Berrikuntzen lehia frontoian

  • "Pilota tradizioan oinarritutako kirola da eta oinarri hori ezin da aldatu, bestela kirola bera aldatzen ariko ginatekeelako; ez ditu bat-bateko aldaketak onartzen". Xabier Asiain kirol teknikariak botatako adierazpena bezalako esaldi ugari entzun daitezke pilota munduan. Azken finean, pixkanaka aurrerakuntzetara zabaltzen ari den modalitatea izan arren, beste kirol askoren pare jartzeko teknologia eta ikerketa berrietara egokitzeko ohitura falta nabaria da oraindik frontoietan. Zientzia eta zehaztasuna nagusi diren garai hauetan, larrua ezin daatzean geratu.
Mendira irtetea eta frontoian pilotakadak ematen orduak pasatzea oinarri zuten pilotarien entrenamenduen garaia bukatu da, "edo hein handi batean eta belaunaldi berrien artean behintzat bai", zehazten du Javi Perez Aspeko prestatzaile fisikoen koordinatzaileak. Egun, pilotari profesionalen entrenamenduetan parametro guztiak kontrolatzen direla eta beste kiroletan erabiltzen diren tresnekin lan egiten dutela dio Perezek. Norberak pultsometroa izatea ezinbestekotzat jotzen du eta ahalegin, indar eta potentzia testekin entrenatzen dute. Gainera, Aspek atal zehatzak neurtzeko gai den makina eskuratu berri du bere pilotarientzat. Hainbat indar mota neurtzen duen alfonbra modukoa da eta pilotariaren abiadura lineala eta erreakzio abiadura ere zehazten ditu. "Jada entrenamenduak estandarizatuak daude eta pilota kirol moderno bilakatzeko lanean ari gara, pixkanaka aurrerakuntzak barneratuz", azaltzen du Perezek.

Pilotari amateurrentzako teknifikazio zentroak ugaritzea azken urteotako fenomenoa da eta teknologia berrien garapenerako leku aproposak izan daitezke horiek. Gainera, teknika aurreratuenak sustatzeko aurrera pausoa eman zuen Aspek ekainean Titin III.a entrenamendu zentroa inauguratuta.

Urteen poderioz, eta batik bat enpresen eta telebistaren eraginez, beste era bateko aldaketa ugari ere jasan ditu pilotak. Orain, kirol honek diru dezente mugitzen du eta garai bateko kamiseta zurien ordez publizitatez betetako kamiseta gorriak eta urdinak dira nagusi. Frontoi askok ere kolorez aldatu dute eta jokoa kirol-ikuskizunaren mundura egokitu da.

Hala ere, egiteke asko dago oraindik kantxetan. Prestakuntzan, esaterako, ez da filmazioaren teknika erabiltzen. Aurkariaren puntu ahulak aztertzeko hain baliagarria gerta daitekeen filmazioak ez du lekurik ez profesionalen eta ez amateurren artean. Gehienez, entrenatzaileek koadernoetan oharrak hartzen omen dituzte. Gainera, ikerketa gutxi dago pilotaren inguruan eta oraindik urriak dira mundu hau ikuspegi zientifikoagotik jorratu duten lanak. Aipatzekoa da, hala ere, Aspe egiten ari den datu basea. Bertan, denboran zehar pilotarien baldintza fisikoak jasotzen ari dira, entrenamenduak jarritako helburuekiko bide onetik doazen aztertu ahal izateko. Arlo psikologikoa, berriz, ez da ukitu ere egiten eta goi mailako beste modalitate askotan hain ohikoak diren kirol-psikologoak ez dira pilotarien gustuko izaten.

Botilero profesionalen bila

Profesionalizazioari dagokionez, trinketa eta erreminta gutxiago garatuta daude baina esku pilotaren profesionalizazio maila nahiko altua da egun. Xabier Asiain kirol teknikariak uste du pilotako esparru guztiak profesionalizatu behar direla, zuzendari teknikotik hasi eta prestatzaile fisikoen lana arte. Hala ere, entrenatzaileei titulua eta ikasketak eskatzen bazaizkie ere, ez da hala gertatzen botileroekin. Pilotariari partidan zehar aholkatzeko, lagunak, pilotari ohiak eta familiarrak ikustera ohituta gaude dagoeneko.

Profesionalak izatea eta ezagutza zabala izatea beharrezkoa al da? Pilota munduko edozeini galdetuz gero, ezetz erantzungo du. Javi Perezek azaltzen du pilotariari berari uzten diotela botileroaren aukeraketa. "Egia esan, ez dakit profesionalizazioa egon beharko lukeen. Batzuetan botileroak ez dio pilotariari une horretan behar duena ematen, baina ez dago hain drastikoa izan beharrik. Zer da une txar horietan pilotariak behar duena? Agian ondo egotea eta ondoan konfiantzazko norbait izatea". Azken finean, botileroaren lanak zati psikologiko garrantzitsua duela uste du Perezek.

Bengoetxea VI.a pilotari profesionalak ere argi dauka. Zer eskatzen diozu botileroari, esperientzia ala titulua? "Ez bata eta ez bestea; garrantzitsuena pertsona ezagutzea da, berak ni ondo ezagutzea eta bion arteko harremana ona izatea". Horrekin nahikoa al da? Prestakuntza fisiko eta psikologikoan aditua den norbaiten gomendioak ez al du balio handiagoa izango? Eztabaida ez da planteatu ere egin kantxetan.

Materialarena izan daiteke, dena den, esparru deigarrienetakoa. Duela hogei urteko pilotarien eskuko lesio kopurua eta gaur egungokoenak berdintsuak dira eta oraindik ez dute horretarako irtenbiderik aurkitu. Are okerrago, hobera egin beharrean, geroz eta pilota biziagoak eta txikiagoak egiten dituzte eta pilotak eskuarekin kontaktu zehatzagoa egiten duenez, min handiagoa sortzen du.

Horregatik, aspalditik dator materiala estandarizatzearen inguruko eztabaida. Irizpide zorrotzagoak ipini behar dira pilotaren aukeraketan ala ez da mugarik jarri behar? Materialaren homologazioa beharrezkoa dela uste du hainbatek; hau da, pilotariak aukeratzeko industrialki egindako bizpahiru pilota mota baino ez lituzkeela izan behar. Askok, ordea, pilotariak nahi duen materiala aukeratu behar duela dio, aniztasun hori jokoaren ezinbesteko ezaugarrietako bat dela eta pilota estandarizatzeko frontoiak estandarizatu beharko liratekeela argudiatuz.

Dena den, Asegarceko mediku Iñigo Simonen ustez, eskuko mina izatearen errua pilotariak du hein handi batean, ez dutelako behar adina berotzen: "Ariketa estandarizatuagoak egitea eta jokatu ondoren eskua zaintzea beharrezko ekintzak dira, baina pilotariek ez dituzte egiten; ohituragatik, entrenatu beharrean, aurreko jokalarien partidak ikusten dituzte, takoak jartzen denbora asko egoten dira aldagelan antzinako erritua delako...". Asegarceko medikuak dio eskuarentzat oso txarra dela frontoira iritsi, pilotakadak ematen hasi eta deskantsatzea. "Eskuak ezin ditu egunero horrelako bost entrenamendu jasan; partida gutxiago jokatu eta teknika eta prestakuntza fisikoa gehiago landu beharko lukete".

Tradizioaren pisua handia da pilotan, baina batez ere, pilotariengan. Iñigo Simonek ziurtatzen du pilotariei halako gomendioak egin ohi dizkiela, baina bereziki eszeptikoak direla. "Bizitza guztia daramate pilotan eta zaila da ikusi dutena aldatzea, askotan ez dute besteok ikasi duguna kontuan hartzen, pilotari zaharren esperientzian oinarritzen dituzte beraien entrenamenduak eta horiek ere tradizioa barru-barruan daramate". Pilota mundutik kanpokoak onartzea kostatzen zaiela eta azkenean bukaera gabeko ika-mika bihurtzen dela argi du Simonek. "Eskuan mina izateari utziko diotela frogatu ez diedanez, beraien esperientziaz gehiago fio dira, baina era berean ez didate nire teknikak frogatzen uzten".

Eskularru magikoa

Horrela, eskuko mina da pilotariaren eguneroko kalbarioa. Horri aurre egiteko takoak nahikoak ez direla eta eskularru berezia sortu beharko litzatekeela entzuten da frontoietan; prest al dago pilota mundua halako berrikuntza onartzeko? Asegarceko medikuaren hitzetan, hainbat materialekin frogak egiten ari dira dagoeneko. Eskua zenbat eta gehiago babestu, orduan eta kolpe ahulagoak emateaz kexu dira pilotariak eta beraz, ez da batere erraza eskularruarentzako material egokiena aurkitzea. Alde batetik, fina izan beharko luke, pilotariaren kolpea ahalik eta indartsuena izan dadin eta bestetik, material gogorra behar du izan, eskua ondo babesteko.

Xabier Asiain Iruñeko teknifikazio zentroko zuzendari teknikoak kontatu digu Nafarroako Gobernuak Valentziako Biomekanika Institutuarekin egindako hitzarmenari esker saiakerak egin dituztela eskua babestuko duen material aproposena aurkitzeko. Eskularru modukoa jarri zieten pilotariei eta hainbat posiziotatik pilota jo behar zuten, zehazki eskuko zein zatirekin kolpatzen zuten ikusteko. Etorkizunean eskularrua ez baina tako perfekzionatuagoak sortzeko balioko luke horrek, eskularrua ezinezkotzat jotzen baitu Asiainek. "Etorkizunean agian entrenamenduetarako eskularru antzekoa sortu ahal izango da, baina txapelketetan takoak erabiliko dira, pilotan tradizioaren eragina handia delako eta ohiko ezaugarrien aldaketak seguru aski ez liratekeelako onartuko".

Bengoetxea VI.a profesional gazteak ere zaila ikusten du eskularruen kontua: "Pilotari bakoitzak bere eskuak dauzka, pilotari emateko modua desberdina da eta eskularru estandarra ateratzea oso zaila iruditzen zait". Dena den, bakoitzari egokitutako eskularruak sortuko balituzte erabiliko lituzkeela dio.

Azken finean, Javi Perez koordinatzaileak uste du pilota mundua ezagutza eta ikerketa berrietara zabaltzen ari dela eta horien onarpena emaitzen onurak ekarriko duela. "Egindako lana ona bada, pilotariek ondo hartuko dituzte aldaketak, beraientzako onuragarria dela ikusiko baitute". Horregatik, ez dela belaunaldi kontua azpimarratzen du eta aurten prestakuntza teknika berrietara Martinez de Irujo egokitu den bezala, Oscar Lasa, Fernando Goñi, Abel Barriola edo Titin bezalako profesionalek ere aurrerakuntzei ez dietela uko egiten azaldu du.

Gazteak eta belaunaldi berriak, ordea, beti ere prest egoten ei dira berrikuntzetara eta horregatik, profesional mailako jokalari gazteenarengana jo dugu, Oinatz Bengoetxearengana (20 urte). Teknifikazio gela baino nahiago du frontoia eta ez omen du entrenamenduetan ezer faltan botatzen, nahiz eta gehienbat gimnasioan eta pilotalekuan oinarritzen diren. "Gimnasioan makinak bere neurrian onak direla iruditzen zait, baina frontoian asko aritu behar dela ere pentsatzen dut; pilotariaren arabera". Hori bai, oso garbi dauka ez duela inongo kirol-psikologorik behar, ez orain eta ez etorkizunean. "Enpresan ez dugu halakorik eta nire kasuan ez dut beharrik ikusten, ez dut psikologikoki hitz egiteko inoren laguntzaren premiarik". Beste pilotariren batek behar izanez gero psikologoarengana jotzea ondo ikusiko al zukeen galdetu diogu. "Ez dakit", dio, "hori bakoitzaren arabera".

Asegarceko medikuak uste du pilotariak lehenago egingo diola kasu beste pilotari baten aholkuari kirol-psikologoaren gomendioari baino. Eta zenbaitetan garrantzi handikoa da arlo psikologikoa garatzea, hainbat pilotari oso ondo baitabiltza udako torneoetan, erantzukizunik ez dutenean, eta oso gaizki berriz, punta-puntako txapelketetan.

Tradizioak errotuta jarraitzen duen kirola dela baino ez du frogatzen horrek guztiak. Hala eta guztiz ere, kantxetako mundua berrikuntzei ateak irekitzen ari zaizkio pixkanaka eta lotsati, eta ez dago dudarik herrietan ugaritzen ari diren txikientzako pilota eskolak direla etorkizuneko harrobia eta pilotan lantzeke dauden esparru anitzen geroa.

Ander Letamendia, medikua: «Pilotan hobe zaintzen da larrua pilotariaren eskuaren azala baino»

Ander Letamendia zirujau baskularra da eta pilota da bere pasioa, medikuntza eta pilota uztartuz doktorego tesia pilotarien eskuaz idatzi zuen. Frontoietan oraindik ere etsai handienetakoa den eskuko minaz aritu gara berarekin.

Pilotarien egungo minik ohikoenak eta duela hogei urtekoak berdinak al dira?
Ez, erabat aldatu dira. Garai batean iltzea deiturikoa zen ohikoena eta gaur egun odol eza edo zirkulazio arazoa da normalena. Bata gutxitzen joan da eta bestea berriz, geroz eta nabariagoa da, batez ere gazteen artean.

Zer dela eta?
Geroz eta pilota txikiagoa erabiltzen da eta batez ere behatz tartean kaltetu egiten du. Enpresek jakin badakitela pentsatzen dut, baina diru asko mugitzen da atzean. Pilota biziagoa da, urrutiagotik jo behar zaio eta frontoiak ere labainkorragoak dira. Material handiagoa erabiltzearen aldekoa naiz. Lehen pilotek 62-63 zentimetroko diametroa zuten eta materialaren aukeraketarako diametroa eta pisua hartzen ziren kontuan. Orain pisua baino ez da neurtzen eta horrek ez digu askorako balio: 103 gramoko pilota bizia edo patata bat bezalakoa izan daiteke.

Orduan, materiala estandarizatu beharko litzateke?
Aspaldiko gaia da hori eta lanean ari dira horretan, baina pilota estandarizatzeko kantxa ere estandarizatu beharko litzateke, frontoiak oso desberdinak direlako. Bi edo hiru motatako pilotak jartzea ez litzateke ideia txarra izango: bat motelxeagoa, bestea normala eta hirugarrena bizkorxeagoa, baina neurri batzuen barruan.

Eskuko minaren larritasunarekin mentalizatuta daude pilotariak?
Bai, baina orain ondo ordainduta daude eta geroz eta partida gehiago eta geroz eta jarraituagoak jokatzen dituzte. Eskuak, ordea, bi edo hiru egun behar ditu bere onera itzultzeko. Udan, adibidez, pasa egiten dira. Nik beti esan dut pilotan hobe zaintzen dela larrua pilotariaren eskuaren azala baino. Formazio pixka bat falta dela uste dut. Eskua hain garrantzitsua den tresna izanik, merezi du nola zaindu jakiteak. Garrantzitsuena, batez ere, eskuko giharrak indartzea da eta prebentzio mailan ere lan handiagoa egin behar da. Mina daukatenean bakarrik etortzen dira eta medikua gainera azkeneko aukera izan ohi da, masajistarengana eta tratamendu tradizionaletara jo ondoren. Lesioa dagoenean, ordea, lehenengo zein lesio den jakitea komeni da tratamendua zehazteko, masajeak batzuetan kalterako izan daitezke. Babesa edo takoak jartzen jakitea komeni da baina batez ere nola jarri behar ez diren jakitea da inportantea. Askotan, atal zehatzen bat babesteagatik sortzen ari garen kaltea babesten ari garena baino okerragoa da. Frontoitik frontoira ibilita, astakeria handiak ikusten dira.

Gazteengan eskuko mina maiz agertzen dela aipatu duzu.
Bai, kezkatuta nago. Zergatik ari dira agertzen hainbeste gazte gaitz horiekin? Aurrerapauso bat eman zen haurrak trapuzko pilotarekin ibili behar zutela erabaki zenean, baina hazi eta une zehatz batean pilota gogorrarekin hasten dira eta pauso hori presaka emanda dagoela uste dut. Batetik bestera igaro aurretik bitarteko beste bi pilota mota-edo beharko lirateke, eskua pilota gogorrarekin jokatzera ohitzen joateko.

Hori izan daiteke gazteen gaitzaren errudun?
Nik uste baietz. Herri arteko txapelketetan monitoreek askotan beren mutikoek partida irabaztea nahi dute eta ikasle garatuenentzako pilota gogorrena aukeratzen dute, ez berak gozatzeko, aurkariak sufritzeko baizik.

Joxean Arruza, Psikologian doktorea eta Heziketa Fisikoko katedratikoa: «Jendeak gaizki dagoenean soilik pentsatzen du jokabide psikologikoetan»

Kirol psikologia guztiz barneratuta dago goi mailako modalitate askotan baina ateak itxirik ditu pilotan. Esparru honek duen garrantziaz eta pilotariari egin diezaiokeen mesedeaz hitz egin dugu Psikologian Doktore, Heziketa Fisikoko Katedratiko eta EHUko irakasle Joxean Arruzarekin. Pilotariekin aritu den psikologoren bat aurkitzea ia ezinezkoa da, baina bera dugu horietako bat.

Zein da zehazki egiten duzun lana?
Kirolariaren optimizazioa bilatzen dugu. Hau da, txapelketan parte hartzen duenean une horretan duen guztia emateko gai izan dadila kantxan. Alde psikologikoak kirolariak dituen baliabideak behar bezala erabiltzen laguntzen du. Izan ere, jokoan egon daitezkeen egoeren eta zailtasunaren inguruko balorazio eta pentsamendu prozesuek parte hartzen dute kirolariarengan, emozioekin lotura estua dute eta ondorioz hartuko diren erabakiak oso lotuta daude norberak pentsatzen eta sentitzen duenarekin. Egoera beraren aurrean, pertsonek sentimendu eta prozesu desberdinak izan ditzakete, baina ziur badagoela baliabideak optimizatzen lagunduko dituen prozesu bat. Bakoitzak berea bizi du.

Garrantzitsua al da arlo psikologikoa frontoian?
Garrantzi osoa dauka, burua delako jokaera zuzentzen duena. Alde fisikoak balio duzuna emango dizu; baina jokatzeari ekiten diozunean, balio duzun hori guztia ematea aurretik eta partidan zehar hartzen dituzun erabakien menpe dago askotan. Pilotari, kazetari eta prestatzaileak entzutea baino ez dago. Beti ari dira ahalmen psikologikoei buruz berriketan: konfiantza dela eta ez dela, jokoari lotu zaiela, aktibatuta dagoela... Horiek guztiak jarrerak, baloreak eta pentsamenduak dira.

Hala ere pilota enpresek ez dituzte kirol-psikologoak erabiltzen eta gutxi zarete lan horretan zabiltzatenak.
Pilota mundua oso mundu berezia da, bi enpresa baino ez daudela ikustea besterik ez dago. Ez dago lehiarik eta egongo balitz ,agian, gauzak beste era batera egingo lirateke. Goi mailako beste kirolekiko oso filosofia desberdina dauka. Beharrak berdinak badira ere, testuingurua zeharo desberdina da. Gainera, jendeak gaizki dagoenean soilik pentsatzen du jokabide psikologikoetan eta ez du ulertzen ondo dagoenean ere kontuan izan behar dituela bere gaitasun psikologikoak, beroiek eguneratzeko eta mantentzeko. Esaterako, kirolaria gaixo ez dagoelako eta fisikoki ondo aurkitzen delako ez entrenatzea ez litzateke normala izango. Guregana jo duten pilotariek, jokoa hobetu zutenean, laguntza psikologikoa utzi egin zuten. Baina arazoak errepikatu egiten dira etorkizunean, etengabeko hobekuntza baita jarraitu beharreko planteamendua.

Zeintzuk dira pilotarien arazo psikologiko nagusiak?
Ez dut aztertu, baina batzuetan uste denaren aurka, haserretzeak organismoaren zentzumen-mekanismoak blokeatzen ditu eta txarra da jokalariaren jokorako. Gure filosofia "burua hotz eta bihotza bero" dioena da.

Zein da irabazteko sekretua?
Ez dago sekreturik. Etenik gabe lanean segitzea da garrantzitsuena eta psikologikoki norberak bere buruarengan konfiantza izatea ezinbestekoa da. Autorregulazio sistema lantzen dugu: konfiantza, emozioak, gertakizunei aurre egiteko modua eta abar.

Asier Olaizola: «Pilota beti egon da kanon batzuen barruan»

"Duela urte batzuetatik hona nik uste zer edo zer aurreratu dela, baina beste kirolekin konparatuz oraindik nahiko atzeratuta dago. Pilota beti egon da kanon batzuen barruan sartuta, bazirudien hortik ezin zela atera eta orain ikusten da gauza asko hobetu daitezkeela. Belaunaldien arteko desberdintasunak nabariak dira: duela 20 urte frontoi asko egiten zen eta teknikoki pilotariak hobeak ziren eta orain berriz, fisikoa landuagoa dute teknikaren aldean. Aldaketetara ere irekiago daude. Materialarena betiko eztabaida da. Lehen atzelariek lehenengo 6 koadroen barruan jokatzen zuten, orain edozein pilotarik botatzen du errebotera, jokoa atzean dago. Uste dut materialarentzat erdibideko neurri bat topatu beharko litzatekeela".

Patxi Eugi: «Bide onetik goaz»

"Frontoian zaila da eboluzionatzea, denek dakigu nola jokatzen den. Antolaketa aldetik, aldiz, egia da bilakaera izan duela. Prestakuntzan ere asko hobetu du eta hori sumatzen dela uste dut: frontoietan bizitasun handiagoarekin, erritmo gehiagorekin jokatzen da eta egungo pilotaria lehengoa baino askoz prestatuagoa dago. Hala ere, jokatzeko behar diren ezaugarriak norberak jaiotzetik dituen ezaugarriak dira, prestakuntza fisiko on batek laguntzen badu ere. Beti daude hobetzeko gauzak baina horiek ere iritsiko dira, bide onetik goaz. Etorkizuna ondo ikusten dut: kaleko jendeak pilotaz asko hitz egiten du eta horrek esan nahi du pilota garatuz doala".

Oscar Lasa: «Pilotariak oso burugogorrak gara»

"Pilotaria gehiago mimatu behar dela uste dut. Enpresek irabazten duten diruaren zati bat pilotariak zaintzera, instalazioak hobetzera eta prestatzaileetan inbertitzera bideratu beharko lukete. Belaunaldi berriak irekiak direla uste dut baina egia da pilotariak oso burugogorrak garela, gure maniak ditugu eta prestatzaile berriak gauza desberdinak ekartzen dituenean arraroak egiten zaizkizu. Pisuak inoiz altxatu ez dituzten 18-20 urteko gazteak ikusten dituzu pilotaren munduan, zaila egiten zaie egokitzea, beste kirol batzuetan 20 urterekin pisuetara ohituak dauden bitartean. Fisikoki eginagoak daude beste kiroletan. Pilota oso indibidualista da eta zerbait ondo doakizula ikusten duzunean horrekin jarraitzen duzu".

Jorge Nagore: «Pilota ez da aldaketa asko onartzen dituen kirola»

"Azken hamar urteetatik hona aldaketa garrantzitsuenetakoa telebistak ekarri du. Lehen futbola bakarrik ikusten zen eta gaur egun telebistak pilotariak ezagutzera eman ditu. Publizitatea ere ekarri du eta hau oso garrantzitsua izan da pilotarentzat. Entrenamendu fisikoari dagokionez, pilota geroz eta zorrotzagoa da eta entrenamenduetan eragiten du: hauek ere geroz eta zorrotzagoak dira, lehiaketak gogorragoak dira eta geroz eta maila handiagoko pilotariak daude. Ez dut uste teknika berri askorik agertu denik; azken finean, frontoian egitea da oinarrizkoena. Etorkizunean ere ez dakit aldaketa handirik egon daitekeen, beti daude berrikuntzak baina pilota ez da aldaketa asko onartzen dituen kirola".

Asteroko entrenamenduak

Pilotariek ordu pare bateko saioak egiten dituzte entrenamenduetan. Hona astebeteko entrenamenduen gutxi gorabeherako adibidea:
Astelehena: Errekuperazio entrenamendua. Malgutasuna lantzen da, masajeak, igeriketa eta muskulazio lanak eginez. Indar-entrenamendu arin bat ere egin daiteke, pisuak, gomak eta gimnasioko aparailuak erabiliz.

Asteartea eta asteazkena: Entrenamendu gogorrena egun hauetako batean egiten da. Bietan, frontoi entrenamendua, partidak jokatuz, lehiaketaren oso antzekoa.

Osteguna eta ostirala: Entrenamendu teknikoagoa, abiadura, indarra eta teknika landuz eta hutsuneak zuzenduz. Lan suabeagoa da.

Larunbata: Deskantsua edo gehienez beroketa arin bat.

Bi esfortzu proba burutzen dira urtean, medikuarekin eta proba fisikoak hiru edo lau hilabetean behin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude