Kantagintza gainbeheran


2005eko otsailaren 13an
Kanta herrikoiak abesten jardutea baino, belaunaldi berriek nahiago izaten dute egungo musika mota entzuten aritzea. Kantagintzarako zaletasuna galtzen ari da, gazteen artean bereziki. Iparraldean Hegoaldean baino gehiago mantendu bada ere, aurreko urteekin alderatuz bertan ere nabaria da beherakada. Hala diote Euskal Kantuzaleen Elkarteko Iparraldeko egoitzatik: abesti herrikoiekin lotutako ekintzaren bat antolatuta, lehen 500 lagun biltzen ziren lekuan egun 200 inguru biltzen dira.

Begoña Alzaga kantatzeko zaletasuna duten Intxaurrondo Zaharreko bizilagunekin bildu ohi da. Bere ustez, mota horretako ekimenak falta direlako eta ezagutza nahikoa ez dagoelako doa gainbehera. Zailena belaunaldi berriak erakartzea dela dio: «Aisialdia ulertzeko modua aldatu da, jada solasean aritzeko ohitura ez dago lehen bezain zabaldua». Gainera, auzoetan orokorrean nahiko bizitza pobrea ikusten du, geroz eta auzo giro gutxiago dago. «Giro hori gabe zaila da koadrilak sortzea eta kantua koadrilarekin lotuta dago».

Oskar Estangak, Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroan duen egoitzako idazkariak, ere argi du kantu motak eta kantatzeko era aldatzen ari direla. Horregatik, bere iritziz, kantuak gizartera eta gizarteak kantura egokitu behar du, formula berriak asmatu behar dira, egungo gazteek dituzten eraginak era guztietakoak baitira. «Hogei urtetik hona goitik behera aldatu da musika eta eten antzekoa egon da». Esaterako, elkarteak urtero antolatu ohi duen Euskal Kantu Txapelketa abesti herrikoiak berreskuratzeko helburuarekin jaio zen batik bat, baina jende gazteak 1975. urtetik aurrerako kantak abesten ditu lehiaketan, ez dituelako zaharragoak ezagutzen. Eta hori, Estangaren esanetan, kantuan aritzeko oztopo nagusienetakoa da: jendeak ezagutzen du abestien melodia, baita kantuen hasiera ere agian, baina ez dakizki hitzak. Ikusten duen beste eragozpen handia lotsa da. «Gaur egun gure ahotsaz lotsatzen gara, irudiak agintzen duen mundu honetan ez baitzaigu kantatzea bururatu ere egiten, hori profesionalen gauza dela pentsatzen dugu».

Aurreiritzi horiei aurka egiteko sortu zen Euskal Kantu Txapelketa eta dagoeneko hamahiru urte bete ditu. Hala ere, txapelketaren baitan ere nabarmena izan da lagunarteko kantagintzak izan duen bilakaera. Hasieran, aurkezten ziren asko eta asko koadrilak ziren, baina egun gehienak bikoteak edo bakarlariak dira. Eta lagun talderen bat lehiatzen denean, ez ditu normalean kantutegi zaharreko doinuak hautatzen.

Hala, aurrerapausoa eman behar zela eta elkarteak Kantu Afari Erraldoia izeneko ekimena antolatu zuen iaz: kanta zaleen arteko harremana sortzeko, ongi pasatzeko eta ahalik eta lagun gehien erakartzeko asmoz, Iruñerriko hainbat elkartetara jo zuten eta afarian 83 pertsona elkartzea lortu zuten. Sunbillako elkarteak ere Baztan-Bortzirietan antzeko afaria antolatu zuen eta benetan arrakastatsua izan zen. Ehundik gora lagun bildu ziren eta abesti herrikoi eta zaharrekin zortzi orduz aritu ziren. Baionako ereduari jarraiki Iruñea kantuz ekintza prestatzera animatu dira orain. Udaberri aldera kalean leku zehatz batean hitzordua egin eta kantatzeko jende pila elkartzea da xedea. Abeslari asko baldin badago, kantatzeak beste sentsazio bat ematen duela dio Estangak.

Gainera, Estanga Berriketan bikotearen partaideetako bat da. Kantu afarietan abestietako hitzak jende artean banatu eta beraiekin kantatzera gonbidatzen dituzte. Abestien hitzak azaltzen dizkiete eta jendeak kantari zentzua ematen dionean beste modu batean bizi eta sentitzen duela esan digu.

Baina Nafarroa ez da kantagintza berpizteko mugitzen ari den leku bakarra. Donostiako Intxaurrondo auzoko bizilagunek, esaterako, bost urte daramatzate kanta herrikoiez gozatzeko elkartzen. Taldean berrogei dira, gehienak emakumezkoak eta astelehenero auzoko kultur etxean biltzen dira. Edonork parte har dezakeela eta ateak zeharo zabalik daudela ziurtatu digu Begoña Alzaga taldeko kideak, baina gazte jendea ez omen da animatzen. Ordu eta erdiz abesten ondo pasatzea eta zaletasun hori jende gehiagorekin elkarbanatzea beste asmorik ez dute. Hitzak ikasi, CD-an abestia entzun eta a capella edo gitarraren laguntzarekin aritzen dira. Pozik daude emaitzekin.

Gainera, Donostialdean eredua beste leku batzuetara zabaldu da eta Alde Zaharra, Amara-Berri, Aiete edo Antiguo auzoetan ere halako proiektuak jarri dituzte martxan. Beraien artean harremana dute eta kantu-jiran elkartzen dira hilean behin. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, protesta modura Donostiako Alde Zaharrean bildu eta abestuz jira egin zuten auzoko kaleetan barna. Ordutik, hileko hirugarren larunbatero elkartzea erabaki zuten, eguerdi partean. Nahi duen orok har dezake parte eta azkenaldian 200 lagun inguru elkartu ohi direla dio Alzagak.

Intxaurrondoko bizilagunak ez dira geldirik egoten eta maiatzean Lagunekin kantari ekimena antolatzeko denbora ateratzen dute. Hainbat abeslari ezagun gonbidatu eta bi zatitan banatutako emanaldiak eskaintzen dituzte. Lehenengoan, musikariek beraien abestiak kantatzen dituzte eta bigarrenean, ikus-entzuleekin batera aritzen dira.

Euskal Herri osoan zehar aurki daitezke abesti herrikoien zaleak biltzen dituzten saiakerak, baina agian Iparraldean mantendu da bizien kantarako izpiritua. Bertan, haur eta helduentzako txapelketak eta ahots eskolak antolatzen direla jakinarazi digu Eñaut Larralde Kantuzaleen Elkarteko kideak. Donibane Garaziko kanta tailerra gidatzen du Larraldek. Hamabostean behin, 30 eta 40 lagun arteko talde anitza biltzen da eta kanta zaharrak berreskuratzeaz bat, abesti berriren bat ikasten dute. Guztira, mota horretako 17 tailer daude Iparraldean eta denek antzeko programa jarraitzen dute. «Donibane Lohizunekoa bereziki handia da eta Baionakoa, Azkainekoa, Miarritzekoa eta Donapaleukoa ere dezente ezagunak dira», adierazi digu Larraldek. Gainera, Zuberoan Aitzindariak taldea sortu dute, dantzak eta kantak ikasteko helburuarekin.

Kantuaren Eguna

Baiona kantuz ekimenak urte batzuk daramatza jada eta eredu izan da kantatzea gustuko duten nafarrentzako. Baina ekitaldirik garrantzitsuenetakoa Kantuaren Eguna izan ohi da. Donibane Lohitzunen egiten da urtean behin eta Iparraldeko 17 tailerrak eta Hegoaldeko bizpahiru elkartzen dira giro herrikoian abesteko.

Oraindik ere lan handia dago egiteke, kantagintza gizarteratzeko eta belaunaldi berriak erakartzeko. Estangarentzat, sekretua aritzea da. Bere kabuz jende asko agian ez da animatuko, baina afaria antolatu, hitzak banatu eta gidaritza eta musika pixka bat ipiniz gero, "harrigarria da jendeak nola abesten duen. Jendea harritua geratzen da zein ondo pasatzen duen kantatzen. Lagun arteko babesa eta afalosteko patxada lortuz gero, bide erdia egina dago». Baina zergatik lotzen da hainbeste kantagintza otorduekin? Testuinguru kontua dela uste dute zaleek. Estangaren esanetan, arratsaldean tabernan kantatzea ohikoa zen lehen, baina gaur egun mozkorren kontua bihurtu da ia. «Gizartea dagoen moduan, kantatzeko testuinguruak murriztu egin dira. Eszenatoki gainean kanta daiteke, baina badirudi oso ona izan behar zarela hori egiteko, profesionala kasik». Horregatik, otorduen osteko testuinguru hori modu idiliko edo folklorikoan mantendu dela uste du. «Giro horrek jendeari xarma ematen dio eta lotsa galtzen da, afalostean abestea ia derrigorrezkoa dela dirudi». Gizarteak berak finkatzen du hori, baina horretan bakarrik geratzea ez zaigula komeni azpimarratzen du elkarteko idazkariak. Testuinguru gehiagotara zabaltzea baikorra izango da beti.

Estangaren teoriaren arabera, pertsona bakoitzak kantari bat du barruan; beste kontu bat da hobeto edo okerrago zaintzen duen, batzuetan ateratzen utziko dio eta besteetan baztertuta utziko du. Bere hitzetan, leku guztietan daude kantu zaleak eta kantuan aritzearen falta sumatzen dutenak. «Kantatzeak ez duela gauza serioa izan behar erakutsi nahi dugu, giro onean barre egiteko balio duela». Eta zer eman dio berari kantagintzak? «Ongi pasatzeko aukera, sentsazio onak». Hausnarketarako modua ere bada eta abestietako hitzen inguruan filosofatzeko joera du Estangak. «Gure izaera eta tradizioa ezagutzen laguntzen digu. Ikastaro batean irakatsi zidaten kanta herrikoi gehienak bere garaian apaizek moldatu zituztela, eta hori kontuan hartuta gauza asko ezagutu daitezke kantuetan».

Horretarako, beharrezkoa da dugun euskal kantutegi oparoa mantentzea. Zaleek diote ez dela zaila ondo osatutako kanta bildumak topatzea, Larraldek adibidez ehun eta hamabost abestidun programa erabiltzen du Donibane Garaziko tailerrean. Estangak, hala ere, egile garaikideak badaudela baina oso zaharrak direnak aurkitzea zailagoa dela azaldu du. «Pantxoak eta Peiok antzinakoak dirudite jada, Etxahun Iruri eta garai hartako abeslarien lanak ez baitira erraz topatzen». Hori bai, Hiru Truku taldea edo duela gutxi berrargitaratu den Boga-boga kantu bilduma bezalako ekimenak herriko doinuak berreskuratzeko oso lagungarriak direla argi dute denek. Azken finean, melodia herrikoiez dugun ezagutza aberastea beti ere ondo etorriko zaigu sagardo denboraldian gauden honetan.

Kantutegia sarean
- es.geocities.com/emitologia/kantuak.htm: kantutegia word formatuan.
- www.euskalnet.net/kepa/kantak.htm: hainbat kanta.
- www.euskomedia.org/euskomedia_eu/kantutegi_bus.jsp: kanta bilatzailea.
- www.buber.net/Basque/Music/Song: Benito Lertxundik abestutako kantak.
- www.geocities.com/basquesite/2kantuak. htm: hainbat kanta.
- www.habe.org/ikaslearengunea/kantutegia/index.hab: partiturak PDF formatuan.
- www.geocities.com/kantutegia/Abestiak. html: gitarrarekin jotzeko kanten tablaturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude