Maribel Belastegi: «Pentsazten dena esatea arazoa da oraindik»

  • Antzerkiarekin maitemindu zen gaztetan hitz jario biziko emakume hau. Antzoki animalia da: «Eszenatokian nagoenean, nire etxean nago». Publizitate agentzia batean ari zela, Orain taldean aritu zen amateur gisa. Taldea profesionalizatu zen ondoren eta bereak eta bi pasatu behar izan zituzten. Orain aldiz, kobratzen ez badu ez du lanik egiten. Egun opera eta zarzuelatan, eszena zuzendari lanetan aritzen da. Eta erretiroa hartzean, berriz ere antzerkira itzultzearekin «mehatxu» egiten du. EABren Besarkada saria jaso berri du eta Donostiako Egiara, bere auzora, hurbildu gara beste bat ematera.

2021eko uztailaren 28an

Hasteko zorionak Besarkada sariagatik. Pozik?
Eskerrik asko. Ezuste handia izan da. Ez nuen espero. Gainera lanean jarraitzen dut eta beti iruditu izan zait halako saria zaharrei ematen zitzaiola. Denbora asko daramat lanean eta poz handia eman zidaten. Lagun oso onak, Madriletik eta guzti, etorri baitziren besarkada hori ematera. Sekulako detailea da.

Egun opera eta zarzuela munduan zabiltza, baina antzerkian urte askoan aritutakoa zara, Orain taldean batez ere.
Urte askoz antzerki amateurra egin nuen Orain taldearekin. Publizitate agentzia batean egiten nuen lan eta arratsaldeko 19:00etan nire errealizaziorako tartea hasten zen. Ez dut esan nahi nire lanean gaizki nintzenik, oso ondo nintzen, baina 19:00etatik aurrera beste bizitza bat hasten zen. Gustatzen zitzaiguna egiten genuen, testuak landu, gorputz espresioa, baita euskara ikastaroak ere. Nik zazpiak arte ez nuen erretzen, orduan hasten nintzen. Eta han egoten ginen gaueko 22:00-23:00ak arte. Orainetik jende asko pasatu zen, asko maite dudana eta seguruenik oroitzapen ona gordetzen dutenak, aktiboan daudenak orain, Teresa Calo, Javier Sabadíe, Xebe Díez, Antxon Etxeberria, Paco Sagarzazu, Angel Marco…

Orain amateur zenean, diktadura garaia bizi izan zenuten. Nolakoa zen antzerkia egitea orduan?
Orain amauterrak ilusio asko eman zituen eta teatro politiko asko egin zuen Franco bizi zenean. Gizon bat estreinaldiaren aurretik aretoan esertzen zitzaigun. Donostian zegoen zentsuratzailea etortzen zenean, ondo entzuten ote zen ikustera zetorrela zioen. Madrileko zentsura ezagutu dugu, testu zentsura, gauza asko… Horrek lerroartean irakurtzen eta beste gauza batzuk esaten zituzten testuak bilatzen ikasten lagundu zigun. Gaur egun ere jakin behar da hori! Bai, baina ez hainbeste. Sekulako eskola izan zen. Oraineko lehen etapan antzerki borrokalariago bat, politikoago bat, identitate bat zuena… egin genuen, auzo elkarteetara eramateko, jendea kontzientziatzeko. Demokrazia iritsi zenean, Orain ordu arte egin ez zuen antzerkia egiten saiatu zen. Antzerkia baliagarri izan zedin zein pauso saltatu eta erre genuen ikusi, eta antzerkiaren artean sakontzen hasi ginen, gozatzen. Inoiz bizi izan dudan garairik zoragarriena izan zen. Ilusioak, talde lana, eguneroko borroka… ekartzen dizkit gogora. Antzerkian hezten hasi ginen, ikastaroetara joaten, Nafarroako Uda Ikastaroetara… Hor Jose Carlos Plaza ezagutu genuen eta berak aurrerago Valle-Inclánen "Divinas palabras" lanean zuzendu gintuen. Obra horixe oso inportantea izan zen alor profesionalean hastean. Hortik aurrera etapa artistikoago bat hasi genuen: "La señorita Julia", "D'Artagnan"… Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan genuen bizirauteko, gu mantentzeko eta garatu ahal izateko. Eta gero oparotasun handiagoko garai bat etorri zen, talde gehiago zegoen, konpetentzia handiagoa dago. Garai hartan Antzerti jaio zen eta hortik aktore asko, talde asko eta konpetentzia handia sortu ziren halako herri txikian. Eskaria atomizatzen hasi zen eta honetatik bizitzeko aukera zaildu zen.

Orain profesionalizatzearekin batera, arazo ekonomikoak hasi ziren.
"Divinas palabras"ekin oso gaizki bukatu genuen. Nahiz eta asko lan egin, funtzio asko, irabazitakoarekin ez genuen espektakuloaren dinamikak sortzen zuena ordaintzerik. Planto bat egon zen aktore batzuen partetik, eta ni agian ez nintzen ondo portatu eta ez dut zertan gogoratu ondo edo gaizki egin nuen, baina konpainia desegin nuen, ez ginelako nahiko trebatuta, ez ekonomikoki ez administratiboki, halako konpainia baten jarraipena ziurtatzeko. Denek sufritu genuen, eta horrek konpainia puskatu zuen. Agian beste modu batera konpon zitekeen, baina ez genuen jakin. Eta harremanak hautsi ziren eta horren gainean sortu zen Euskal Aktoreen Batasuna (EAB). Hura eratu gabe zegoenean, Victoria Eugeniako gela batean bildu zen talde bat, gure konpainiako aktore batzuk deituta, Oraineko zuzendaritzarekin konforme ez zeudelako. Enpresa ez baitzen lanean ari ziren aktoreak ordaintzen ari eta bilera horretatik nirekin lan egiteko betoa atera zen. Horren gainean sortu zen EAB.
Eta niri, hala ere, bikain iruditzen zait 20 urte eta gero haiek Besarkada saria ematea eta "zein ondo" esatea. Duela asko bukatu zen hori guztia eta gainera haiekin kolaboratzen dut sarri. Oraineko lokala EABkoaren ondoan dago eta giltzak dituztenez bilera eta ikastaro asko bertan egiten dira. Haien ordezkari gisa joaten naiz Madrilen egiten diren Antzerkiaren Plan Orokorraren bileretara. Orainen gertatzen zenaren aurka zegoen lehena ni nintzen eta enpresetan kontratatzen zenean langileen beharrei nola edo hala erantzutearen alde nengoen. Gerora, beste konpainiatan ibili zirenei gauza berdintsua gertatu zitzaien. Garai hura bereziki zaila izan zen, profesionalizazioaren lehen urteak ziren.
Ondoren, konpainia txikiagoa gineneko garaia izan zen, garai zaila. Orduan 3 aktore, bi zuzendari, bi tekniko eta banaketaz arduratzen zen pertsona bat geunden, talde txikia. Gune hori ireki egiten zen bestelako langileak kontratatzeko eta itxi egiten zen espektakulua amaitzen zenean. Memento batean zazpi pertsona hauek ezin genuen ekonomikoki biziraun, ez genituen 20 urte lehen bezala, bestelako beharrak genituen, familia eratu… eta bestelako taldeen eskaintzak genituen bestetik. Eta hortik aurrera hasi zen gutako bakoitzaren etapa profesionalago bat.
Orain lokartuta geratu zen, eta erretiratzen naizen egunean, oporretan nagoenean -espero dut oso berandu ez izatea-, berriz itzuliko naiz. Baina ez dut diruaren menpe aritu nahi antzerkian. Antzerki dramatikoa egiten duten guztiak miresten ditut, dirua inbertitzen dute, ez dute soldata normalizatua jasotzen eta dena jartzen dute muntaian eta gero ez da errentagarria. Funtzioetatik dirua lortzen da, bizi daiteke, teknikoen, aktoreen, garraioaren gastuak ordaindu daitezke, baina enpresek zaila dute errekuperatzen bai jasotako subentzioa bai jarritakoa. Gure bikoteek jasanezina jasan dute.

Orduan eman zenuen operarako jauzia.
Ni zuzendaritzan nintzen, eta Arriaga Antzokitik deitu zidaten "Medea" operan zuzendari laguntzaile izateko, Luis Iturri laguntzen. Aurretik zarzuelatxo bat egina nuen. Hori 1990ean izan zen eta hor jarraitzen dut. Nahiko eszeptikoa nintzen mundu honetan hasi nintzenean, pentsatzen nuen, eta oraindik ere bai, antzerki dramatikoa benetako antzerki eskola zela, non aktoreak ahalegin handia egin behar duen, aktorea dena da, bere fisikoak dena espresatu behar du espazioan… Eta opera alor amaneratuagoa zela, estatikoagoa, musikak zailtasunak eragiten zituela. Nik interpretazio horiek oso sakonak ez zirela uste nuen, baina urte hauetan zehar, aldaketa handia egon da interpreteengan eta gaur egun nahiz eta oraindik jende estatikoa egon, interprete-kantari zoragarriak daude. Egundoko alorra da, aurrekontu handiagoak izaten ditu antzerkiak baino, eta begiespen handiagoa eskaintzen die lanpostu hainbati, nire lanpostuari, besteak beste. Ni eszena zuzendari laguntzaile profesionala naiz. Hala ere, batzuetan zuzendaritzak ere egiten ditut. Zuzendaritza laguntzea teknikoagoa da eta eskaintza gehixeago dago. Jeneralean, laguntzaileek zuzendari izatea lortu nahi dute eta nik ez dut halako presarik eta ez zait inporta ere. Zuzendariak interesgarriak izatea da gehien axola zaidana. Luis Iturriren laguntzaile izan naiz urte askotan, Emilio Sagirena, Nizako Operaren zuzendariarena… Jende askoren laguntzailea izan naiz eta hala jarraitzea espero dut. Oraintxe zarzuela bat zuzendu dut Malagan, "El rey que rabió" eta bi eszena zuzendaritza ditut egiteko, Guridiren "El caserio" eta "Manon" Massenetena Jerez de la Fronteran.

93-94an Arteszenan zuzendari lanetan aritu zinen Fernando Bernuesekin batera. Nolako esperientzia izan zen?
Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu bat aurkeztea eskaini zigun Fernando Bernuesi eta niri eta Arteszena aurkeztu genuen. Hura esperientzia errepikaezina da eta urte asko pasa beharko dira Diputazioak halako apustu bat egiteko. Helburua zera zen, konpainia ofizial bat izatea eta urte osoan ez bazen ere, sei hilabetez antzerki konpainia egonkorra izatea. Hiru espektakulu egin genituen Arteszenak funtzionatu zuen bi urte eta erdian: "Kakatua berdea"eta Mephisto» antzezlanak eta "Amets beroak" dantza espektakulua. Ezusteko handia hartu zuten konpainiek eta asko kritikatua izan zen ekimena, nik uste mundu guztiak Diputazioak diru laguntza kenduko ziola pentsatu zuela. Baina ez zen horrela, diru partida ezberdina zuen. Bernuesek eta nik ez genituen inoiz ikuskizunak zuzendu, aktoreentzako interesgarriak ziren zuzendariak ekarri genituen. Legegintzaldia amaitu zenean, aurrekontua desagertu zen. Hurrengo alderdia etorri zenean, atzerapen ekonomikoa izan zen, eta Diputazioko Kultura Sailak Maiatza Dantzan edo Arteszena mantentzea erabaki behar izan zuen. Maiatza Dantzanen aldeko hautua egin zuen ibilbide luzeagoa zelako eta Arteszena desagertu zen. Gerora, Maiatza Dantzan ere desagertu da. Konpainiek zerbait propio gisa babestu behar zuten bere garaian, baina ez zen hala izan.

Gaur egun halako konpainia bat eskatzen dute zenbaitzuek.
Konpainia nazional bat behar da, baina ez lehengo konpainien modukoa. Gune profesional bat izan behar du, proiektu bat aurkezten duena eta beste proiektuak eta gune aldaketa jasotzeko prest dagoena. Bat, bi edo hiru titulu denbora batez egingo dituena, eta espazio fisiko bat duena, antzoki bat izatea, publikoa hara ekartzeko eta hainbeste mugitu behar ez izateko konpainiak. Antzerki publikoak errepertorio bat osatzeko eta bizi izan ez ditugun gauzak eskaintzeko aukera eman dezake. Horrek asko normalizatuko luke. Halako produkzio zentro bat ez egoteak antzerkiari dagokionean sentikorrak diren konpainiak lan hori hartzera behartzen ditu. Nire ustez, Tanttaka gaur egun lan hori egiten ari da. Konpainiek antzerki komertziala egin behar lukete eta administrazioak antzerki artistikoa, arriskutsuagoa egin behar du, konpainiak martxan jarri ezin ditzaketen muntaiak egin, aktore askokoak… eta jendearentzat kulturalki interesgarriak direnak. Kultura askatasuna baita. Berdin euskalduna edo gazteleraduna izan.



Zaila da ordea hori antzerki publikotik egitea.
Antzerki publikoak existitu behar du, baina administrazioko teknikoek ez dute zertan autoreen tituluetan arakatzen hasi behar… Komunikazio handia egon behar du agente artistikoen eta administrazioaren artean. Batera joan behar dute herriak eskatzen duenak eta instituzioek. Helburu komun batekin: maila kulturala eta eskaria igotzea. Ez bakarrik antzerki mailan, baita artean, musikan… Azken finean, jendearen maila kulturala igotzea bizitza maila igotzea da. Gizarte honetan kirolak primeran funtzionatzen du. Aukera ugari daude, kirol ezohikoenetan ere jende euskalduna dago podiumean. Nik antzerkirako nahi dut hori. Eta bultzatua izatea nahi dut, eta ez konpainiek egin behar izatea lan hori. Lan hori konpainiekin kontzertatu daiteke agian, bide asko daude.

«Herri honek hemen eta orain dituen kezkak ez ditu antzerkiak islatzen», zioen Alfonso Sastrek duela hilabete aldizkari honetan.
Niri kanpoan galdetzen didatenean horrela defendatzen dut: egunera bizitzera, heztera eta aukeratzera derrigortzen gaituen zerbaiten gisa. Positiboa iruditzen zait, ez lokartzeko. Bizirik gaude, identitate horri eusteko beharragatik. Hori ez da hainbeste islatzen antzerkian. Batetik, gizartea ez doalako lehen bezala, batuta, irizpide barietate handiagoa dago eta problematikoa da alde batean edo bestean jartzea maila komertzialean. Konpainia profesional batzuk antzerki politikoa egiten dute, Tanttaka esaterako. Ez dira zuzenki identitatearen gure problematikan sartzen, baina irakurketa subliminal batekin egiten dute. Besteek antzerkia dibertimendu gisa egiten dute gehiago, nahi duten horretan inbertitzeko eskubidea dute gainera. Gaur egun, pentsatzen dena esatea arazoa da oraindik. Eta hori arazo bat bada pertsona mailan, are zailagoa da komertzialki. Ezin zaio exijitu jendeari dirua eta denboraz gain, haien saihetsean lantza bat jartzea. Ados nago Sastrerekin, baina ulertzen dut zergatik gertatzen den. Instituzioek identitatea eta dioten guztia defendatzen badute, hori bultzatu behar dute. Francoren kontra ginenean denok elkarrekin ginen, eta tortura salatzen zuten espektakuloak egiten genituen. Beti alde batean gertatzen zen tortura. Ni Madrilen nintzen Carrero hil zutenean, Donostiako matrikula zuen Diane 6 bat nuen eta jendeak autoa altxatzen zidan eta ni pozik. Gaur egun, zaharragoa naizelako agian, borroka beste bat dela iruditzen zait, nahiz eta oso erradikala izan, baina borroka beste bat da.

Profesionalizazioarekin galdu eta irabazi
«Profesioak motu propio egingo ez zenituzkeen titulu eta lanak egitera behartzen zaitu. Hori galtzen da. Irabazi, ofizioan irabazten da, jende zoragarria ezagutzeko aukera ematen du eta zure burua menderatzen ikastekoa ere bai. Zure bidea egiteak zure baitan ixten baitzaitu. Azken batean, zure ibilbide pertsonala galtzen duzu eta ezagutza zeureganatzen duzu.

Victoria Eugenia ez da dantzalekua
«Espainiako Antzerki Plan Orokorra eta EAEko Kultura Plana liburu zuri bat izan behar dira. Beharrezkoa da horrelako oinarri bat izatea, esaterako, Victoria Eugenia bi urte barru irekitzen dutenean, nahi dutena egin ez dezaten, profesioak exijitzen duena hein batean behintzat egin dezaten. Antzoki izena du, ez dantzalekua edo auditorioa. Azken batean, nahiago dute butakak kendu ahal izatea dantzaleku bihurtu ahal izateko , euskal antzerkigintzaren programazioa lagunduko lukeen bide bat irekitzea baino».


Azkenak
2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan

Bai, aste honetan Chill Mafiak agur esan du eta zer eta musean jokatzen. Mus Corrido kantuan, metaforak hegan. Hordago batzuk bai bota dituela taldeak iraundako hiru urteotan. Jaso gabeko enbidorik geratuko zen bidean,  jakina, baina momentuz, nahiko; jaso... [+]


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


Eguneraketa berriak daude