik, beti nuen deia edo mezua, galdera, iritzi edo aholku eskea. Gainera, Zentroko Aholku Batzordean sartu ninduten. Bertako dinosauroa naiz. Zulaikak adarra jotzen zidan. "Museoko ikuskaria" omen naiz. Inor kanpotik etorri eta neuk hartzen ditut. Osterantzean, arrantzari buruzko liburua argitaratu dut erretiratuz gero: nire ibilerak ez ezik, arrantzari buruzko gogoetak egiten ditut. Turismoari buruzko pare bat artikulu ere ez ditut idatzi zaharrak, kolaborazioan. Batak Euskal Herriko turismoa du aztergai; besteak, aldiz, Las Vegasekoa. Alegia, hau eta hura, eta ezin atertu. Australiara ziren euskaldunen gaineko lana ere idazten ari naiz; beharbada, horixe dut, oraintxe, egiten ari naizen lan akademikorik garrantzizkoena. Honezkero badakit behin ere ez diodala utziko euskal gaiak ikertzeari. Duela hiruzpalau urte Nevadako kasinoetan girotutako nobela idazten hasi nintzen. Hainbat orri eta makina bat koaderno zirriborratu ditut, eta idazten segitzen dut. Nevadako kasino baten bizitza eta heriotza da nobelaren gaia. Fantasia puru-purua, bistan denez. Erretiroa? Zer erretiro?

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Ia berrogei urte
atzera begira,
zure lana orduan
irten zen argira.
Zeren bila zentozen
zu Euskal Herrira?
Zer aurkitu zenuen
Programan argi da,
baina orduko zenbat
gauza galdu dira?

Buxungoborda
«Etxalarren egon ginenean Buxungobordan bizi ginen, mendian. Volkswagen bat nuen, baina herrian utzi behar izaten nuen, ezinbestean, haraino biderik ez zegoen eta. Autoa utzi eta mendian gora, ordu erdi bateko bidean. Hortaz, abarka pare ona ibili nuen beti aldean. Askotan, gauez igo behar izaten nuen etxera eta portugaldarrekin egiten nuen topo, muga ezkutuan pasatzen ari zirenak. Hil kanpaiak jotzen ari zen mundu hura. Baserriak husten, mendian gora zeuden herritik aparte, batzuek ez argirik ez bertarainoko kaminorik zuten. Ondoan, ordea, agroturismoaren lehen zantzuak ageri ziren, Bilboko industrialaren txaleta, Donostiako ehiztaria usategiak erabiltzearren dirutza pagatzen zuena... Baserri batzuk mekanizatzen hasi ziren handik pixka batera. Horrela zen. Buxungoborda, berriz, ez dakit, beharbada hutsik dago, nagusia oraintxe lauzpabost urte hil zen eta. Hil zen sasoian bai, ibilgailuak baserri atariraino iristen ziren orduan».

Erreleboa
«Ni erretiratzearekin bateratsu, hiru antropologo, Jacqueline Urla, Robert Clark eta Begoña Aretxaga, Renora etorri ziren gure Programa aztertu eta ebaluatzera. Oso ontzat eman zuten gure lana. Loriatu gintuzten. Ondorioz, unibertsitatearen administrazioari joan gintzaizkion eta lanpostu gehiago eskatu genizkion, unibertsitatea aurrekontuak murrizten ari zenean! Eta eman egin zizkiguten. Nik kargua utzi eta Zulaikak hartu, lehen halako bi dira langileak orain. Egundoko abiada hartu zuen Programak eta erabakiak hartzen erabat asmatu duela esango nuke. Ni pozik egon naiz hura lanean ari zen bitartean. Programak dinamikotasun handia du. Programa zaharrak ere bere lana egin zuen, baina oraingoak beste dimentsio bat du. Zulaika, bestalde, antropologo izan arren, nahiko administrari ona izan da. Enpresa-mintegia egitea bezala izan da berarentzat, baina asko ikasi zuen, eta azkar. Gainera, etorkizun sen handia izan du. Errelebo bikaina. Lasai hartu nuen erretiroa».

Nortasun agiria

William Anthony Douglass (Reno, Nevada, 1939). Antropologoa. Reno-Nevada Unibertsitateko Euskal Ikasketen Programaren sortzaile 1967an eta bertako arduradun 2000ko atarian erretiratu zen arte. Ikertzaile eta idazle, hasiera beretik hartu zion tamaina idazteari. Death in Murelaga argitaratu zuen 1969an, eta Amerikanuak: Basques in the New World 1975ean, Jon Bilbaorekin elkarlanean. Geroago, Beltran: Basque Sheepman of the American West (1979), Emigration in a South Italian Town: An Anthropological History (1984), Azúcar amargo. Vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical (1996), Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (1996), Joseba Zulaikarekin kolaboratuz; Tap Dancing On Ice, The Life and Times of a Nevada Gaming Pioneer (1996), bere aitaren biografia, eta Casting about in the Reel World. Fishing on the Fly, arrantzari buruzko liburua. "Dozena erdi liburuko gizona naiz", esan izan du berak. Kasino-jabe ere izana da, benetako negozioduna, duela urte batzuk arte. Reno-Nevadako Unibertsitatearen sariak ditu, bai EHUrena ere. Euskaltzain ohorezko da 1998az geroztik, eta 1999an Eusko Jaurlaritzaren Lagun Onari sariaren jabe egin zen. Oraindik orain, berriz, nazioartean hedaturik dagoen Nature Conservancy erakundearen bizitza osoko saria jaso du, urte askoan ekologismoaren alde egindako lanagatik. "Mr. Basque" da, baina hori izebergaren punta baino ez da.

Muerte en Murelaga
«Etxalarren nengoela, eta bertako azterketa bukaturik, beste herri baten egoera aztertu behar nuela sartu zitzaidan buruan, konparazio egiteko. Eta, astebetez, herriz herri ibili nintzen Euskal Herrian, Etxalarren antzeko ezaugarriak zituen herri baten bila. Kontua da Aulestira jo nuela azkenean. Munitibarko Arbatzegiko tabernariak Aulestiko parrokoarengana zuzendu ninduen. On Emilio Kortabitarte, huraxe omen zen niri komeni zitzaidana. Joan eta, abadeak, ni hartu eta Zubero auzoko Goitiandia baserrira eraman ninduen. Bertako etxeko-jauna Idahon artzaina izana zen, eta artean Idahon bertan zituen seme bi ere. Ondo hartu ninduten, baina, nik uste On Emiliok ez ziela erabakitzen ere utzi. Eta bertan geratu nintzen urtebeterako. Gero, On Emiliorekin berriketan, heriotzaren inguruko errituen berri izan nuen, eta haiexek aztertu nituen Muerte en Murelagan».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude