Elkartasuna basamortuan


2005eko martxoaren 20an
Kirola eta giza elkartasuna. Zaletasuna eta kausa noblea, biek uztartzea ez da beti lortzen, ez horixe! Gehienetan elkarren kontra doazela esango nuke. Egungo Joko Olinpikoek ez dute antzik garai zaharrekoekin, zer esanik ez antigoalekoekin. Coubertin-eko baroia berpiztuko balitz, a zer nolako zaputza hartuko zukeen! Basamortuaren isiltasuna eta bakea apurtzen dituen Paris-Dakar lasterketa zoro horren motor harrabotsak, logoen interes komertzialak eta estatu jakin batzuen asmo kolonialistak ditu helburu, ez elkartasuna. Beste horrenbeste esan dezakegu mendi gailurrak urratzen dabiltzan zenbait espedizioen asmoez, zeintzuek gainera ingurumen guztia zaborrez beteta usten duten.

Saharako maratoiaren asmoa oso bestelako da. Domina xume bat eta herri duin bat ezagutzeko aukera, ez dago beste saririk. Elkartasuna helburu. Inskripzioaren ordainaren zati bat, egitasmoa sostengatzera bideratzeaz gain, bertako umeen kirol jardueraren azpiegitura gauzatzeko erabiliko da. Haurrak eta hezkuntza. Gogoratzen dut lehenengo bidaian irakasle batek esan zidana: "Haurrak garenetik ikasten dugu borroka egiten. Gure ahulezien, etsaien edota basamortuaren aurka... hemen, emakumeok zein gizonek, denok borrokatzen dugu nork bere ahalmenaren arabera. Borroka hori askatzailea izan dadin aparteko garrantzia ematen diogu hezkuntzari. Ezjakintasunak esklabo bihurtzen baikaitu. Haur indartsu eta kultuak, hor datza herri bezala irauteko gakoa".

Horrez gain, eta laguntza materialaz haratago -ez da beharrezkoa hara joatea jakiteko zein latza den basamortuko bizimodua- oso garrantzitsua da hain isildua dagoen borroka horren oihartzuna lau haizetara zabaltzea. Gatazka berriek sahararrena estaltzen baitute. Ez da notizia.

Internazionalistoi dagokigu mundua -eta gure eremu geografikoa ere- gobernatzen dutenen zurikeria eta faltsukeria azalaraztea. Hamarkada bat igaro da -Nazio Batuen Erakundearen bedeinkazioarekin- Maroko eta Polisarioaren arteko bake plana sinatu zenetik, non argi eta garbi adierazten zen epe jakin baten barruan indarrean jarriko zela autodeterminazio erreferenduma. Bada, oraindik egin gabe dago. Marokok, Frantzia eta AEBetako laguntzaz, mila aitzakia tarte, uko egin dio erreferenduma antolatzeari, NBE eta Espainiaren auzo lotsarako.

Elkartasuna. Ez zait ahaztuko Asmarako emakume batek esan zidana: "Kolonialismoak herri kolonizatzaileen bihotza pozoitzen du eta herri kolonizatuaren arima sumindu. Elkartasunak, berriz, samurtasuna eta elkarrekiko adiskidetasuna sortzen du. Gure haurrek zuenean egiten dituzten egonaldietan senidetzat hartzen zaituztete, eta guregana etortzen zaretenean senidetzat hartzen zaituztegu".

Errefuxiatu kanpamenduak. Hiru gauzek harritu ninduten lehengo bisitan eta gauza bera gertatzen zait itzultzen naizen bakoitzean. Lehenik, haurrak. Zalapartatsu eta nonahi. Zailtasunak zailtasun, nahiko ondo elikatuak, hobeto zainduak eta eskolatuak, familiaren eta gizartearen babesa eta maitasuna dituzte. Ez dago horrelakorik Afrika osoan.

Bigarrenik, antolakuntza eta giza legetasuna. Afrikan badaude herri asko egoera oso zailean daudenak, batzuk, gainera borrokan ari direnak eta, arazoak arazo, haiekiko elkartasuna agertu behar duguna. Baino askotan ez dago ziurtasunak, elkartasun hori nola izango den bideratua. Izan ere, mafiak tarteko, batzuetan, agintarien ustelkeria bestetan, elkartasuna galdu edo desbideratu egiten da. Saharako herriarekin ez da hori gertatzen. Ziur izan gaitezen saharar herriari eman dizkiogun apurrak, denak, ondo eta gizalegez banatuak izango direla.

Hirugarrenik, Hamada edo Basamortuko basamortuaren gogortasunak harritu nau, non neguan ia zero azpitik izatetik udan berrogeita hamar gradutik gora izatera igarotzen diren. Kolonizazio garaian, frantziarrek gotorleku militarra eraiki zuten arte, merkatari karabanen igaro bidea zen. Guk, harritzarrak, area, sugeak eta eskorpioiak besterik ez genituzke ikusiko. Alabaina, beduinoek diotenez, basamortu horretan omen dago munduko lorerik ederrena. Nik ez dut ikusi lore hori, baino, bai beste motako lore bat: esperantzaren liluraz gure sentiduek antzematen duten giza elkartasuna. Horrelako lorea duen herriak badu edertasunik berean.

Maratoia. 2001ekoa estrainekoa, aurtengoa bosgarren edizioa, orain arteko gogorrena. Zortzi maratoilari galdu ziren sirokoaren eraginez. Ilunabarrean aurkitu zituzten, gauaren hotzari, ahal zuten moduan aurre egiteko txoko bat prestatzen ari zirela areatza eta harritza artean. Azken hamar kilometroak infernu bihurtu zitzaizkigun. Riag entinak, -are ekaitzak- bere baitan harrapatu gintuen. Haizeteak kolpatzen gintuen ia alde guztietatik, are zirimolak itsutzen gintuen, eta ahoa zein sudur zuloak hondarrez bete. Egoera horretan, zezenarena egin behar. Burua makurtu eta kosta hala kosta, aurrera. Taldean edo bakarrik, bakardadea nagusi. Sentsazio ziragarria eta baita beldurgarria.

Ez gara masokistak. Hitzez adierazi ezin dudan bizi pozak hartu gintuen. Horregatik, osasuna eta indarra lagun, ahal badut berriro itzuliko naiz. Bosteko edo hamarreko zatia, erdia edo oraingoan bezala osoa; azkarrago edo mantsoago. Horrek ez du axola. Elkartasun ekintza horretan partea hartzeak du benetako garrantzia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude