Albisteak 

1839. alea
2002-01-27
alde 0    kontra 0

LAGUNTZA MUGAGABEA

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioek hitzarmena sinatu berri dute Eusko Ikaskuntzarekin. Akordio honek 1996an bost urterako sinatutakoari jarraipena emango dio. Baina horrez gain, erabat finkatuko omen du erakundeen eta EI-ren arteko harremana. Hain zuzen, Jaurlaritza eta hiru Aldundiak EIren jarduera denbora mugagabean finantzatzeko konpromisoa hartu dute. Finantzazioa proiektu konkretuetarako eta jarduera orokorrerako izango da. Eusko Ikaskuntzak bere aldetik erakundeek proposatutako ikertzaileei euren zerbitzuak erabiltzen utzi beharko die, besteak beste.


BESTE 16 BIDE EGILE

EUSKO Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak «Bidegileak» bildumako 22, 23, 24 eta 25. sortak argitaratu ditu. Plazaratutako karpeta bakoitzean gai konkretu batean lanean ibili diren lau pertsonaien berri ematen du bildumak. 22. sortak elizgizonak ditu hizpide; hain zuzen ere, Raimundo Olabide, Jaime Kerexeta, Pierre Narbaitz eta Aita Polikarpo Iraizozkoa. 23.ak Gabriel Lertxundi, Jose Antonio Donostia, Tomas Garbizu eta Estibaliz Robles-Arangiz musikariak biltzen ditu. 24.ak Juan Bautista Eguskitza, Poli Larrañaga, Jesus Intxausti «Uzturre» eta Polixene Trabuduaren berri ematen du. Hauek guztiak gizarte arazoez kezkatu ziren pertsonaiak dira. Eta azkenik, 25. aleak euskara landu eta zabaltzeko ahaleginak egin zituztenak aztertzen ditu: Jose Artetxe, Bingen Ametzaga, Iñaki Olabeaga eta Perpetua Saragueta. Karpeta hauez gain, aurten beste lau plazaratuko dira bilduma honen baitan.


DANTZAREN JATORRIRA

URTE askotan zehar eginiko ikerketa baten emaitza da orain plazaratu berri den «Danza Vasca. Aproximación a los símbolos» izeneko liburua. Juan Antonio Urbeltz dantzaren jatorrira hurbildu da liburuan, eta bertan, dantzaren jatorria, inauteriak, solstizio jaiak, dantza eta gizartea, musika eta musika tresnak eta Argia dantza taldea arakatu ditu. Etor Ostoa argitaletxean plazaratu du lana «Euskal Herria emblemática» bildumaren baitan.


BERTSOAREN EGUNA

URTARRILAREN 26an burutuko da Donostian Bertso Eguna. Arratsaldeko seietan egingo da ekitaldi nagusia Kursaaleko Areto nagusian. Bertan parte hartuko dute Sustrai Colina, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Xabier Silveirak. Eta gidoia eta gaiak Estitxu eta Ixiar Eizagirre, Joserra Gartzia eta Eneko Olasagastiren esku egongo dira. Arratsaldeko zortzi eta erditan berriz, afaria eta festa egingo dira Kursaaleko oturuntza gelan.


ANTZERKIKO ARGITALPENAK

ELORRIO Artezblai Kultur Elkarteak -«Artez» aldizkaria plazaratzen duenak- antzerki lanak plazaratzeko bilduma jarri du martxan. «Antzerkia-Teatro» bildumako lehen lana Felipe Loza eta Garbiñe Losadaren «Sin vergüenzas/ Lotsa gabe» da. Hilero liburu bat argitaratuko du. Datorren hilean ordea, aldizkariak bost urte betetzen dituela-eta, bi argitaratuko dituzte: Maite Agirreren «Y Maria tres veces amapola Maria/ Bilbao, Lauaxeta: tiros y besos» eta Teresa Caloren «Mentiras/ Entre líneas».


EUSKAL HERRIA ETA DIASPORA

KULTURAREN Aldeko Euskal Fundazioak Euskal Herriari buruzko kultur informazioa eta munduko euskal komunitateen berri ematen duen web gunea osatu du. Oraingoz, hiru atal ditu: bata Euskal Herriari eskainia, bestea Estatu Batuei eta azkena Latinoamerikari.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1838
 
azala1837

1839 zenbakia.
2002ko urtarrilaren 27a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys