Xisteraren berpiztea

  • Oiartzungo Udala Beheko Plaza berritzen ari da. Lanen helburuetako bat plazaren jatorrizko erabilera berreskuratzea izango da; errebote jokorako kantxa izatea, alegia. Oiartzunen, Euskal Herriko beste txoko askotan bezalatsu, errebote jokoa oso errotuta zegoen, dagoeneko ia desagertua baldin badago ere. Egun, paretaren aurka jokatzen diren pilota modalitateak ezagunagoak ditugu, baina horiek berriak dira plaza libreetako joko zuzenekin alderatuta. Eta joko zuzenen erregina eta modalitate euskaldunena errebotea dela diote adituek. Berriro ere xistera eta eskularruari bidea zabaldu dio Oiartzungo plazak.

2005eko martxoaren 13an
Antzina, oiartzuarrek pilota joko zuzenetarako zaletasun handia erakutsi zuten eta errebotean eta laxoan aritzeko Beheko Plaza eraikitzea erabaki zen, XVIII. mende erdialdean. Ospe handiko plaza izan zen eta garaiko pilotaririk onenak aritu ziren bertan. XX. mende hasieran, herriak oraindik 24 errebote jokalari zituen, hiru talde osatzeko adina. Espainiako Gerra Zibilarekin batera, ordea, kirola desagertu egin zen, beste hainbat lekutan bezala.

Harrigarria dirudien arren, plaza, edo eremua behintzat, mantendu egin da, pareta eta guzti. Denborarekin, idi-probentzako leku bilakatu zen eta urte batzuetatik hona aparkalekua izan da. Duela bizpahiru urte, Udalak herri erdialdea zaharberritzeko proiektuak aurkeztu zituen eta Beheko Plazarekin zer egin erabakitzeko orduan, pilotaren munduan dabiltzanek pilota plaza berreskuratzea proposatu zuten. Jada, bukatzear daude Oiartzungo plazari jatorrizko izaera itzuliko dioten lanak, inaugurazio egunetik gertu.

Hego Euskal Herrikoena baino Iparraldeko plazen antza handiagoa izango du Oiartzungoak, handiagoa izango baita. Hala dio proiektuaren sustatzaileetako bat izan den Anton Mendizabalek. Pilotazale izanik, baikor ikusten du ekimena. Eraikin arkitektoniko historiko bat errekuperatzeaz gain, errebote jokoa berreskuratzeko bidea zabalduko baitu plazak. Taldea osatzeko lanean ari dira dagoeneko.

Gaur egun, Hegoaldean, Donostiako Zubieta auzoan eta Villabonan soilik dute errebote taldea. Lehen, herri askotan ohikoa zen klaustroetan, arkupetan eta ondoren plaza libreetan errebotean aritzea, baina Gerra Zibilak min handia egin zien plaza horiei. Gehienak hiriguneetan zeuden eta suntsitu ez zituztenak guda ostean etxebizitza bilakatu zituzten. Desagertze isilaren arrazoiak ugariak izango ziren, ziur aski, baina Mendizabalek dioenez, «horrelako kirol bat urte batzuetan geratu egiten bada eta belaunaldi berriek ez badute jarraitzen, erabat ahazten da». Neurri handi batean, hala gertatu dela dirudi. Esku pilota tradizio handieneko kiroltzat joko dute askok, baina paretaren aurkako pilota jokoak XIX. mendearen erdialdean sortu ziren eta ezker paretak mende eta laurden besterik ez du. Pilotaren hastapenetan, joko zuzenetan aritzen ziren; nagusiki bote luzean, laxoan eta errebotean, hain zuzen ere.

Iparraldean joko zuzenek presentzia handiagoa dute, baina gainbeheran daude baita ere. Pierre Sabalo Frantziako Pilota Federazioko kide ohiaren esanetan, garai batean erlijioaren pare zen errebotea eta kasik herri guztietan bazen jokoa. Oraindik ere, «herri gehienetan bada elizaren ondoan plaza luze bat eta buru batean aurkituko da morru pareta. Gibelean, ordea, aparkalekua eginen da orain». Jokoaren beherakada nabaria da. Duela hamabost urte, errebote partida batek 2.000-2.500 lagun biltzen zituen eta egun, aldiz, 600 bat baino ez ditu elkartzen. «Geroz eta gazte guttiago heldu dira eta azkenean afizionea galtzen da». Xistera txikia ez da internazionala eta horregatik jaitsi dela dio. «Gazte bat, 18-19 urterekin, paletan edo frontenisean plantatzen bada, laster izango da internazionala, ekipamenduak eta bidaiak izango ditu. Xisteran, ordea, ez da posible».

Iparraldean hamabost bat plaza libre izango direla uste du Sabalok. Denera, 78 kirol elkarte daude eta soilik horietatik zortzi dira errebote klubak. Baionakoa, esaterako, zaharrenetakoa zen, baina orain ez du ekiporik. Donapaleu, Donibane Lohitzune, Hazparne, Atharratze, Angelu, Azkaine, Senpere eta Donibane Garazi dira taldeak dituzten herriak.

Hegoaldean, esan bezala, Villabona eta Zubietako pilota eskoletara mugatzen da kopurua. Gerra Zibilarekin galdutako errebotearen tradizioa berreskuratzeko, Zubietan Joko-Garbi elkartea jaio zen 1956an. Gaur egun auzoko pilota eskola hortik sortu zen 1996. urtean. Zubietan, gehienez, 450 bat biztanle dira eta klubak ia gazte guztiak biltzen ditu, hogeita hamar inguru. Udaberrian eta udan plaza librean jokatzen dute eta neguan, berriz, ezker paretako frontoi estalian, jokoa pixka bat moldatuta. Mikel Bengoetxea eskolako delegatuak kontatu digu duten erronka berria errebotea zabaltzea eta hedatzea dela, «baina zaila da kanpotik gazteak erakartzea, jendea oso eroso bizi delako bere herrian eta bertan aurkitzen duenera egokitzen da».

Villabonako pilota eskola zaharragoa da eta herriko plaza librea bere horretan mantendu da. Bi klubek harreman estua dute eta Gipuzkoako Endika Abril txapelketa elkarrekin antolatzen dute abuztutik azarora bitartean, Iparraldeko hainbat talde gonbidatuz. Dena den, Iparraldean jokatzen den Euskal Herriko txapelketa da garrantzitsuena eta bertan emaitza onak lortzeko prestatzen dira taldeak batik bat. Txapelketak A eta B maila ditu eta bigarrenean lehiatzen dira Zubieta eta Villabona. Iparraldeko taldeek Frantziako txapelketan parte hartzeko aukera ere badaukate.

Orokorrean, denboraldian zehar lehiaketa eta partida nahikoa dagoela dio Bengoetxeak, ez da kexatzen. Gainera, errebote taldeez gain, laxo ekipoa ere badaukate Zubietan, Nafarroako Laxoa Elkarteak Baztan Malerrekan antolatu ohi duen txapelketan parte hartzeko. Laxoa Elkartea 1979. urtean jaio zen, pilota joko zaharrak mantentzeko xedez. Nafarroan joko horietarako tradizioa beti gorde izan dela azpimarratu digu elkarteko kide Txuma Primek. Hegoaldean, laxo eta pasaka eskola eta txapelketa bakarrak elkarte nafarrarenak dira eta pozik daude lortutako emaitzekin: laxoko hamahiru bat talde eta pasakako hamar inguru dituzte; «jende aunitz, horrelako joko zaharrak izateko».

Ez dira errebotean aritzen, baina «pilota letra larriz» begiratu nahi dutela dio Primek, «zabal eta mugarik gabe». Horregatik, atzerriko hainbat eskolekin harremana gordetzen saiatzen dira, laxoaren ezaugarri antzekoak dituen joko ugari baitago munduan zehar. Valentzia, Kanaria Uharteak, Italia, Holanda, Belgika, Irlanda, Mexiko, Ekuador, Venezuela, Argentina eta Bolivia adibide bakan batzuk baino ez dira.

Hutsetik

Hemendik gutxira, txoko berria izango du erreboteak. Hori bai, hutsetik abiatu beharko dute oiartzuarrek, lehen herrian indarra izandako kirola egun bizilagun gehienek ez baitute ezagutu ere egiten. Horretarako, bi ildo nagusi dituen Errekuperazio Plana diseinatu dute Oiarpe pilota taldearen baitan jaiotako ekimenaren sustatzaileek. Batetik, Joko Garbi eskola sortzea izango da helburu nagusietakoa. «Hortik aterako dira, gerora begira, Oiartzungo errebote taldean arituko diren neska-mutilak», dio Anton Mendizabalek. Ez da ohikoa halako jokoetan emakumezkoak ikustea, baina joko garbia neskentzako modalitate atsegina izan daitekeela uste du Mendizabalek. «Ez dago eskuarekin kontakturik, saskiarekin jokatzen da eta beraz indarra ez da hain erabakigarria, beste faktore batzuk garrantzitsuagoak dira». Errebote eskolarako maisua prest dute jada, Donibane Lohitzuneko Pello Etxaleku.

Era berean, ekipo Senior bat berehala antolatzea da planaren bigarren ildo nagusia. Zergatik lehenbailehen? Gazteak atera arte urteak pasako direlako eta aurrean eredua behar dutelako, helduak jokatzen ikusiz erreboteari merezi duen garrantzia emateko. Baina Oiartzunen ez dago errebote jokalaririk. Talde bakoitzeko bost jokalari behar direnez, horietatik bi postu oiartzuarrek beteko dituzte: gelditzailearena eta sakatzaile edo botariarena, jokatzeko ez baita ezaguera tekniko berezirik behar. Saskiarekin aritu behar direnen postuak betetzeko, Pello Etxaleku bera eta Villabona eta Zubietatik utzitako jokalariak nahi dituzte. «Beraz, hasieran oiartzuarrak ekipoaren erdia baino gutxiago izango dira, baina behintzat ekipoa berehala osatu ahal izango dugu, plazak segituan bere zentzua izan dezan eta gazteek jokoa nola den ikus dezaten, eredua izan dezaten», dio Mendizabalek. Azken finean, bizilagunak eta ikusleak errebotera berriro ohitu nahi ditu ekimenak.

Eskola eta taldeak sortzeko oztopoetako bat dirua da. Inbertsioa handia da, saskiek 180 euro eta pilotek 36 eta 60 euro artean balio dutelako. Gainera, kanpoan jokatzen denez, hezetasunarekin-eta materiala errazago izorratzen da. Baina Udalean, Pilota Federazioan eta publizitatean bilatuko dute babesa Oiartzungo kideek.

Horrez gain, jokoaren ezagutza falta traba handia da jendea erakartzeko. «Gazteen ereduak Aimar Olaizola eta Ronaldinho dira, dirua eta profesionalizazioa», azaldu du Mikel Bengoetxeak, «hau, aldiz, modalitate amateurra da, mugatua, eta zaila da gazteen artean saltzen». Zenbaitetan alderantzizkoa ere gerta daitekeela uste du Mendizabalek, pilota geroz eta elitistagoa izanik aukerarik ez dutenek era honetako jokamoldeetan jarraipena bilatu dezaketelako. Gainera, errebotea pedagogikoki oso joko interesgarria dela argi dute denek. Normalean pilotan buruz buruko edo binakako partidak jokatzen dira eta nabarmen geratzen dira akatsak. Taldean, beti ere errazagoa da denentzako leku bat topatzea eta bakoitzari egokien doakion txokoa aurkitzea. «Oso joko didaktikoa da, jende gehiagok parte hartzen du, lotsak galtzen dira eta ezintasunak ez dira hain nabarmenak», azpimarratu digu Mendizabalek. Gainera, tantoaren borrokaz gain eremua defenditzeko lehia ere garrantzitsua da eta beraz joko konplexua eta aberasgarria da, taktika eta estrategia kontuan hartzen dituena.

Horregatik, eta gure arbasoen kulturaren zati bat delako, diru publikoarekin babestu egin behar dela uste dute zaleek. Pierre Sabalo kexu da, Frantziako Ministerioak ez dielako sekula dirurik eman: «Kulturak ez du bere esku hartu eta Kirol sailak ez du garrantzitsua ikusten, errebotea internazionala ez denez etxerat dominarik ez dugula ekarriko ikusten duelako». Itxaropenerako ateak zabaltzen ari dira, ordea. Galdutako memoria historikoa berreskuratzeko lagungarria izango da Oiartzungo proiektua eta Errekuperazio Planak beste herri batzuetarako balio dezake etorkizunean. Lehenengo urratsak emanak daude behintzat.

Joko zuzenak

Bote luzea

Bost pilotarik osatzen dute taldea eta tenisaren antzekoa da, aurrez aurreko jokoa, eskuz, paretarik gabeko zelaian. Airez jotzen zitzaion gehienbat, trapuzko pilotekin eta sakea egiteko sarritan botarria erabiltzen zuten. Pilotasoroetan jokatzen hasi ziren. Gero, jokoa herrietako plaza eta kale zabaletara eraman zuten.

Laxoa

Bote luzearen moldaera da, baina eskularruz eta pilota pisutsuagoekin aritzen dira kantxa handiagoan. Aurrez aurre lau pilotari dabiltza taldeko: atzeko biek eskularru luzea erabiltzen dute eta erdirago dauden biek, berriz, eskularru motza. 9 jokora da lehia.

Errebotea

Aipatu jokoen eboluzioa da. Bost jokalarik osatutako talde bi lehiatzen dira kantxa laukizuzenean, aurrez aurre. Atzeko pilotariek saskia edo xistera erabiltzen dute eta erdirago daudenek eskularrua. Sakea eskuz egiten da, pareta nagusitik 32 metrora egon ohi den botarritik. Sakeak paretan jotzen du eta errestoa errebotez egin behar da »hortik modalitatearen izena». Tantoak hamabosteko partzialekin zenbatzen dira, 40 tantoko mugarekin, eta 13 jokotara lehiatzen dira.

Pasaka

Trinketean jokatzen da, binaka. Sare batek bi taldeak banatzen ditu eta eskularru motzarekin jokatzen da, baina eskularrua nahiko berezia da. 13 jokotara lehiatzen dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude