Zulueta arabarra. Kubako azken esklabista handia

Gezurra badirudi ere, Kuba beti izan zen bazterturiko lurralde bat, Nueva Espainiako administrazioaren itzalean bizi zen beste irla bat soilik. Baina XIX. mendean egoera hau nabarmen aldatu zen, ordura arte nagusi ziren abeltzaintza eta tabakoari, kanaberen laborantza gailendu zitzaion eta benetako milioien dantza hasi zen, kainako azukrea ekoizteko ingenioak »kanaberak, esklaboak eta errotak biltzen zituzten lur sailak» izugarri ugaldu ziren eta hauen inguruan sakarokrazia deituriko gizarte elitista sortu zen. Habanako hiria, sekula baina distiratsuago, aberatsen bilgune bihurtu zen; bertako oligarkian klase sozial baxuagoetatik zetorren gero eta jende gehiagok hartu zuen parte, hauen artean Julian Zulueta Amondo, Arabako lautadako nekazal herri txiki batean jaiotakoa.

Mende honetan, migrazioek izugarri egin zuten gora, Euskal Herria ez zen salbuespen izan eta populazioaren hazkundeak, gerrateek edo industriaren atzerapenak, milaka lagun Amerikara eraman zituen, itxaropenaren lurraldera. Askok inork esan gabe, abenturaren arriskuan egin zuten bidaia hura; beste askok, lehenagotik joandako senide baten deia jaso eta gero. Zulueta azken kasu honetan sar genezake, 1832an, hemezortzi urte besterik ez zituela, bere osaba Tiburtzioren kafe sailetan maneiatzeko Anuzita herrixka utzi baitzuen.

Inperio ekonomikoa

Osabaren lur sailak heredatu eta gero, Zulueta azukrearen negozioan buru belarri sartu zen eta Londresen zuen ustezko senide baten enpresan »Pedro Juan Zuluetaren, Zulueta & Cía-n» parte hartu zuen; nabigazio enpresa honek esklaboak garraiatzen zituen, eta honen bidez, gure arabarra azukrearen ekoizpenerako ezinbestekoa zen eskulan merkeaz hornitzen zen. Baina negozioa ez zen hain erraza eta garbia, Britainia Handiak 1810ean esklaboen garraioa abolitu zuenetik, afrikarrez lepo zeuden bapore hauek pertsegitu zituen; Londreseko justiziak Pedro Juan Zulueta auzitan sartu zuen eta Julian Zuluetak ere bi hilabetetako kartzela aldia igaro behar izan zuen Kubako kontsul britainiarraren erruz.

Eragozpenak eragozpen, Zuluetak Kubako kanaberen esplotazioari esker aberastasun handia lortu zuen, 1860an Macagua inguruan eraikitako hiru ingenio zituen "Alava", "Vizcaya" eta "Habana" izenez ezagunak »herriminaren lorratza bistakoa da» eta urte horretatik aurrera Habanako oligarkiaren buru bihurtu zen. Ustiapen hauek sistema modernoenekin mugitzen ziren, Derosne izeneko baporezko makina berritzailea, esaterako. Gainera, azukrea itsasertzeraino garraiatzeko trenbideak sortu eta kostaldean ontziralekuak eraiki zituen. Baporezko itsas linea bat ere bazuen trafikante euskaldunak. Esklaboak barrakoi erraldoietan sartzen zituzten, hauek bohioetan zeuden banaturik, kanpotik ixten ziren ziega txikiak ziren, presondegien parekoak. Zuluetak esklaboen osasuna hobetzeko Afrikan ontziratu aurretik txertoa jartzen zien eta ingenio bakoitzean erietxe bana sortu zuen. Baina hau guztia ekonomiaren ikuspuntutik egiten zuen, esklaboak bere ondarearen parte baitziren, ekoizpenerako tresna bat, alegia.

Izan ere, ezin da ukatu Zuluetak negozioetarako begi zorrotza zuenik, ezkontza ere modu horretan erabili zuen eta! Baina ez gaitezen inuzenteak izan, maitasunagatik baino, ezkontza kontratu ekonomiko hutsa izan baita mila bider historian zehar. 1842an Francisca Doloresekin ezkondu zen, Kataluniako Samá familiako kidea eta honi esker esklaboen trafikoan gehiago sartu zen. Honen ondoren beste bi bider ezkondu zen, bere arreba baten bi alabekin, 1861 eta 1864an, hurrenez hurren; Zuluetak Habanan oso arrunta zen endogamiara jo zuen, lortutako dirutza guztia familian geratuko bazen.

Alkate, txapelgorri eta markes

Boterea ez da soilik diruz neurtzen; Zulueta, aberatsa izateaz gain politikoa ere bazen, gehienetan bi hauek batera baitoaz. Kubara iritsi bezain laster bertako gobernuetan muturra sartu zuen, lehenik Merkataritzarako Kontsul, gero Haziendako Kontseilari eta azkenik, 1864an eta 1876an Habanako Alkate izan zen. Bere agintaldian hiria inguratzen zuten harresi zaharrak bota zituen, etorbide eta eraikin zabalei bide emanez. Mundu globalizatuaren hastapenetan, karguak ez zituen bakarrik Kuban izan, baita Espainian eta Euskal Herrian ere. 1875ean Arabako Markes eta Casablancako Bizkonde izendatu zuten eta urtebete beranduago, espainiar erregeak senatari kargua eman zion Madrilen. Beraz, aldi berean Kuban eta Madrilen ibili zen, zaila da, ordea, soinua jo eta dantza batera egitea, esaera zaharrak dioenez.

Espainiako erreinuak ardura hauek eman izanak Zuluetaren postura ideologikoekin lotura zuzena du. Pertsonaia honek Kubako ildo intrantsigenteenaren gidaritza hartu zuen hasieratik, esklabotzaren abolizioa eta Kubarentzat autonomia gehiago eskatzen zutenei aurre eginez »liberalak, kubatar kreolak...». Zuluetak, beti bezala interes ekonomikoei so, Espainiako sektore tradizionalistenekin bat egin zuen eta aldaketa zekarren edozer mugimenduren aurka jo zuen. 1868an kubatarren lehen altxamendua gauzatu zen eta Anuzitako esklabistak, ehunka boluntarioz osaturiko "txapelgorrien tertzioak" sortu zituen. Batailoiko Koronel eta estratega militar izan zen, beraz. Gurean eraginik ere izan zuen gizon boteretsu honek, II. Gerrate Karlista diruz lagundu omen baitzuen, Karlosen kausaren alde, noski.

Heriotza kaxkarra

Gizon handia eta aberatsa zen eta heriotza ere hala etorri beharko zitzaiola usteko zuten askok garai haietan, zirraragarria eta epikoa; baina alderantziz izan zen, distira gabeko heriotza margula eta kaxkarra izan baitzuen Zuluetak. 1878an, bere zaldietako batean paseatzen zihoala, abere gainetik erori eta bertan geratu zen betirako. 64 urte eskasekin, "gazte" hil zen, baina hona hemen kontrasterako datu bat: bere menpe zeuden esklaboen bizi itxaropena ez zen urte horien erdira ere iristen.

Gaur egun apenas dugun berririk Zuluetari buruz, badakigu bere dirutzari esker hainbat jauregi eta eraikin egin zituztela, batez ere Gasteizen, horien artean Sancho el Sabio Fundazioaren Dokumentazio Zentroa dagoen Zulueta jauregia, Arte Ederretako Museoa kokaturik dagoen jauregia edo Gasteizeko Diozesi Seminarioa, baita garai bateko Anuzita herriko eskola ere. Kuban ere ez dute trafikante euskaldunaren oroitzapen askorik gorde, Habanako etorbide batek bere izena omen du eta garai bateko handiena zen "Alava" ingenioak izenez aldatu du, baina bertan "Torre Alava" bezala ezagutzen den kanpandorrea mantentzen da oraindik ere, esklabotza deituriko burugabekeria baten azken arrastoa.

Garaiko dirutza handienetakoa
Zuluetaren bizitza arras harrigarria bada, bere inguruan dantzan ibili ziren zenbakiak ez dira gutxiagokoak:
200.000.000 errealetan zenbatzen dira bere ondasunak. Garai haietako fortuna handienetakoa, Espainiako noblezia garrantzitsuenak bakarrik gailendua, hauen esku zeuden lur sailak kontuan hartzen badira, beti ere.
5.291,42 kilometro koadro lur sail zituen, bere jatorrizko probintzia zen Arabako azaleraren bikoitza ia, edo Kubako irlaren %5a.
1.862 esklabo zituen bere menpe lanean. Ingenio handienean, "Alava"n, 660 esklabok egiten zuten lan. Horietatik 264 txinatarrak ziren.

Kolore gabeko esklabotza
Esklabotzaren kolore tipikoena beltza da, sistema petral hartan Afrikako esklaboak gehiengo izan zirelako. Baina esklabotza, arrazismoaren gainetik, negozio bat ere bazen eta negozioak ez du kolorerik ezagutzen. Horrela, urte haietan Txina urrunetik Amerikara milaka "esklabo hori" garraiatu zituzten. Esklabotza mota hau estaliago zegoen ordea, kontratu iraingarrien bidez kutsu legala ematen baitzioten trafikante eta lurjabeek. Baina txinatarrak esklabo kontsideratzen zituztela dudarik ez dago, ona zer zioen Julian Zuluetak, Txinako esklaboak Kubara inportatzen lehenengoa izan zenak, hauei buruz:

"Lehenengo bi urteetan hauetako askok ez dute beraien zoriarekin etsipen handiegirik azaltzen, izan ere suizidiorako joera izaten dute beraien burua urkatuz, horrela sorterrira itzuliko direla uste dute eta horretarako, duten ekipaia eta janari guztia biltzen dute, bidaia luze bat egitera balihoaz bezala».

Mentalitate krudela erakusten du hemen gure pertsonaiak, baina, bere garaiko edonork izango lukeen pentsamoldeen barruan aurkitzen da Zulueta.

Euskaldunak ere bai
Beltza, horia eta zuria ere bazen esklabo trafikoa, ehunka bizkaitar "trata zurian" erortzeko arriskuan egon ziren une haietan. Kubako sakarokratek eratutako proiektu bat airean ibili zen denbora askoan, proiektu honen bultzatzaile nagusia euskalduna zen gainera, Miguel Aldama bizkaitarra. Bizkaitik ekarritako soldatapeko langileekin ingenio handi bat sortu nahi zuten -Aldamak "nere bizkaitarrak" deitzen zien herrikideei-; horretarako, txinatarren antzeko kontratuak erabili nahi zituzten, baina laster ohartu ziren asmo hori gauza ezina zela, euskaldun haiek ez ziren sasi-esklabotzara makurtuko eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunak esklabotzan
Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


2023-12-07 | Hala Bedi
Azukre Beltza, Julian de Zulueta esklabista arabarraz Irati Antiaren erakusketa Gasteizen

Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.


2023-10-08 | Axier Lopez
Martín Rodrigo y Alharilla
“Euskal Herria ere nabarmentzen da esklabotzari buruzko memoria-politika ezagatik”

Nazio inperialistetan familia jakin batzuk izugarri aberastu eta elite ekonomiko berriak sortu zituen munduko sistema kolonial eta esklabistak. Aldi berean, kontinente oso bateko biztanleria erdira murriztu zuen: Afrika. Mundua errotik aldarazi zuen, eta egun ere indarrean... [+]


Esklabotzaren memoria Europan
Iragan ilunak auzitan jarri du gaurko aberastasuna

Europa esklabotzarekin aberastu zela ez da sekretua. Hainbat mendez milioika pertsona garraiatu zituzten Afrikatik Amerikara, eta esplotazio horri esker ekoiztutako kakaoa, azukrea eta kotoia izan ziren Liverpool, Bartzelona edo Bordele bezalako hirien garapen ekonomikoaren... [+]


Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Eguneraketa berriak daude