JAINKOAREN FAMILIAK BIZI BERRI BATEN BI LA


2021eko uztailaren 19an
Gertu dugun arren, urruti gertatzen zaigun mundua da orden erlijiosoena. Izan ere, erabiltzen duten hizkuntza, burutzen dituzten erritoak eta bizi diren lekuak ezezagun egiten zaizkigu sarri. Baina finean, gizartean daude, eta beste askoren moduko familiak osatu dituzte 1.200 urteetako historian zehar. Urte horietan lan ezberdinak egin dituzte, miseriak bizi izan dituzte, euren arteko ezinikusi eta borrokak jasan dituzte. Eta dauden alde guztiekin, fraileak, mojeak eta mojak pertsonak dira. Jan eta lo egiten dute, eta tarteka gaixotu ere egiten dira. Horrez gain, askori ulertezin egiten zaigun bide bat aukeratu dute: «Jainkoaren bidea».

Bide hori ordea, bidegurutzean aurkitzen da orain. XX. mendearen 60ko hamarkadan puntu gorena ezagutu zuen institutu erlijiosoen fenomenoa, berrogei urte geroago, desagertzear dago. Euskal Herriko erlijiosoen batez besteko adina, egun, 65-72 urte bitartekoa da. Garai batean, 40-50 lagun zituzten komentu eta monastegietan, egun, 4, 5 eta 6 erlijioso edo erlijiosa bizi dira. Eta hala ere, guztira, 811 dira egun Euskal Herrian erlijiosoek dituzten etxeak. Izan ere, lehen handiak ziren komunitateak txikiak dira orain, eta horietako asko, pisuetan bizi dira, garai bateko eraikin handiak alde batera utzita. Honek guztiak hausnarketa garai bat ireki du zenbait aldaketa ekartzearekin batera. Lehen modu itxi batean bizi zirenak, gizartean txertatzera behartuak daude orain. Mentalitatea, ekonomi sistema, antolamendua, otoitz egiteko era, gizartearekiko komunikazioa... guztia ari da aldatzen. Eta modu azkarrean.
Egun, guztira, Euskal Herrian 20-25 gizonezko orden erlijioso dago. Eta 115 emakumezkoenak. Orden horietako bakoitzak bere lekua bete du gure historian. Hain zuzen ere, krisi garai honetan, Arantzazun «Familia eta Institutu Erlijiosoen Euskal Herriko Historiaren Igo kongresua» burutuko da ekainaren 24tik 28ra. Bertan, unibertsitateetako ikerlariak biltzeaz gain, hainbat kongregaziotako kideak izango dira, bakoitzaren datuak eta historia azaltzeko asmoarekin. Emiliano Ozaeta izango da horietako bat. Estibalitzeko monastegian bizi den beneditar honen esanetan, «jendeak indarra duenean borrokatu ohi du elkarren kontra; ahultasuna sortzean, elkar lagundu egiten da». Hori da hain zuzen, Kongresu honek ahalbidetuko duena: elkarlana. Elkarlan horretatik oraingo egoeraren eta iraganeko gertakizunen azterketa sortuko da. Eta hortik, agian, hemendik aurrera egin beharreko bidearen aztarna.
Modu batean edo bestean, orden erlijiosoek gurearen errealitate paralelo bat bizi izan dute, eta egungo gizarteak hurbil duen arazo batekin topo egin dute dagoeneko: arazo demografikoa. Guztiek pairatzen dute beren kideen zahartzea. Honek euren sistema ekonomikoa, funtzioak eta instituzioen egoeren aldaketa ekarri du. Aldaketa horiek aztertuko ditugu jarraian, oinarri bezala, Euskal Herrian pisu handia izan duten hiru gizonezko orden hartuta (frantziskotarrak, beneditarrak eta jesuitak) eta emakumeen egoera anitza orokorrean jorratuta.

BAKOITZAK, BEREA.

Familia guztietan gertatzen den bezala, elkarte erlijioso hauek ere pentsamolde ezberdinak dituzte. Batzuek modu batera ulertzen dute beren eginbeharra; eta besteek ordea, bestera. Adibidez, beneditarrek etxe barruan egin izan ohi dute bizia. «Otoitza eta lana da beneditarren bizitza», dio Emiliano Ozaetak. Horrela definitu izan da urteetan zehar. Klausura monastiko batean bizi dira. Etxe barruan eta inguruan egiten dute bizia eta lana, eta behar dutenean ateratzen dira monastegitik, baina ez sistematikoki. Euren eginbeharraz galdetuta, «bat ere ez edo kristautasuna modu konkretu batean bizitzea» dela erantzun zigun Ozaetak. Otoitza, isiltasuna eta harrera da eurentzat eguneroko lana. Eta horrek sortzen du sarri gizartearengan harridura: «Jendeak askotan galdetzen du ea zer egiten dugun hemen aspertuta». Dena den, funtzio horien artean batek, arazo bat baino gehiago ekarri die beneditarrei. Izan ere, garai batean identifikazio agiririk gabe, edonori uzten zitzaion sartzen monastegietan. Eta hori dela eta, adibidez, Bellokeko nagusiak Auschwitzeko kontzentrazio eremuan bukatu zuen.
Beneditarren monastegiak garrantzitsuak izan dira. Izan ere, bertan bizi behar horrek bultzatuta, lurrak, errotak, baratzeak eta morroiak ere izaten zituzten. Joseba Intxausti Arantzazun egingo den Kongresuaren koordinatzaileak aitortu digunez, «batzuetan kolonizazio eragileak ere izan ziren beneditarrak».
Egun, zahartze eta gutxitze prozesu horrek eraginda, gauzak aldatu egin dira. Adibidez, Estibalitzeko monastegian, santutegiak bultzatuta, egun jendearen harrera da funtzio nagusia. Gero eta handiagoa da hurbiltzen den jende kopurua. Eta horretaz bizi dira. Orain artean, ordea, nekazaritza izan dute bizibide. Baina maila txikian lantzen zutenez, ez zen errentagarria. Gainera, jendea hartu ahal izateko aparkalekua eta harrera eraikin berria egin behar izan zuten, eta beraz, baratzeari eremua kendu zioten. Orain, lantzen dituzten nekazal produktuak etxerako dira soilik. Horrez gain, liburuak sortzen dituzte. Eurek egin eta eurek zabaltzen dituzte normalean, Zamorako lekaimeen inprimategiaren laguntzaz. Eta egitea kostatu zaien prezioan saldu ohi dituzte.
Leiren aldiz, goi mailako jendea dago eta jarduera itxiago bat dute. Bertan giro intelektuala bizi da. Bellokekoek euskaltasuna zaintzeaz gain, desplazatuei harrera eskaintzen zieten.
Guztiz ezberdinak ziren funtzioak zituzten beneditarrek eta Jesusen Lagundiko kideek garai batean. Izan ere, bigarren hauek, beti ere San Inazioren nahiaren arabera, munduan zehar ebanjelioa zabaltzeko eginkizuna zuten nagusiki. Gauzak aldatu egin dira, orain elkarte gehienek badutelako funtzio hori. Baina Jesusen Lagundiaren garai zaharrean, «jesuitak salbuespena ziren beste ordenen artean», Isidoro Pinedo Iruñeko jesuiten etxean bizi den fraileak dioenez. San Inaziok «ejerzito» bat sortzeko asmoa zuen, borroka gogorrena zen lekuetara eskoadroiak bidali nahi zituen. Hau da, jendeak gehien behar zuen lekuetara jesuitak bidali. Horregatik, leku bakoitzeko kleriko zintzoak bezala jantzi zitezela esaten zuen. Egun ia ez dago jesuitik habitoa janzten duenik. Iruñeko etxean batek janzten du, 90 urte dituenak. Eta Loiolan ere bakarra topatu dugu. Beneditarrak ordea, San Benitoren erregelaren arabera janzten dira: mahuka zabaleko jantziaz. Egun meza eta otoitz garaian bakarrik janzten dute.
Jesuiten ezaugarri garrantzitsuena beraz, mugikortasuna zen. Mundu guztitik barreiaturik egon dira. Esaterako, euskaldunek Indian, Venezuelan eta Kongon presentzia izugarria dute. Baina egun lan anitzagoak dituzte Jesusen Lagundiako kideek. Batetik, asistentziazko lanak burutzen dituzte: preso izandakoei lagundu, drogen munduan murgildutakoei arreta eskaini, pertsona nagusiak zaindu... Irakaskuntza izan da historikoki jesuiten esparru nagusietako bat. Besteak beste, euren eskuetan dira Deustuko Unibertsitateko Donostiako eta Deustuko egoitzak. Eta jesuiten etxe gehienetan badago eskola bat. Baina adinaren eraginez, eskola horietan irakasle gehienak laikoak dira jada. Eta erlijiosoek lagundu besterik ez dute egiten. Iruñeko etxean dagoen eskolan, adibidez, laiko bat dago zuzendari.
Eskola alde batera utzirik, jesuitak limosnetatik eta diru bilketatik bizi dira. Izan ere, eskoletan burututako lanak komunitatetik bereizten saiatzea da hauen joera azken aldian. Eta gainera Loiolako eta Donostiako Herri Irratia dituzte euren eskuetan.

Bestalde, euskal kulturari garrantzi handia eman dion ordena izan da beti jesuitena. Eskoletan euskarak pisu handia izan du. Jesuita berrien formazioan ere garrantzia du. Bokazioak hiriburuetatik datozenez, hauei euskara irakatsi izan zaie beti. Eta ez dakitenak barnetegietan egon dira.
Euskararen alorra ere bereziki zaindua izan da frantziskotarren aldetik. Hauek ere irakaskuntzara lotuak egon dira urteetan, baina euren modu berezian. Izan ere, herriarekiko harremanak, predikua edo jende taldeen gidaritza izan da frantziskotarren eginkizun nagusia. Bizi ahal izateko, besteak beste, frantziskotarrek «eliz lana, kultur lana, esku lana eta limosna» baliatu dituzte, Joseba Intxaustiren esanetan. Azken hori, limosna eskatzea, da frantziskotarren berezko ezaugarria. Horretarako, herriarekiko harremanak oso garrantzitsuak ziren. Egun badago Arantzazun eske hori nola egin behar den zehazten duen liburu bat, 1750ekoa. Bertan azaltzen da urte osoan non eta zer eskatu behar zen. Une batzuetan artoa, besteetan babarrunak... Eskeari ordea, 1970. urte inguruan utzi behar izan zioten fraileek. Adibidez, Nafarroa Behereko Donapaleuko frantziskotarren etxean 1972an utzi zioten eginkizun horri. Errefuxiatuen aldeko grebaldi batean parte hartu zuten fraileek. Eta ondoren, etxez etxeko eskeetan erantzun onak eta txarrak jaso zituzten.

San Frantzisko Asisen teoria zen fraileek ez zutela ondasun higiezinik izan behar. Alegia, ezin zutela salmentarako produkzio sitema ekonomikorik izan. Eta hori da egungo euren ezaugarria. Orokorrean, limosnetatik eta egiten dituzten lanetatik bizi dira. Pello Zabalak berak aitortu zigunez ordea, Arantzazuko frantziskotarren etxean «lan gutxi egiten da dagoeneko. Zahar asko, eta gazte gutxi gaude hemen. Eta gazteek denetarik egiten dugu». Garai bateko inprimategia geldirik dute orain. Sukaldean, sukaldaria dute. Eta lan egiteko, pare bat ordenadore besterik ez daudela dio berak.

ERLIJIOSOEK ERE ERRETIROA.

Zahartze prozesu horren beste ondorioetako bat da fraile, moja eta moje zaharrek erretiroa dutela egun. Joseba Intxaustiren arabera, «erretiro txiki eta miserableak dira sarri». Arantzazun, bakoitzeko 600.000 pezeta (3.606 euro) inguru jasoko dute urtean. Eta dena den, Isidoro Pinedok esan zigunez, fraile guztiak ez daude gizarte segurantzan. Bera erretiratua dago, esaterako. Eta 50.000 pezeta (300,51 euro) inguruko erretiroa jasotzen omen du.
Kontua da, egungo egoerarekin, etxe horietako asko erretiratutako fraile eta mojeek jasotzen dituzten erretiroetatik bizi direla. Mari Jose Arana Jesusen Bihotzeko ordenako kidea Algortan bizi da. Komunitate handia dago bertan, egungo handi guztiak bezala, adineko erlijiosoez osatua. Eta erretirotik bizi dira. Aranak dioenez, «komunitate normaletan kide batzuek egiten duten lanetik lortzen dugu dirua. Baina zaharregiak gara. Eta berdin gertatzen da klausurako mojetan. Gehienetan jubilazioetatik bizi dira, eta tarteka egiten dituzten pastel eta joste lanetatik».
Zahartzaroari aurre egiteko baita ere, erizaindegiak diren etxeak sortzen ari dira. Jesuitek adibidez, Loiolan dute zerbitzu hori EAE eta Nafarroa guztirako. Eta dagoeneko ia ez du lekurik. Gurutzeko Alabek beren aldetik Irunen hartzen dituzte Espainia guztiko gaixoak.
GUZTIA GUZTIENTZAT. Edozein familiatara bezala, senitarte erlijiosoetara garai berriak iritsi dira, eta garai horietara moldatu behar izan dute. Horrek elkarte bakoitzean funtzio ugari barneratzea ekarri du. Garai batean kongregazio bakoitzeko kide guztiek eskola batean edota eritetxe jakin batean lan egiten zuten. Eta sarri eurak ziren bertako gidariak. Bestalde, garai bateko aurrekontu publikoek ez zuten ematen zenbait gauza egiteko, eta hainbat klinika pribatuk langile merkeak behar izaten zituen. Karitateko mojak adibidez, horrelako zerbitzu sozialetan aritu dira. «Esku merkea ziren. Eta elizari berari interesatzen zitzaion horrelako guneetan egotea», Intxaustiren aburuz.
Gizarteak ordea, sekularizazio prozesu baterantz eraman ditu horrelako erakundeak. Eskoletan bezala, zentro sozialetan, erlijioso gutxi batzuk egoten dira jada, laiko prestatuez inguraturik. Honela, orden bakoitzeko kide bakoitzak, dituen ikasketen arabera leku batean edo bestean lan egiten du, «edozeinek kobratzen duen soldata bera eskuratuz», Aranaren hitzetan. Eta bakoitzak bere lanpostua izan arren, biltzen den dirua, bai erretiroetatik baita beste lanetatik, komunitatearentzat da.

BOTEREA ETA ISTILUAK.

Boterea eta istiluak sarri batera joaten direla, ez da kontu berria. Elizan eta bereziki, orden erlijiosoetan, horixe gertatu izan da. Indarrik handiena izan zuten unetan gertatu ziren iskanbila gehien. Izan ere, gizartean bizi zirenez, baliabide mugatuak zituzten, eta «elementu berri bat espazio eta gizarte mugatu batean sartzen zen orduko, tarta berriz banatu behar zen», Intxaustik aitortu digunez. Egun, ordea, harremana asko estutu da euren artean, eta ez dago inolako gorabeherik. Aipatu, aipatu dizkigute garai batekoak eta ondorioak.
Esaterako, sarri gertatzen zen orden batek leku jakin batean etxea eraiki nahi bazuen, bertan zeuden besteek hori gerta ez zedin auzitara eramaten zutela. Honela, jesuitak ez ziren inoiz Baionan sartu eta Gasteizen sartu ezinik ibili ziren. Frantziskotarrek Arantzazun eta Zarautzen bazuten etxea, baina Donostiara ezin sarturik egon ziren XVI. mendean.
Jesuitek ere gorabehera ugari izan zituzten ebanjelioa munduan zabaltzeko zuten eragatik. Izan ere, lekuetara joan eta bertako ohiturak errespetatzen saiatzen ziren. Txinan izan zirenean, arbasoei eginiko kultoak onartzen zituzten. Beste misio batean gurutzea ez erabiltzea erabaki zuten. Horregatik, beste ordenek zalaparta ugari sortu zuten, Kontzilio Vatikano II.ak arrazoia eman zien arte.
Beneditarren artean, Caramuelek izan zuen liskarra jesuitekin XVII. mendean. Garai haietan bakoitzak zituen ohitura eta ideien inguruan sortu zen iskanbila. Dirudienez, Caramuel irekiagoa zen, eta jesuitak itxiagoak. Handik dator, «mahuka zabala, mahuka estua» esapidea.
Emakumeen artean, ordea, ezinikusiak gutxiago izan dira. Eta gertatu direnean, eskola honetako neskak edo hangoak hobeak zirelako izan da beti. Arazorik larriena, ezezagupen handia izan da.
Garaian garaikoa gertatzen dela diote beneditarrek. Eta egun, horrelakoak gertatzen ez diren arren, gizartean ugariak dira orden hauen funtzio eta botereari buruzko zurrumurruak. Dena den, nork duen botere gehien galdetzerakoan, galdera gehiago sortzen dira: «Zeinek du indar gehiago Opus Deik, Jesuitek edo frantziskotarrek? Nola neurtzen da hori?», dio Intxaustik.
Orokorrean, Euskal Herrian bi motatako elkarteak dira indartsuenak: batetik irakaskuntzakoak -Jesusen Lagundia, Deustuko Unibertsitatea edota Nafarroakoa-, eta bestetik, leku konkretu batera lotuak dauden zenbait -Loiola edo Arantzazuko santutegiak, esaterako-. Kontua da ohituak gaudela boterea ekonomikoki neurtzen. Eta alor horretan, zaila da hauek neurtzea. Esaterako, zenbat balio dezake Arantzazuk merkatuan? Zertarako balio dezake?
Galdera horiek denak pixkana erantzuten ari direla dirudi. Arantzazurekin epe labur batean egingo den moduan, beste zenbait erakunderekin ere, ordena erlijiosoen eraikinak «herritartzea»ren prozesua ematen ari dela baitirudi orain.
Nolanahi ere, etorkizuna modu askotara ikus daiteke. Batzuek, beneditarrek esaterako, eurek betetzen duten hutsunea beti izango dela diote, eta beraz, desagertzeko beldurrik ez dutela. Jesuitek, diotenez, «operazio kirurjiko» bat egin beharko da: zer egin dezaketen eta zer ez erabakitzeko. Mari Jose Aranak berriz, «bizitza erlijiosoa gutxi batzurentzat» dela uste du, baina bokazioak beti egongo direla. Eta horien gutxitzea mehatxu baino, aukera moduan ikusten du. Hausnartzeko aukera baten moduan. Izan ere, «maitasuna existitzen den bezala, Jainkoarekiko maitasuna existitzen» dela dio berak. Eta maitemintzearekin konparatzen du. Eta hori behintzat beti gertatu eta gertatuko da gizarte laikoan. Eta erlijiosoan?

Familia erlijiosoen historia propioa
Orden erlijiosoek 1.200 urteko historia dute. Insitutu hauek IX. mendean hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Nafarroan agertu ziren lehenengoz monastegiak. Hasiera batean hori besterik ez ziren, monastegiak. Baina gerora, San Benitoren erregela harturik, monastegien mundua beneditarra izango da. Euskal Herrian, Iratxen agertu zen beneditarren lehen aztarna.

XIII. mendean berriz, eskeko ordenak sortu ziren. Hauen ezaugarri nagusia zera da: esketik bizi direla eta ez dutela ondasun higiezinik. Horien artean, frantziskotarrak dira nabarmenenak. Eskekoak dira baita ere domingotarrak, agustinoak eta karmeldarrak. Gainera, frantziskotarren barnean adar berri bat sortu zen XVI. mendean: kaputxinoak.
Eskeko ordenetako etxeei komentu deitzen zaie eta kideei fraile. Eta San Benitoren erregela jarraitzen dutenei moje esaten zaie eta etxeei monastegi. Bi sistema ekonomiko eta sozial ezberdin dira beraz.
Orden erlijiosoen historian, hirugarren fase bat irekiko du Jesusen Lagundiak XVI. mendean jaio zenean. Jesusen Lagundian, Antzinako Jesusen Lagundia eta Jesusen Lagundi Berria bereizi behar dira. Lehenengoa 1773an Aita Santuak jesuiten desagerpen osoa ezartzean amaitu zen. Eta bigarrena 1814n hasi zen, Pio VII.ak berrezartzean. Azken hau indar izugarriarekin jaio zen Euskal Herrian eta Nafarroan, eta Gerra Karlistetan, karlisten lurraldeetan babesa aurkitu zuten.
1833tik 1840ra gertatu zen Esklaustrazioak zenbait ordenen desagerpena ekarri zuen. Eta horrez gain, elizaren ondasunak Estatuaren esku geratu ziren. Garai hartako geldiunearen ondoren, 1960-65ean ezagutu zuten orden erlijiosoek loraldirik handiena

Kongresua
Gure historian presentzia handia izan duten arren, sekula ez da egin Euskal Herriko institutu erlijiosoen ikerketa orokor bat. Ez dakigu zenbat kide dauden etxe bakoitzean, beren historia, nola bizi diren... Arantzazun hilaren 24tik 28ra egingo dena lehenengo kongresua izango da. Bertan 22 orden erlijiosoren berri emango da, 55 ponentzien bidez. Ponentzia horietako bakoitzean, kongregazioen historia, bakoitzaren ikerketak eta artxiboak non dauden eta bibliografia egokiena non topa daitekeen azalduko da. 3.000 orrialdetako materiala bilduko da, orden erlijiosoetako historialarientzat eta gure historia erlijiosoaren ikerlarientzat interesgarria izango dena

Datu gutxi batzuen peskizan
Ikerketa orokorrik sekula egin ez den arren, orden bakoitzeko kideek badute euren egoeraren berri. Nahiz eta datu erabat zehatzak ez izan, nolabait, bakoitzak esandakoak balio du ikuspegi orokor bat izateko.

Jesuitak. Guztira, 320-350 jesuita daude EAEn eta Nafarroan. Loiolako probintziaren barnean dago sartua Euskal Herriko Hegoalde guztia Jesusen Lagundiako ordenean. Guztira, urtean 1 edo 2 jesuita berri egoten dira bertan. Esaterako, Iruñeko jesuiten etxean 21 lagun daude orain eta euren adina batez beste 75 urtekoa da. Jesuitek beren esku dituzte hurrengo ikastetxeak: Iruñea eta Tuterakoa, Donostiakoa, Bilbo eta Durangokoa eta Gasteizkoa. Parrokiak bestalde, Bilbon, Portugaleten eta Altzan dituzte. Unibertsitateak Deustun eta Donostian. Eta irratiak Loiolan eta Donostian.
Frantziskotarrak. Garai batean baino askoz pobreagoak omen dira. Bat nabarmentzekotan, Euskal Herrian, Arantzazuko santutegia da frantziskotarren sinbolo esanguratsuena. Arantzazuko kideen kopurua beti izan da handia. Frantziskotarren artean, herritik kanpo zeuden komentuetan ez baitzen hori gertatzen normalean. Esaterako, 1965ean 173 fraile zeuden bertan. Gaur berriz, krisiak eraginda, 42 daude. Arantzazuz gain, frantziskotarren esku dauden obretatik, ederrenetakoak honakoak dira: Bermeoko komentua eta bere klaustroa, Tolosako Anbrosio bengoetxearen erretaula, Donostiako komentuko Juan Aranoaren pinturak...
Beneditarrak. Hauen sendia bikoitza da: batetik, beneditarrak daude; eta bestetik, zistertarrak. Lehenak, 60 gizonezko ditu Euskal Herrian, eta 80-100 bat emakume; bigarrenak, 40 bat gizonezko, eta 60-80 moja. Estibalitzen guztira, 8 beneditar daude, guztiak 60 urtetik gorakoak. Urtean 4 berri-edo sartzen omen dira. Baina dena den, beneditarrek komunitate txikiak izaten dituzte, eta egokiena 20-30 lagunekoak izatea da. Etxe garrantzitsuenak, Leire, Bellok eta La Oliba dira. Zistertarrenak bailaratan egoten dira, erreka baten gainean kokatuak, eta ur sistema izugarriak zituzten Erdi Aroan. Beneditarrenak mendi tontorretan egoten ziren aldiz


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude