"Momentuia ondo harrapatzen jakin genuen" (Agustin Ezeiza)


2005eko maiatzaren 15an

Zeruko ARGIA astekari bezala atera baino urte batzuk lehenago, Hondarribiko kaputxinoetan, nire anaia Kaietano eta beste batzuk, Zeruko ARGIA hamabostekari bezala ateratzen hasi ziren, egunkari formatuan, informatiboagoa-edo egiteko, bestela Arantzazuko errebista eta horrelakoen oso antzekoa zela, eta usain hori kendu nahian. Baina Gipuzkoan, «Delegación de Información» delakoaren arduradun Ugarte zegoen -gero Donostiako alkate izan zena- eta hark, hiruzpalau zenbaki ateratzen utzi, zorrak eginarazi, eta gero itxi egin zuen. Arrazoiak? Orduan arrazoiak ez zuen ezertarako balio... Gauza da, gero, nire anaiak soldadutzara joan behar izan zuela, kapelau. Kaputxinoek nire kargu utzi zuten Pan Pin, umeentzako aldizkaria. Handik gutxira etorri zitzaidan burura ea Zeruko ARGIArekin ez al genuen beste horrenbeste egiterik.

Astekaria Gipuzkoan argitaratzea alferrik zen. Auskalo baimena emango ote ziguten, eta lortuz gero ere, jakina zen gerokoa. Bizkaian eta Araban, beste hainbeste gertatuko zen. Beraz, Iruñea aukeratu nuen. Han kaputxinoek Iparraldeko probintzietako zentro burua daukatenez, «handik aterako balitz bezala jarriko dugu» pentsatu, eta horrelaxe egin genuen. Zein inprentatara eramango genuen? Inprenta indartsu bakarra «Pensamiento Navarro»rena zen, baina hark ez zuen nahi izan. Azkenean aurkitu genuen bat, tolosar baten eta bizkaitar baten artean zeramatena, eta han hasi ginen. Oso garestia zen, baina ez zegoen beste biderik. Hala ere, han hasteko, lehendabizi baimena lortu beharra zegoen. Garai hartan Fragak aterako zuen prentsaren lege berriaren aurrerapen bat izan zen, eta irekitasun hartaz baliatu ginen baimena eskatzeko. Kontu handiarekin ibili behar izan genuen, gauza erlijioso, kultural eta abarren artean, ia ezkutuan, informazio orokorra ere emango zuela aipatzeko. Baina aurretik, aldizkariaren zuzendari agertuko zen kazetaria lortu behar zen. Non aurkitu, garai hartan eta Nafarroan, Zeruko ARGIAri bere izena utziko zion kazetaririk? Bada, Universidad de Navarran! Eta nor izan zen? Iñaki Gabilondo! Oraindik eskertzen diot hori. Bere kargu eta bere izenean agertu ziren «Zeruko Argia»ren lehenengo zenbakiak.

Bidali aurretik, artikulu guztiak zehatz-mehatz aztertu beharra zegoen. Orduko zentsura ez zen nolanahikoa! Edo aldizkaria atera nahi genuen, edo hitz bat pasaz gero, kito! Aberri Eguna ezin zen ezta aitatu ere. Horrelako hitz guztiak kendu behar ziren.

Dena den, Nafarroako «Delegación de Información» delakoarekin suerte ikaragarria izan genuen. Nik entzun nuen inoiz, hango delegatuaren ordez euskara kontuak eramaten zituenaren aita abertzalea izan zela... Harekin konpontzen nintzen ni, beti apal-apal, han harrotasunak ez baitzuen ezertarako balio, baina laguntza handia lortu nuen harengandik.

Batzuetan esaten zuen jendeak: «Oi zer eskasa atera den aldizkaria!». Nik banekien hori, baina ahal genuena baino gehiago ezin egin. Gogoratzen naiz nola, gerora, Karlos Santamariak esaten zidan iraungo zuenaren inongo esperantzarik ez zuela izan berak.

Ezer ez zegoen garaian, idazle eta kazetari berriak sortzea lortu genuen. Eta irakurle hiritartua ere, asko sortu zen. Beste kezka bat ere mahaigaineratu zen «Zeruko Argia»ri esker: euskararen batasuna beharrezkoa zela. Egizu kontu, oñatiar batek, nafar batek, edo Iparraldeko batek idazten zutela. Denak diferente. Eta ortografia aldetik, zer esanik ez. Euskara batuaren beharrak istilu ikaragarriak sortu zituen. Han genituen eskuindarrak alde batetik, marxistak bestetik... Denen artean nola asmatu ez zenekiela ibili behar zenuen, ez baitzegoen inori atea ixterik...

Gauza guztiek dute bere momentua. Momentua ondo harrapatuz gero, indar handia hartzen duzu. Eta «Zeruko Argia»k ere, nahiz hain medio eskasa ikusi, momentu hori harrapatzen jakin zuen. Aldizkari erlijioso sakon bat egiteko asmoa nuen nik orduan, baina ohartu nintzen horretarako ez zegoela kontzientziarik. Herri kultura, politika eta giza baloreen ordua zen.
Larrun 49. 2001eko urriak 28

* Agustin Ezeiza Zeruko ARGIA astekari gisa berpiztu eta 1963-1972 tartean aldizkariaren arduraduna izan zen


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude