Pitillaseko aintzira. Urak agintzen duenean


2003ko urriaren 26an
Has gaitezen, bada, gure ibilbidearekin. Lehenik, bertara iristeko datu batzuk: Iruñeatik N-121 errepidea hartuko dugu Pitillaseko bidegurutze arte eramango gaituena. Bidegurutzean, Pitillasetik Santacarara doan NA-5330 errepidea hartuko dugu. Bi herri horien artean dago Pitillaseko heze gunea. Berehala ikusiko dugu behatokia, eta horren azpialdean autoa uzteko aparkalekua. Beste ezertan hasi aurretik, gure gomendioa zuzenean behatokira joatea da. Bertan, behar dugun informazio guztia jasoko dugu. Aukera mordoa eskaintzen digute: informazio panelak, ikusentzunezko zerbitzua, teleskopioa eta prismatikoak eskuragarri, material bibliografikoa, ibilbideen mapak, aldez aurretik eskatutako bisita gidatuak taldeentzat... Baina, badu gabezi handi-handi bat behatoki horrek: hizkuntza gabezia. Euskarak ez du kumerik egiten bertan, migrazioan dabilela ere, ez du atseden hartzeko baimenik, gainontzeko hizkuntzek bai, baina euskara ez da inon ageri.
Pitillaseko aintziran ibilbide bat baino gehiago egin daitezke, baina horietako batzuk, kumaldi garaian, martxotik ekainera, ez dira gomendagarriak, hegaztiei kalterik ez sortzearren. Garai horretan, aintzirara ahalik eta gutxien hurbilduko gara. Orain, urte osoan egin daitekeen ibilbide bat badagoenez, huraxe egingo dugu. Lehenik, behatokian ibilbidea azaltzen digun mapa geureganatuko dugu. Aparkalekuaren parean, bidegurutze bat ikusiko dugu. "Paseo 1" markatzen diguna hartuko dugu. Bidean zehar, poste batzuk ikusiko ditugu urdin koloreko zenbakiak marraztuak dituztenak. Ibilbide hau egiteko, pasealeku bat eraiki zen. Alde batetik, oinak ez bustitzeko eta bestetik, inguruko landareak ez zapaltzeko. Izan ere, ibilbide hau, hegaztiez gain, bertako landaredia aztertzeko ere egina dago. Landareak zerrenda ezberdinetan agertzen dira, jasotzen duten uraren arabera (ikus 37. orrialdeko marrazkia). Lehenengo zerrenda lurzoru lehorrean bizi diren landareek osatzen dute. Landare horiek idorreriari eta lurzoruko gazitasunari aurre egiteko hosto mamitsuak sortu dituzte. Puxika forma dute hostoek eta bertan, ura eta gatzak metatzen dituzte. Bigarren zerrendan, noizean behin uretan egoten diren landareak daude, ihia adibidez, hegazti askoren bazka eta babesleku dena. Hirugarren landarea erabat uretan bizi den lezka da, heze guneko erregina. Oso altuak izatera irits daitezke, hiru metrotarainokoak. Landare horrek eskaintzen die benetako babesa bertako animaliei, batez ere gizakiarekiko babesa. Konturatzerako, aintzirako uretara luzatzen den zaldain edo pasarela luzea ikusiko dugu gure aurrean. Puntaraino joanez gero, uretako eta lezka arteko hegaztiak errazago ikusiko ditugu. Ez da erraza hegaztirik ikustea hainbeste lezka artean, baina entzun, entzuten dira. Hegazti gehien ikusteko garaiak, urria-azaroa (pasea) eta otsaila-martxoa (kontrapasa) dira. Pitillas, hegazti migratzaileen atseden leku garrantzitsua da. Beste askorentzat, urte osoko bizilekua; basahate, kopetazuri eta txiliporta txikiarentzat, esate baterako. Hegaztiok ikusteko saiakera batzuk egin ondoren, bueltako bidea. Dagoeneko, sei zenbakia markatzen duen postea ikusiko dugu. Berehala, harrizko etxola txiki bat topatuko dugu. Garai batean uren irteera zen, inguruko lurrak ureztatzeko erabiltzen zena. Pauso gutxi batzuk emanda, berriz ere behatokira iritsiko gara.


Mundu mailako garrantzia duen heze gunea

XIV. mendean, Sabasan-eko urtegia izena jarri zioten. Urteak pasa ziren eta 70eko hamarkadaren hasieran, laborantzarako erabili nahi izan zuten. Baina ahaleginean soilik geratu ziren, lurzoruko gazitasunak ez baitzien utzi. Eskerrak. Ehiza erreserba ere izan zen, arau babesle zorrotzekin. Handik aurrera, heze gunea babesteko eta bere bizi iraupena ziurtatzeko ekimenak ugariak izan dira. Azkenik, 1996an, duen garrantziaz jabeturik, Nafarroako Gobernuak nazioarteko heze gune garrantzitsuak biltzen dituen Ramsar zerrendan sartzeko proposamena egin zuen. Zerrendan sartzeko erabilitako irizpideak ondokoak izan ziren:
- Txori zezen arruntaren presentzia eta kumatzeko erabili izana urte batean gutxienez.
- Ur oilanda txikiaren ohiko presentzia.
- Zingira mirotza inbernanteen presentzia.
- Bertan kumatzen duten lertxun hauskara eta gorriaren kolonien gorakada.
- Uretako hegaztien migraziorako atseden leku garrantzitsua izatea.
Beraz, gu ere ez gara edonola ibiliko halako leku pribilegiatuan. Behatokian ematen diren aholkuei kasu egitea behar beharrezkoa da. Batzuetan hegaztiak ikustea suertatuko zaigu, baina besteetan ez. Errespetuz jokatu behar dugu bertako bizidunekin, ez baita "Pitillas-eko zooa", Pitillaseko heze gunea baizik.

Orro egiten duen hegaztia
Laguntxo bat aurkeztuko dizuet. 75cm-ko garaiera, metro beteko hego luzera eta 1-1,3 kilogramoko pisua duen hegazti arrea. Txori zezen arrunta da bere izena. Izan ere, udaberrian, kumaldi garaian, itsasontziaren sirena edo zezenaren marrua gogorarazten diguten oihu sendoa sorrarazteko gai da. Mokoa, arpoi modukoa, arrantzurako. Lertxunen tankerako lepo luzea. Behatz eta zango luzeak, lohietan orekari eusteko eta ur hotzetan bero galera ekiditeko. Dagoeneko irudikatu al duzue gure gaurko protagonista? Bada, irudikatzearekin konformatu beharko dugu oraingoan, zeren txori zezen arrunta ikustea ia ezinezkoa da.
Gezurra badirudi ere, oso zaila da tamaina horretako animalia ikustea, izaera iheskorra eta kamuflatzeko duen trebetasun izugarria dela eta. Lezkadietako biztanle ezkutuena dugu berau. Lepo azpian, lezka koloreko bi zerrenda ditu. Haizeak lezka mugitu ahala, txori zezen arrunta, lepoa luzatua duela, lezkarekin batera mugitzen da batera eta bestera. Oso zuhurra denez, egunsentia atsegin du, baina habian kume gosetiak zain dituenean, sarriago ikusi ohi da hegan eta ohitura duen baino altuera handiagoetan. Nekez ikusiko badugu ere, entzutea ez da hain zaila, bere orroa, hiru kilometroko distantziatik entzun daiteke, Pitillas herritik esaterako. Beraz, erne belarriak. Heze guneetan inor ohartu gabe bizitzeko gaitasun hori bere merituz dela esan genezake, baina gure merituz ere bihurtu da hain ikustezin txori zezen arrunta. Hogeita hamar besterik ez dira geratzen penintsula osoan, hartzak baino gutxiago, baina askoz ere ospe urriagoarekin. Soinuarekiko oso sentibera da eta zer esanik ez pestizida eta metal astunekiko. Horri guztiari, habitataren suntsiketa eta legez kanpoko ehiza gehitu behar dizkiogu... amaigabea den oztopo zerrenda.
Nafarroako uretako hegazti mehatxatuen zerrendako lehena da, kasu honetan inongo ohorea ez dena, eta "iraungitzeko arriskuan" katalogatutako espeziea. Behar-beharrezkoa da espeziearen bizi iraupenerako, kumaldirako aukeratzen dituen heze guneak babestea eta habitat egokiak berreskuratzea. Horietako bat dugu Pitillaseko heze gunea.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude