Javi Pez


2021eko uztailaren 28an
Musika elektronikoaren munduan aski ezaguna den musikaria da Javi Pez. Hainbat proiektutako partaide izan da eta Novophonic diskoetxeko kide ere bada. Datorren urterako bakarkako lan berria du buruan.

Sarrerako atea txiripaz aurkitu ostean zama jasogailura igo eta bosgarren solairuraino hurbildu gara emeki- emeki. Tailer hots artean eta langileak handik hona ikusten genituela jo dugu Novophonic diskoetxeko atea. Javi Pezen kide «Makala»k zabaldu digu atea. Bere atzean musika nahasteko aparailuak, instrumentuak, anplifikadoreak… «Makala»k platoekin jolasten duen bitartean binilo artean izan dugu solasaldia Javi Pezekin.

Musika elektronikoa sustrai beltz eta latinoetan oinarrituz jorratu duzu hasieratik. Zure lehen proiektu garrantzitsua Parafunk izan zen?
Parafunk aurretik egindako zenbait proiekturen ostean etorri zen, 23 ojos de pez taldean izan nintzen eta El jardín izeneko beste batean ere bai. Jon Izeta, Ibon Errazkin eta beste hainbat lagunekin sortu genituen taldeak, 1988an utzi genituen arte. Orduan, multipista mahai bat erosi eta nire gauzak egiten hasi nintzen. Gero Vitaminas izeneko talde bat ere sortu nuen. Garai hartan guztia kasetean kaleratzen genuen, 80ko hamarkadan ez ziren diskoak hala nola argitaratzen. Eta 90ean Parafunken lehen kaseta grabatu nuen. Lana bakarrik JAVI PEZ


grabatu banuen ere, gero emanaldiak eskaintzeko gonbidatuak eta lagunak inguratzen nituen.

Nondik datorkizu musika beltzarekiko zaletasun sutsu hori?
Nik uste dut arima beltza dudala. Txiki-txikitatik, zortzi bat urte nituenetik gustatu izan zait jazza, bluesa... Nire osabak kristoren jazz diskoak zituen eta asko entzuten nituen. Izugarri gustatzen zitzaizkidan Art Blakey, Louis Amstrong, Duke Ellington… zurien musika baino askoz gehiago gustatzen zitzaidan. Familian beti gustatu izan zaigu musika beltza, Jackson Five…

Konposatzailea izateaz gain, instrumentista ere bazara.
Bai, musika konposatu, hitzak idatzi eta abesteaz gain, instrumentista ere banaiz. Gonbidatu bezala jende askorekin jo dut, Bap edota Xabier Montoiarekin, kasurako. Batez ere, gitarra jotzen dut, platoekin ere egin dut zerbait, sintetizadoreak... Konposatzerako orduan instrumentu guztiak jotzen ditut eta gero, estudioan, benetako musikariek jotzen dute. Gitarraz gain, samplerra erabil dezaket konposatzeko, bide bat zabaltzen baituzu, edo erritmo bat. Askotan erritmoak bakarrik konposatzea gustatzen zait eta hortik, agian, gero abesti bat irten daiteke. Konposatzeko era asko daude, baina, batez ere, gitarrajolea naizela esan daiteke. Konposatzailea banaiz, instrumentista, ordea, nahiko txarra. Konposatzeko erabiltzen dut instrumentua.

Zure apusturik garrantzitsuenetako bat Sirope Sound Sistem izan zen...
Sirope Parafunken ostean etorri zen. Xabi "Loreak Mendian"ek eta 23 ojos de pez taldean izan ginen Jon Izeta eta hirurok sortu genuen. Oso kolektibo artistikoa zen, gauza asko sortzen baikenituen: "Dance club" izeneko fanzina egiten genuen, Donostiako Sagueseko El Muro tabernan hamabost egunean behin jaiak antolatzen genituen. 1995ean Etxekalten programatzaile moduan hasi ginen jaiak antolatzen, Herri Irratian "Dance club" izeneko irratsaio bat egiten genuen...

Aitzindariak izan zineten mugimendu honen barruan.
Bai, egia esan esparru honetan ez zegoen mugimendu askorik. Horregatik sortu zen, hain zuzen ere, musika beltzaren hedapena faltan botatzen genuelako. Ez soilik funka, reaggea, disko musika, housea, eta club-eko musika ere bai. Hortaz, sustrai beltzak dituen musika bultzatzen eta hedatzen hasi ginen. Gauza asko egin genituen. Gero Etxekalten programatzaile gisan hasi ginen lanean, baina ekitaldiak gutxitzen hasi ziren eta 1995ean Novophonic diskoetxea sortu genuen.

Novophonic Euskal Herriko diskoetxeak musika mota hori ekoiztera ausartzen ez zirelako sortu al zen?
Autoproduzitzeko era bat zen, diskoetxe baten menpe ez egoteko modu bat. Estudio bat geneukanez eta grabaketak bagenituenez, biniloak argitaratzea ez zen batere zaila. Lehenengo bi diskoak Esan Ozenki zigiluaren laguntzarekin kaleratu genituen, Fermin eta konpainiaren lagunak baikara. Beraiek egin zituzten kudeaketa lanak. Gero bakarka hasi ginen. Sirope Musika Elkartea sortu genuen, horrela, diskoak kaleratzeko baimena lortuz. Biniloak argitaratzen eta CDan rekopilatzen hasi ginen. Gero, banaketa, ezagutzen genuen jendearen bitartez egiten genuen, hemengo eta baita Madrileko lagunen bitartez. Hasieratik hasi ginen gure lanak guk geuk ekoizten, hori da independente izateko modua.

Zuek sortutako lanak kaleratzeaz gain, kanpotik etorritakoak ere ekoizten al dituzue?
Bai, gauza interesgarriak heltzen bazaizkigu, bai. Dena dela, ez daukagu horretarako ahalmen handirik. Ez dugu ehuneko ehunean diskoetxerako lan egiten. Zigilua egiten ditugun ekintzen artean bat besterik ez da. Diskoetxean lan egiteaz gain, besteak beste, konposatu eta jaiak ere antolatzen ditugu. Hortaz, gaur egun, gure lanaren %30 eskaintzen diogu diskoetxeari. Horregatik, promozioak ez ditugu guk egiten. Horretaz arduratuko den norbait topatzen dugu eta banaketarekin berdina egiten dugu. Guk produktua sortzen dugu. Produktu industriala, denda eta supermerkatuetakoa baino, gurea artisau produktu bat gehiago dela esan daiteke. Biniloarekin egiten dugu lan, gauza oso delikatuak lantzen ditugu klub edota musika zaletuei zuzenduta. Melomanoentzako museo bat bezalakoa da. Artisau lan bat bezala hartzen dugu. Bestela, lantalde handi bat beharko genuke, azpiegitura handiagoa... Mementoz, horrela dihardugu eta urtean bi edo hiru lan argitaratzen ditugu. Kanpoko lanak ere kaleratu izan ditugu. Frantziako mutil batek, adibidez, Chazamek, amaitua zuen disko bat bidali zigun. Gustatu eta argitaratu egin genuen. Ezin dugu, ordea, disko bat ekoitzi eta dirua inbertitu, arriskutsua da guretzat. Ez dugu gure burua saltsa handiegietan sartu nahi, ezta beste inor sartu nahi ere. Hau da daukaguna, ia eginak dauden lanak argitaratzeko ahalmena daukagu.

Sirope kolektiboak ekainean esan zigun agur. Zer dela eta?
Kideetako bat, Jon Izeta, 1999an hil zen. Bera zen diseinatzailea, partaide nagusia, izena ere berak asmatu zuen. Bera hil ostean kolektiboarekin jarraitu genuen. Baina egia esan gauza gutxi egiten genituen Xabik eta biok elkarrekin. Garai bat amaitu zen eta "Sirope Last Dance" izeneko jaia antolatu genuen elkarteari agur esateko.

Zein ezaugarri izan behar ditu Disc Jockey on batek?
Melomano bat izan behar da. Nire ustez DJ on bat ez da soilik bonboak beltzetara ongi nahasten dituena. Nortasuna izan behar du, barietatea, jendeak ondo pasatzeko ahalmena izan behar du, disko asko lortzeko gaitasuna, toki askotan entzuten ez diren abestiak jartzeko ahalmena, berritzailea izan behar da, bilatzeko grina izan behar du. Irrati bat bezalakoa da, azken batean musika hedatzeko bide bat baita. Ez da bakarrik telebistan entzuten diren gauzetan zentratu behar. Esna egon behar duzu, ia dendetan aurkitzen ez den materialarekin lan egiten baita.

Euskal Herriko hiri bakoitzak giro ezberdina du. Donostia da zuen ekintza nagusien kokalekua. Nola erantzun dute donostiarrek mugimendu honen aurrean?
Gero eta onartuago dago. Jendea gertuago sentitzen da orain. Izan ere, makinak egunero present ditugu gure bizitzan eta jadanik gure kulturaren baitan dago. Dena dela, hedabideak falta dira, hedabide independenteak agian. Kultura mailako hedabideak, hedabide independente eta berezituak, irratiak, aldizkariak... Egon badaude, baina oraindik nahiko nahastuak. Musikaren munduan hedabide asko egon daitezke. Nire ustez, batez ere, irrati bat eta telebista bat falta dira. Gaur egun, telebista guztiak oso gaizki daude, guztiak. ETB1, adibidez, askoz esperimentalagoa izan zitekeen. Izan ere, entzule kopurua besteena baino askoz txikiagoa du. Ideia berrietan inbertitu dezake, baina ez du horrela jokatzen eta pena bat da.

Musika elektronikoa dantzarako musikarekin lotu da beti. Ez du, ordea, zertan horrela izan behar...
Lotura hori ez da zuzena. Musika elektronikoa lehen sintetizadorea sortu zenetik daukagu, 20ko hamarkadatik, gutxi gorabehera. Dantzarako musika elektronikoak, aldiz, urte gutxiago ditu, nahiko hurbila da bere sorrera. Gertatzen dena da dantzara zuzendutako musika popularizatu egiten dela, musika elektronikoaren pop estiloa izango litzateke.

Musika elektronikoa aipatzean jende askori bakailao musika datorkio burura. Desinformazioaren ondorioa al da hori?
Bai, dudarik gabe.

Nola definituko zenuke, hortaz, musika elektronikoa?
Instrumentu elektronikoez eginiko musika, sintetizadoreen bidez, gitarra elektronikoen bidez, bateria elektronikoen bidez... Elektroakustika ere hor dago. Musika elektronikoa oso zabala da, ia rock&rolla baino zabalagoa dela ere esan daiteke. Rock&rolla ez da musika klasikoarekin uztartzen. Deep Purple izan daiteke salbuespena, orkestra batekin grabatu baitzuen. Musika elektronikoa, ordea, konposatzaile garaikideak sortu zirenetik uztartu izan da musika klasikoarekin. Azken finean, rocka pop-aren kulturaren barruan dago. Musika elektronikoa kultura zabalagoa da. Eta berau osoki ezagutzea ez da batere erraza.

Azken urteetan era guztietako estilo uztarketak edo fusioak entzun dira. Musika elektronikoa, besteak beste, jazz mundura hurbildu da asko.
Bai, elementu elektroniko asko erabiltzen ari dira. Konposatzeko modua ere hor dago. Estilo bakoitzaren barruan elementu elektronikoak edota elementu akustikoak erabil ditzakezu. Estilo askotan erabiltzen dira instrumentu elektronikoak, jazzean, musika afrikarrean... Dena dela, nahita nahiez, musika elektronikoa batez ere musika zuria da. Izan ere, elementu elektronikoak zurien mundutik baitatoz, garapen teknologikoa alde horretan dago. Nire ustez erreminta bat da. Hala eta guztiz ere, gaur egun Detroiten, adibidez, technoa egiten duten guztiak beltzak dira.

Elektronikaldia izan da zuen beste erronka garrantzitsu bat.
Niri bururatu zitzaidan ideia da Elektronikaldia. Duela hiru urte sortu zen, Gin Tonic taldeari proposatu nion egitasmoa eta beraiekin hasi ginen lanean. Hasieran Siropek eta Gin Tonicek elkarlanean antolatu genuen jaialdia. Gero, duela bi urte, «Makala» sartu zen antolakuntzan. Gaur egun, «Makala»k eta biok zuzendaritza artistikoa daramagu eta Gin Tonic produkzioaz arduratzen da. «Makala»k, Txarli Brownek eta hirurok Novophonic elkarte mugatu bihurtu dugu. Lehen Sirope Elkarte Musikala zen eta orain Novophonic. Izan ere, jende ezberdinak osatzen dugu orain elkartea. Lehen Xabik, Jonek eta nik osatzen genuen. Orain beste hiru pertsona gaude.

Zer da aurtengo Elektronikaldiak eskainiko diguna?
Jai batekin hasiko dugu jaialdia. Urriak 11n, ostiralean, Brooklyneko talde bat izango dugu, Turntables on the hudson, DJak dira eta perkusionista bat ere badakarte beraiekin. Whatch T.V. ere hemen izango da, Madrilgo proposamena, disko berriarekin datoz. Eta gero arratsaldeetan, Kursaalean apustu arriskutsuagoak izango dira: batez ere, entzuteko musika. Suediatik datorren Mokira taldea, adibidez; Puss izeneko beste bat ere bai, Game Boyak musika egiteko erabiltzen dituena... Gero Bilbotik datozen Chico y chica ere izango dira, oso proposamen kabareteroa eta dibertigarria. Horrez gain, lehiaketa bat ere antolatu dugu. Horrela, aretoetako batean finalisten emanaldiak entzun ahal izango dira. Euskal Herriko nahiz Europako taldeak izango dira bertan


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude