Emakumea eta kirola. Oraindik jokoz kanpo

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2004ko azaroaren 14a
Ez da aztia izan behar neska-mutilek kirola ez dutela neurri berean, ez modu berean egiten konturatzeko. Diferentzia horiek nabariak dira Euskal Herrian zein Europako estatu askotan. Baina zergatik ez dute neskek kirolik egiten eta mutilek bai? Zergatik uzten diote neskek kirola egiteari mutilek baino lehen? Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamenduak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak galdera horiek, zuzenean, protagonistei egitea erabaki zuten duela bi urte. 12 eta 18 urte bitarteko neska gipuzkoarrek beren iritzia eman zuten eta baita gurasoek, eskoletako kirol koordinatzaileek eta klubetako arduradunek ere. Erantzun sorta mamitsua jaso zuten eta horietako batzuk hemen azalduko ditugu. Itxaso proiektua abian jarri zutenak ez ziren emaitzekin harritu, aurrez landutako hipotesiak bete baitziren. Neskek mutilek baino kirol gutxiago egitea ez da kasualitatea, Mendebaldeko gizarte modernoetan kirolak duen antolaketa tradizionalak, gizonezkoan oinarritutako egiturak, horretara ekarri gaitu.

Kirola bada zerbait gure gizartean

Kirola zer den definitzea ez da batere erraza. Kirolak gizarte modernoetan leku handia hartu du eta alde askotatik begira diezaiokegu. Kirola negozioa da, eta osasuna ere bai. Kirolaren bitartez kolektiboak batzen dira, identitateak indartzeko balio du. Kirolak gazte eta eder mantentzen laguntzen digu, emozioa eta gozamena ere bilatzen ditugu kirolean. Kirola gizartean integratzeko modu bat da, elkarbizitzen ikasteko modua. Beste batzuentzat kirola denbora-pasa da eta beste batzuek goi mailako kirola soilik ezagutzen dute. Pisu handia du kirolak gure gizartean eta neska gazteen eta kirolaren arteko harremana egoera horretan kokatu behar da.

Mutilen kontua da?

Topikoak ugariak dira: kirola mutilen gauza da, neskei ez zaie gustatzen lehiatzea, mutilak astakirtenak dira eta neskak baldarrak, mutilek porrot egiten dute saiatzen ez direlako eta neskek berriz, gaitasunik ez dutelako... XIX. eta XX. mendeetako joerak bertan behera geratzea ez da batere erraza. Kirola egiteko nesken eta mutilen gaitasun fisiko eta psikologikoak oso desberdinak direla frogatzen saiatu da medikuntza alorreko hainbat adar, baina gaur egun ez dago ezer frogatuta. Neska-mutilen arteko desberdintasun horiek arrazoi kulturalak medio eraiki dira mendez mende eta naturaltzat hartu ditugu. Askotan esan ohi da: "Mutilek agresibitatea, ezinegona... kirolaren bidez askatzeko beharra sentitzen dute. Neskek, berriz, beste modu batzuk dituzte agresibitate hori (mutilarena baino txikiagoa) askatzeko".

14 urterekin muturtzen dira neskak

Adin horretara arte, gehiago ala gutxiago, baina egiten dute kirola neskek. Adin horretan ordea sekulako aldaketa nabaritzen dute. Kadete mailara igarotzen direnean, eskoletako egiturak ez daude prestatuta neska-mutilek kirola egiten jarrai dezaten eta beraz, kirolean segitzeko modu bakarra klub federatuak dira. Klub askok (ez denek) ez daukate ez baliabide ekonomiko nahikorik, ez mentalitaterik datozen neska-mutil guztiak berenganatzeko. Beraz, gaitasun onenak dituztenak hartuko dituzte eta errendimendu kirolera bideratu. Baliabideak urri badituzte mutilen ekipoak osatuko dituzte lehenengo, eta ahal bada, neskenak. Neskak kexu dira maila horretan asko exigitzen zaielako, "onak" izan behar dutelako. Neskak presionatuak sentitzen dira dena ondo egitera eta horretarako nahiago dute ikasketetan ordu gehiago sartu eta kirola utzi. Oso perfekzionista bihurtzen dira exigitutakoari erantzuteko eta ez dira denera ondo iristen. Bestalde, gurasoek ere ez diete kontra gehiegirik egiten kirola utzi dutela ikusitakoan. Mutilekin ez da hori gertatzen, nahiz eta ikasle txarrak izan kirolean segitzen dute. Asteburuetako diziplina zorrotzak ere atzera botatzen ditu neskak, nahiz eta lehiatzea gustatzen zaiela aitortu. Etorkizunari begira kirolak askorako ez diela balioko uste dute neskek eta erraz lagatzen dute. Gizonezko entrenatzaileak dituzte gehienetan eta ez dute hori oso gustuko. Mutilak kirolariagoak direla sinetsita daukate eta mutilentzako kirolak sailkatuta dituzte: futbola, hockeya, igeriketa...

Neskak txiki-txikitatik geldirik

Eskoletako kirol koordinatzaileek zortzi urteko neska eta mutilek gaitasun fisiko eta mugimendu gaitasun berberak ez dituztela aitortzen dute, eta abiapuntua bera ez denez, kirol heziketan aldeak nabarmenak dira. Mugimenduaren kultura eta jarduera fisikoa oraindik gizonezkoen tradizioan errotuta daudela diote eta txikitatik sustatzen da kirola mutilengan. Neska asko zortzi urterekin zerotik hasten omen da. Ez espazioan hartzen duten tokiari dagokionez, ez aktibitate motari dagokionez, ez dira parekatzen neska-mutilak. Kirol koordinatzaile hauek nabarmentzen dutenez, neskek kirola egitea lortu nahi bada inertziak, hau da, helduen rolen kopia egiteari utzi behar zaio. Mutilek kirola egiteko inertzia jarraitu besterik ez dute.

Marrazketa eta euskal dantzak kirola baino lehenago

Neskari lehiakorra eta oldarkorra izateko eskatzen omen zaio kirolean eta gurasoen ustez, ez dira hain justu eskolako eta familiako filosofian lantzen diren balioak. Gurasoen ustez, eredua komunikabideek ezartzen dute. Futbola da alde guztietan eta ordu guztietan dagoen kirola eta hori da neska zein mutilek ikusten duten kirol eredu bakarra.

Gizarteak neskentzat zenbait jarduera egitea kirola baino egokiagoak direla uste du eta askotan, gaztetxoek horiek aukeratzen dituzte, hala nola, marrazketa, musika, euskal dantzak, ingelesa ikastea...

Neskak zein mutilak babestuegiak

Klubetako teknikari eta zuzendaritzako kideek azpimarratu dute gurasoek neska-mutilak gainbabestuta dituztela. Ez omen zaie erakusten ezertarako esfortzurik egiten eta ondorioz, arrazoi gutxigatik (entrenatzailea edo ekipoa aldatzea adibidez) kirola egiteari uzten diote haurrek. Bestalde, neskek gizonezko ereduak dituztela diote. Eliteko kirolariei bakarrik aitortzen zaie balioa, gehienak gizonezkoak eta masa kiroletakoak. Klubetako arduradunen ustez, kirolariaren profil erreala ez da ageri gizartearen irudimen kolektiboan. Askotan aipatu dute beste gai hau ere: jendaurrean kirola egiteak lotsa ematen dio neskari, gorputza ezkutatzeko joera du.

Itxaso proiektu honetan 12 eta 18 urte bitarteko 70 neska, ikastetxeetako 24 kirol koordinatzaile, klubetako 17 teknikari eta zuzendaritzetako kide eta sei guraso talde elkarrizketatu zituzten. Erantzunak asko dira, gehiegi hemen denak azaltzeko, baina entresakak balio duelakoan gaude. Zera erakusteko balio duelakoan: neska gazteei, kirolaren alorrean, hautatzeko eta erabakitzeko askatasuna mugatzen dieten baldintza sozial eta kulturalak agerian direla eta gure gizartean oso sustraituak. Neska-mutil kirolarien arteko berdintasuna lortzea ez da batere erraza izango, naturaltzat jo ditugun ohitura asko aldatu beharko dira eta horrek denbora asko eskatzen du. Neskak motibatu egin beharko dira eta dituzten jarrerak aldatzen lagundu. Gainerako gizarteak egoeraz jabetu beharko du lehenengo eta gero parte har dezala neska-mutil hauen kirol heziketa egokian.

Donostiako neska-mutilen esperientzia

Egiteko dagoen bidea egindakoa baino luzeagoa dela jakinda ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren pausoa eman du aurtengo ikasturtean. Donostiako 32 ikastetxe eta heziketa teknikoko hainbat eskola (Nazaret, CEBANC, CEIMPRO...) bildu ditu eta Gipuzkoako hiriburuko zortzi klubekin jarri ditu harremanetan. Klubek beraien baliabideak jarri dituzte mahai gainean eta astean zehar zein asteburuetan izotz gaineko patinajea, eskalada, esgrima, atletismoa, errugbia... egiten hasi dira. Jarduera hauek eskola kiroletik kanpokoak dira eta ez da kirol federatua. Hiru kirol klasikoei, futbolari, eskubaloiari eta saskibaloiari arreta berezia jarri diete, eta kirol hauen ezaugarriak moldatu nahi dituzte jarritako helburuetara. Azken aldian pilotaren mundutik neskak urrunduta daudela ikusita, alor horretan ere ahalegin berezia egin nahi da. Baina jarduera horien guztien helburua ez da izango goi mailarako prestatzea, ondo pasa eta giza harremanak sendotzea baizik.

Horixe da helburua, eskola kirolean edo kirol federatuan parte hartzen ez duten neskak zein mutilak erakartzea. Izan dadila kirola denbora-pasa atsegina, gozatzeko gunea, harreman sozialak indartzeko tokia... Ez dadila neska baldar sentitu, ez dezala txarra denaren sentsaziorik izan, ez dezala ona izatearen presiorik sufritu... Neska zein mutilentzako proiektua da Donostiakoa, baina izena eman duten ia denak dira neskak.

Nekez ari da itxuraldatzen aspaldi marraztutako bodegoia, baina jada ez da hasierako irudi bera.

Karmen Díez, Itxaso proiektuaren arduradunetako bat eta EHUko antropologoa: «Kirola gizonaren erreprodukzio hegemonikoaren espazio bat gehiago da»
Kirolean emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunik ez da lortu. Nesken partehartze urriak erakusten du hori.
70eko bukaeran eta 80ko hasieran, uste genuen horrelako gauzak aldatzea erraza zela jarrerak-eta kulturalak zirelako. Gaur egun uste dut ia errazagoa dela alor biologikoa aldatzea kulturala baino. Sexuz aldatzea ere badago eta! Eta hormonak?
Mendebaldeko gizarteko azken bi mendeetako sustrai kulturalak berriz, oso barneratuta dauzkagu. Gauzak ari dira aldatzen, baina ez da erraza eta motel goaz. Hain naturalak iruditzen zaizkigun fenomeno hauek desegituratu egin behar dira generoaren ikuspegitik. Politikoki zuzena da esatea: "Emakumeek kirola egiteko eskubide berberak dituzte...". Baina mikrofonoa ixten duzunean edo giro lasaian berriketan ari zarenean entzuten duzu: "Baina neskak oso desberdinak dira ezta? Ez daukate hainbeste indar, ez daukate...".

Baina jarrera hori askotan nahigabekoa da ezta?
Bai, bai. Haurdun zegoen emakume bati entzun nion lehengoan esaten bigarrena neska zuela, lehenengoa ez bezala, eta beraz, dena desberdina izango zela bigarrenarekin. Jaio aurretik jada uste baduzu hain diferenteak direla! Begira eskoletan nolako arropa jartzen dioten neska batzuei. Neskentzat betikoa: "Kontuz!, ez zikindu!".
Gure gizartea androzentrikoa, sexista eta matxista da eta kirola ere hor kokatzen da. Mutilek ez daukate ezertaz jabetu beharrik, ezta inor ere! Dena martxan dago eta horrela funtzionatzen dugu. Lan munduan, aginte politikoan, ekonomian... gauza bera gertatzen da. Kirola gizonaren erreprodukzio hegemonikoaren espazio bat gehiago da. Egoera honetaz jabetuko zara begi zorrotzez begiratzen baduzu, bestela ez.

Bi generoen artean, kirola egiteko orduan, desberdintasun fisiko eta psikologikoak badira. Hainbesteko garrantzia al dauka desberdintasun horiek nabarmentzeak?
Desberdintasunak handiagoak dira gizonen artean, aukeratzen dituzun gizonen arabera, eta beste hainbeste emakumeetan. Mutilak diferenteak dira diferente hezi ditugulako. Hainbeste diru gastatu da azken bi mendeetan frogatzeko zein desberdinak garen! Eta ez dago bistako emaitzarik. Begira hormonen kontuari; hormona batzuk hemendik, beste batzuk handik... jada ez dakizu zertaz ari zaren hitz egiten.
10 urteko neska batek aitari galdetzen zion ea neska izateagatik hainbat gauza egin zezakeen. Aitak erantzun zion mutilek egiten duten guztia eta beste gauza bat gehiago egin zezakeela berak, nahi izanez gero: ama izan.

Neskek kirola egiteari azkar eta erraz uzten diote, baina urte batzuk geroago ez al dira berriz hasten?
Gimnasioan, aerobicen hasten dira unibertsitate garaian edo bukatutakoan. Gero, haurra izatea erabakitzen duten ia gehienek kirola uzten dute eta berriz hasten dira 40-45 urterekin, haurrak hazitakoan. Haurrek aisiarako denbora jaten diete eta lanarekin gauza bera gertatzen zaie. Lana eta haurrak elkartzen direnean, urte batzutan oso zaila dauka emakumeak aisiaz gozatzeko, eta beraz kirolerako ere bai. Badirudi gizon askori ez zaiola horrelakorik gertatzen; haurrak dituzte eta lan asko egiten dute, baina kirola egiteko tartea aurkitzen dute.

Iratxe Aranburu, korrikalaria: «Errendimenduak sakrifizioa dakar eta hori ez dator nesken 'ohiturazko' ezaugarriekin bat»

Nahiko berandu, 15 urterekin, hasi zen korrika. Neska urduria zen eta lasaitu beharrak bultzatuta hasi omen zen. Lagun batek aupatuta talde batean sartu zen; taldeko lehenengo neska korrikalaria zen. Hasieran kosta egin zitzaion eroso sentitzea, nerabezaroan zegoen eta prestatze-saioetan sarritan egiten zuen piper. Etxean guztien babesa jaso zuen. Konturatu gabe ia, gaur egun entrenatzaile duen Txumai Fernandez eredu bihurtu zuen. Pazientzia handia izan omen du eta haren irakasle sen onari esker jarraitzen du kontu honetan. Bere bizimodua errespetatu eta errendimendura eraman du.

Emakumea-kirola binomioaz hitz egidazu. Emakumea eta kirolaria zara, nolakoa izan da zure esperientzia? Emakumeak gizartean duen rola aldatu egin da. Kirolean aldaketarik sumatu al duzu?
Aldaketa gertatu da noski, baina federazioen eta bestelakoen egitura gizonezkoena da oraindik. Osasunari eta itxura fisikoari eusteko emakumeak kirolera jo du. Taldean bilatzen du babesa baina lehiarako sena badu, eta ahalmena ere bai. Ni hasieran lotsatuta aritzen nintzen, ezkutuko kaleetan, ilun zenean eta ahal zela jendeak ez ikusteko moduan. Leku isolatuetan. Mutilekin bakarrik aritzea gogorra egin zitzaidan hasieran. Orain aldaketa handia gertatu da, hezkuntzan emakumea eta gizona maila berean daudela ikasten dute haurrek eta ohitu egin gara emakumeak kirola egiten ikusten. Dena den, inoiz gertatu izan zait neska naizela ohartu eta mutilen batek aldamenetik igaro eta abiada orduan bizkortzea.

Emakumeek baino gizonezkoek kirolean aritzeko joera handiagoa dute. Noiz uzten diote emakumeek kirola egiteari, eta zergatik?
15-16 urterekin uzten dute. Kirolak ez daude emakumeentzat egituratuta, horregatik, orain, kiroldegi barruan egiteko kiroletan aritzen dira asko. Aisialdiko jarduerak dira, ez da errendimendua. Partaidetza motako kirola da, nesken ohiturazko ezaugarriekin bat datorrena. Errendimenduak sakrifizioa dakar berarekin eta hori ez dator nesken "ohiturazko" ezaugarriekin bat. Emakumeak ez du orain arte kirol kulturarik izan.

Hala ere, bada emakumearen alde lana erruz egiten duenik ere ezta?
Bai, diskriminazio positiboa ere badago. Komunikabide batzuek lan handia egiten dute emakume-ereduak sortzen. Emakumea-kirola binomioa gero eta arruntagoa da. Hala ere, generoaren araberako bereizketa oso da agerikoa. Ordutegi, esparru, material txarrena beti da emakumeentzat. Sariak ere askotan ezberdinak izaten dira egindako lasterketa bera izan arren. Berriak ematerakoan esaterako, titular, argazki eta abarretan gizonezkoa da protagonista, letra larriz ageri dira gizonen izenak, txikiz emakumeenak. Gainerakoa berdina da, lehiaketa bera, esfortzua... Ildo horretan, lan handia dago egiteko baina egia da lehen baino askoz hobeto gaudela.

Zer da zuretzat kirola? Zer eman dizu, zer kendu.
Bizitzeko modu bat da, urduritasuna kanporatzen laguntzen dit. Gainera hasierako beldur eta lotsak gaindituta bizitzako beste arloetan berdin jokatzen ikasi dut, lanean, lagun artean, nire izaera gogortu eta aurrera egiten. Saiatzea da gakoa eta niretzat saria ikaragarria da, lasterketetan lortzen dudan garaikurra baino gehiago nire buruarekin sentitzen dudan asetasuna da garrantzitsuagoa. Hala ere nire lehentasuna lana da, ahalegin handia egin ostean lortutako postua daukat eta ordu asko egiten ditut.

Lanean ere kirola esku artean...
Bai, lana ere gizonezkoen mundua da oraindik. Teknikari diharduten emakumezkoei baino gizonezkoei errazago onartzen zaizkie hutsak. Irakaskuntzan ez nuen horrenbeste nabaritu. Teknikari lanean kirol politika osoa kudeatu behar dugu eta gizonezkoen mundua da oraindik. Tratuan ere batzuetan antzematen da. Nire kasuan kontrako bi egoera bizi izan ditut, mutilekin ikaragarri ikasi dut, hala lanean nola kirolean, aurrera egiten eta nire lotsak alde batera uzten erakutsi didate. Beste alde batetik, horrek guztiak hasieran sortzen duen mina, beldurra eta lana daude.

Nola entrenatzen zara? Bereiz itzazu aisialdi kirola eta errendimendu kirola.
Ni lehiatzaile txarra nintzen eta aisialdiko jarduera gisa egin nahi nuen korrika. Buruari gogor egin eta orain errendimenduan nago. Gustatzen zaidalako egiten dut baina maila ona lortzean etekina ateratzea da helburua. Hori da errendimendua.

Neska gazteak
Ereduak beti daude eta azkenean ez diet erreparatzen. Kirolean jarduten duten neska gazteek ematen didate arreta. Emakumetu eta kirola egiten ikusteak asko pozten nau.

Galtza luzeak
Mutilekin entrenatzen hasi nintzenean txandala goitik behera lotuta ateratzen nintzen. Galtza motzak? Ezta pentsatu ere!
Gizonezkoak ez ditugu onartuko (lasterketa honetan)
(2004ko martxoan, Runner's World hilabetekarian
argitaratu zen artikuluaren laburpena da hau)

2004ko maiatzean emakumeek ez beste inork parte har zezaketen lehenengo korrika lasterketa antolatu zuten Madrilen. Antolatzaileetako bat Yolanda Vázquez zen, korrikalaria (ezezaguna) eta Runner's World atletismo aldizkariko langilea. Bere nahia kiroleko alor ahulen alde zerbait egitea zen eta ahulenetakotzat jotzen du emakumeen kirol jarduera. Madrileko kaleetan, emakume korrikalariak ez direla urri eta ez direla "bitxo arraroak" erakutsi nahi zuen. Gizonezkorik gabeko probaren aurka ordea, gizonezkoren bat kexatu zen; diskriminazioa omen zen lasterketa hura antolatzea. Kexa serio aztertu ondoren, hainbat arrazoi (horietatik zazpi ekarri ditugu hona) eman zuen Vázquezek azpimarratzeko emakumeentzako proba hura ez zela diskriminatzailea, ezta sexista ere.

Madrileko kontuak dira hauek, korrikari buruz ari gara eta ez kirolari buruz orokorrean, eta neska gazteak ez dira aztergai emakumeak baizik. Hala ere, segidako puntuek kirolaren mundutik bazter geratzen diren neskak hobeto ulertzeko balioko digula uste dugu, eta kirola utzi ez duen neska askok jakingo du zer aurkituko duen urte batzuk geroago.

1.Zibilizazio kontua da: Europan eta Amerikako Estatu Batuetan perretxikoak bezala ari dira ugaltzen emakumeentzako lasterketak. Lasterketa hauek desberdinak dira, emakumearen psikologia kontuan hartzen da. Ez zaio asko gustatzen lehiatzea, baina bai beste emakumeekin korrika egitea (ahizpekin, alabekin, laneko lagunekin...).

2.Elkartasun kontua da: Lasterketetako antolatzaileak gero eta gehiago saiatzen dira emakumeentzako baldintzak hobetzen (sari parekatuak, komunak...), baina, hala ere, oso emakume gutxik hartzen du parte. Alabaina, gero eta emakume gehiagok egiten du korrika bere kasa. Zerbait gertatzen ari da...

3. Psikologia kontua da: Ez gara Venusekoak, baina emakumezkoak eta gizonezkoak desberdinak gara eta hori hain maskulinoa den kirolean igartzen da, batik bat lehiaketan. Emakumeok sasoi puntua lasterketan frogatzeko beharrik ez dugu sentitzen. Korrika egiten dugu gustatzen zaigulako, estresa arintzeko, sasoian mantentzen gaituelako, pisua eta osasuna zaintzen laguntzen digulako. Geure buruaren kontra lehiatzen gara eta horretarako ez dugu behar oinetakoan txipa eramatea.

4. Gutaz ahaztu dira: Irteera marratik gertuen dagoen horman aurki ditzakegu gizonak barruak husten. Eta emakumeak zein komunetara goaz? Hobe ez kontatzea, inork jakin ez dezan. Sarien orduan, emakumeari plantxa eta gizonari txekea, dutxak komunitarioak, lasterketan zehar edariak hartzeko guneetan komunik ez, osasun zerbitzuetan konpresarik ez... Mila xehetasunetan ez du inork erreparatzen, emakume gutxi baitira lasterketaren bat antolatzen dutenak.

5. Lotsa kontua da: Gizonen munduan gutxiengoa izateak agerikoa egiten zaitu. Nahiz eta korrikalari ona izan, emakumea beti gizonaren atzetik dabil. Aurrena bazoaz ere, gainerakoentzat 50. iritsi zara eta ona ez bazara azkeneko 50etan helduko zara. Gainera, horrelakoak entzun beharko dituzu: "Hurrengoan ilea luzatzen utziko dut" edo "A ze larrua, azkenetakoa heldu zara eta saria eman dizute!".

6. Heziketa kontua da: Gizon gutxik entzun behar dituzte beren ipurdiari edo gainerako gorputz atalei buruzko txorakeriak. Honelako esaldi matxistak ere entzuten dira: "Sukaldean egon behar zenuen eta ez kalean izterrak erakusten". Ez du azalpenik merezi.

7. Adiskidetasun kontua da: Emakume askok ez dute bakarrik parte hartu nahi lasterketetan eta gizonezkoekiko erritmoak desberdinak dira. Ohikoena bakarrik entrenatzea da eta lasterketetan edo bikotearekin goaz edo taldeko emakume bakarra gara. Behingoz emakumeez inguratuta egin dezakegu korrika, irteeran ukalondokorik sufritu gabe eta inork errietan egin gabe helmugara arte berriketan joan garelako. Lagun berriak ere egin ditzakegu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-23 | ARGIA
Irueko sutean zauritutako emakumea hil da, pairatutako indarkeria matxistaren ondorioz

Orain astebete izandako sutean zauritu zen emakumea eta ordutik Zaragozako (Aragoi) Miguel Servet ospitalean egon da, asteartean hil den arte. Gizona atzo espetxeratu zuten behin-behinean.


2018-10-23 | ARGIA
Euskal presoen abokatuek PPren 2014ko amarru legala Europak ontzat ematea kritikatu dute

Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek harrituta jaso dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, besteak beste, Espainiako instantzia judizialetan ere iritzi desberdinak zeudelako.


2018-10-23 | Axier Lopez
Barakaldoko Udalak auzoetako jaientzat bideratzen duen diruaren bikoitza emango dio MTV multinazionalari

Azaroaren 4an Barakaldoko BECen ospatuko duten Europe Music Awards (EMA) ekitaldirako Barakaldoko Udalak 220.000 euroko diru-laguntza eman dio AEBetako MTV kateari.


2018-10-23 | Usurbilgo Noaua
GuraSOS: "Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsioa du"

Berriki Espainiako Kontu Auzitegiak garai batean Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortu zuen. Egun eraikitzen ari direna ere hala dago. Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsionamendua du. Hala adierazi du GuraSOSek astearte goiz honetan Donostian egin duen agerraldi bidez. Hitzartu prozesuaren baitan adituekin osaturiko mahai teknikoa Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren erredakzio betean da.


2018-10-23 | ARGIA
Aurtengo egitaraua eta kartela aurkeztu ditu Durangoko Azokak, aniztasuna aldarrikatuz

“DA! asko dira” leloa aukeratu du Durangoko Azokak 53. edizio honetarako. Abenduko zitaren aniztasuna aldarrikatu nahi du Azokak eslogan horrekin. Txakur Gorria kolektiboak egin du aurtengo afixa, Landako gunean egon diren standen planoan oinarrituta.


2018-10-23 | Iigo Igartua
Frantzian beteriko zigorrak Espainiak ez zenbatzea ontzat jo du Estrasburgok

Epaimahaiko erabakiak, Frantzian beteriko zigorrak kontuan hartu behar ez direla zehaztu du, eta ondorioz, epaiaren zain zeuden hogei bat euskal presoren espetxetik irtetzeko epeak luzatuko dira.


2018-10-23 | Gorka Peagarikano
Egunean 84.500 euro irabazten dituzte Airbnb-rekin Bartzelonan hamar etxe-jabek

Xavier Triasen agintaldian etorri ziren turismo-legearen inguruko zenbait aldaketa. Nahikoa zen 230€ko lizentzia ordaintzea pisua etxebizitza-turistiko bilakatzeko. Behin lizentzia ordainduta, betirako zen; ez zuen iraungitze-datarik.


2018-10-23 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbiok jantzi du bigarrenez Zapia Zaldibian

Urriaren 19an jokatu zen Udazkeneko II. Zapi Janztea. Lehen bi edizio hauetan, beraz, Lujanbio da zapiduna. Sariketa honen ezaugarriak dira, sari nagusia zapia izateaz gain, zapia jantzi duenak hurrengo urtean ere kantatzen duela, eta entzuleen bozkek erabakitzen dutela nork merezi izan duen zapia.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude