ARGIA.eus

2020ko azaroaren 25a

Artzainaren mitoari agur

  • Burdin Aroan lur hauetako biztanleak artzainak zirelakoan ginen. Baina arkeologoek makina bat indusketa dituzte abian eta gure arbasoei buruzko bestelako datuak bildu dituzte. Herri harresituak aurkitu dituzte, herri finkoak eta baita Europan soilik aurki zitezkeen hainbat tresna ere. Artzainaren mitoa desagertzeko bidean da, historiaurreko azken garai hartan nekazariak ziren dagoeneko lur hauetan bizi zirenak eta baita merkatariak ere.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2003ko abenduaren 14a

Burdin Aroa, historiaurreko azken garaia da, Gure Aro aurreko azken milurtekoa harrapatzen duena. Mundu osoan, Ekialde Hurbilean, Txinan edo Amerikan, zibilizazio dotoreak altxa ziren garai hartan, kultura paregabeak: asirioak, egiptoarrak, Peruko Chavín zibilizazioa... Batzuek idazkera, zientzia eta gizarte antolaketa bereziak landu zituzten, besteek obra monumentalak egin, hor daude Persepolis hiria, Atenaseko Partenoia edo Txinako terrakotazko irudiak. Eta hemen? Euskal Herriko lurralde heze eta menditsu honetan, zertan ibili ziren Gipuzkoako biztanleak Gure Aro aurreko azken milurteko erabakigarri horretan? Agian, erantzuna azken urteetan aurkitu diren herri harresituek emango digute, bertan gordetzen dena informazio iturri oparoa bilakatu baita.

Herri harresituak

Gipuzkoako herri harresitu horiei buruzko jakin-mina asetzeko Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver eta Sonia San Jose arkeologoengana jo dugu, horiek baitira, Carlos Olaetxearekin batera, azken urteetan herrixka horietan egiten ari diren indusketen arduradunak. Orain gutxi herri harresituei buruzko liburu bat argitaratu dute gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik (Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan). Burdin Aroan dataturik dauden zortzi herri aurkitu dituzte Gipuzkoan, datazio zaharrenak Buruntzakoak (Andoain) izan dira, orain 3.000 urtekoak eta berriena Intxurrekoa (Albiztur-Tolosa), 2.030 urteko datazioa. Herrien zabalera ere ezberdina zen, Intxurrek dituen 17 ha-k salbuespen izanik, gehienek hektarea bat eta bost bitarteko lur eremuak zituzten beraien harresien barnean.

Lur eremu hori definitzen zuen elementu garrantzitsuena harresia zen. Harresia garai horietako herrien ezaugarri orokorra izan zen Europan eta Gipuzkoako aztarnategi guztietan ere harresien arrastoak aurkitu dituzte. Leku batzuetan ingurunearen elementu naturalez baliatu ziren defentsarako eta harresiek eremuaren zati bat bakarrik babesten zuten, baina badira perimetro osoa harresiz inguraturik zuten herriak ere. Harresiek bi metro eta erdiko zabalera zuten, harriz eta lurrez eginak, eta gainaldean zurezko egitura bat eransten zioten; horretaz gain, lubaki eta lubanarroz osaturiko defentsa lerroak ere egiten zituzten bertako biztanleek, asko kostata dudarik gabe, itxitura hauek oso handiak eta ikusgarriak baitziren kasu batzuetan. Harresia defentsarako elementu bat zen, baina baliteke lur eremua mugatzeko edo herri bakoitzaren boterea handitzeko eraikia izatea.

Gipuzkoako mapan herri hauen kokapena eginez gero, segituan ohartuko gara ez daudela nonahi eraikiak, leku estrategikoetan baizik, herri guztiak mendi tontorretan daude eta inguruko bailarak erabat kontrolatzen dituzte; kasu batzuetan herri batetik bestea ikus daiteke, Oria bailarako aztarnategietan gertatzen den bezala. Harresien barnealdean etxebizitzen arrastoak aurkitu dituzte; etxe handi eta erosoak ziren, lurrez eta zurez eginikoak, lur zorua landua zegoen eta Basagainen harrizko zutabe ziriak ere azaldu dira; Intxurren berriz bertoko haitzean hondeatu zituzten eraikinak. Estalki modura adarrez eta landarez osaturiko egitura erabiltzen zuten, kea errazago irten zedin eta halaber, estalpe lanak egin zitzan. Eraikuntza osagarriak oraindik aurkitu ez diren arren, jakina da zeramika eta burdina egiteko labeak edo biltegiak egongo zirela. Gainera, harresi barneko lur asko nekazaritzarako eta abelazkuntzarako erabiltzen zituzten.

Nekazari eta merkatari bizkorrak

Aztarnategietan aurkituriko materialei esker, Gipuzkoako Burdin Aroko biztanleak nola bizi ziren jakin dezakegu gutxi gorabehera. Bigarren Burdin Aroan (Gure Aro aurreko 500. urtean), zenbait hobekuntza teknologiko gauzatu ziren, burdinaren etorrera eta tornuz eginiko zeramika besteak beste. Peñalverrek dioenez, horrek ez du esan nahi beste kultura eta teknikak ekarri zituen giza talderik etorri zenik, baizik eta asmakuntza teknologikoak modu azkarragoan zabaltzen zirela jadanik, merkataritza garatuago bati esker.

Nolanahi ere, ordura arte erabiltzen zen brontzea, pitxi eta adornuzko gauzentzat bakarrik erabiltzen hasi ziren eta eraikuntzarako edo nekazaritzarako tresnak burdinaz egin zituzten hortik aurrera; Intxurren aurkitu den igitaia edo Basagaingo aiztoa eta golde baten nabarra dira horren lekuko. Gainera, harriz eginiko itsasontzi formako errotak eta zereal aleak gordetzeko zeramikazko ontzi handiak ere azaldu dira. Nekazaritzarako tresna hauek aurkitu izana oso garrantzitsua da arkeologoen aburuz, orain arte Gipuzkoan nekazaritzarik ez zegoela uste baitzen, baina herrixketan aurkitutakoak garbi uzten du nekazaritza oso landuta zegoela eta bertatik bizi zirela hein handi batean, nekazal soberakinak aurkitu baitira.

Ez da zaila soberakinekin zer egingo zuten asmatzea: merkataritzarako erabili. Munoandiko (Azpeitia-Azkoitia) aztarnategian brontzezko pisu bat aurkitu dute, jarduera komertzialen adierazle garbia. Intxurren eta Basagainen berriz, beirazko pitxiak azaldu dira, Europa erdialdean bakarrik egiten ziren eskumuturreko zati bat eta lepoko-aleak. Horrek urruneko merkataritza abian zela esan nahi du.

Herri harresituen amaiera

Bigarren Burdin Arotik aurrera dataturiko aztarnak gero eta ugariagoak dira eta badirudi teknologia gero eta hobea erabiltzen zutela. Nekazaritza, metalurgia eta merkataritzaren garapena bere gorenean zegoenean, ustekabean, bertako biztanleek herri horiek abandonatu zituzten, data batetik aurrera ez baita arrasto gehiago aurkitzen. Ez zegoen inolako gatazka edo arazorik eta ez da suntsipen baten arrastorik ageri inon; ez dakigu zer arrazoiengatik joan ziren herri horietatik, baliteke bertako biztanleria altuera baxuagoko eremuetara jaitsi izana. Baina ez da erraza ezer jakitea, Erromatar garaiari buruzko oso datu gutxi baitaude Gipuzkoan, nahiz eta azken urteetan, kostaldeko zenbait herritan ikerketa sakonak egiten ari diren.

Aztarnategi horiek gure historiaren garai garrantzitsu bati argi pixka bat eman diote, orain jakin baitakigu Gipuzkoan habitat finkoak eraiki zirela eta hauetan, teknologia berriei esker, nekazaritza eta merkataritza sendo bat garatu zela. Garai bateko mitoak hautsi eta Gipuzkoa, artzain lurralde isolatu bat bakarrik ez zela garbi erakusten digu honek.

Hildakoen mundua: non daude nekropoliak?
Garai haietako hileta erritoei buruz galdetzerakoan, bizidunen eta hildakoen munduak garbi bereiztu behar direla aitortu digute Aranzadikoek, izan ere, azken mundu honi buruz ez da ezer aurkitu oraindik aztarnategi horietan. Jakina da, Burdin Aroarekin batera gorpuak errausten hasi zirela, horrela dokumentaturik baitago Europa osoan. Araba eta Nafarroako zenbait aztarnategiren inguruan nekropoliak aurkitu dira errausturiko hildakoekin eta horrexegatik, Gipuzkoako herri hauen inguruan ere nekropolirik egon daitekeen susmoa dute. Sonia San Josek makina bat prospekzio eginak ditu jadanik nekropoli horiek aurkitu nahian.
Garai horietako hileta-erritoen artean harrespilak ere badaude, gure mitologian "jentilbaratz" edo "mairubaratz" bezala ezagutuak; baina soilik Pirinio inguruan aurkitu dituzte, Leitzarandik Andorrara artean. Horien barruan hildakoen errautsak zeuden. Xabier Peñalverren hitzetan, Gipuzkoako Burdin Aroko herriek ez dute zerikusirik harrespilekin, nahiz eta garaikideak diren. Peñalverrek ehunka harrespil katalogatu ditu eta horien guztien datu eta argazkiekin liburu bat argitaratzekotan da.

Basagainera bidaia
Pasus taberna Zizurkiletik Basagainera joaten den bidean dago, horregatik gelditu gara leku horretan Xabier Peñalver eta Sonia San Joserekin. Iritsi garenean Xabier zain dugu, arduraturik dabil euria hasiko ote duen beldurrez, industeko traste guztiak ziztu bizian jaso beharko baitituzte orduan. Bere Land Rover zaharrari segi diogu bide estu batetik gora, baina azken zatian gu geu ere Land Rover-ean joan gara dinbili-danbala pista malkartsu batetik zehar Basagaingo muinoraino.

Hainbat pertsona lanean dabil, tresnak eskuan, lurra zatika kenduz; ikasleak edo arkeologoak dira. Basagainek oso handia dirudi. Anoetako udalak lur horiek erosi zituenean pinudiak bota zituzten, horregatik aztarnategia oso ongi definiturik dago gaur egun eta harresia nondik nora doan garbi ikus daiteke leku askotan.

Zuhaitz bakarti baten ondoan eseri gara eta bi arkeologoek bertan egindakoa azaldu digute. Intxurreko indusketak bukatutakoan ezagun batek Basagaingo aztarnen berri eman eta Peñalverrek ez zuen dudarik egin leku horretan indusketa proiektua hasteko. Berak nahiago izaten du indusketa sakonagoak egin beharrean, dirua hainbat indusketatan erabiltzea, horrela ondorio orokorragoak atera baitaitezke.

Sonia San Josek indusketan erabilitako metodologiaren berri eman digu. Lan neketsua dirudi, lurra geruzaz geruza industen dute eta bertan azalduriko materiala poltsetan gorde, egiturak (harresia, hormak...) mantendu egin behar dira eta xehetasunez marraztu; gainera, materiala adituen esku uzten dute, hobekiago azter dezaten. "Mendi osoa mapa topografiko batean koadrikulaturik dago eta material berezienari koordenadak ere ipintzen dizkiogu, gero mapan kokatu ahal izateko" esan digu Soniak induskatzen ari diren gunera begira.

Arkeologo batek buztina besterik ez dirudien zeramika puska bat eskura eman dit, horrelakoak sarri topatzen omen dituzte. Baina baita gauza baliotsuagoak ere: tornu bidezko zeramika, burdinazko iltzeak, golde baten burdinazko nabarra, beira-orez eginiko lepoko aleak... Arratsaldeko 16:00ak dira, bertako jendea oraindik bazkaldu gabe dago eta gosetu dira. Tresna guztiak jasotzen ari dira alde egiteko. Datorren urtean indusketa gunea zabaltzeko asmoa dute eta arkeologo adituek susmorik baduten arren, batek daki zer agertuko den lur azpian eta harri artean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Burdin Aroa

Burdin Aroa kanaletik interesatuko zaizu...





ASTEKARIA
2003ko abenduaren 14a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude