Kooperazioak esanahi berria du


2005eko maiatzaren 08an
Garapenerako gobernuz Kanpoko Erakundeen indarra handia da munduan. Nazioartean garapenerako lankidetzara bideratzen den diru guztiaren %10 maneiatzen dute eta Europan bakarrik mota horretako 4.000 erakunde inguru daude. Neoliberalismoaren eta askatasun ekonomikoaren garaian, esanguratsua da GGKEen areagotzea. Gobernuek ez dute trabarik ipintzen; alderantziz, diru-laguntzekin sustatzen dituzte. Azken finean, askoren ustez erakunde horiek gizarte politiketan estatuek betetzen ez duten beharrari erantzuten diote eta hala hiritarren kontzientziak lasai mantentzea lortzen da, gobernuak Hirugarren Munduarekiko duen erantzukizuna bere gain hartu gabe. Dudarik gabe, erakundeetako boluntarioen lanak diru asko aurrezten dio estatuari eta hiritarrari helarazten zaion irudia, gainera, hobea da: gobernuek baino sinesgarritasun handiagoa dute eta gure kontzientziak baretzen dituzte. Irakeko inbasioa hasi aurretik jada AEBetako Gobernuak GGKEak Iraken nola antolatu zituen ikustea adibide garbia izan daiteke estatuak erakunde horietaz nola baliatzen diren frogatzeko. Baina gobernuen eta herritarren limosna Hirugarren Munduari bidaltzen dion bitartekaria izateari utzi nahi diotela konturatzen hasi dira GGKEak.

Izan ere, kooperazioak edo lankidetzak Lehenengo Mundua deituriko herrien limosna itxura hartzen du gehiegitan. Iparraldeko herritarrok Hegoaldekoak nola elikatzen, laguntzen eta prestatzen dituen ikustera ohituta gaude, Iparraldekoon errukia eta solidaritatea agertuz. Baina estereotipo horietatik aldendu behar dela uste dutenak geroz eta gehiago dira. Belen Rodero GGKEen Euskadiko Koordinakundeko lehendakariak argi dauka: «Abenduko tsunamiaren antzeko gertakizunetan egiten den komunikabideen erabilera eta laguntza puntuala kritikatzen dugu, ez baitute erakusten gu ere mundu beraren zati eta han gertatzen denaren erantzule garela». Hemen hartzen ditugun erabaki politikoek, «esne, kotoi edo azukrearen kuoten inguruko erabakiek, adibidez», zuzenean hango egoeran eragiten dute. Beraz, errukia arduragatik aldatu behar da, Iparraldekoon bizi-maila Hegoaldekoen pobreziak ahalbidetzen duelako, neurri batean. «Guk ez ditugu kontzientziak arindu nahi, astindu baizik», dio Roderok.

Are gehiago, askotan konponbide egokiagoak aukeratzeko neurriak izan arren, tartean interes estrategikoak daudelako gobernuek ez dutela aproposena egiten salatu du Roderok. Merkataritza, armagintza, ekonomia eta politikarekin lotuta dauden interesengatik, askotan ez dira behar gehien duten herrialdeak laguntzen. Gainera, «gobernuek gerora itzuli beharreko kredituak diru-laguntza bezala saltzen dituzte Hirugarren Munduan, edo enpresak eta ekimenak lurralde konkretu batzuetan kokatzeko laguntzak ematen dira, industria horiek han indartzeko asmoz, baina garapenerako laguntza dela argudiatuz. Espainiako Gobernuak Marokon egin duenaren antzera». Kolonizazio garaietan bezala, behin baino gehiagotan demokrazia eta merkataritza harreman interesatuak ezartzera gerturatu izan dira gobernuak Hirugarren Mundura, komunikabideen ezinbesteko laguntzarekin. Komunikabideek lankidetzaz eta GKEez ematen (zenbaitetan saltzen) duten ikuspegia baita hiritarroi iristen zaiguna. Komunikabideek hiritarrak sentsibilizatzeko balio behar dutela uste dute boluntarioek. Behar Bidasoa GGKEko kide Agustin Ugarteren iritziz, Hirugarren Munduko irudi gordinak erakustea neurri batean beharrezkoa da jendea kontzientziatzeko, baina hondamendi eta gertakari puntualen «informazio bonbardaketek» ez dute laguntzen, denborarekin ahaztu egiten direlako.

Hain justu, hondamendi eta gertakari horiei baino ez erantzutea egotzi izan zaie GGKEei. Hau da, burokrazia hutsean erori direla eta jarraitzen den prozesua erosoa eta estatikoa dela uste du Gobernuz Kanpoko Erakundeetako korronterik kritikoenak. Larrialdietan, GGKEek segituan jana eta laguntza bideratzen dute eta uneko arazoa arintzen dute, baina normalean ez da aurreikuspen estrategiko eta teorikorik egiten eta benetako arazoa konpondu gabe geratzen da. Roderok onartu du GGKE batzuk horrelako laguntza konkretuetan zentratzen direla, baina ekimenen planteamendua aldatzen eta edukietan garatzen ari dela ziurtatu digu: «Geroz eta gehiago, Hegoaldeko gizarte zibila indartzera eta bertako ekonomia, egiturak eta erakundeak beraien kabuz sortzera orientatuta dauden proiektuak bultzatzen dira», adabakiak jarri beharrean arazoa errotik konpontzeko hango jendeari baliabideak eta prestakuntza ematea baita bidea.

Kontrakoa, arazoei uneko konponbideak ematea alegia, kaltegarria izan daitekeela uste du PTM-Mundubat GGKEko kide Iosu Peralesek. Bere esanetan, bertako ekoizpen propioa sustatu eta sakoneko arazoa konpondu beharrean denbora luzez jana eta laguntza ematen duten erakundeek lurralde horretako herritarrak ohitzera eta laguntzekiko mendekotasuna sortzera eraman ditzakete. Agian krisia arinduko dute, baina luzera ez diote inondik inora sakoneko arazoari irtenbiderik emango.

Erakundeen arteko koordinazio faltak ere kalte handiak eragin ditzake banatzen den laguntzan, ahalik eta onura handiena lortzeko gastuak banatu eta ahaleginak bateratu beharrean, hainbatek bere kabuz egiten baitu lan. GKEetan aditu Alfred Vernisen iritziz, ez da zentzuzkoa lagun gutxi batzuen artean ezerezetik GKE bat sortzea eta beste erakundeekin koordinatu gabe lanean hastea. Izan ere, planteamendu onik gabe egindako lana beti ez da lagungarria suertatzen. Hala, medikurik gabeko herri batean osasun zentroa eraiki zuen erakundearen kasua aipatu du Vernisek. Bere ustez, garapenerako lankidetzan ez dago lekurik erakunde gehiagorentzat eta batzuk ateak itxi beharko dituzte. Daudenen arteko harremanak garatzea da bidea. Belen Roderorentzat ere koordinazioa funtsezko urratsa da lankidetzan aurrera egiteko. Koordinakundeak duela urte batzuetatik sare garrantzitsua duela dio, baina parte hartzea areagotzeko oraindik aliantzak eta harremanak gehiago indartu behar dituztela onartu du.

Botere publikoaren diru-laguntzen menpe?

Aipatutako planteamenduak, erakundeetako kide kritikoenen artean geroz eta aztertuagoak, lana egiteko erari dagozkio batik bat. Baina planteamendu berrietara irekitzeko askatasun osoa al duten galde dezake baten batek. Azken finean, diru-laguntza publikoekiko mendekotasuna oso handia da gehienetan eta beraz, zein puntutaraino dira erakunde hauek ‘gobernuz kanpokoak’? Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako departamentuak, esaterako, saileko aurrekontuaren %89 baino gehiago diru-laguntzetara bideratzen du. Zehazki, aurten GGKEentzat 32.216.000 euroko aurrekontua du. Nafarroako Gobernuaren baitan ere, Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuak duen 16.222.672 euroko aurrekontua ia bere osotasunean GGKEetara bideratzen da. Garapenaren arloan, gutxi da gobernuak berak zuzenean kudeatutako ekintzetara bideratzen duen dirua, gehiena GKEei ematen die, lana beraien eskuetan utziz. Hala, Euskadiko Koordinakundeko GGKEen diru sarrerarik garrantzitsuena Eusko Jaurlaritzatik dator. Erakunde horien %80k Lakuako Gobernuaren diru-laguntzak jasotzen dituzte eta %70etan, duten diruaren %26-75 artean Jaurlaritzaren diru-laguntzek osatzen dute. Mendekotasun ekonomikoa handia dela aitortu du Belen Roderok, beste hainbat erakunde publikok (EHUk, aldundiek, udalek eta abarrek) eta pribatuk ere diru-laguntzak ematen dizkieten arren.

Diru-laguntza publikoak jasotzea zilegi dela aldarrikatu du Roderok, eta mendekotasun ekonomikoa egonda ere beste motatako dependentziarik ez duela zertan egon ziurtatu digu: «Teorikoki, diru-laguntzek ez lukete eragin beharko GGKEek hartzen dituzten erabakietan edo egiten den presio politikoan. Baina egia da fondo edo ekarpen propioek gora egitea nahi dugula, erakunde publiko nahiz pribatu boteretsuekin inolako loturarik ez izateko eta horiek salatzeko garaian askatasun osoa izateko». Finantzazio modu berri horiek lortzeko, ordea, hiritarren parte hartzea eta inplikazioa handitu behar da.

Jaurlaritzarekin zenbait hitzarmen izan arren, koordinakundea ez dagoela botere publikoekin lotua eta ideologikoki independentea dela dio lehendakariak. «Oso entitate anitza da eta mota guztietako erakundeak biltzen ditugu: erlijiosoak, sindikatu edo alderdi politikoekin lotuta daudenak, guztiz independenteak diren beste asko...». Hala, Roderoren hitzetan presio politikoa koordinakundearen egiteko nagusietakoa da eta botere publikoaren jarrera salatzeko orduan ez dira kikildu. «Inbertsioak proposamen desinteresatu eta doakoekin bat ez datozela ikusi dugunean, kritikatu egin ditugu». Hala nola, nazioarteko merkataritza harremanek eta Europako babes neurriek herrialde behartsuak kanpoan uztea; armen merkataritza bultzatzea; edo kanpoko zorraren inguruan hartutako konpromisoak ez betetzea. Jaurlaritzari aurrekontuen %0,7 garapenera bideratzeko ere eskatu diote. Roderok azaldu digunez, Jaurlaritzak bi zifra erabiltzen ditu: garapenerako %0,7 ematen duela dio, baina aurrekontu operatiboekiko ematen du %0,7, langileak ordaintzeko erabiltzen den dirua kontuan hartu gabe. Gastu guztiekiko, berriz, %0,45 inguru ematen du Lakuako Gobernuak eta %0,45 horretatik %0,7ra igarotzeak esan nahi du egun bideratzen diren 32.200.000 euroak eman beharrean 50.000.000 euro ematea.

Presio politiko hori Gobernuz Kanpoko Erakundeen egiteko bat da, edo izan beharko luke, GKEen presentziak ez baitu Estatuek gizarte politiketan duten erantzukizuna ezabatzen. Lankidetzaren filosofia aldaketa prozesu honetan, dena den, beste hiru dira indartu behar diren oinarri nagusiak. Batetik, Hirugarren Munduan egiten den lana ez dadila uneko arazoa konpontzeko lana izan. Hau da, Iosu Peralesek dioen moduan, beharrezkoa da protagonismoa bertako biztanleriari eta elkarteei ematea, beraien erabakiak eta antolatzeko aukerak errespetatzea, proiektu konkretuak giza eskubide eta borroka orokorragoen baitan barneratzea, arazoaren zergatiak aztertzea, dituzten eskubideak azaltzea... Laburtuz, barne eraikuntza bultzatzea.

Funtsezko bigarren oinarria GGKEen arteko koordinazioa da, Roderoren ustez. Oraindik ere, erakunde askoren proposamenak indibidualistegiak dira eta hiritarrak sareetan parte hartzera gonbidatu behar dira, bakoitzak bere aldetik ez baitauka eragin nahikorik. Azkenik, lehendakariak dio Hegoaldean egiten den lanaz gain geroz eta gehiago garatzen ari den hirugarren ardatza Lehenengo Munduko herritarren artean garapenaren eta sentsibilizazioaren inguruko hezkuntza hedatzea dela, hemen ere egiteko asko baitago oraindik. Pobreziaren zergatiei buruzko eztabaida zabaltzea beharrezkoa ikusten dute erakundeetako kideek, Iparraldeko herritarron erantzukizuna zenbaterainokoa den ikusteko. Baina Euskal Herrian ez gara behar bezain solidarioak. Hori uste du behintzat Koordinakundeko lehendakariak. Kontatu digunez, gure gizartea munduko egoerarekin sentibera da, gertakari puntualei azkar erantzuten die eta boluntario ugari daude, «baina GKEetan parte hartzen duten lagunen kopurua txikia da, herritar guztien kopurua kontuan hartzen badugu».

Euskal Herrikoa, ordea, ez da salbuespena. «Duela urte batzuk booma eman zen bezala, egun boluntariotzak behera egin du eta puntualagoa da», dio Roderok. Gaur egungo gizarte indibidualista honetan, jendeak ekintzekin, jarrerekin eta mobilizazioekin bat egin dezala lortzea zaila dela uste du. Beherakada horretan Gobernuz Kanpoko Erakundeen inguruko irudi ezkorrak eragina izan al dezakeen galdetu diogu. «Dirua ez dela behar den lekura iristen argudiatuz ezer ematen ez duen jendeak benetan beste arrazoi batzuk dituela eta hori aitzakia baino ez dela uste dut», dio berak argi eta garbi. Erakundeek kudeatzen duten diruari buruzko informazio argia ematen dutela ziurtatu du eta badaki funtsik gabeko salaketak ekiditeko hori egiten jarraitzea garrantzitsua dela. Dena den, orokorrean ez du uste gizartean GKEen irudia txarra denik. «Zein dago Hirugarren Mundukoekin? Bada han lanean daudenak» eta jendeak irudi on hori mantentzen duela uste du.

Etorkizunerako, filosofia aldaketa eta Legea

Hala ere, koordinakundeak herritarrak erakartzeko lanean jarraitzen du. 1998an sortu zenetik, bere baitan biltzen dituen GGKEak gehituz joan dira, baina benetako igoera duela hamar urte inguru eman zen, Administrazioak zabaldutako fondoek animatuta. Egun, ez dira gehiegi sortzen ari, GKEak gehienbat indartzen eta profesionalizatzen ari dira eta hori da etorkizunerako erronketako bat. Gainera, une hauetan koordinakundea bere helburuak eta egitekoak berriz definitzeko prozesuan murgildu da. Besteak beste, partaidetza, informazioaren teknologia berriak eta presio politikoa bezalako gaien inguruko hausnarketak bultzatu nahi dituzte. «Kooperazioaren kontzeptua aldatzen ari da eta nire ustez etorkizuna erakundeen indartzean dago: ez hainbeste aspektu teknikoei dagokienez, baizik eta pentsamoldeari dagokionez, gertatzen ari denarekin kritikoa izateko gaitasuna eta azterketarako joera indartuz», dio Roderok. Bere hitzetan, Hirugarren Munduan gertatzen denarekin zerikusia duten hemengo erabakiak aztertzea da etorkizunerako bidea «eta horretarako instituzio publikoekin eta gainontzeko eragileekin geroz eta lan gehiago egin beharko da konpromisoak bete ditzaten, ez bakarrik kopuruari dagokionez (%0,7ra iristea, adibidez), baita kalitatea ere (%0,7 hori ondo bideratzea eta kudeaketa argia izatea)».

Kooperazio Legea egitea ere beharrezko ikusten dute koordinakundean. Pasa den legegintzaldian, Eusko Jaurlaritzarekin lanean aritu ziren legea sortzeko eta Gobernuak legebiltzarrean aurkeztu bazuen ere, oraindik ez da onartu. Ziurrenik, legegintzaldi honetan ekimena berreskuratuko dute eta onartzen bada, Kooperazio Legeak lankidetzaren ildo nagusiak eta hori guztia kudeatuko lukeen Kooperazio Agentzia Euskalduna arautuko ditu. Garrantzitsuena, hala ere, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen baitan egin behar da lehenengo, planteamendu berriei atea zabalduz eta gu guztion kontzientziak astintzeko lanean jarraituz.

Garapenerako aurrekontuak
Eusko Jaurlaritza
7.117.102.000 eurokoak dira Aurrekontu Orokorrak.
56.087.000 euro bideratzen ditu Gizarte Gaietarako, horietatik 32.216.000 euro Garapen Lankidetzarako.
Gizarte Gaiak saileko aurrekontuaren %89 baino gehiago diru-laguntzetara bideratzen du.
%7,2 igo da 2001etik Garapen Lankidetzarako Jaurlaritzaren diru-laguntza(30.050.000 eurotik 32.216.000 eurora).
110 lankidetza proiektu, 9 hitzarmen eta 21 ekintza humanitario onetsi ditu Jaurlaritzak 2004an.


Nafarroako Gobernua
3.54.200.000 eurokoak dira Aurrekontu Orokorrak.
176.997.916 euro bideratzen ditu Gizarte Gaietarako, horietatik 16.222.672 euro Garapen Lankidetzarako.
Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektu konkretuak: sahararrak laguntzeko karabana nafarra eta Nafarroako Medicus Mundi.


Europako Batasuna
Aurrekontuaren %5 inguru da Europako Batzordeak garapenerako eskaintzen duen laguntza, mundu osoan ematen denaren %10; 6.500 euro.

Ardura
Hemen hartzen ditugun erabaki politikoek, «esne, kotoi edo azukrearen kuoten inguruko erabakiek, adibidez», zuzenean hango egoeran eragiten dute. Beraz, errukia arduragatik aldatu behar da, Iparraldekoon bizi-maila Hegoaldekoen pobreziak ahalbidetzen duelako, neurri batean.

Ainhitze Bizkarralegorra Bravo, Europako Batzordeak Indian duen ordezkaritzako langilea: "GKEak eta erakunde publikoak osagarriak dira, ez dut uste batak bestearen lana egiten duenik"
Garapenerako Gobernuz Kanpoko 4.000 Erakunde inguru daude Europan zehar. Hori kontuan izanik, Europako Batasunak lankidetzaren arloan politika propioa garatu du, EuropeAid Lankidetza Bulegoaren bidez. Hirugarren Mundura bideratzen den laguntza koordinatu eta benetan eraginkor bilakatu nahi bada, dudarik gabe lan horretan EBk duen zeregina handia da. Administrazioari %0,7 eskatu nahi badiogu, Europak eredu izan behar du. Horregatik, duen filosofia gertutik ezagutzeko, Ainhitze Bizkarralegorrarengana jo dugu. 2002. urtetik Ainhitze Europako Batzordeak New Delhin (India) duen ordezkaritzan dabil lanean, Finantza eta Kontratuetarako sailean, eta sail horrek Batzordeak Indian dituen garapenerako proiektuen kudeaketan parte hartzen du. Hasieratik iritziak bere izenean baino ez dituela ematen argi utzi nahi izan badigu ere, Europak lankidetza alorrean zein bide jarraitzen duen jakiteko datu interesgarriak eman dizkigu.

Zergatik eta zertarako sortu zen zuen saila?
Duela urte gutxi batzuk, Europako Batzordeak hiritarren zergetatik jasotzen duen dirua kudeatzeko modua aldatzea erabaki zuen, proiektuak onuradunengandik ahalik eta gertuen kudeatzeari lehentasuna emanez. Ekimena Devolution edo Desconcentration bezala ezagutzen da. Aurretik, garapenerako lankidetza Bruselan bertan Europako Batzordeko hainbat zerbitzuren esku zegoen, onuradunengandik urrunago eta koordinazio txikiagoarekin. Ordutik, ordezkaritzetarako jende gehiago kontratatu da eta horietan, europarrok bertokoekin batera egiten dugu lan.

Zer motako proiektuak egiten dituzue?
Garapenerako lankidetzari dagokionez, batetik garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzea helburu nagusi duten proiektu handiak ditugu »adibidez, Indiako osasun eta hezkuntza politikak bultzatzeko bi ekimenetan ari gara lanean». Oraintsu arte, proiektu hauek neurri handi batean onuradunek europarron laguntza teknikoarekin kudeatu dituzte. Aurrerantzean, bereziki herri onuradunaren jabegoa eta erantzukizuna indartuko da. Bestalde, GKEek eta beste hainbat eragilek kudeatutako proiektu txikiagoak ditugu. Horretarako, Europako Batzordeak hainbat arlotan deialdi irekiak antolatzen ditu. Proiektu horien artean, giza-eskubideak eta demokrazia, HIESA eta osasuna, emakumearen egoera, baso tropikalak, uraren kudeaketa eta garapenerako GKEak bezalako programa edo diru lerro anitzak daude.

Zein da Europako Batasunaren politika garapenarekiko?
Europako Batasunak bere sorkundetik konpromisoa erakutsi duela uste dut. Indiaren kasuan, esaterako, 40 urte baino gehiagoko harremana mantendu dute; eta Garapenerako Europako Fondoa 1958an jaio zen, Batasuna sortu eta urtebetera. 2000. urtean, Europako Kontseiluak eta Batzordeak garapenerako politikan XXI. mendearen hasieran jarraitu behar dituzten ildoak zehaztu zituzten: helburu nagusia txirotasuna ezabatzea da eta garapen egonkorra, ingurugiroa eta gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna proiektu guztietan kontuan izan beharreko parametroak dira. Dena den, azken urteotako munduaren eta herri ezberdinen egoera aldakorrak direla-eta, une honetan garapen politika berraztertzen ari da Europako Batasuna.
2002ko datuen arabera, Europako Batzordeak eskaintzen duen garapenerako laguntza mundu osoan ematen denaren %10 da. Hau da, 6.500 milioi euro inbertitu zituzten, EBko aurrekontuaren %5 gutxi gorabehera. Gainera, 160 herrialde, lurralde eta elkarterekin egiten dugu lan. Etorkizunera begira, ez dut uste garapen politikarako aurrekontua jaitsiko denik. Hiritar bezala, aurrekontua gehitzea gustatuko litzaidake, baina hori batez ere hainbat gobernuren eta Europako Parlamentuaren esku dago eta EBren aurrekontua gehitzen ez bada, edo nekazaritzarako gutxiago erabiltzen ez bada, badakit ez dela erraza.

GKEen jarduera koordinatzeko lanik egiten da?
Bertako eta Europako GKEak garapenerako lankidetzan ezinbestekoak dira eta beraiekin harremanak izatea gure eguneroko lanaren parte da, baina GKEen arteko koordinaketa elkarteei beraiei dagokiela uste dut. Herrialde desberdinek egiten duten lana bateratzea eta koordinatzea, berriz, Europako Batzordearen helburu nagusietakoa da, baliabideak hobeto erabiltzeko eta aparteko lana ekiditeko. Adibidez, Europako bost herrialdek herrialde berean proiektu bana garatu beharrean, etorkizunean proiektu bakarra, baina handiagoa eta bertako gobernuaren partehartze handiagoarekin, sortzea da xedea.

Zein iritzi dago Europako Batasunean GKEen inguruan?
Bizitzako ia arlo guztietan gertatzen den bezala, era guztietako iritziak egongo dira EBn ere. Esperientzia txar bat izan duelako GKEak kritikatzen dituen funtzionariorik izango da, baina ni ez nator bat eta lankidetzan dihardutenen lana baloratzen dut.

Beraiek egiten duten lana berez erakunde publikoek egin beharko luketela uste duzu?
Gizarte eredu demokratiko eta partehartzailean sinesten dut eta Europan nahiz beste edozein herrialdetan GKEak gizarte lana garatzeko eta erantzukizuna onartzeko oso aukera aproposak iruditzen zaizkit. Nik neuk, erakunde publiko batentzat lanean egon aurretik lan boluntarioa egin dut. Gainera, gure erakunde publikoen eta Hirugarren Mundukoen arteko zubi bikaina gerta daitezkeela iruditzen zait. Egia da, batez ere ekonomikoki garatuago dauden herrialdeetan, GKEen hainbat eginkizun bertako erakunde publikoek burutu beharko lituzketela, baina zer egin erakunde publikorik ez dagoen lekuetan? Ez da aukera erraza. Nire ustez, proiektu berean estrategia desberdinak garatu behar dira, Europako GKEen eta gure erakunde publikoen arteko lana koordinatuz. Biak osagarriak dira, ez dut uste batak bestearen lana egiten duenik.

Europako Batasunean badago garapenaren aldeko Euskal Herriko ekintzen berri?
Bai, Bruselan eta hainbat herrialdetan ezagunak dira, eta Indian adibidez euskal GKErik badago. Gainera, lankidetzan ari garenon edo misiolarien kopurua beste herrialde eta autonomia erkidegoekin alderatuz, nahiko solidarioak garela esango nuke. Dena den, mundua nola dagoen ikusita, solidarioagoak izan beharko genukeela uste dut, bai kanpoan, baina baita etxean ere. Zera esan nahi dut: tsunamiaren gertakariarekin gizartearen erantzuna ez zen txarra izan, baina ondoren, hiritar bezala gure auzo eta herrietan ahal dugun guztia egiten dugu?

Eraikuntza
Beharrezkoa da protagonismoa bertako biztanleriari eta elkarteei ematea, beraien erabakiak eta antolatzeko aukerak errespetatzea, proiektu konkretuak giza eskubide eta borroka orokorragoen baitan barneratzea, arazoaren zergatiak aztertzea... Barne eraikuntza bultzatzea.

GKE batean egiten dut lan
Solidario izateko modu bat baino gehiago dago eta askok Hirugarren Munduko ekintzetarako dirua ematea aukeratzen dute, baina dudarik gabe inplikazio handiena eskatzen duen bidea boluntario lanean aritzea da. Agustin Ugartek 75 urte baino gehiago ditu eta 70eko hamarkadatik garapenerako lankidetzarekin lotuta dauden lanetan dihardu. Zenbait lagunekin 1989an Behar Bidasoa GGKEa sortu zuenetik, eguna erakundeko eginbeharretan ematen du eta ondo ezagutzen ditu GGKE baten barrenak. Alde batetik, Behar Bidasoa osatzen duten lankideak aipatu ditu: misiolariak, informazioa darabiltenak eta Hirugarren Munduan proiektuak prestatzen dituztenak. «Baina kanpoko laguntza ezinbestekoa da: erretiratuak materialaz arduratzen dira eta bidaltzen dizkiguten gauzak konpontzen dituzte; Latinoamerikara edo Afrikara bidaltzen ditugun edukiontziak kargatzeko jende gazte askok hartzen du parte». Kabuga, Kongo edo Paraguay bezalako lekuetan tailerrak, ospitaleak, instalazio elektrikoak eta abar eraiki izan dituzte, baina erakundearen filosofia argi du Ugartek: «Boluntarioek zer egin behar den esateko joera izan ohi dute, baina hori ez da gure egiteko nagusia: hango jendea prestatzeaz gain, batez ere beraien aldarrikapenak eta iritziak entzutera joan behar du boluntarioak». Gainera, Hirugarren Mundura doazen boluntarioak prestatuta egon behar dutela azpimarratu du. Bera Ruandan izan zen, jende gehiagorekin, eta joan aurretik proiektua ondo antolatzea eta dena aurreikustea ezinbestekoa dela dio: «Laguntzera doan jendeak oso arduratsua izan behar du eta argi geratu behar zaio zertara doan», bestela emaitzak eta ahaleginak ezerezean gera daitezkeelako.
Ugartek ez du karitateaz hitz egin nahi, gizarteak solidaritatearen «kontzeptu aldrebesa» duelako; Behar Bidasoan ez dute limosna ematen, «justizia egiten dugu, duintasuna itzuli nahi diegu». Onartu digu ez dakiela zein den konponbidea, baina erakundetik proiektu konkretuetara jotzen dutela: «Ez dugu mundua salbatuko, baina gure ekintza txikiekin mesede egiten dugu». Bere ustez, jende asko munduaz kexatzen da, baina ez du arazoa konpontzeko ezer egiten: «Esaera zahar indiar batek dioen moduan, hobe da kandela bat piztea iluntasuna madarikatzen aritzea baino». Pertsonalki, besteak laguntzeko tresna izatea pozgarria dela dio eta erakundean lan egiten duten beste hainbat lagunentzat terapia dela aitortu digu. Ainhitze Bizkarralegorra Bravori ere «hitz gutxitan azaltzea zaila den aberastasuna» ematen dio lankidetzak. Ainhitzek 32 urte ditu eta Indian kooperazio lanetan dabil. Horri esker, ez du sentitzen bere buruan baino ez duela pentsatzen eta jatorrizko erreferentziek eman zioten munduaren eta bizitzaren hasierako ikuspegia aldatu du: «Euskaldun eta abertzale bezala, gure herrian luxuzko gaietan energia gehiegi ematen dugula iruditzen zait. Alderantziz, benetako arazoak, hau da, edozein giza banakok Euskal Herrian, Danimarkan, Indian, Malawin edo Bolivian izan ditzakeenak, eguneroko bizitzan nahi gabe bigarren mailan uzten ditugu». Ez hori bakarrik, «emakume naizen aldetik »dio Ainhitzek», eta Mendebaldean giza eskubideen arloan oraindik aurrerapauso gehiago eman behar badira ere, oso gogorra da munduko emakume gehienak eta ume asko eta asko nola bizi diren ikustea». Ondorioa garbia da: «Bizitza gehiago baloratzen dut».


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 08a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gobernuz Kanpoko Erakundeak
Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
Aita Mari ontzia “itsasoko segurtasunaren araudia ez betetzeagatik” salatu du Italiak

172 migratzaileak Salernon utzi ondoren egindako azterketen ostean salatu dute Aita Mari itsasontzia Italiako agintariek. "Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera" salatu dute Aita Mariren arduradunek.


Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko konpromisoa berretsi du Foru Legebiltzarrak

Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]


"Arropa dohaintzan ematea ez da zaborra ateratzea"

Udazkenerako arropa armairuratzen ari zarela eta beharra duen jendearentzat jantziak dohaintzan emateko aprobetxatu nahi duzula? Edozerk ez du balio, jantzietan ere duintasuna merezi dugu denok. Hala mintzatu da errefuxiatuentzako jantziak biltzen aritu den langileak.


Eguneraketa berriak daude