Minbizia gainditu duen familia

  • Joxe Aranzabal ezaguna zen lehendik ere zenbait zirkulutan. Komunikazioaren esparruan, esate baterako, izena aspalditik zuen lortua: besteak beste, Arrasate Pressen sortzaileetako bat eta lehenengo zuzendaria izan zelako. Baina egun batetik bestera, inork beretzat nahiko ez lituzkeen motiboak zirela medio, Joxe Aranzabal ezaguna egin da zirkulu horietatik kanpo ere bai. 2002ko irailaren 11n minbizia aurkitu zioten. Handik lau egunera, Medikuak esan dit minbizia dudala izenburuko mezua argitaratu zuen Sustatu weblog kolektiboan. Handik urte bi eta erdira, 2005eko otsailaren 22an, izen bereko liburu hunkigarria aurkeztu du, gaixotasuna mendean hartu ostean.

2021eko uztailaren 27an

Zita egin genuen berarekin. Berarekin eta Bego emaztearekin, eta Miren alabarekin eta Fatima arrebarekin eta Mikel koinatuarekin. Alboan izan dituelako borroka honetan, eta ulertu dugulako minbizia min bizi baina konpartitua dela kasu hauetan, eta gaixotasuna gainditzearen meritua ere bizi-nahi konpartituan oinarritzen dela. Halaxe ikusi dugu, behinik behin, Joxeren kasuan: bere familiako kide guztien artean indarra eginez, euren bizi-nahi itzelari esker, denen umorearekin osatu dela Joxe Aranzabal.

Orain lanera bueltatu da Joxe, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatera. Hori gutxi ez eta egunero idazten du bere blog pertsonalean (www.goiena.net/blogak/ faroa): gustura ikusten zaio horretan ere. Inoiz edo behin metrosexuala ote den galdetu dio bere buruari, eta ez gara gu izango baietz edo ezetz esango dugunak: baina, dudarik gabe, argi dagoena da teknosexuala, behintzat, badela.

Orain hitzaldiak ematen ari da, liburua aurkezten. Ordenagailuan gordeta dituen argazki batzuk erabiltzen ditu horretarako, pantaila batean proiektatuta. Baina Joxek egiten du berba aurkezpen horietan, inoiz ez ingurukoek. Guk familia elkartu dugu eta grabagailua ahoan jarri diegu emazteari, alabari, arrebari eta koinatuari, eta Joxeri berari ere bai. Denon artean, gaixotasunak iraun duen bitartean sortutako argazki albuma errepasatu dugu.


1. argazkia: Ospitalean

2002ko uda-oste hartan, barean mina sentitzen hasi zen Joxe. Handituta zeukan sabelaren ezkerraldea. Galdakaoko ospitalean ez zuten zalantzarik egin: linfoma bat zen, minbizi mota bat.

Begok hartu du hitza egun haietako aldartea deskribatzeko: "Lehenengo eguna izan zen gogorrena. Jakin arte zer zeukan, mamu eta beldur guztiak bueltaka zebilzkion, baina nik gauza bat neukan buruan: banekien handik irten egingo ginela, eta halaxe esan nion, denbora guztian bere alboan izango nintzela".

Joxek ere argi dauka gaixotasunaren izena jakin arteko uneak izan zirela latzenak: "Inork ez zidan ezer esaten, baina sumatzen hasia nintzen zerbait potoloa zegoela han...". Gero, Rojas Marcos psikiatraren liburu bat irakurrita, sendatzen lagunduko zion zerbait deskubritu zuen: "Hark zioenez, horrelako zartada bat jasotzerakoan mamuak geratzen dira norberaren inkontzientean, eta komeni da mamu horiek ateratzea. Hasten bazara mamu horiei buruz berba egiten edo idazten, mamuak beheko planotik goikora eramaten dituzu, plano arrazionalera, eta plano hori kudeatzea errazagoa da".

Eta, jakina, Joxeren jarrera baikorrak familia ere kutsatu zuen: "Ikustean gaixoak erabaki duela zezena toreatzea eta ikustean bera baikor dagoela, ingurukoek ere errazago dugu jarrera positiboagoan egotea", dio Begok.


2. argazkia: Ilea mozten

Joxek aitortu duenez, "berez une dramatiko samarra izan daitekeena, ilea moztearena, gurean festa izan zen". Begoren ahizpak, Idoiak, egin zuen ile-moztaile lana, eta mugarria izan zen egun hura: "Hobe da ingurukoei abisatzea ilea moztu egingo duzula, ze norbera lasai doa ilerik gabe, baina jendea inpresionatu egiten da bat-batean egoera hori aurkitzean, gaixo bat ikusten duelako". Alde horretatik, Begok klabeetako bat eman du, gure gizarteak zelako tabuak eta beldurrak dituen deskribatzerakoan: "Ez da gauza bera kirolari bat ikustea burusoil edo gaixo bat ikustea burusoil".

Miren lagunekin zegoen egun horretan. Aita beregana joan eta txanoa kendu zuen kolpean. "Lagunak galdezka hasi zitzaizkidan: baina noiztik dago horrela zure aita? Gero, apurka-apurka, ohitu egin ziren". Baina hasierako sustotik harago, Miren ez omen zen beldurtu, lagun baten neba gaztea ere minbizitik pasatua zelako "eta banekien zelan sentitu zen, ze, gainera, gero arin eta indartsu irten zitzaion ilea".


3. argazkia: Gazteena eta zaharrena

"Esteñibar baserrian gaude, ama, aita, amama eta ni", dio Mirenek. Familiako gazteena eta zaharrena agertzen dira bertan, eta batari zein besteari minbiziaren berri ematea une kritiko eta garrantzitsua izan zen.

Mireni amak azaldu zion, goiz batean, ohetik jaiki berri: "Aitatxo gaixorik dago: ospitalera joango da, tratamendu gogorra jasoko du, ilea jausiko zaio...". Kontakizuna latza eta hunkigarria da: zelan esaten zaio ume bati aita oso gaixorik dagoela? "Negar egin zuen »dio Begok» eta lehenengo galdera egin zuen: ‘zergatik nire aitatxo?’ Erantzun nion hori ez dagoela gure esku. Esan nion ume batzuk Afrikan jaiotzen direla eta bera hemen, edo ume batzuk itsu jaiotzen direla eta ezin dituztela koloreak ikusi". Negar batzuk, beldur batzuk pasatu ostean, etxeko emakume biek hartua zuten erabakia: "Gogor egongo gara aitatxo animatzeko eta aitatxori laguntzeko".

Amamari, Joxeren amari, Esteñibarren esan zioten, geroago azalduko dugun moduan.


4. argazkia: Joxe burusoil

Liburuko azaleko argazkia da, Joxe Felix Diaz de Tuesta lagunak ateratakoa. "Indar handia dauka »dio Joxek» eta niretzat horixe ikusten da hemen: gaixo bat dago, baina ez gaixotasunaren menpe dagoena, baizik eta gaixotasunari aurre egiten diona".


5. argazkia: Fatima

Joxeren arreba gazteena da Fatima, Esteñibar baserriko andrea. Joxek haren hezur-muina jaso zuen 2003ko udan, mini-alotransplantea eginda: "Egin beharreko zerbait zen. Niri tokatu zitzaidan, eta gustura egin nuen", aitortu du Fatimak.

Emaileak eta hartzaileak genetikoki berdinak izan behar dute, eta baldintza hori betetzen duen pertsona bat aurkitzea, batzuetan, nekeza izaten da. Begok azaldu du suerte bat izan zela Fatimarena: "%25ak baino ez du lortzen emaile bat familia barruan, gainontzeko guztiek kanpoan begiratu behar dute". Eta, jakina, sendatzeko aukera gutxiago dute.

Bost bat orduz etzanda, bi besoak lotuta egon zen Fatima, "batetik odola atera eta bestetik bueltan sartzen zidaten nire odola, bueltaka, zirkuitu batean bezala". Tartean makina bat, "bereizten dituena zelula berezi horiek, eta beste guztia bueltan doa emailearenera", azaldu du Joxek.

Orain, Joxek arrebaren odola dauka: lehen A+ zeukan, eta orain O-.


6. argazkia: Joxe Valdecillako bakargelan, Anarekin hitz egiten

"Eta hor nengoela, Miren zegoen Lizarran, eta Mirenek egunero deitzen zidan telefonoz, ezta Miren?", galdetu dio aitak alabari, Santanderreko Valdecilla ospitaleko bakargelaren argazkia agertu bezain pronto. "Eta horrela ikasi nuen aitaren sakelako telefonoaren zenbakia buruz", erantzun du Mirenek.

2003ko uda zen, bero ikaragarria egin zuen hura. Joxek guztiz isolatuta eman zituen 15 egun, gelako airea berritzeko tresna zaratatsu batekin egunero: "Gehiago entzuten zen kanpoan barrukoa, barruan kanpokoa baino. Gela horren isolatzeko modua gainpresioa zen. Makina hark ez zuen airea zurrupatzen, baizik eta alderantziz: aire garbia sartzen zuen, zirrikituetatik sar zitekeen aire apurra uxatuz", esan du Mikel koinatuak.


7. argazkia: Esteñibar

Mikel eta Fatimaren bizileku den Esteñibar baserriak zeresan handia izan du Joxeren sendatze-prozesuan. Mikelek berak hartu du hitza: "Intxaurpe horrek asko izango luke esateko, esateko gai balitz. Bazkari, otordu eta egonaldi luzeak egin ditugu hor, patxadaz jarrita. Tokia eta eszenatoki egokia izatea oso inportantea da, gauzak gerta daitezen edo bilakaera bat izan dezaten. Intxaurpe hori oso aproposa izan da gauzak normaltasunez bilaka daitezen, patxadaz eta txori-kantuen artean".

Tartean dago Salem ere bai, Mikelen koinatua: "Joxerena ondo amaitu da, baina Salem bidean geratu da". Hilabete gutxi dira minbiziak eraman zuela.

Joxeren ama ere protagonista izan zen eszenatoki horretan bertan: mahaitik aparte eraman eta semearen gaixotasunaren berri eman zioten. Paula Mendizabalek, Joxeren amak, 85 urte, ezin hobeto hartu zuen: "Zer esango dut ba? Bera horrela ikusita, ni ere konforme nago". Irudi hori buruan gordeta dute denek: tragedia izan zitekeenari beruna kendu zitzaionekoa, hain zuzen.


8. argazkia: Txoritokia

"Hamar metro koadro baino ez ditu, eta ezinbestean jarrita egon behar da bertan, sabaia oso baxua duelako", dio Joxek: "Hala ere, sekulako etekina atera diot leku horri, leiho handi bat izan baita niretzat, munduari begiratzeko. Hor dauzkat ordenagailua, faxa, eskanerra, inprimagailua eta telefonoa, eta, beraz, hor konektatzen naiz munduarekin Internet bidez. Lasai esan dezaket txoritokia dela zilbor hestea, munduarekin lotzen nauena. Txoritokian idatzi nituen artikulu guztiak Sustatun argitaratzeko, eta hor jasotzen nituen irakurleen erantzunak. Hortaz, txoritokia izateaz gain, mintzatoki ere izan da niretzat etxeko teilatupea".

Hortik, txoritoki horretatik hunkitu gintuen Joxek, 2002ko irailaren 15ean Sustatun mezu hura aurkitu genuenean: Medikuak esan dit minbizia dudala. Txoritoki horretatik ematen du argia bere Faroak ere. Txoritoki horri esker ere sendatu da Joxe. Baina Mirenek oso argi dauka: "txoritokia txukundu egin behar da, aita!".


Azkenak
Israel Eurovisionetik kanpo uzteko eskatu dute dozenaka artistak

Europako Irrati-telebisten Batasunari zuzendua da artisten maiatzaren 6ko agiria. Eurovisionen parte hartu izan duten 72 artistak ohartarazi dute Eurovisionek "ezin duela gizateriaren aurkako krimenak estaltzeko balio ukan".    


2025-05-08 | Gedar
Ostiralean mobilizatzera deitu dute, Bilbon izan den azken eraso polizial arrazista salatzeko

Mariaren Bihotza plazan egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean, ertzainek erasotako pertsonei elkartasuna adierazteko eta inpunitate polizialari ezetz esateko.


GFAren Lurralde Oreka Berdeko Departamenduaren konpromiso eza

Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko... [+]


Gerra inperialistari gerra

Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidente den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra... [+]


“Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde”, VI. Emakumeen* Mundu Martxa

Maiatzaren 10ean egingo dute: Bardean hasi eta Donostiako manifestazioraino. Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista izango ditu ardatz.


2025-05-07 | Elhuyar
Biodibertsitate iluna neurtuta, giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela ikusi dute

Giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna neurtu dute: leku jakin batean bizi daitezkeen baina bizi ez diren espezieen... [+]


Pakistanek “gerra ekintzak” egitea aurpegiratu dio Indiari, bi aldeetako erasoen ostean

Tentsioa goraka ari da bi herrialdeen artean, Pakistango talde armatu batek 26 zibil hil zituenetik apirilean. Indiak bederatzi guneri egin die eraso eta beste horrenbeste hildakorekin erantzun du.


2025-05-07
Carme Puig Antich. Lekukoaren zuzia
“Saiatzen zara hau eta hura egiten, baina hortxe da beti Salvadorren heriotzaren zauria”

Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]


Datu zenbait argitaratu, emaitza osoa ezkutatu

Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak... [+]


2025-05-07 | Inma Errea Cleix
Bizitza birziklatzen

Bi toki diferentetan egokitu zait garbiketa egitea aldi berean. Ez garbiketa arrunt bat, baizik eta egunerokoan inguratzen gaituzten paisaiak beste era batean arakatzera behartzen gaituen hori, kanpoko objektu fisikoekin batera norberaren baitako egiturak ere mugiarazten... [+]


Item

Kalean nindoan geneetan daramagun dispertsio joerara guztiz emana, bide fisiko eta curricularretatik desbideratzen zaituen abstrakzio alferrikakoren batean. Aurretik hogeita hamarrak bete gabeko neska bat. Zerbait erori zaio poltsikotik. Neska ez zen ohartu. Item bat zen... [+]


Teknologia
Ilusioan bizi

Pasa den astean, itzalaldian, gure burua zaurgarri ikusita, pertsona asko hasi ginen ikertzen, gertatutakoa ulertzeko asmoz: zelan funtzionatzen du elektrizitatea garraiatzen duen azpiegiturak? Zergatik geratu da zaharkitua? Elektrizitatearen fenomeno fisikoak liluratzen nau,... [+]


Eguneraketa berriak daude