«Esplotatuago dago hemengo langilea Guatemalako nekazaria baino»

  • Zurichen jaio eta Bartzelonan, Nikaraguan eta Gasteizen bizi izan da. Internazionalista petoa, alegia. Bere aberria definitzen lanak zituen, eta laguntasunak ekarri zuen Euskal Herrira. Askapena taldeko koordinatzailea izanik, Kutxilleria kaleko dendan hartu gaitu, galdera-erantzunen komertzio justua osatu asmoz.
Gobernuz Kanpoko Erakundeen mundua gertutik ezagutzen duzu. Zer kontraesan daude erakunde hauen barruan?

Batetik, Gobernuz Kanpoko Erakundeen %90ak kritikatu egiten du neoliberalismoa, eta komertzio bidegabea, eta kanpo zorra... eta hori guztia kritikatzerakoan, gobernuak kritikatzen dituzte, ez dutelako gaitasunik gose eta miseriaren arazo larria konpontzeko. Proposatzen dutena da, gobernuak eurei diru-laguntzak gehitzea, erakunde hauek izan daitezen miseriaren arazoa konponduko dutenak. Baina hori da gizarteari onartzea, hemen gosearen arazoari aurre egiten diotenak eta egin behar diotenak instituzio pribatuak direla, eta ez gobernuak. Beste hitzetan esanda, neoliberalismoa kritikatuagatik, neoliberalismoa sustatzen ari dira.
Gauza bera gertatzen ari da Gobernuz Kanpoko Erakundeak doazen lurraldeetan ere. Bertako gobernuaren alternatiba gisa arazoak konpontzera doazenean, komunitate horietan antolakuntza pribatuak promozionatzen dituzte. Herritarrei erosoagoa zaie Gobernuz Kanpoko Erakundeengana jotzea, euren gobernu eta administrazio propioari bere erantzukizunak eskatzea baino.
Honi gehitu behar zaio 1993-94az geroztik izugarri handitu dela Gobernuz Kanpoko Erakundeek enpresa pribatuekin egiten duten lana: banketxeak direla, edo RAM markako esne kaxa bat erosten duzun aldiro litro bat bidaltzen dietela «beltz gizagaixoei»... Marketing hutsa bihurtu dela alegia. Estatus distiratsua duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek enpresa batzuei justiziaren eta gizatasunaren diskurtsoa ematen diete.

Gobernuz Kanpoko Erakundeek, lagundu asmotan, zertan egin diezaiekete kalte kulturei?
Aipa daitezke inperialismo kulturala, inperialismo ekonomikoa (zerorrek sartzen diozulako teknologia ezberdina), balore eskemak ezartzea, lan eta aberastasun propioak antolatu eta kudeatzeko eskemak ezartzea... diru laguntza bat eskuratzeko, denak izan behar du GKEen neurrira egina, beraz, Mendebaldearen itxurara eta neurrira egina. Eta jakina, itxurara eta neurrira egina badago, esplotatua izan dadin egina dagoelako da. GKEek kultura indigenak hartu eta transformatu egiten dituzte, pobre baina independenteak edo propioak izatetik, miserable eta esplotatuak izatera igarotzen dira.

«Lehen Munduko» ezkerra nola ikusten duzu?
Borrokan etsi egin du ezker osoak, eta sistemarentzat arazo iturri ez diren ekintzetara bideratzen utzi du bere burua. Oso erraza da «internazionalismoa» eta elkartasuna hemendik milaka kilometrotara egitea, milaka kilometrotara oso iraultzaile izatea, baina hemen bertan belarriak jaitsi eta sistemari aurre egiteko jarrerarik ez hartzea. Betiko aitzakia da esatea «ez baita gauza bera hemengoa eta hangoa».
Horixe da GKEek eta ezkerrak errealitatea ulertzerakoan egiten duten akatsik handiena, hemen txarren txarrena ez den sistema dugula pentsatzea. «Beste tokietan giza eskubideak bortxatzen dira eta gerra dago, eta hemen ez gaude hain gaizki».
Gure «askatasunari» buruz beti jartzen den argudioa da, orri hauetan nik botatako lerdokeria denak argitaratu ditzakezuela, nahi adina erradikalak izan daitezkeenak, eta hala ere ez zaigula ezer gertatuko. Publikoki esan egin dezakegu, eta beraz adierazpen askatasun gehiago omen dugu hemen, Mexikon edo Indonesian baino, han automatikoki paramilitarrak etorri eta atxilotu egingo gintuzketelako. Baina non dago gakoa? Bada, Mexikon edo Timorren zuk kaleratzen duzun diskurtsoak eragina duela jendearengan; jendea mugiarazi egiten duela, altxatu egiten dela, deserosoa izaten hasten dela. Eta desatsegina denez, automatikoki moztu egiten dira ideiak, giza eskubide guztiak, araudi propio guztia bortxatuta. Hemen, berriz, publikoki hitz eta pitz egin dezakegu herriarengan eragin zipitzik eduki gabe, komunikabide «ofizialen» bonbardaketak indar izugarria duelako. Eta hala ere, hemen bertan adierazpen askatasuna pixka bat molestatzen hasten den orduko, modu berberean mozten dute.
Azkenean, botere banaketa da arazoa. Boterea jokoan jartzen denean, orduantxe desagertzen dira giza eskubideak eta adierazpen askatasunak. Eta berdin-berdin gertatzen da bai hemen eta bai han, nahiz eta hemen apainduagoa izan.

Ez al da zailagoa sistemari aurre egiteko herriarengan eragitea, sistema gure mesederako denean?
Horixe da betiko dilema: nola egiten da iraultza, sabela beteta edo sabel hutsik? Niretzat ez da ez bata eta ez bestea. Ezinezkoa da Afrikan, batez ere Saharaz beherakoan, jendea literalki goseak hiltzen ari denean iraultza egitea, eta ezta urdaiazpiko onenez edo McDonald’seko hanburgesez okituak bagaude ere.
Garbi dagoena da, herritar gisa botereari saldu egin diogula geure burua. Ez gara ikusteko gai noraino gauden esplotatuak, besterena erraz ikusten dugu baina. Beti esaten dugu «Guatemalan kafea biltzen duten nekazariak esplotatuta daude, hemen duela bi mende bezalaxe bizi dira». Baina ikusi egin behar nola ulertzen den esplotazioaren kontua. Egia da askoz gehiago sufritzen dutela, haiek hil egiten dira. Baina era berean egia da hemengo jendea esplotatuagoa dagoela Guatemalako nekazaria baino, nahiz eta gu ez gaituen goseak akabatzen. Ekonomilariek egindako kalkuluen arabera, Euskal Herriko enpresa ertain batean, langile bakoitzeko ateratzen den plusbalioa urteko 66.000 eurotakoa da. Etekin hori ezinezkoa da Guatemalako kafezale batengandik zurrupatzea, nahiz eta nekazari asko eta asko esplotatuta ere plusbalio ederra ateratzen duten. Alegia, langileak banaka hartuta hemen esplotatuago gaudela han baino. Jakina, haiek ez bezala guk hezkuntza bat jaso dugu (hainbeste plusbalio produzitzen eta esplotatuak izaten laguntzen digun hezkuntza), guk osasuna dugu (plusbalioari laguntzen diona), eta guk elikadura egokia dugu (lanera hutsik gabe joatea ahalbidetzen diguna). Baina jaten ematen digutenean itxi egin nahi dizkigute ez bakarrik ahoa, baita begiak ere. Eta goseak akabatzen zaudenean ere ikusmena galdu egiten da.

GKE batek, bere norabidea markatzerakoan zer aukera egin behar izaten du?
Arazoa da GKEek euren diskurtsoan ez dutela bereizten zer den larrialdiko laguntza eta zer garapenerako laguntza, eta argudioak nahastu egiten dituztela. Adibide zehatz batekin azalduta, demagun errefuxiatu eremu batean gaudela, munduko bazterren batean, eta epidemia bat dagoela. Médicos sin Fronteraseko, Medicus Mundiko edo dena delako mediku bat dago bertan, eta 5 kaxa pilula ditu arazoa konpontzeko. Medikuak badaki 5 kaxekin bi astetarako baino ez duela, eta badaki beste 3 edo 6 hilabete pasa beharko dutela sendagai gehiago iristerako. Orduan, medikuak erabaki beharra dauka.
Batetik, gaixo guztiei sendagaia eman eta denak sendatzen saiatu daiteke, bost kaxak agortu arte. Hauxe da GKEen joera, baina ez kasu zehatz horretan, arazo orokorrari buruz ari direnean baizik. Arazo zehatz horren aurrean edozein GKEtako medikuk egiten duena da (eta ondo egina gainera), erabakitzea gaixoen artetik nor salbatu eta nor ez. Lehenik eta behin, zaharrak eta elbarriak alboratuko dituzte, produktiboak ez diren pertsonak, alegia. Hala ere gaixoak gehiago badira sendagaia baino, bigarren pausora pasako da medikua: umeak hiltzen utziko ditu, ume batek helduen premia duelako bizirik ateratzeko, eta gainera heldu batek bizitza berri bat sortzeko ahalmena ere baduelako.
Kontua da, GKEek prozedura hau jarraituko balute problematika globalagoan, ez liratekeela dauden tokian egongo: jende askori hiltzen utziko liokete, eta euren esfortzu, diru eta giza ausardia guztia inbertituko lukete benetan urgentzia duenari erantzuten: hemen bertako sistema aldatzea, zurrupatu eta lapurtu egiten duen gure garapen eredua baita lehenbailehen aldatu behar duguna. Alegia, GKEak euren sorrerako tokira itzuliko liratekeela, eta aldatzen edo gutxienez zailtasunak jartzen saiatuko liratekeela Nestleri, BBVAri, Telefonicari, Repsoli, eta euren gobernuei, mugak jarriz enpresa hauen esplotazio, aberaste eta kontzentrazio ekonomikoari. Kalkulua oso erraza da: egun, garapenerako laguntzatan bidaltzen den dolar bakoitzeko, 4 dolar itzultzen dira bueltan aberatsen patrikara, kanpo zorraren interesaren bidez bakarrik (kontuak atera honi komertzio bidegabea eta espekulazioa gehituz gero, gure etekina zenbaterainokoa den).
Beste kontu bat da larrialdiko laguntza eskaintzea, gaurko bizitzak salbatzea bihar garatzeko aukera izan dezaten. Baina kontuz, gaur salbatzen duzun bizitza bihar garatu ahal izango da, baldin eta berari lapurtzen jarraitzen ez bazaio!

Beraz, Askapenaren lana Euskal Herrian oinarritzen da?
Gure apustua da internazionalismoa hemen egitea. Alde horretatik, Lurra elkartearen proposamenarekin bat egiten dugu, proiektu handi guztiak mantsotzea eskatzen baitu (garraio azpiegitura, energia produkzioa edo merkataritzako azalera handien proiektuak...). Eztabaida beharrezkoa da, kontziente egin gaitezen uzten dugun aztarna ekologikoaz. Gauza bera gertatzen da atzerriko inbertsioekin, ez gara kontzienteak zer sustatzen ari garen. Euskaldun gisa gure erantzukizuna dugu, gutxienez, hemen dagoenarekiko. Hortik aurrera hitz egin dezakegu «elkartasunaz», baina lehenago ez genuke aipatu ere egin behar, lotsagatik.

Internazionalismoa hemen egiten baduzue, nola lotzen duzue hori beste herriekiko harremanarekin?
Gure herritarrak eta bertako proiektu politikoak koherenteak izatera iristeko, lehenik eta behin kontzientzia aldatu behar dugu. Eta hain barneratua dugun kontzientzia hori ez da aldatzen gurean isolatuta, baizik eta gure garapen sistemak esplotatzen duen jende horren guztiaren elkartasunarekin. Horregatik, elkartasuna ez dugu hainbeste ulertzen guk besteei eskaintzen dieguna bezala, guk besterengandik jasotzen duguna bezala baizik. Esaterako, oso garbi dugu brigadista baten lana hona itzultzen denean hasten dela. Atzerrira doanean, brigadista ez doa elkartasuna ematera, jasotzera baizik, heziketa gisa, esperientzia eta bizipen eran. Horrek denak geure balore eskema aldarazten digu, gure errealitateaz jabetu gaitezen edo hemen manipulatua dugun ikuspegiaz jabetu gaitezen.
Kontziente gara, brigadista bat bidaltzen dugun aldiro kalte egiten ari garela han; brigadistarekin batera bere sakoneko eskema mental kapitalista-neoliberalak doazelako, nahiz eta denok ere oso ezkertiartzat eduki geure burua. Eta eskema horiexek ari gara sartzen bai Txiapasen, Mexikon, Kuban, edo edozein komunitatetan, justu kapitalismoaren aurka lan izugarria egin dutenean.

Urtean zenbat brigadista joaten da?
Brigadisten kopurua izugarri jaitsi da. «Urrezko urteetan», iraultza sandinistaren garaitan eta ondoko urteetan, «Askapena» taldearekin 250 lagun inguru joan izan ziren. Aurten 50 lagun joan dira.
Brigadistak urritu izana arrazoi ezberdinek eragiten dute: batetik, gero eta prestakuntza handiagoa eskatzen dugu, hain justu hango herritarrengan sortzen dugun kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. Bestetik, gaur egun iraultza sandinista bezalako erreferentzia ideologiko-politikoa falta da. Hirugarrenik, GKEen kanpainen bidetik zabaldu den ideiak ez du askorik laguntzen. Alegia, pentsatzea zerbait egin litekeela, ezerekin konpromisorik hartu gabe, batez ere bertako kontuekin. «Sentsibilizazio» kanpainek bonbardatuta, azkenean gehiengoak sinetsi egin du dirua bidaltze hutsarekin zerbait konpontzen duela, miseriaren arazoak ez duela beste konpromisorik eskatzen. Eta laugarrenik, «sentsibilizazio» kanpainek azkenean «sentsibilizazio eza» da eragin dutena, errealak ez diren «konponbideetarantz» sentsibilizatzen dutelako jendea.
1992-93an, 0,7aren aldeko kanpaina basati bat bizi izan genuen. Euren nahia zen 0,7arekin, alegia, sistemak lapurtzen duenaren zatitxo batekin, konpontzea lapurretak sortutako miseria. Hasteko, 0,7arena 1968an asmatu zen, orduko miseria bere horretan mantentzeko beharrezko kopurua zela kalkulatuta, alegia, miseria ez gehiago handitzeko kopurua zela 0,7a. Egun, 30 urte baino gehiago pasa direnean, 0,7a are kopuru miserableagoa da. Eta gainera alferrikakoa da dirua ematea, lapurreta sistema honi eusten bazaio. Oso pragmatikoak eta errealistak omen diren GKE horiek, azkenean daukaten utopia faltak erabateko inuzenteak izatera daramatza.

Zer da zuretzat utopia?
Kontraesanik handiena da, errealismoaz gehien hitz egiten dutenak eta pragmatismoaren alde utopia ukatzen dutenak direla, hain justu, hankak ilargian dituztenak.
Gaurko egoera, holokaustoaren egoera orokortu bat da. Ez du beste izenik, ikusita oso gutxi batzuren mesedetan sortzen ari den gose eta miseria erabat zabaldua. Eta holokausto egoera honen aurrean, aldaketa txikiez hitz egitea edo laguntza humanitarioaz hitz egitea, kolera epidemia baten aurrean, kolerak sortutako buruko minaren kontrako aspirinak gutxi batzuei banatzea bezalakoxea da. Gaixotasunak sustrai sakonagoa du, eta sustrai hori hemen dago. Horregatik bide erreal bakar gisa aldarrikatu behar dugu utopia.
Utopia ukatzea, erreformismo baten justifikazioa izan ohi da, zerbait alda dezakeela esaten duen erreformismoaren justifikazioa, baina hori bai, pausorik eman gabe, eta batez ere arriskatzeko inongo asmorik gabe. Gutxienez, pragmatismoa aldarrikatzen duten ideologoak izan daitezela umilagoak, eta onar dezatela horrela ez dela egiatan ezertxo ere aldatzen.
Bestetik, boterea ez da ahalguztiduna, hori ere beste gezur bat da. Aldaketa erradikalak posible dira, eta gainera erabat nahitaezkoa da. Horrek ez du esan nahi gure buruaz beste egin behar dugunik, ez dugu tonto tonto salto egin behar, baina bai utopia hori, erabateko aldaketa hori buruan izan behar dugula beti.

Nola ikusten duzu globalizazioaren aurkako mugimendua?
Globalizazioaren aurkako mugimendua liderrak saihesten saiatzen da, buruzagiak saihesten, baita erakundeak ere, eta azkenean oso mugimendu indibidualista bihurtu da. Sare horizontal bat eraiki nahi dute, batez ere informazioaren teknologia berrien bidez, eta bide horretan, nire ustez, akats zerrenda egin dute.
Lehenik eta behin indibidualismoa bera. Bigarrenik, nahastu egiten dute informatua egoteko ahalmen edo aukera teknologikoa, informatua egotearekin. Eta uste duzunean informatua zaudela, egiazki aukera baino ez duzunean eta informatua ez zaudenean, aldi berean uste izaten duzu gauza guztiei buruz iritzia emateko autoritatea edo gaitasuna ere baduzula. Horrek gauza guzti-guztiei buruz iritzia ematera zaramatza, eta gainera zure iritzia da sartu nahi dizuten iritzi horren berdin-berdina. Alegia, lehen baino askozaz ere manipulatuagoa zaudela. Lehen «ez dakigu ezer» esaten genuen, «ez dugu gai horri buruzko informazioa eskuratzeko aukerarik». Eta beraz, norbait etorri eta esaten bazigun berak bazuela horri buruzko informazioa, edo bera hantxe egon zela, hark zuen autoritatea, eta guk bere iritzia eskatzen genion eta bere iritziarekin bat egiten genuen. Gaur egun inork ez du iritzi batekin bat egin nahi, denok izan nahi dugu iritzi propio eta indibiduala, eta egiaz duguna da sartu nahi diguten iritzi manipulatu hori.
Gainera, globalizazioaren aurkako mugimendua eurozentrismoan erori da, Europatik sortzen ari den mugimendu gisa planteatzen delako, konturatu ere egin gabe aspalditik globalizazioaren aurkako beste mugimendu batzuk ere egon izan direla: askapen nazionaleko mugimenduak, mugimendu indigenak (kultura propioaren pisua dutenak, idiosinkrasia alternatiboa dutenak), Islamaren mundu zabala... Horiek denek askoz ere esperientzia gehiago dute, askoz ere botere eta gaitasun gehiago dute jaio berria den mugimendu europarrak baino, eta beraz, onar dezagun behingoan antiglobalizazio mugimendua beste horien denen eskutan dagoela, gu zati txiki ahul bat baino ez garela eta eurengandik ikasi behar dugula.
Bestetik, europar mugimenduak oraindik ere ez du alternatiba bat ere planteatzen, oraingoz «anti» bakarrik dira, eta gainera guztiaren «anti» (batzuk honen «anti», besteak haren «anti»).
Gainera, Genoan milioi bat pertsona bilduagatik, ea jabetzen garen milioi hori Europa osokoa dela, eta beraz, tokian tokiko kontuetan ez garela gai ezertxo ere egiteko. Herrialdeetatik abiatuta egiazko alternatibak eraiki behar ditugu, tokian tokiko indarrak bilduz. Orain arte lortu den bakarra da «Zapatours»etatik (Txiapasko turismotik) «Anti-kontra-tours»etara igarotzea. Oso modan dago udan bidaia latza egitea halako manifestazioak aitzakia hartuta, jabetu ere egin gabe bidaia puska hori ordaintzeko ahalmena dugunaz. Mugimendu indigena hiri batera badoa, hiria hartu egiten du, literalki gainera. Indigenena benetan da botere enfrentamendu bat, beste manifestazioak, berriz, zirko hutsa dira. Inauteriak dirudite, festa bat, eta horrek oso zerikusi gutxi du lan ideologiko eta politikoarekin.
Hori bai, Europako antiglobalizazio mugimendua behar-beharrezkoa da, eta jaioberria izanagatik, gutxienez hasi dadila pixka bat molestatzen. Buruzagiek, liderrek, abangoardiako erakundeek lortzen badute potentzial hori alternatiba baterantz eta botere enfrentamendu erreal eta zehatz baterantz bideratzea, ondo. Baina honek jarraitzen badu jendea indibidualki doan festa bat izaten, ez du inolako zentzurik

- Jaio: Zurichen, 1957. urtean.
- Bizi: Gasteizen.
- Askapena (Herriekiko Euskal Elkartasuna) taldeko koordinatzailea.
- Sei urterekin Katalunyara joan zen bizitzera.
- Zaragoza eta Leongo fakultateetan ikasi zuen Albaitaritza, eta Estatuko Albaitaritza Ikasleen Elkarteko Lehendakari izan zen urte haietan.
- 1986an Euskal Herrira etorri zen bizitzera.
- 1988-90 urte bitartean, Nikaraguan jardun zuen lanean. Nekazaritza eta Abeltzaintza Ministerioan, Sandinisten Nekazal Erreforman lehenik, eta 1990eko hauteskundeen ostean UNAG sindikatuan (Nikaraguako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna). Horrez gain, zenbait GKEren brigada alemaniar eta holandesen proiektuak antolatzen jardun zuen.
- 1991n Euskal Herrira itzuli, eta ordutik Askapenako militantea da.


Doinua: Mutil koxkor bat
Mixeriatan alderantziz da
intxaurrei buruz esana,
urrutikoak lau ale ditu
adar bakoitzean bana.
Itzal egiten digunak badu
hamalau aleren zama,
baina hain itzal ilun itxia
proiektatzen du gugana,
ezin dugula ikusi zer den
hosto artean daukana.

Aitor Mendiluze

Rio Coco harana (1984az geroztik gerra eremu), Nikaraguako iparraldean dago, Hondurasekin mugan. 1988-89an, Hondurasko ospitalerik handiena eta hornituena oihan horren erdian zegoen. Jakina, jendeak ez zuen bertara nola joanik, baina hala ere biztanleko behar adina mediku zeuden pilatuak, ia lanik gabe. Gurutze Gorria, Medicos sin Fronteras eta beste bost GKE bazeuden, eta haien hitzetan, Europar Komunitate Ekonomikoak oihan horretarako aurkeztutako proiektu guztiei baietza ematen zien. Aldiz, beste edozein lekutakoek traba gehiago zituzten. Erabat zentzugabea zen, ezin genuen ulertu. Erantzuna gerrillari sandinista zahar batek eman zidan: 1982-83an, Sobiet Batasuneko zientzialariek oihan hartan urreaz gain petroleoa eta uranioa ere bazela jakin zuten. GKEek, eurek jakin gabe, multinazionalentzat zeharkako lana egiten ari ziren: indigenekiko harremanarekin, indigenak ohitzen ari ziren gerora kanpotarren aurrean arazorik sor ez zezaten, multinazionalen kolonizazioaren aurrean euren eskulan merkea eman zezaten eta esplotatuak izaten utzi zitezen.


ASTEKARIA
2002ko irailaren 01a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude