GUSTUKO ELURRETAN ALDAPARIK EZ


2002ko urtarrilaren 27an
Mendiko eskiak ez ditu beste eski motek dituzten mugak, ez du igogailu mekanikorik behar, mendizale-eskiatzailearen hankak dira maldan gora metroak pausoz pauso irabazteko motor bakarra. Inork ez dizkigu bideak seinalatuko, eta esperientziak eta mendiaren ezagutzak erakutsiko digute nondik den hobeto abiatzea, nondik ez dugun pasa behar edo zein tokitan ezkutatzen den arriskuren bat. Inork ez digu elurra zanpatu eta eskiatzeko prest jarriko. Batzuetan elur zoragarria aurkituko dugu, erraz igoko gara eta errazago jaitsi, eta dibertituko gara. Beste batzuetan, eguraldiak, haizeak edo tenperaturak hala nahi izan dutelako, elur gogorregia edo bigunegia edo gogorra eta biguna nahasita topatu eta sufritu egingo dugu. Batek baino gehiagok eskiak harrika bota nahiko ditu eta uda noiz iritsiko irrikitzen egongo da elurra gehiago ez ikusteko. Hurrengorako gehiago entrenatu behar duela gogoratuko du. Horra bere gogortasuna.

Mendiko eskiatzailea mendizalea izan ohi da eskiatzailea baino gehiago, sasoi onean eta esfortzu fisiko handi eta jarraia egiteko gai da, mendia ezagutzen du, bertako arriskuez jabetzen da eta horiei aurre hartzeko prestatua dago. Mendian neguan era autonomoan segurtasunez ibiltzeko gai izan behar du. Mendiko esperientzia garrantzitsua da, agian eski pistetakoa baino gehiago. Izan ere, denbora gehiena igotzen igaroko dugu eta eski alpinoaren teknikak jaisterakoan bakarrik erabiliko ditugu. Mendiko eskiak alpinismoarekin zer ikusi handia du eta oso gutxi eski kirolarekin.
Eskiatzeko modu garbiena eta naturarekin begirune handiena duena, jende gutxik praktikatzen du erregulartasunez, are gutxiago jende gazteak, izan ere kirol gogorra dela inork gutxik jartzen du zalantzan, eta gainera neguaren eta bakardadearen arriskuez inguratuta egongo gara. Altuera handietan eta hotz handiekin egiten diren espedizioez gain, mendian egiten den jarduera gogorrenetakoa dela esan daiteke, neguko alpinismoarekin batera. Eragozpen horiek guztiak izanda ere, mendiko eskiatzaile bakoitzak jakingo du zein bizipen bilatzen duen jarduera horretan, mendi ezezagun hotz eta zail batera dirutza ordainduta joaten den eskalatzaileak bezalaxe... Dudarik gabe, bukaerarik gabeko paisaje zabalak, ikuspegirik ederrenak eta, ohiko inguruneetatik kanpo, isiltasun, handitasun eta bakardadeko mundu bat aurkituko ditu, zeinean, ziur aski bizirik dagoen animalia bakarra izango den. Neguko hilabeteetan mendietan dena lo dago.
Askorentzat, denbora librea betetzeko era bat izateaz gainera, bizitzaren eskola ere izango zen uneren batean. Txikia, baliogabea eta ahula zarenaz jabetzea, erabakiak hartzen ikastea, helburuak jarri eta pausoka betetzea, naturaren legeak eta norberaren mugak onartzea, nahiei uko egiten eta arriskuak baloratzen ikastea bezalako irakaspenen paretarik gabeko aire libreko eskola.

mendiko eskia garraio.

Eskiaren jatorria gutxienez duela 6.000 urtetan kokatzen omen da. Hasiera haietatik duela gutxira arte ingurune elurtuetara egokituz alde batetik bestera desplazatzeko tresna bat besterik ez da izan eskia. Honela izan da XIX. mendearen bigarren erdira arte. Orduan, beharra izatetik plazerrezko jarduera izatera igaro zen eskia. Erremonte mekanikoekin egiten den eskia erabat garatu baino lehenago ere, mendiko eskiak bere izaera propioa hartu zuen berehala. 1897an burutu zen Alpeetako lehenengo zeharkaldi handia eskiekin, Berner Oberland zeharkaldia (Suitza), eta 1903an Chamonix-Zermatt (Frantzia eta Suitza) zeharkaldi famatua. Gaur egun biak dira mendiko eskiaren ibilbide klasikoak. Euskal Herrian, duela bizpahiru hamarkada hasi zen zenbait mendizale neguan Pirinioetako mendietan eskiekin igoerak egiten. Honela konturatu zen mendizale asko eskia dela mendiak elurrez estalita dauden garaian (Pirinioetan urtean sei hilabetez normalean) gailurrak igotzeko eta jaisteko edo haran batetik bestera ibilaldi bat egiteko era azkarrena, seguruena eta atsegin edo eramangarriena.

infernu zuria.

Mendiko eskiatzailearen mamua elurjausiak dira. "Infernu zuria" deitu izan zaie, eta mendiko eskiaren arrisku handiena dira. Arazo handiena neurri handi batean elurjausia non eta noiz gertatuko den ezin aurreikustea da. Egoera eta leku batzuk bereziki arriskutsuak dira, horregatik ibilbidean zehar zenbait lekutatik pasatzea saihesten da. Edo elurra eta eguraldiaren egoera elurjausiak sortzeko aproposa bada, hobe egun horretan beste denborapasaren bat bilatzea.
Hala ere, leku arriskutsutik pasa beste erremediorik ez badago, zenbait neurri hartu behar da, makutoa askatu, bastoien eta eskien korreak askatu, leku arriskutsutik banan bana igaro eta arnas bideak estali. Gaur egun, bada elurjausian harrapatuta gera daitezkeen pertsonak bilatzeko gailu bat: ARVA (Appareil de Recherche de Victimes d'avalanche). Detektagailua da, walkman txiki baten tamainakoa, irrati uhinak emititu eta jasotzen dituena. Mendizale bakoitzak berea eramaten du eta irteerak irauten duen artean emisore gisa funtzionatzen du. Norbait elurjausi batek harrapatuz gero, besteek aparatua errezeptore gisa erabiliko dute, elurpean dagoen pertsona bilatu eta askatzeko. Hori dela eta beharrezkoa da detektagailuarekin batera pala arin bat eramatea beti. Sonda bat ere eraman ohi da. Detektagailuak oso tresna garestiak dira, eta ziur aski (hala izan dadila) ez dugu inoiz erabili beharrik izango, baina komeni da beti eramatea.
Glaziar handiak dauden mendikateetan, bestalde, elurrez estalita eta ezkutuan dauden arrakaletara erortzea da beste arrisku bat. Horregatik, Alpeetako zeharkaldietan batez ere, laguntza handia izaten da aurretik beste eskiatzaile batzuen trazak izatea. Gainerakoan, mendiak dituen berezko arriskuak aurkitu ahal ditugu, eguraldi aldaketak eta ekaitzak, hotza, behelainoa, galtzea...

Mendiko eskia non.

Pirinioak dira mendiko eskia egiteko gertuen dugun mendikate egokia. Mendi multzo oso zabala da, elurtuta egoten dira hilabete luzez, eta batez ere udaberri aldean, bereziki atsegina da eguzkia berotzen hasten den egunetan mendiak eskien gainean igotzea eta jaistea. Gainera udaberrian eguna luzeagoa izango dugu eta errazagoa izango da elurra finkatuagoa eta eskiatzeko errazagoa aurkitzea. Pirinioetako leku jakinetan mendiko eskiatzaileen jendetza handia pilatzen da egun batzuetan. Katalunian Puigmal-en adibidez, edo Pica d'Estats-en, edo Auñamendin. Bakardade bila dabilenarentzat, aldiz, mendi txikiagoak eta bailara gorde eta ezezagunak asko daude. Batzuetan asteburuetako irteerak motz geratzen dira, eta oporrak edukiz gero, ederrena egun batzuetako zeharkaldia egitea da, bailarak eta mendiak atzean utziz atzera itzuli gabe, aterpe ezberdinetan gaua pasaz eta gure bide bera egiten duten beste mendizaleak topatuz. Zeharkaldi handi hauetako asko Alpeetan egiten dira, eta batzuk mundu osoan dira ezagunak. Horietako bat Chamonix-Zermatt ibilbidea da, zeinean erraza den amerikarrak edo japoniarrak euskaldunekin batera bide bera egiten aurkitzea

Eski oholak, botak, euskarriak, uhalak...
Mendiko eskian erabiltzen diren oholak, euskarriak eta botak beste eski motetakoengandik desberdinak dira, jaisteaz gain maldan gora igotzea ere ahalbidetu behar baitute. Jaitsierak egiteko eski alpinoan erabilitako ekipoak izango lirateke onenak, baina igoerarako ahalik eta ekipo arinena behar dugu, bestela pentsa zer izango den hanka bakoitzean hainbat kiloko zamarekin igotzea... Horregatik, mendiko eskirako ohol, euskarri eta botak tarteko soluzio bat direla esan daiteke.

Oholak eski alpinokoen antzekoak dira itxuraz, baina normalean arinagoak eta motzagoak dira, nahiz eta hemen norberaren gustu eta preferentziek eta aurrekontuak ere eragina duten. Beste eskietatik bereizten dituzten xehetasun batzuk dituzte, espatulako zuloa eta zola fluoreszentea edo kolore bizikoa, esaterako. Botek ere, eroso igotzeko eta eskiatzen ongi jaisteko balio behar dute, baita oinez ibiltzeko ere, batzuetan eskiak kendu eta makutoan gordeta, oinez jarraitu behar baita, pasabide zail batetik edo elurrik gabeko eremu batetik igaro behar denean, adibidez. Horregatik gomazko zola izaten dute, mendiko botek bezala. Oinetakoen kontuan ere, norberaren gustuak erabakigarriak dira. Batzuek jaitsieraz ederki gozatu nahi izaten dute eta ohol edo bota gogorragoak eta astunagoak nahiago dituzte, nahiz eta igoeran deserosoagoak izan. Beste batzuek nahiago dute igoeran alferrik ez nekatu eta arinago joan. Izan ere, igoeran denboraren zati handiena pasatzen dela kontuan hartuta, zentzuzkoena da. Eski alpinokoekin alderatuz gero, orokorrean bota arinagoak, erosoagoak eta ibiltzeko egokiak izaten dira.
Ohola eta bota euskarriak elkartzen ditu. Lehenago esan bezala, igotzea eta jaistea ahalbidetu behar du, horregatik, jaisterakoan eski alpinoko euskarri batek bezala funtzionatuko du, eta igotzerakoan iraupen eskiko batek bezala, hau da, orpoa oholetik libre geratuz. Honela, elur gainean oinez ibiliko bagina baino erosoago joango gara gehienetan, pauso luzeagoa emango baitugu. Malda gogortzen den neurrian, mendiko euskarriak izaten dituen altxak asko errazten du igoera, orpoa gorago kokatuz ez baitugu oina maldaren paralelo eraman beharrik. Euskarria eta ohola eroriko batean ez galtzeko, botari uhal batzurekin lotuta eraman ohi dira.
Igoeran ohola atzerantz ez irristatzeko, foka larrua deitzen den ile gogorreko banda batzuk itsasten zaizkio eskiari, zola osoa estaliz. Ileak atzerantz (maldan beherantz, alegia) orientatuak daudenez, ohola aurrerantz irristatzen da, baina ez atzerantz. Igoera bukatutakoan oholei foka larrua kentzen zaie. Aitzina foken benetako larrua erabiltzen zen, baina gaur egun ez dira horretarako fokak hiltzen, beste materialekin egin ohi dira. Elur oso gogorra edo izoztua topatuz gero, hortzak (eskiaren kranpoi modukoak) lagungarri gertatzen dira igoeran ohola hobeto eusteko, egoera horretan foka-larruak ezingo baitu ohola ongi eutsi eta atzera egitea eragotzi.
Beste eski motetan bezala, bi bastoi erabiltzen dira, bai igotzeko eta bai jaisteko. Baina horretaz guztiaz gainera, egingo den ibilbidearen eta aurkituko diren zailtasunen arabera, arrunta izaten da kranpoiak eta pioleta eramatea, eta zeharkaldi zailetan soka bat eta eskaladako gainerako tresnak ere bai


Azkenak
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude