Euskara aztertzeko azpiegitura egokienaren bila


2004ko apirilaren 25an
Soziolinguistikak zientzia bezala behar asko zituela aspaldi konturatu ziren proiektuaren bultzatzaileak. Duela lau urte, behar horiei erantzuteko, SEI (Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen) elkartea eratu zuten, baina institutua beharrean klusterra sortu dute azkenean. SEIko kide eta Klusterreko idazkari nagusi Pablo Suberbiola soziolinguistikak hemen dituen muga horietaz mintzo zaigu: «Ez daukagu ez Soziolinguistika fakultaterik, ez espezializaziorik unibertsitateetan, ikerketa gutxi dago eta gainera, antolaketa sistema bat ez dagoenez, ikerketa asko galduta edo ahaztuta daude».

Ikerketa lerro iraunkor bat falta izan dela ikusten du Suberbiolak eta argitalpenetan, ikerketetan nahiz delegazioetan nabari dela. «Arazo konkretuei ahalik eta kostu gutxienarekin erantzuteko metodologia eta irizpideak behar ditugu» eta Klusterrak tresna horiek eskuratu nahi dizkie arlo horretan lan egiten dutenei.

Proiektuan ezinbestekoa da guztien elkarlana eta horregatik eratu da elkartea Kluster moduan. Industria munduan erabili ohi den antolaketa horrek esparru jakin batean elkarren artean nolabaiteko interes komuna duten entitateak lotzen ditu, azken finean. Proiektuaren eraketa hamar erakundek sinatu dute oraingoz: Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzietako Fakultatea, Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Sailak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Elhuyar Aholkularitzak, EMUN Kooperatibak, Eusko Ikaskuntzak, EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailek, EHUko Soziologia I eta II Sailek, SEI elkarteak eta NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak. Eusko Ikaskuntzako ordezkari Iñaki Martinez de Luna izendatu dute lehendakari.

Dena den, soziolinguistikarekin zerikusia izan dezaketen erakunde guztiekin harremanetan jarri nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Idazkari nagusiak ere Klusterraren izaera irekia azpimarratu nahi izan du eta gonbidapena luzatzen dio parte hartu nahi duen orori.

Proiektu konkretuak

Prozesu mantsoa da euskararen normalizazioarena; azken finean, gizarte aldaketa prozesu bat da, ia estruktura guztia harrapatzen duen aldaketa. Ondorioz, oso zabala da soziolinguistikaren ezagutza garatzeko landu behar den esparrua, baina Klusterreko eragileek argi daukate ekintza konkretuetan burutu behar dela.

Oraingoz, ordea, orokorrak dira aurkeztu dituzten planteamenduak. Ikerketa eta berrikuntza, formazioa, eta informazioaren kudeaketa eta zabalpena izango dira Klusterraren lan arloak, baina horien barnean makina bat beharri erantzun beharko diote. Besteak beste, ikerketa lanak bultzatu eta erraztea, soziolinguistikari buruzko argitalpenak sortzea eta zabaltzea, nazioarteko soziolinguistikan harremanak sustatzea, profesionalen formazioan laguntzea, esperientziak trukatzeko bilgune sare bat osatzea edo arlo zientifiko-teoriko eta praktikoaren arteko zubiak eraikitzea izango dira eginbeharretako batzuk. Arlo horiek guztietan egingo diren proiektuei buruz hitz egiteko goiz da oraindik.

Lehenengo, zenbat kide atxikiko zaizkien jakin behar da eta mahai gainean jartzen dutenaren arabera sortuko dira, hein handi batean, proiektuak. Proiektuok bai eragileek, bai Klusterreko idazkaritzak plantea ditzake eta hasiera batean ekintza jakinetarako lan-taldeak eratzea da ideia. Lan-talde bakoitzak bere beharren arabera egingo luke lan eta bulegoaren lana bitartekariarena izango litzateke. Antolamendua oraindik zehazteke dago eta atxikimendu berriekin jarriko da martxan benetan Klusterra, irailetik aurrera.

Gainera, SEIk Klusterrean integratzeko asmoa dauka eta beraz, elkarteak egun burutzen dituen lanak Klusterrak bere egingo ditu. Esaterako, BAT aldizkaria, euskararen kale erabilerari buruzko neurketak, soziolinguistikaren inguruan gauzatzen dituen ikerketak eta formazioari eta ikastaroei dagozkien lanak.

Hortik aurrerako ekimen berriei buruz hitz egitea ezinezkoa da, Suberbiolak azaltzen duenez: «Helburuak planteatuta daude, lan arloak eta funtzioak, baina gero horiek praktikan edukiko duten garapena oso desberdina izan daiteke. Hemendik bi urtera emaitza hiru edo berrogeita hamar proiektukoa izan daiteke. Zerikusia izango du partaideen kopuruak, proiektuetan daukaten inplikazioak, haien artean bideratzen diren harremanak...». Ikusteke daude, beraz, erronka indartsu honek ekarriko dituen emaitzak. Uda pasa eta gero izango dugu, berriro ere, Soziolinguistika Klusterraren egitasmoen berri.

Pablo Suberbiola, Klusterreko idazkari nagusia: «Arlo bakoitzarentzat praktikoak diren neurriak bilatu behar dira»
Soziolinguistika Klusterreko idazkari nagusi eta SEIko kide Pablo Suberbiolak eratu berri den erakundearen egitura eta etorkizuneko asmoak azaldu dizkigu.

Klusterra ez da oso hitz ezaguna. Zergatik ez da azkenean Institutua eratu, pentsatuta zegoen bezala?
Helburua, azken finean, Soziolinguistika Institutuak izango zukeenaren berdina da. Klusterra, ordea, egokiagoa iruditu zaigu lan egiteko modu bezala, dinamika bezala. Mesedegarriagoa ikusten dugu arlo jakin baten inguruan eragileen lotura bilatu nahi denean. Klusterrak aukera ematen du bestela agian inoiz elkarrekin lan egingo ez luketen eragileak mahai batean biltzeko eta, nahiz eta bakoitzak bere interesak bilatu, elkarlanean proiektu berriak gauzatzeko. Harremanak bultzatuz proiektu dinamikoagoak lortzen dira, esparru horretan egon daitezkeen potentzialtasunak eta sinergiak aprobetxatzen dira. Klusterraren filosofia, hain zuzen ere, lotura horiek guztiak bilatzen jakitea da.

Partaide berrien bila zabiltzate. Nolako harrera izan duzue?
Oraindik ere ezagutzera eman behar dugu gure burua, zein motatako proiektuak egin nahi ditugun ikustarazi behar diegu. Dena den, orain arte oso harrera ona jaso dugu, aurkezpeneko inpresioa ere ona izan da. Gaian interesatuta dauden guztiekin biltzeko asmoa daukagu; jada Ikastolen Elkartearekin, Kontseiluarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta abarrekin bildu gara eta beste asko falta zaizkigu. Klusterra, gainera, ez da ixten: prozesu irekia izango da beti, bai ateratzeko eta bai sartzeko.

Zeintzuk dira euskararen normalizaziora iristeko klabeak?
Hasteko, aldaketa prozesu honen izaera ezagutzea, ulertzea. Ondoren, prozesu horretan eragile nagusiak direnak martxan jartzen asmatzea, bakoitza bere esparruan lanean hasteko. Arlo bakoitzarentzat praktikoak diren neurriak bilatu behar dira eta interesak bateratzen ere jakin behar da.

Urratsez urrats
Aurrekariak eta ondorengoak laburbilduz, honakoak dira proiektuaren baitan ematen ari diren pausoak:

2000ko azaroa: Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen simposiumaren erakunde antolatzaileek eginiko azterketan ezagutza soziolinguistikoaren ikerketa eta zabalpen gune baten gabezia eta beharra jaso zuten.

2004ko martxoa: Soziolinguistika Klusterra juridikoki eratu zen.

2004ko iraila bitartean: arloko eragileekin harremanetan jartzeko asmoa du ekimenak, Klusterra aurkeztu eta bertan parte hartzea eskaintzeko.

2004ko irailetik aurrera: lanerako taldeak osatu eta proiektu konkretuak martxan jarriko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude