EMAKUMEA LARRUGORRITAN


2003ko urtarrilaren 12an

Maisu-lantzat jo daiteke lasai asko Imanol Zurutuzaren azken nobela, eta hala ere, «Errautsera arteko sugarra»k agian ez du irakurle askorik izango. Nahiz gizakiaren gogoetetan beti egon den, dagoen eta egongo den gaia ukitu. Goiz edo berandu, horrela ez bada bestela, bizidun orori ziur gertatuko zaigun trantzea. Baina beste hark esana utzi zuen bezala: «O heriotza, zein gauza samina den zure oroipena munduko gauzetan bihotza daukanarentzat!». Eta nor bere buruaren biziaren etena gogoratzea gaitza bada, are gaitzago bihotzez maite dugun norbaitena denean. Eta horixe egokitu zitzaion idazleari, emaztea galtzea, min bizi batekin hasi zena minbizi gertatu zelako. Eta horretaz dihardu Imanol Zurutuzaren lanak.

Laurogeiko hamarkadan «Behin bitan» ipuin liburua eta Irun saria irabazi zuen «Haizeak iparlaino beltzak dakartzanean» idatzi zenituen, baina gero isilik egon zara. Nolatan hasi zinen «Errautsen arteko sugarra» idazten?
Ni lehenago idazten aritua nintzen, bai, baina aspaldian erabat utzia neukan. Ni beti izan naiz irakurle, eta tarteka, idazle. Kasu honetan, gai bat etorri zait, nahi gabe, eta gai horrek eskatu dit idazten jartzea.

Errealitatea eta fikzioa asko nahasten al dira zure nobelan?
Bai, argi dago liburuan errealitatea eta fikzioa oso nahasiak daudela eta zenbaitetan ez dela erraza biak bereiztea. Dena den, nik ez dut uste inork hutsetik sortzen duenik ezer. Guztiok irakurri dugu asko, ikusi ditugu milaka film, eta horrek gure pentsaeran eta izaeran izugarrizko eragina dauka. Nire ustez, oso bestelakoak izango ginateke hori gabe.

Rousseauren hitz batzuk jasotzen dituzu liburuan: «Hona ni hemen, bada, bakarrik munduan...». Halako sentimendu batek bultzatu al zintuen hau idaztera?
Liburua hasieran, narrazioko protagonista den idazle horrek sentimendu hori dauka. Gero, ordea, bilakaera bat dago. Liburua idazten bi urte eman ondoren, ezin izan berdina hasierako eta bukaerako gauzak sentitzeko modua, eta hasieran nahiko giro goibela ageri bada ere, bukaeran zerbait argiagoa nabaritzen delakoan nago, nahiz eta azkenean heriotzaren kontua hor jiraka eta bueltaka ibili. Beste pasarte batean ere esaten du, nolabait sentitzen duela idazleari aurrea hartu beharra daukala. Bera pertsonaia den aldetik dio hori, baina aldi berean idazlea ere bera da, eta beraz badaki bizitzan aurrera egitea berari dagokiola, ezin duela zulo horretan sartuta geratu, eta hain zuzen nolabaiteko metafora horrekin adierazten du bere barne egoera horretatik atera beharra.

Protagonista horrek, emaztea galdu eta berehala, bizipoza ia ezkutatu beharra izaten omen du, eta hurrengoan, berriz, galerazia duena tristezia duela ematen omen du...
Hori da! Azken batean, txanpon beraren bi aldeak dira. Zenbaitetan ematen du inguruak eskatzen dizula triste egotea, eta hala ere, zerbaitek pentsarazten dizu: hala eta guztiz ere bizitza honek merezi du, baditu gauza onak gertatu zaidana gorabehera... Eta ematen du hori ez dela «politikoki zuzena». Eta alderantzizkoa ere, denbora pasa ondoren beldur zara bateren batek esango ote dizun: «Motel, nahikoa duk, hasi adi aurpegi hori alaitzen!». Haatik, pertsonaiak ez du aukeratzen noiz dagoen alai edo noiz triste, baina argi dauka eskubidea duela triste dagoenean triste eta alai dagoenean alai egoteko.

Seneca, Esopo, La Fontaine, Jose Hierro, Gandiaga... eta askoz gehiagoren aipuak egiten dituzu. Nola moldatu zara nobelan aipatzen dituzun idazle horiek guztiak aukeratzeko?
Esango nuke ez dudala aukera bat egin, lehendik irakurriak nituen poemak eta pasarteak etorri zaizkidala gogora. Hor bada, adibidez, Cortazarren «Rayuela»ko esaldi bat, nik orain dela hogei bat urte irakurriko nuena, eta grabatuta gelditu zitzaidan, iruditzen zitzaidalako gauza asko biltzen zituela bere baitan. Aipatzen dut baita ere Pedro Salinasen poema bat, eta nolabaiteko lotura egiten dut Cortazarren bestea eta poema horren artean. Lotura hori, neronek egina da, ez dut inon ikasia. Eta gero badago beste gauza asko idazten ari nintzen neurrian -asko irakurtzen ari bainintzen baita ere-, sortzen zitzaizkidanak eta berez, txertatzen zirenak istorioan.

«Errautsera arteko sugarra»n bi istorio daude txertaturik: gaixoa eta haren alargunarena, eta hegazkinean doazena. Zergatik sartu dituzu biak?
Istorioa autobiografikoegia egiteak zeukan arriskuari ihes egiteko, beharbada; batzuetan, bestelako pertsonaia batzuk ere behar nituen, istorioa garatzeko.

Horregatik errepikatzen al dira liburuan zenbait pasarte, irakurleari arnasa hartzeko beta emateko-edo?
Ez dakit oso ondo zer dela-eta egin nuen horrela, ezta zertarako egin nuen ere. Egia esan, idazten hasi nintzenean, ez nekien idazten ari nintzen hori argitaratzeko edo kaxoi batean uzteko izango ote zen. Banekien idazteko premia neukala, eta horregatik ekin nion. Denborarekin ikusi dut nobela bat izan zitekeela. Bestalde, liburuan agertzen diren aipuak eta beste batzuenganako harremana, oso lagungarriak izan dira niretzat. Azken batean, bakardade mundu horretan, halako elkarrizketa egiteko modu bat aurkitu dut aspaldi joandako eta gaur egungo idazleen lanetan. Nola adierazi hobeto tristezia, Nerudaren «bertsorik tristeenak idatz nitzakeen gau honetan...» poemarekin baino?

Bi herrialde besterik ez omen dago munduan: sasoian daudenena eta gaixoena...
Hori, Enrique Lihn poeta txiletarrarena da. Bernardo Atxaga da poesia hori liburu batera aldatu zuena, eta lagun batek utzi egin zion liburu hori nire emazte zenari, eta hark paperera aldatu zuen, liburua itzultzen zuenean berekin gordetzeko. Poema hori aurkitu nuenean konturatu nintzen zeinen ondo islatzen zuen, seguraski, nire emazte zenak bere gaixoaldian sentitu zuena, eta ezin nion uko egin hori nobelan txertatzeari. Ezinbestekoa zen, nobelan egiten ditudan beste aipuak bezala. Bada hor maiz aipatzen dudan Sabatoren liburu bat ere, eta Sabatok dioenez bi motatako pertsonak daude, aipu gehiegi egiten dituztenak, eta sekula aipurik egiten ez dutenak, eta okerrenak bigarrenak omen dira, zeren horiek ez dute inoren aipurik egiten halako lotsaz-edo, norbaitek konpetentzia egingo ote dien. Ni umilagoa naiz alde horretatik, nire ustez, eta ez dut inongo lotsarik besteren aipuak neureganatzeko, ondo eginda daudenean.

Nobelak dio balitekeela heriotzaren hurbiltasuna sentitzen duenari ere errudun sentimendua gailentzea besteen gainetik, bizidunak bizidun izateari utzi eta beste nonbaitera joan beharrak eraginda. Benetan?
Ez dakit sentimen hori den. Kezka bat bai, behintzat, dudarik gabe. Gaixoari kezka handia sortzen dio maite dituenak bakarrik uzteak.

Hark bazekien arriskuan zegoela, baina zenbateraino?
Bateren batek esan zuen, normalean, gaixoak uste izaten duela dena dakiela gaixotasunaz eta ingurukoek ez dakitela hainbat gauza, eta alderantziz, osasunean dagoenak uste duela badakiela dena eta gaixoak ez dakiela horrenbeste, elkar engainatzen dutela nolabait. Gaixoaldi honen kasuan, alde batetik argi dago medikuek nahiko argi esan zituztela gauzak beti, ezer gutxi ezkutatu zutela, baina, aldi berean, egia da osasunean dagoena zer edo zer ezkutatu beharrean dagoela. Alegia, pertsona bati ezin zaio esan: zortzi hilabeteko bizitza itxaropena daukazu. Pertsona bati esan dakioke, tumore bat duzu buruan eta aurrera ateratzeko aukera bakarra kirofanoan sartzea da, eta gero tratamenduak jarraitu beharko dituzu eta ikusi beharko da nola doan. Niri mediku batek esan zidan zortzi hilabeteko bizitza itxaropena ematen ziotela. Hori berari ez zitzaion esan, baina berak uneoro bazekien hari batetik zintzilik zegoela.

Eta hala ere, itxaropena zuen?
Bai. Inoiz hitz egiten zuen lanera bueltatzeaz-eta... Beharbada berari gauzak ez zitzaizkion jarri besteok ikusi genituen bezain gordin, baina aski gordin zeuden hala ere. Erdizkako egiena da kontua: zer esan, nola esan, noraino... gai zaila da. Gainera, zein da egia? Zortzi hilabeteko bizitza itxaropena ematen zioten, eta gero askoz gehiago iraun zuen. Eta une batean sentitu nahi duzu itxaropena, nahiz eta jakin ateak itxita daudela. Latza da!

Bakarkako lana omen da bizitza...
Nire liburuan, izen propioz agertzen diren pertsonaia bakarrak medikuak dira. Lagunen batek kuestionatu zidan hori, baina nik eutsi egin nion, haiei nolabaiteko omenaldi bat egiteko modutzat ere ikusten dudalako. Egia aitortu behar badut, orohar tratua oso ona izan da, ez daukat inolako kexurik medikuntza sistema publikoarekin. Horregatik agertzen dira izen eta guzti. Aldiz, bestelako pertsonaiak -eta asko daude-, izenik gabe agertzen dira, eta hala ere badakit nire inguruko jende askok bere burua islaturik ikusiko duela. Aipatu duzun bertso hori euskal idazle batena da. Laguna dut, eta hori jartzea hari egindako halako keinu bat da. Eta hori bezala, beste keinu asko daude.

Ramon Saizarbitoria ere izen propioz agertzen da. Galdera bat egiten diozu. Erantzunik jaso al zenuen?
Beno, hori joko bat da. Argi dago nik Ramon Saizarbitoriari ez diodala galdera hori serio egiten, bai baitakit zergatik idazten diren horrenbeste istorio triste: mundu honetan daudelako eta batzuk haiei buruz idatzi beharra dugulako. Baina ni ez naiz batere segurua, eta liburu hau idazterakoan ere zalantza asko izan nituen: egiten ari nintzenaren balioaz, zertarako... Orduan, Saizarbitoriaren esaldi horrekin topo egin nuenean -jende asko dagoela anbulategietako itxaron geletan inori interesatzen ez zaizkion kontu tristeak kontatuz-, bada, nire buruari galdetzen nion: «Kontatzen ari naizen istorio tristea inori interesatuko ote zaio?». Horregatik egiten dut galdera hori liburuan.

Zergatik sartu zenuen hiztegi subjektiboa?
Neronek ere ez dakit oso ondo nola sortu zitzaidan ideia hori. Agian hiztegiekin lan egiten dudalako, eta batzuetan hiztegiek ez nautelako asetzen.

Gaixoak dio gaixotasunak ez duela asko irakasten. Hala al da?
Nik hori oso argi ikusi nuen. Eta nire emazte zenak konbentzimendu handiz esaten zuen berak ez zuela halako sufrikarioaren beharrik hori ikasteko


Azkenak
Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Iruñeko espetxeko presoek tratu txarrak, birgizarteratzeko baliabide falta eta generoaren araberako desorekak sufritzen dituztela dio Salhaketak

Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.


Bizikleta martxa burutu dute Elizondon, osasun sistema publiko duinaren alde

Berrehun lagun hurbildu dira  Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


2025-06-05 | Sustatu
42: txat adimentsu harrigarriena, Nafarroan sortua nonbait

Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eraman ahal izatea onartu du Nafarroako Kontseiluak

Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


AEBetan sartzea debekatu edo mugatu die Trumpek hamabi herrialdetako pertsonei

"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea. 


“Herri aktibazioa” bultzatu nahi du Gure Eskuk larunbateko mobilizazioarekin

Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, parte hartzera eta kaleak ikurrinaz betetzera dei egin du herri mugimenduak.


Jende andana bildu da Gasteizko Korda espazioaren desalojoaren aurkako manifestazioan

Ehunka lagun mobilizatu dira asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan barrena, Korda espazioaren desalojoaren aurka. Manifestazio amaierako hitzartzean, goizeko desalojoan ertzainek buruan zauritu duten Kordako kidea jada etxean eta "ondo" dagoela... [+]


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


Eguneraketa berriak daude