ZER GERTATUKO DA OTEIZAREN ONDAREAREKIN?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Komunikabideetan gero eta toki handiagoa hartu du azken aldian Oteiza Fundazioaren inguruko polemikak. Fundazioaren patronatukideak zatituta daude. Alde batetik Oteizari «leialak», Oteizak berak aukeratutakoak: Jaione Apalategi, Joxe Anjel Irigarai, Xabier Morras eta Juan Antonio Urbeltz. Bestetik: Oteizak hautatutako Juan Huarte, Marisa Saenz Guerra (Saenz de Oiza arkitekto zenduaren alaba eta ordezko) eta Nafarroako Gobernuko bi ordezkariak, Kultur kontseilari Jesus Laguna eta Kultur zuzendari Juan Ramon Corpas. Lau eta lau, beraz. Oreka hori Juan Huarte Fundazioko lehendakariaren kalitatezko bozka erabiliz bere alde haustea lortu du laukote «instituzionalak». Baina beste laukotearen etengabeko salaketa publikoa eta horren ondorioz lortu den oihartzuna, arazo bihurtu da aurreko laukotearentzat.

«Gutxiengoan» dauden lau patronatukideek gainerako lauen kudeaketari zuzenduriko salaketak laburbildu dizkigute. Batetik, Oteizaren ondarearen egoeraz kezka azaltzen dute. Jakina da duela hilabete batzuk Altzuzako eraikinean ura sartu eta igeltso laboratorioa busti zela. Une honetan oriotarraren obraren zati handi bat baldintza egokietan dagoela baieztatu ahal izan dute, horretarako altzairuzko apaltegi berezi batzuk paratu baitituzte.

Baina ezin omen da gauza bera esan Oteizaren etxeko dokumentu eta objektuekin. Etxearen berritze lanak egiteko, bertan zegoen guztia kaxatan sartu eta Alcala de Henares-eko egoitza batean gorde zuten. Baina, batetik, objektuen inbentarioarik ez zen egin. «Zerbait falta baldin bada, ez dugu inoiz jakingo galdu den hura bazenik ere, edota materiala zein egoeratan zegoen eraman zutenean», dio Joxe Anjel Irigaraik. Bestetik, 500 kilometroko bidea inolako segururik gabe egin zuten Oteizaren etxeko objektu guztiek, objektu horien balio kontuan hartuta erabat ezohikoa dena. Oteizak hainbat euskarritan eginiko marrazkiekin ere kezkatuta daude, kaxa fuertean gordeta bai, baina «edozein modutara» pilatuta omen daudelako. Gainera, beste euskarri batzuetan Fundazioko zuzendariak erabakita kolaz itsatsitako dokumentuak ere badaude bertan.

Ondarearen kontserbazioaren egokitasuna alde batera utzita, Fundazio Museoaren kontzeptua bera dago eztabaidan. «Fundazioarekin kulturune bizi bat egitea da Oteizaren nahia» dio Morrasek. Fundazioaren estatutuetan museoaren izaera zabala eta pedagogikoa, sormena esparru ezberdinetan bultzatuko duena, jasotzen da. Eta Irigarairen esanetan, «museo kontzeptu tradizionalari jarraiki, bere obra fisikoa besterik gabe hor paratzea nahi dute eta hori Oteizaren printzipioen aurka joatea da».

Fundazioaren deskapitalizazio humanoa ere salatu dute. Lehenik, Carlos Martinez artxibozaina, ia hamar urtez lan horretan aritua eta Oteizaren konfidantza osokoa omen zena, kentzea erabaki zuten «patronatuarekin kontatu gabe». Ondoren Pilar del Valle kontserbatzailearen txanda izan zen. «Museoko arima izan zitekeen eta kaleratua izan zen goizetik gauera». Del Valle birronartu behar dela ebatzi du berriki epaileak, «baina ez dute halakorik eginen, bistan da», dio Irigaraik.

Alberto Rosales Fundazioaren zuzendariaren egokitasuna ere zalantzan jartzen dute, baita museoko erakusketa nagusia antolatzeko lan taldea soilik lau arkitektoz osatu izana ere (tartean Marisa Saenz patrunatukidea eta bere anaia Vicente). Edozein erakusketa paratzeko talde multidiziplinar bat nahitaezkoa dela diote, «areago Oteiza bezalako artisten kasuan». Oro har, lan talde egoki bat oraindik osatu ez izana kritikatzen dute. Bereziki inaugurazioa gainean dagoela dirudienean. Lanpostu gutxi batzuk beteta daude, baina konparaketa bat egitearren, Artiumen, esaterako, lan taldearen zati handi bat museoa ireki baino bi urte lehenago hasi zen lanean. «Fundazioa inauguratzekotan eraikina inaugura dezatela», diote, «eta ez Fundazioaren edukia».

Salaketa hauen erantzuna ezagutu asmoz, patronatuaren «beste aldera» ere jo dugu. Juan Ramon Corpasek honakoa erantzun digu: «Ez dut patronatuaren polemikaren inguruan adierazpenik egin nahi». Prentsan agertu denez hil honen amaieran da zabaltzekoa museoa eta, bide batez, Corpasi inaugurazio data zehatza galdetu genion: «Egoera konplikatua da eta ez dago oraindik data zehatzik». Museoko zuzendari Alberto Rosalesengana ere jo dugu, baina ez dugu berarekin hitz egiterik lortu. Fundazioak berriki kontratatutako idazkariaren erantzuna ere honakoa izan zen: «Data jakinik ez dugu oraindik, baina badirudi atzeratu egingo dela, konplikazioren bat sortu baita».

Baina zer eragin du Oteizaren ondarearen kudeaketaren inguruko polemika eta arazo multzo hau? Oteiza beraren izaerak baldintzatu al du Fundazioaren bilakaera? Alberto Barandiaran kazetariak «Jakin» aldizkariko 133. alean zera zioen Altzuzako Fundazioaz: «Oso urrun dago hasierako urteetan iragarritako proiektu integral hartatik (...), eta erantzukizunak ez dira bakarrik oriotarraren aldarte batzuetan gogaikarrian bilatu behar, nahiz eta hor ere badauden».

Patronatukide «leialen» iritziz, batetik, inauguraziorako presa helburu elektoralistek bultzatu dute, «UPNri inaugurazioa hauteskunde kanpainan egitea komeni» zaiola, alegia. Baina benetan Nafarroako Gobernuaren nahia «fundazioa desnaturalizatzea» dela diote. «Euskalduntasuna, pedagogia arloa eta esperimentazioa Oteizaren osagai funtsezkoak dira eta horiek baztertu nahi dituzte. Oteiza artista plastiko handi bat dela azaldu nahi dute, museoko zerbait bilakatu, besterik gabe. Baina Oteizaren pentsamendua lapurtu dute»

Jorge Oteiza Fundazio Museoaren estatutuak
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren konstituzio agiria 1996ko urriak 21ean sinatu zen Iruñean, oriotarraren urtebetetze egunean hain zuzen. Ondorengo lerroetan Fundazioaren estatutuei dagokien testuko hainbat pasarte jaso ditugu:

1. artikulua: «Jorge Oteiza Fundazio Museoa estutu hauek, Patronatuaren arauek eta egungo legeriak zuzenduriko Fundazio pribatua da (...)».

4. artikulua: «Fundazioak ondorengo helburu nagusiak ditu. Lehena: Jorge Oteiza jaunaren lan eskultoriko esperimentalaren sekuentzia historikoaren ordenamendua. (...) Jorge Oteizak, bizirik den bitartean, hark erabakitako Museo, Erakunde, korporazio edo edozein hartzailerizuzendutako eskulturak ekoizten jarraitzeko askatasun osoa du. Bigarrena: (...) Haurraren heziketa estetikora zuzenduriko plan bat egingo da (...) Horretarako mahai-inguruak, mintegiak, kongresuak, ikerketak, bekak (...) antolatuko dira. Hirugarrena: (...) Europan bizirik dagoen hizkuntza aurreindoeuropar bakarra Euskara da. Horregatik Fundazioaren hirugarren helburua zientifikoki alor honen azterketan sakontzea izango da. Laugarrena: Hizkuntza Artistiko Konparatuen Zentro bat egingo da (...) Era berean Patronatuak ‘Jorge Oteiza Fundazioaren Lagunen Elkartea’ren sorrera bultzatuko du. Bosgarrena: (...) Jorge Oteiza jaunaren obra eskultoriko, poetiko eta teorikoa kontserbatu, erakutsi, aztertu eta hedatzea. (...) Fundatzailearen irizpideari jarraituz, bere obraren fondo adierazgarri baten konposaketa zehaztuko da, erakusketa ibiltariaren rola beteko duena. Horretarako, Jorge Oteizak erabakitako piezen erreprodukzioa egingo da, berak zehaztutako baldintzetan»

Fundazio Museoari bisita
Oraindik Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoaren inaugurazio data finkatzeke dagoela, arduradunek «progresiboki» zabalduko dela iragarri badute ere, dagoeneko museoaren egituraren berri eman dute. Oteizaren etxe-tailerraren beheko solairuan harrera kokatu dute. Goian, batetik artistak bildutako 4.000 liburuz osatutako liburutegia dago. Lan mahaia eta arbelak ere goiko solairuan izango dira eta bertako dokumentuak tarteka berritzeko asmoa dute. Sukaldea eta logela ere ikusgai izango dira.

Etxetik irten eta berau eta museoaren eraikin berria, Saenz de Oizaren eraikina, lotzen dituen patiora iritsiko da bisitaria. Bertan Oteizaren eskulturaren bat eta informazio panelak ipintzea aurreikusita dago. Handik nabe zentralera pasako da eta bertan Oteizaren eskultura erlijioso eta figuratiboenak jaso nahi dira. Aurrerago beste areto batean abstrakziora iritsiko da bisitaria, obra plastikoa eta dokumentazioa tartekatuko direlarik. Lorategia zeharkatu eta dokumentazio zentroa egongo da.

Pasarela baten bidez goiko aretoetara jo ahal izango du publikoak. Bertan izango da Oteizaren igeltso laboratorioa. Han egongo da, halaber, ekitaldi aretoa eta hainbat eskultura jasoko dituen terraza.

Eskultura fisikoez gain, zirkuitoan zehar proiekzio eta irudi birtualekin jokatuko dutela iragarri dute Fundazioko arduradunek.
Apirilean zabalduz gero, 80 pieza inguru egongo lirateke bertan paratuta. Ekainerako 100 piezatara iritsi nahi dute eta irailean 160 artelanetara iritsi eta oriotarraren erakusketa antologiko zabal bat irekitzeko asmoa azaldu dute


Azkenak
Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Ezusteko bila

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


Eguneraketa berriak daude